Akuikultura. Arrain haztegien aldeko apustua

Nola eta noiz sortu zen Akuikultura zikloa?

Ideia 2001. urtean errotu genuen. Ni 2000. urtean etorri nintzen Mutriku BHIra eta proiektu hori aurrera eramatea eskaini zidaten. Mutrikuko institutuak lehenago ere bultzatu izan du; lehen saiakera 1992an izan zela uste dut. 1984an jada hasi ziren halako ziklo bat antolatzeak suposatuko zuena haztatzen, baina orduan ideia bertan behera gelditu zen.

Egia esan, eskolak egiteko gogoa zuen, baldintza onak zituen hori egiteko, eta batez ere, itsasotik gertu gaude. Txostena prestatu eta Hezkuntza Sailari interesgarria iruditu zitzaion. Guk dauzkagun azpiegitura hauek izateko diru asko inbertitu behar da, eta Hezkuntza Saila horretarako prest agertu zen.

Egia da hemengo sektorea oso urria dela, ez dela asko ekoizten. Beraz, sektore asko ez duen lanbide zikloa dela aitortu behar dugu. Baina, bestalde, bertako ikasleak Galiziako eta Andaluziako eskoletara joaten zirela ikusten genuen, eta sektorea bultzatzeko apustua egin nahi genuen.

Pasa den ekainean, 2006an, atera zen lehen promozioa. Orain jende gehiago animatzen da. Lehen promozioa hasi zenean, artean azpiegiturak amaitu gabe zeuden. Aberatsa izan zen prozesua, izan ere, ikasleek beraiek muntatu behar izan zituzten gauza ugari.

Eta kultura hau Euskal Herrian zabalduko dela uste al duzu? Hau da, sektorea ugalduko dela?

 

Guk baietz uste dugu, itxaropena daukagu, baina zaila da. Ez dago akuikultura sektorerik, baina ez da baldintzarik ez dagoelako, baizik eta horretarako apusturik egin ez delako. Dena dela, baldintzak ez dira oso onak hemen. Guk ez dugu enpresa mundua modu makroan bultzatu nahi. Goi mailako heziketa da, eta horrek instalazioak aurrera eramateko gaitasuna ematen die ikasleei. Erdi mailakoa balitz, bertan lan egiteko gaitasuna izango lukete, ez instalazio guztia aurrera eramatekoa. Langileak behar dituzten enpresak egongo balira, orduan erdi mailako zikloa baliagarriagoa izango litzateke, baina une honetan behar dena enpresak sortzea da. Gu ez gara 30 langileko enpresari buruz mintzo, ez dugu hori buruan. Enpresa txikiak, hots, negozio txikiak sortzera bideratu nahi ditugu. Gaur egun hemen kontsumitzen diren produktuak ekoizteko. Izan ere, jadanik, itsasoan ez dago denontzat adina arrain!

Euskal Herrian sektorerik ez egoteak, ez du esan nahi arrain haztegietako arraina kontsumitzen ez dugunik, ezta?

Ez dago denontzako arrainik, eta hor sakonean hamaika gauza daude. Kalitatearen kontua, adibidez. Bat hobea dela, bestea txarragoa. Nik ez dut topiko horietan sinesten. Ez dut esango itsasokoa ona ez denik. Baina ona edo txarra, arrainak jaten duenaren araberakoa izango da. Haragiarekin berdina gertatzen da. Eta errealitatea zera da: egun arrantzan harrapatzen denak ez dituela beharrak asetzen.

Kalkuluak egiten dira eta esaten da 2025. urtean itsasotik lortuko duguna eta arrain hazkuntzatik lortuko duguna parekoak izango direla. Gaur egun data hori aurreratu egin da 2015era. Ondorioz, akuikultura etengabe hazten ari da. Lehorrean bezala da; abeltzaintza edo ehizatik bizi gintezke, baina ehizak ez du gure kontsumo maila betetzen, eta itsasoan gauza bera gertatzen da. Une honetan Euskal Herrian arrantzaleak daude tradizioz arrantzale izan garelako, baina hemen ez dago arrantzatzeko arrainik. Daukagunera moldatu behar dugu. Ez dut esan nahi arrantzarik egin behar ez denik, baina kontuz ibili behar dugu. Guretzat eskola gisa garrantzitsua da akuikultura sektorea garatzea, eta horretarako teknikariak sortzen ari gara.

 

Zein ikasgai dira oinarrizkoenak?

Lehen mailako ikasgaiak teknikoagoak dira. Arrainen hazkuntza ikasten da, espezien garapena jaiotzatik heriotzaraino, nola bizitzen diren… Moluskuen hazkuntzan bibalbioak: txirlak, ostrak… zefalopodoak: olagarroak, txokoak eta beste nola hazten diren aztertzen da, nola eduki horiek instalazioetan eta abar.

Hazkuntza osagarrietan, arrainei jaten emateko izaki bizidunak sortzen eta ustiatzen ikasten da: janari bizia egiten, hala nola zooplanktona, zelulabakarreko algak eta abar. Akuikulturako ekoizpenen antolaketan, instalazioei buruz ikasten da, uraren erabilera, muntaia… Denetik pixka bat.

Bigarren mailako ikasgaiak, ostera, espezifikoagoak dira. Teknikoen artean krustazeoen hazkuntza lantzen da, eta akuikulturako ekoizpenen antolaketan ordu arte jasotako ezagupenekin proiektu bat egiten dute, proposamena prestatu. Batzuk, gaur egun, proiektu horri esker benetako instalazio bat garatzen ari dira.

 

Hortaz, ikasgaiak praktikoak izango dira, ezta?

Lanbide heziketa izanik, argi dugu prestakuntza praktiko bat eman behar diegula ikasleei. Gauza horiek ezin dira teorian ikasi. Adibidez, orain amaitzen ari diren promozio honetan erdiak lizentziadunak dira: Biologian, Itsas Zientzietan… Etorri zirenean teoria ugari zekiten, arraina ezagutu bai, baina ez zekiten arrain hori tanke batean nola mantendu.

Ikasleei, matrikulatzen direnean, zuzenean galdetzen zaie zein altuera eta oin neurri duten. Hasieratik instalazioetan ibiltzen dira, eta horregatik, katiuska zuriak eta amantalak ematen dizkiegu. Gurea arrain haztegien errepika bat da. Arrain haztegi batean arrain espezie bakar bat izan ohi dute; guk, ostera, espezie pila bat dauzkagu. Beraz, finean arrain haztegi txiki asko izango bagenitu bezala da. Espezie bakoitzetik oso kopuru murritzean.

Ikasleak, goizeko 8:55ean etortzen dira, baina 10:00ak arte ez dago ikasgairik. Taldeka banatuta daude eta talde bakoitzak aste batean ardura zehatz batzuk bete behar ditu, eta astero-astero ardurak aldatzen dituzte. Hori bai, ardura orokorra jaten ematea da, arrain batzuei pentsua, molusku bibalbioak belarjaleak dira, baina, adibidez, olagarroei karramarroak eman behar zaizkie, eta horretarako ondoan karramarroak hazten ditugu. Hori egunero egin behar da. Esate baterako, ostrei jaten ematen badiegu, jakin egin behar dugu zenbat alga ematen diegun eta hauen kontzentrazioa zenbatekoa den gehitzen diegun nahastean.

Eta, noski, ikasgaiak praktikoak izateak denbora gehiago eskatzen du. Guk ezin dugu ikasgai bat amaitu besterik gabe liburua itxiz. Arrain bat elikatzen ari bazara, hasi eta amaitu egin behar duzu. Horregatik, ikasgaiak luzeagoak izan ohi dira, egunean bi edo hiru ikasgai izaten ditugu, eta batzuetan uneko ordutegietara ere moldatu behar izaten dugu. Bestalde, ezin dute denek une berean lan bera egin. Nik, adibidez, 19 ikasleko gelan bost taldetan egiten dut lana. Taldetxo bakoitza espezie batekin jarduten da, nahiz eta nik lehen azalpenak denentzat eman.

 

Nola ebaluatzen dituzue ikasleak?

Hasteko, asistentziari garrantzi handia ematen diogu. Baina ez etortzeari soilik, etorri eta lana egiteari baizik. Egunero lan egiteko gaitasuna benetan garrantzitsua da. Bakoitzaren lana baloratzen dugu, baina batez ere talde lana baloratzen da hemen. Ondoren, nota igo nahi duenarentzat azterketa idatzia egiteko aukera ere ematen dugu.

 

Nola egiten dituzte praktikak?

Bigarren mailan, azken hiru hilabeteetan praktikak egitera joaten dira. Zorionez, urtero-urtero Leonardo bekak dauzkagu, eta beka horien bitartez kanpora joaten dira gure ikasleak, batez ere Irlandara eta Frantziara. Horretarako kontaktuak ditugu. Orain bigarren mailako batzuk kanpoan daude: bost Irlandan, beste bat Frantzian eta beste bat Angelun. Beste ikasle bat, ostera, Ingalaterrako enpresa batean dago. Ikasle horrek lokatzetako zizarearen inguruan proiektua egin nahi du eta Europa guztian enpresa bakarra dago hori lantzen duena, Ingalaterrako hori, hain zuzen.

Jarduera osagarririk egiten al duzue: arrain haztegietara bisitak eta abar?

Bai, Euskal Herriko arrain haztegi gehienetara joaten gara horiek ezagutzera. Horrez gain, estatuko gainerako eskolekin harremana daukagu. Galizian, Cadizen, Murtzian eta Tarragonan daude eskolak, eta gutxi izanik, elkar ezagutzen dugu. Ziklo bukaerako ikas bidaia ere egiten dugu. Horretarako, ikasleei diru laguntza ematen diegu eta bidaia bera beste esperientziak ezagutzeko baliatzen dute. Oraindaino ikasle taldeak Cadizera joan dira ikas bidaian.

Bestalde, nahiko harreman ona daukagu Senpereko akuikultura eskolarekin, Lycée Agricole Saint Christophe lizeoarekin. Beraiek Akuikultura kontinentala jorratzen dute. Hemengo ikasleak bertara joaten dira hango ikasleekin praktikak egitera, eta bertako ikasleak hona etortzen dira gurekin itsasoko akuikultura praktikak egitera.

Horrez gain, eskolak jardunaldiak antolatzen ditu urtero. Mutrikun berdel eguna izaten den garaia probestuz, hainbat aditu eta enpresa ekartzen ditugu, eta ikasleek ere bertan parte hartzen dute.•

 

IKASGAIAK:

- Administrazioa, kudeaketa eta merkaturatzea enpresa txikietan

(2. maila)- Oskoldunen hazkuntza (2. maila)- Moluskuen hazkuntza (1. maila)- Arrainen hazkuntza (1. maila)- Akuikulturako produkzio prozesuaren antolamendua (1. maila)- Hazkuntza osagarriak (1. maila)- Lan giroko harremanak (2. maila)- Kalitatea eta etengabeko hobekuntza (2. maila)- Lantokiko prestakuntza (2. maila)- Lan prestakuntza eta orientabidea (2. maila)