TORBEN ROSERNORN, Danimarkako Aarlborg Unibertsitateko Ingeniaritza, Zientzia eta Medikuntza Fakultateko zuzendaria

Zergatik ikusi zenuten irakasteko metodologia aldatzeko beharra?

Gizarteko aldaketa azkarrek, lehentasun eta balio berriek eta teknologia berriek irakasteko modu berriak eskatzen dituzte. Gaur egungo gazteen artean beste kultura bat sortzen ari da eta balioak ere aldatzen ari dira. Horrek irakaskuntzan erabilitako metodologiak aldatzeko beharra sortzen du, batez ere gazteen eta haurren ikaskuntzan.

Gaur egungo haurrek ez dituzte lehengo balioak, ez dute aurreko belaunaldietako haurrek bezala jokatzen. Horregatik, une honetan gertatzen dena jakinez eta ulertuz soilik jakingo dugu zein diren euren interesak. Esate baterako, SMSak eta antzeko teknologiak erabiltzen dituztenean, jakin egin behar dugu zer ari diren egiten eta zertarako ari diren erabiltzen. Euren sare soziala mantentzeko erabiltzen dituzte, eta aldi berean, zenbait gauza egiteko aukera ematen die. Beraz, akzio eremua nahiko zabala da, ni gazte nintzenean baino zabalagoa, nik beste kultura bat baineukan garai hartan.

Badago kontuan hartu behar dugun beste gauza bat ere: etengabeko ezagutzaren gehikuntza bat dago. Gure eskura dagoen ezagutza berria gero eta handiagoa da. Eta noski, aurreikusi egin behar dugu ezagutzaren hazkunde garrantzitsu horrek sor dezakeen arriskua. Izan ere, segundo bakar batean ikaragarrizko informazio pila eduki dezakegu eta horrek berak desorientatu egin gaitzake.

Horrekin lotuta edo hortik abiatuta, nazioarteko konpetentzia daukagu. Ez dakit zuek gai horietan murgilduta zaudeten, baina Danimarkan, adibidez, PISA dela-eta, lehia batzuk dauzkagu eta gure gazteak hor sartuta daude.

Horrez gain, gaur egungo gizarteak gaitasun berriak eskatzen ditu. Ez dugu jakin behar gauzak nola egiten diren soilik, baizik eta non eta noiz aplikatu behar den. Horrek guztiak ezagutzaren trukea eta kolaborazioa eskatzen du eta baita jendearekin komunikatzeko gai izatea ere, oinarri eta formazio desberdina duten pertsonekin komunikatzeko gaitasuna izatea. Noski, komunikazio horretan ezagutza hori modu eraginkorrean komunikatu behar da, entzuleek ongi uler dezaten.

Are gehiago, irtenbide jasangarriak emateko gai izan behar dugu. Adibidez, ingeniaritza ikasketetaz hitz egiten badugu, gaur egun ingeniaritza arloan irtenbideak jasangarriak ez baldin badira, ez dira irtenbidetzat hartzen.Azken finean, gai izan behar dugu etengabeko ikaskuntzan murgiltzeko. Gure inguruan aldaketak sortzen badira, gai izan behar dugu horietara egokitzeko eta gure balioak ere egokitzeko balio erantsi hori emanda.

 

Zein dira POPBLren ezaugarri nagusiak?

Ezaugarri nagusiena ikasleen parte-hartzea da. Dena ikasleen ikasketetan fokalizatuta dago eta fokatze horrek ikasleen interesa piztuta mantentzen du. Ezagutza proiektatzen diegu, ezagutza hori behar dutela sentitzen dute eta hori sentitzen denean, motibazioa askoz ere handiagoa izaten da. Ezagutza behar edo nahi dutela nabaritzen badute, euren buruari “hori jakin behar dut” esaten badiote, aurrera jotzen dute.

 

Eta nola lortzen da ikasleek hori esatea?

Ikasleek eurek erabakiz zein proiektutan egin nahi duten lan eta proiektuari zein norabide eman nahi dioten, betiere gakoak edo giltzak ikasiz.

Oso garrantzitsua da zein norabidetara jo jakitea. Futbolean ere gauza bera gertatzen da; garrantzitsua da jakitea zein aldetan sartu behar diren golak.

Gai bat eta beste bat ez dira berdinak, eta garrantzitsua da hori jakitea. Gai bateko bideak eta bestekoak ez dira berdinak. Joko bateko arauak eta beste batekoak ez diren moduan. Orduan, garrantzitsua da arauak ezagutzea. Arauak jakin behar dituzte: zer espero duten, nola jokatu jokoa eta zein diren helburuak. Hori egiten saiatzen gara.

Eurek egin ditzakete euren proiektuak, euren haurrak izango balira bezala. Haurrak adoptatu ere egin daitezke, baina kasu horretan garrantzitsua da bakoitzak bere haurrak izatea. Bizilagunaren haurrak ez duenean oso ongi usaintzen, gureak ez du oso gaizki usaintzen. Gauza bera gertatzen da proiektuekin. Beraiek egiten dute eta beraien erantzukizuna da, eta hori oso garrantzitsua da. Motibazioan izugarrizko eragina du horrek.

 

Ikasleen parte-hartzeaz gain, zein beste ezaugarri dira arrakastaren giltzarri?

Talde lanean asko jarduten gara eta horrek asko erakartzen ditu gazteak. Ondorioz, gazteen artean ospe ona du unibertsitateak.

Elkarrizketa ere asko erabiltzen dugu. Entzuketa edo alde bakarreko komunikazioari baino garrantzi eta denbora gehiago ematen diegu eztabaidei eta elkarrizketei.

Horrez gain, absentismo maila oso baxua daukagu eta hori ere abantaila da.

Azkenik, beste abantaila bat zera da: gaur egungo industriak asko preziatzen dituela guk prestatzen ditugun ikasleak, modu egoki eta txukunean lan egin baitezakete. Aurretik sekula eduki gabeko arazoekin lan egin dezakete, behar duten informazioa eta ezagutza eskura dezakete eta hori eraldatu, ulertu eta erabili arazoak konpontzeko eta helburuak lortzeko. Baita sekula horretaz ezer entzun ez badute ere. Zeren badaukate metodologia gai eta kontu berriei buruzko informazioa lortzeko eta badakite nola erabili eta testuinguratu.

Nola diseinatzen dira proiektuak?

Hasteko, helburu bat eta abiapuntu bat dauzkagu. Abiapuntu horretatik abiatuta, ikasleek helburu hori lortzea nahi dugu.

Hori edukita, proiektua definitu behar dugu. Eta zer da proiektu bat? Soluziorik ez duen zerbait da. Bukaerako soluzioa zein den jakingo bagenu, ariketa bat izango litzateke, eta ez proiektua. Horrek desberdintasun handia markatzen du. Zeren ikasle moduan baldin badakizu segur aski irakasleak oraindik ez dakien erantzun bat bilatu behar duzula, motibagarriagoa da. Eta gainera, hainbat gauza esperimentatzen dira bilaketa horretan. Horrela askoz gehiago ikasten da eta proiektuaren hasieran genuen ezagutza helburutik pasatzen da.

Edonola ere, lortu beharreko helburu bat dago beti, eta horra iristen ez bagara, ez dugu arrakastarik izango ibilbidearen barruan edo proiektuaren barruan.

Zer proiektu mota lantzen dituzue?

Diziplina bakar baten barrukoak, ikasketa bateko diziplina desberdinen artekoak eta ikasketa desberdinetako arloak konbinatzen dituztenak daude.

Esate baterako, goi mailako eskola batean egindako diziplina bakarreko adibide bat honakoa hau da: hiruhileko hartan curriculumeko garrantzitsuena zer zen atera behar zuten, eta gero testu liburu bat idatzi aurretik aukeratutako gai horren inguruan. Horrez gain, arazoak garatu behar ziren testu liburu hori idazteko. Beraz, ez zegoen erantzun bakar eta zuzen bat, erantzun posible ugari baizik. Ikasleen sormenari ateak irekitzen dizkio horrek. Gainera, ikasleek une horretan duten benetako maila zein den ikus daiteke, eta baita normalean zein arazo dituzten ere. Uste dut oso esperientzia garrantzitsua dela eta beste mailetan ere egin beharko litzatekeela.

Beste adibide bat Fisikakoa izan daiteke. Arazo desberdinak planteatzen ditugu eta une hartan ingeniaritza zibileko lehen urtean zeuden ikasleekin egin genuen proiektua. Lurraren grabitatea neurtzeko eskatu zitzaien, eta galdera honako hau izan zen: nola neur dezakegu? Beraiek bilatu behar zuten nola neurtu grabitatea, eta noski, euren iniziatiba garatu behar zuten horretarako. Lurraren eremu magnetikoa neurtu eta Doppler efektua esplikatu behar zituztela ere esan zitzaien. Ikasleak bi astetan jardun ziren ikertzen, nahi zuten guztietan laborategira joanez, eskuzko ikerketa guztiak ikusiz, esperimentatuz eta demostrazioak eginez. Batzuengan erresistentzia topatu genuen, baina oro har, emaitzak oso onak izan ziren. Gainera, fisika dibertigarria dela konturatu ziren eta euren interesa piztu zuela. Noski, hori askoz ere motibagarriagoa da Fisikako liburu bat irakurtzea baino.

Ikasketa desberdinetako proiektu interdiziplinarraren adibide bat emango al diguzu?

Ingeniaritza kimikorako egin genuen bat. Hasteko, ikasketa helburuak zehaztu eta definitu genituen, eta ondoren, proiekturako gai bat aukeratu: industria kimikoko produkzio planta bat handitu nahi genuen. Ondoren, ikasleek ikasi beharreko konpetentzia klabeak zein ziren definitu genuen: operatiba kimikoa, arriskuen analisia, legedia horrelako plantentzat...

Gero, beharrezkoak ziren eskolak eman genituen: ondare kimikoen operazioak, destilazioa, asertzioa, beroaren transferentzia, arriskuen analisia, ingurumenaren defentsarako legedia, aktak irakurri... Hau da, bagenekien norantz zihoazen, baina ez non bukatuko zuten.

Jarraian, proiektu oso interesgarria definitu behar izan genuen. Ikasleek defini zezaten utzi genien, ikusteko horrelako gauzekin gehiago ikasten dutela. Hasteko, zera planteatu genuen: petrolioaren produkzioa errefinaketa kopuru baxuarekin egin behar zuten eta arazo horrek eskatzen zituen berezitasun berriak ezagutu behar zituzten. Honako galdera hau planteatu zitzaien: zer ondorio izango ditu horrek ingeniaritzaren barruan?

Ondoren, proiektu horrek ezagutzaren eskaerak betetzen zituela egiaztatu behar zuten; hau da, hori egiaztatzen ez bazen ez baitzen proiektu ona. Egiaztatu zuten eduki klabeen inguruko planteamendu guztia interesgarria zela; planta berri eta egokitu baten instrumentazioa eta kontrola ezagutzea ere garrantzitsua zela; arriskua duen gune baten analisia egiten bazen, errefinategi batena adibidez, arriskuen analisia egitea ezinbestekoa zela; eta filtrazio edo istripu handi bat gertatzen bada, ingurumen arazoak sortuko direla. Beraz, lau gai horiek barnebiltzen zituen proiektuak, eta hortaz, baliagarria zen. Horietako bat ezin izan balitz landu, proiektua alboratu egin beharko genukeen, ikasketa edo ezagutza eskaerak ez baitzituen beteko.

Gai hori bera gehiago konplika daiteke: planta industrial bateko istripuaren ondorioak gutxitzeko eskatuz, adibidez. Hori benetan gai konplexua da eta ikasgai askotako ezagutza izatea eskatzen du. Bizitza errealarekin zerikusia du, bizitza bera ere konplexua baita, eta gai izan behar baitugu konplexutasun horretan maneiatzeko.

 

Azken batean, arazo errealetan oinarritutako proiektuak planteatzen dituzue.

Bai, hala da. Adibide gehiago emango dizkizuet. Erizantza ikasketetan, adibidez, honako arazo hau plantea dezakegu: diabetea duten pertsonek badakite nola bizi behar duten, zein bizitza estilo eraman behar duten. Batzuek zergatik ez dute erabiltzen ezagutza hori euren osasuna eta bizitza hobetzeko? Arazo horretatik abiatuta, proiektua hauxe litzateke: garatu heziketa programa bat edo kanpaina publiko bat diabetikoei bizitza osasuntsuagoa izaten laguntzeko.

Gizarte Zientzien ikasketetako arazo bat honako hau izan daiteke: heziketa asko liburuetan, egunkarietan eta Interneten oinarritzen da, hau da, hizkuntza idatzian. Alfabetatu gabeek ez dakite irakurtzen eta Internet hiritar batzuen eskura soilik dago. Orduan, nola hezi alfabetatu gabeak? Proiektua: alfabetatu gabekoak hezteko programa bat eratu.

Ingurumen Zientzietako beste adibide bat emango dizuet. Arazoa: ur edangarria baliabide mugatu da. Halere, ur hori arrainak eta izotza garraiatzeko erabiltzen da XX portuko salmenta gunean. Proiektua: bilatu irtenbide alternatiboak arraina garraiatzeko urarentzat XX porturako (urak FDA berezitasunak eduki behar ditu).

 

Nola ziurtatzen duzue ikasleek behar duten curriculuma ikasten dutela?

Hasteko, zera azpimarratu behar da: unibertsitatearen erantzukizuna dela ikasleek zein konpetentzia eskuratu behar dituzten zehaztea. Beraz, unibertsitatearen erantzukizuna da konpetentzia horiek lortzeko baliagarriak diren proiektuak diseinatzea ere.

Garrantzitsuena konpetentzia gakoak zehaztea da, hau da, zein dira hiruhileko bakoitzean ikasleek eskuratzea nahi dugun konpetentziak?

Beraz, ikasleei esan egin behar diegu zein diren konpetentzia klabeak, zein den konpetentzia horien irismena eta zein diren helburu espezifikoak. Ondoren, horien inguruko proiektuak egiten ditugu, horrela ikasleek konpetentzia klabe horiekin lan egin dezaten.

Hori oso garrantzitsua da. Hau da, ez interesgarriak diren gai edo ikasgai batzuk aukeratzea eta kito. Ez. Gai edo ikasgai bakoitzean emandako edukiarekin proiektu batzuk egiten ikasi behar dute. Bestela, denbora alferrik galtzea izango litzateke.

Horrela, sakoneko ikasketa egiten dugu, aintzat hartuz ezagutza, ulermena eta lehen aipatutako guztiaren aplikazioa.

Diziplina nagusiak maila bakoitzeko proiektuetan txertatuta egoten dira eta proiektu horiek lantzen direnean lantzen dira hor barruan naturalki txertatuta dauden edukiak.

Garrantzitsuena zera da: proiektuak ikasleen interesen eta jakin-minaren arabera diseinatzea eta irakaslea hizlari/irakurle izatetik laguntzaile izatera pasatzea.

Hori dena ikusita, zein da ohiko eskola ordu baten eta zuen unibertsitateko eskola ordu baten arteko desberdintasuna praktikan?

Eskola magistralak normalean ezagutza transmititzean zentratzen dira eta ez ulermenean. Ulermena transmititutako ezagutza horren gainean hausnartzen denean lortzen da, jasotako ezagutzarik ez galtzen saiatuz. Beraz, hausnar dezaten saiatzen gara, hori izango baita gero lan egiteko erabiliko duten modua. Bakoitzak modu desberdinean jasotzen ditu azalpenak eta talde lanean horren gainean hausnar dezaten bultzatzen dugu. Eztabaidak sorrarazten ditugu eta hausnartu duten horri buruzko laburpena egiten dezaten ziurtatzen dugu. Hori da guk normalean erabiltzen dugun metodoa: kontzeptu berriak ikasi eta horien gainean hausnartu.

 

Gero nola ebaluatzen duzue?

Ikasturteko azken zatia testen zatia izan ohi da. Modu batean edo bestean landu ditugun teoriak neurtu egin behar ditugu. Orduan, ikasleek egiten ari garena ulertzen dutela eta erabiltzen dutela ziurtatzeko une honetan Europa osoan egiten dena egiten dugu: kreditu sistema erabili. Ezagutza jakin bat hartu dela akreditatu egin behar da, hau da, arlo kontzeptualean berrikuntza batzuk sartu direla. Eta egiten duguna egiaztatzeko gai izan behar dugu. Hori da egiten duguna.

Hori guztia egiteko ebaluazio plan bat zehaztuta daukagu. Gai bakoitzaren helburuak zehaztuta eta taula batean jarrita dauzkagu. Balioak eta jarrerak ere aztertzen dira, jarrerak ikasketa asko baldintzatzen baitu.

Azterketa tradizionalekin curriculumaren % 5 aztertzen da, gainerakoa ebaluatu gabe gelditzen da. Beste ebaluazio moduekin, ordea, erreminta objektiboagoak lor daitezke eta benetan ikasleek kontzeptuei buruz dakitena erakusten digute.

Edonola ere, uste dut posible dela gure ebaluazioa eta ebaluazio erremintak hobetzea. Baina horrek denbora asko eskatzen du, dudarik gabe. Halere, uste dut ongi inbertitutako denbora dela.

 

Nolakoak dira zuen unibertsitateko gelak?

Bi gela mota dauzkagu: auditorioak eta lan egiteko gelak. Esate baterako, edukiak azaldu behar baditugu, ez dugu ikasleen gertuko kontaktua hainbeste behar eta auditorioan ongi moldatzen gara. Egia esan, ni asko mugitzen naiz eskolak ematerakoan eta hitz egiterakoan, eta horrek laguntzen dit ikasleen arreta pizten.

Baina talde lana egin nahi badugu auditoriek ez dute balio. Horretarako lan-gelak dauzkagu. 24 ordutan irekita egoten dira, asteko zazpi egunetan eta Gabonak eta Urte Berri eguna bitartean soilik ixten dira. Ikasleek denbora asko pasatzen dute gela horietan eztabaidatzen eta lan egiten.

Zein da ikasleen iritzia POPBLren inguruan? Gogorra egiten al zaie metodologia horrekin aritzea?

Egoeraren abantailaz baliatzen naiz. Institututik unibertsitatera etortzen direnean gauza asko dira berriak eta desberdinak eurentzat. Azken finean, Lehen Hezkuntzako ikastetxetik Bigarren Hezkuntzakora joatearen antzeko aldaketa da. Beraz, esaten diedan lehendabiziko gauza zera da: hemen arauak desberdinak direla, joko eremua beste bat dela, orain arte ikasi dutena eraikitzen ahaleginduko garela, orain arteko ikasi dutena hedatzen saiatuko garela eta ikuspegi berriak landuko ditugula. Hori esaten diet, eta ez “hau unibertsitatea da, orain dena zailagoa da...” eta horrelakoak. Gazteak benetan motibatuta etortzen dira, badakite zerbait berriaren aurrean daudela, aldaketa baten aurrean aurkitzen direla. Bost urte pasa ondoren, ez dute inolako kexarik izaten. Ikasleek asko baloratzen duten unibertsitatea da.

Metodologia honek irakasleen lan egiteko modua aldatzea dakar. Prestakuntza berezirik jasotzen al duzue?

Une honetan nire lankideei irakasten dihardut. Autodidakta samarrak gara. Urtean gutxienez bi egun dauzkagu, pedagogia egunak deitzen diegunak. Edonor etor daiteke eta gai pedagogikoez eztabaidatzen dugu; hala nola akreditazio arazoak, zer egiten ari garen, proiektu onak diseinatzeko arazoak eta abar.

 

Eredu hau duen unibertsitate bakarra al zarete?

Badaude metodologia bera erabiltzen duten unibertsitate batzuk, baina beste modu batera, ez erabat, gurean bezala.

Eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan erabiltzen al da?

Batzuk hasi dira ezartzen, mantso-mantso bada ere. Izan ere, konturatu dira ez dutela ezer egin behar diziplinartean. Institutuetan normalean ez dute diziplinarteko lanik egiten. Baina ez dute proiektuekin lan egiten, ariketekin baizik. Hau da, irakasleak badaki non bukatuko duten. Beraz, hori ez da proiektua. Antzekoa izan daiteke, baina ikasleen motibazioa ez da berbera. Horrela dena oso modu analitikoan lantzen da, eta gure kasuan, aldiz, ez. 13-14 urteko gazteekin iaz probatu nuen. Fisika eta Kimika irakasten diet eta psikodrama nahastu nuen. Drama antzeko bat egin nuen kimikako molekulekin eta antzerki batean bezala antzeztu zuten: bat molekula zen, bestea atomoa... Horrela, askoz ere errazago ulertu zuten ikasi behar zutena, nik mila aldiz errepikatuta baino errazago. Ez nuen sekula probatu, esperimentu bat izan zen eta atsegina izateaz gain, asko ikasi zuten.

 

POPBL eredua orokorrean hedatzeko modukoa iruditzen al zaizu?

Arazoen ebazpenean eta antolatutako proiektuetan oinarritutako irakaskuntzaz ari garenean, erlijio moduko bat dela dirudi, ikasteko modurik egokiena dela sinesten dugulako eta hori ari garelako zabaltzen eta aholkatzen mundu guztiari. Baina esan beharrean nago metodo hau ez dela modu egokia arlo guztietan eta alderdi guztietan ikasteko eta irakasteko. Ikasketa maila desberdinei arreta jartzen badiegu, hau da, ezagutza, ulermena, ikasketa sakona... maila desberdinak daudela ikusten dugu. Arazoen ebazpenean eta antolatutako proiektuetan oinarritutako metodologia aplikatzen badugu, zenbait arlotan aplikatzea askoz errazagoa dela ikusiko dugu. Eskola magistral batean, esate baterako, informazio zehatza eman beharko genuke, besterik gabe, eta horretarako ez da hain egokia gure metodologia. Proiektu bat informaziorik eta edukirik gabe hasiko bagenu, ikasleek denbora asko galduko lukete proiektua zeri buruzkoa den jakiten, proiektu horrekin zer definitzen den jakiten. Horregatik, aurretik eduki zehatz bat eduki behar dugu proiektua zein helbururantz doan jakiteko.

Beraz, gure metodoa egokia da lan praktikoa egiten bada, bestela ez. Azken finean, ditugun helburuen arabera erabaki behar da erreminta hau erabili nahi den edo ez.

Ikasleei denbora tarte bat eman behar zaie ezagutza berri bat jasotzeko eta barneratzeko. Normalean, gainera, irakasten dugunean, espektatiba batzuk izan ohi ditugu eurekiko. Baina lanbide honetan jakin behar dugu dena ezin dugula erakutsi, denborak mugatzen gaituela. Daukagun ezagutza kopurua daukagun denborara egokitu behar dugu. Beraz, batzuetan posible izaten da nahi dugun ezagutza guztia erakustea eta beste batzuetan gutxiago erakutsi beharko dugu.