PEDAGOGIA SISTEMIKOA

Pedagogia Sistemikoa eskolan praktikan jartzen hasi da

Pedagogia Sistemikoa. Nahiz eta kontzeptu berri samarra izan, Hik Hasi 107. zenbakian Angélica Olverari egindako elkarrizketan gai hori izan genuen ardatz: “Familia sistemak, eskola sistemak eta gizarte sistemak transmititzen dutenaren bidez irakasten duen pedagogia da, hiru sistemak elkartuz. Irakasleok, askotan, ikaslea testuinguru batetik aterako bagenu bezala ikusten dugu, eta gelan sartzen dugu, non gure egiteko bakarra curriculumeko edukiak irakastea den. Eta ez da hala. Haurrak familia testuinguru bat dakar, gehiago mugatzen duena. Gure txikiek eskolan adieraziko dituzte, ahal bezala, familiako problematika eta sentitzen dituzten emozioak. Eurak dira familia sistemen itzultzailerik onenak”.

Pedagogia Sistemikoak gelako eguneroko egoerak, arazoak, gatazkak... bideratzeko laguntza ematen du. Eskola, familia eta gizartea sistematan antolatuta daudela hartzen du abiapuntutzat, eta beraz, sistema horiek aztertzen ditu. Sistema horiei begiratu eta ikusten denak lagundu egiten du egoera ulertzen eta bideratzen. Eredu horren arabera, pertsona bakoitzak familia sistemaren edo eskola sistemaren barruan zer funtzio jokatzen duen jakiteak lagundu egiten du.

 

Familia Konstelazioak dira erreminta

Hori egiteko Pedagogia Sistemikoak erabiltzen duen tresna Familia Konstelazioa da. Bert Hellinger filosofo eta pedagogo alemanak sortu zuen metodo hori, eta berehala hedatu zen enpresa eta hezkuntza alorrean. Ikuspegi horrek eskolako gatazkak ulertzen laguntzen du.

Pertsonen harremanen atzean dauden dinamikak ikusarazten ditu. Gelan sor daitezkeen egoeren gaineko informazio teorikoa ematen du. Horretarako, Familia Konstelazioak egiten dira. Hau da, gatazka konpondu nahi dutenak biltzen dira eta gatazkaren partaide diren pertsonen papera jokatzen dute, antzerki batean bezala. Baina ez dago gidoirik. “Antzezle” bakoitzak sentitzen duena egin behar du, gorputzak eta emozioek eskatzen diotena. Hortik sortzen den “antzezkizuna” interpretatzen da ondoren, eta horrek egoera hobeto ulertzeko eta irtenbideak ikusteko balio du. Pertsonak ez daudenean, panpinekin egin daiteke konstelazioa.Mugimendu pedagogiko horren bidez ez da inor sendatu nahi; egoera aurkezten da, arazoa non egon daitekeen ikusten (hainbat hipotesi eginez), arazo horretatik ikasteko eta zein eratan esku har daitekeen ikusteko.

 

Euskal Herrian horretan dihardutenak

Euskal Herrian Pedagogia Sistemikoa lantzen duten talde batzuk badira; besteak beste, Sorkari S.L. eta Psikoespacio Bilbon; eta Alea eta Jarein Donostian. Kabinete horiek kontsulta pertsonalak edukitzeaz gain, zenbait ikastetxerekin ere landu dute.Prestakuntzari dagokionez, orain arte Pedagogia Sistemikoaren diplomatura ikasketak eskaini izan dira Madrilen, Elxen, Bartzelonan eta Sevillan. Urtebeteko iraupena zuten eta Mexikoko Emilio Cárdenas Unibertsitateak eta hango gobernuak abalatuta zeuden. Datorren ikasturtetik aurrera, ordea, Euskal Herrian eta Palma de Mallorcan ere eskainiko da, eta diplomatura izatetik 2 urteko masterra izatera pasako da: lehenengo ikasturtea Gipuzkoan egin ahal izango da 2007ko urri edo azaro aldean hasita (informazioa 637 893 079 eta iaguirrepsicoespacio@yahoo.es), eta bigarrena Bartzelonan. Algelica Olvera eta Mariane Frank adituak izango dira irakasle. Horrekin batera, titulua baliozkotzeko ahaleginetan dabiltza. Prestakuntzaheziketaren arloan mugitzen direnei zuzenduta dago.

 

Pedagogia Sistemikoa eta haren aukerak heziketan

Pilar FEIJOO

SORKARIKO KIDEA, PSIKOLOGOA ETA PEDAGOGIA SISTEMIKOAN DIPLOMATUA

 

 

Zer da pedagogia sistemikoa? Sistemen Teoria eta Familia Konstelazioen metodoa hezkuntzara aplikatua.

- Sistemen Teoriak erakusten du, gizakiok, konturatu gabe, harreman sare batean elkarri lotuta gaudela. Harreman sare horren izena Sistema da eta eragin handia dauka gure bizitzan. Teoria horren arabera, ikasteko motibaziorik eza eta ikastetxean portaera txarrak ulertzeko eta aldatzeko familia sistemari begiratu behar diogu. Zergatik? Jokabide horiek ez direlako haurren akatsak, sistemako arazoen sintomak baizik.

- Familia Konstelazioek, alde batetik, sistema konkretu batean zer gertatzen den ulertzeko balio dute. Beste aldetik, sistemetako arazoak konpontzeko ere baliagarriak izaten dira. Irakasleontzat tresna onak dira, konstelazio bat egin ondoren gauza asko aldatzen baitira. Batez ere gure jarrera lasaitu eta ireki egiten da. Konstelazioei esker gure lekua aurkitzen dugu eta indar gehiagorekin egiten dugu lan. Batzuetan haurren portaera berez hobetzen da, nahiz eta konstelazioen saioan ez egon.

 

Pedagogia Sistemikoak hainbat mailatarako irtenbideak ekartzen ditu:

- Eskolaren antolaketan: Pedagogia Sistemikoa estamentuen arteko harremanak errazagoak izan daitezen eta ikuskaritzak, zuzendaritzak, aholkulariak, irakasleak, ikasleak, familiak… elkarlanean ari daitezen ahalegintzen da.

- Eskola heziketagune gisa hartuta: Pedagogia Sistemikoak ikaskuntzarako jarduerak egiteko ideiak ematen ditu. Edukietan familiako eta sistemako elementuak sartzen direnean, hobeto ikasten da.

- Eskola elkarbizitzako ingurune demokratiko moduan hartuta: Pedagogia Sistemikoak inklusioa, maitasuna, gatazken ebazpena eta komunitatearen parte-hartzea indartzen ditu.

- Eskola irakasleen etengabeko hobekuntzarako oinarri gisa hartuta: Familia Konstelazioek kasuak aztertzeko eta zentroaren funtzionamendua hobetzeko aukera ematen dute.

 

Pedagogia Sistemikoan prestatzen garen profesionalok, geure konpetentziak handitzen ditugu hainbat arlotan:

- Indartsuago sentitzen gara lan egiterakoan: hobeto kokatzen garelako lehen higadura eta alferrikako ahaleginak sortzen zizkiguten egoeretan.

- Portaera disruptiboen atzean aurkitzen den maitasuna igartzen dugu. Errespetuzko ulerkuntza horri esker hobeto laguntzen diegu ikasleei gizarteratzen.

- Familiekiko harremanak hobetu egiten ditugu: ondorioz, haurrek seriotasun handiagoarekin hartzen dituzte ikasketak eta diziplina.

- Kontzeptu sistemikoak eta konstelazio didaktikoak erabil ditzakegu ikasleekin. Konstelazio didaktikoen bitartez ikasleek euren familien barruan kokatzen ikasten dute, gelan duten lekua bilatzen dute, eta gatazkak ebazten eta gizartearen aldeko jarrerak garatzen ikasten dute. Esperientziak erakutsitakoaren arabera, ikasleak biziki inplikatzen dira horrelako ekintzetan.

Pedagogia Sistemikoak, gure funtzioetatik atera gabe eta terapiaren arloan sartu gabe, ikasleei ikasketa prozesuaren aurrean hobeto kokatzen laguntzeko balio du. Orain dela gutxi, aholkulari batek kontatu zidan ikasle etorkin batekin zegoela eta mahai gainean panpina txiki batzuk jarri zituela. Panpinek jatorrizko herrialdea eta han gelditutako familia ordezkatzen zituzten, eta honako hau esateko eskatu zion: “Mesedez, begira iezadazue ongi ea ikasten dudan eta ea ongi egokitzen naizen bizitza berri honetara”. Batzuetan, horrelako ariketa sinpleek eragin handia izaten dute haurren ariman.

Azkenik, Familia Konstelazioetan parte-hartzeak duen indar eraldatzailea azpimarratu nahiko nuke. Gauzak ikuspegi intelektualetik behatzeko ordez, “bihotzetik” sortzen den inplikazio egoki batekin ikusten dira. Beraz, metodologia hau funtsezkoa iruditzen zait irakasleen emozioak lantzeko eta garapen pertsonalerako.

 

Pedagogia Sistematikoa praktikan: nola erabiltzen dugu

Pilar FEIJOO, Enrique MAIZ

Pedagogia Sistemikoan diplomatuak eta Sorkariko kideak

 

Lau mailatan lantzen dugu Pedagogia Sistemikoa:

a) Irakasleen prestakuntza: ikasturteko gaia ikuspegi sistemikotik lantzen dugu, eta konstelazio didaktikoak egiten ditugu ikaskuntza indartzeko. Batzuetan konstelazio klasikoak egiten ditugu parte-hartzaileren bati egoera bati indar gehiagorekin aurre egiten laguntzeko. Pedagogia Sistemikoko ikastaro bereziak egiten ditugunean, irakasleentzat hazteko espazio bat sortzen da eta asko eskertzen dute.

b) Aholkularitza pedagogikoa: batzorde pedagogikoei eta zuzendaritza taldeei laguntzen diegu, esku artean dituzten gaiak ikuspegi sistemikotik landuz. Zenbaitetan konstelazioak egiten ditugu aldaketak zein norabidetarantz egin behar diren argiago ikusteko. Pedagogia Sistemikoaren bitartez hausnarketa pedagogikoan eta zentroaren kudeaketan asko sakontzen da.

c) Komunikazio eta pedagogia tailerrak: kasuak aztertzen ditugu. Horrela, arazoetan nola inplikatzen garen konturatzen gara eta gure ikasleei hobeto laguntzeko moduak bilatzen ditugu.

d) Ikasleekin eta familiekin lana: aitei eta amei helduen lekua bete dezaten laguntzen diegu, horrela haurrek eurena bete dezaten. Alderantziz gertatzen denean, hau da, haurrek helduen lekua betetzen dutenean eta helduek haurrena, haurrak ez dira ongi garatzen. Horregatik, haurrekin lan egiten dugunean, beti helduen laguntza eskerga dugu.

 

Sorkari, S.L. Gizakiaren Hazkunderako Laguntza Osoa eskaintzen duen taldea da. Pedagogia Sistemikoan ezagutza duen psikologo talde bat pedagogia hori heziketan aplikatzen hasia dago. Hainbat ikastetxetan aritu dira.

Begirada kontzientea heziketa prozesuari

Itziar AGIRRE

PSIKOLOGO ADITUA ADIMEN EMOZIONALEAN ETA BERT HELLINGERREN TERAPIA SISTEMIKOAN

 

Errealitateari begiratzeko modu bat baino gehiago daudela erakusten digu zientziak. Garai batetik gaur egun arte hezkuntza izugarri garatu da gizartean gertatu diren aldaketa kultural eta teknologikoen eraginez. Horrek ziurgabetasun handia sortu du, eta hainbat taldetan ezintasuna eta indarkeria piztu ditu sarritan oso kontziente ez garen beldurren eta aurreiritzien eraginez.

Horrela, haurrek, familiek eta eskolak esperientzia hori nahasmenaren segurtasun ezarekin bizitzen dute, eta ezbai horrek sortzen dituen emozioak maneiatzeko erremintak behar dituzte.

Testuinguru historiko horretan eta heziketaren esparruko galdera horiei erantzuteko sortu da Pedagogia Sistemikoa. Irakaskuntza eta ikaskuntzako zailtasunei aurre egiteko ikuspegi berri bat da. Jatorria Bert Hellingerren terapia sistemiko-fenomenologikoan du, eta Mariane Frank eta Angélica Olvera terapeutek arrakastaz egokitu dute Alemaniako eta Mexikoko hezkuntzan, hurrenez hurren.

Planteamendu sistemiko horren arabera, talde batek funtziona dezan beharrezkoa da kideak taldeko partaide sentitzea, ematearen eta hartzearen arteko oreka egotea, eta azkenik, arau batzuk egotea izaki sozial gisa esperimentatzeko espazioa bermatzeko.

Eskolak funtzio garrantzitsua betetzen du haurren sozializazio ereduan. Horregatik, gurasoekiko hezkidetzak presente egon behar du eskolako bizitzaren edozein arlotan. Egoera berriak erantzun eraginkorrak emateko tresnak edukitzea eskatzen du. Helburu txikiak edukitzeak eguneroko lana estimulatzen du, lehiakor sentiarazten gaitu eta pertsonalki baloratzen laguntzen du.

Gizaki bakoitzak bere erreferentzia taldeei lotuta egoteko beharra du. Haurrak lotura hori behar du ingurunean bizirauteko, ez dio axola zein diren familiaren edo gainerako taldeen ezaugarriak. Lotura horren jabe izateak eta onartzeak bizitzan errotzeko boterea ematen dio. Helduok ulertu egin behar dugu zein garrantzitsua den ikaslearentzat erreferentzia puntu bat izatea, nonbaiteko partaide sentitzea.

Haurrak bere jatorrizko familiarekin duen lotura onartzen badugu, jakingo dugu gelan adierazten dituen gatazka pertsonal eta akademikoen atzean familiako dinamika ezkutuak daudela. Horiek, sarritan inkontzienteki, bere irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan eta sozializazioan eragiten dute.

Gela erakusleiho bihurtzen da, eta bertan ikasleak bere familia bizitzen ari den egoera emozionala erakusten du.

Orduan, lotura hori onartzeari garrantzia emanez, irtenbiderako itxaropenak errealagoak bihurtzen dira: gurasoen eta eskolaren arteko elkartasunetik sortzen da irtenbidea. Eta horrek zalantzarik gabeko planteamendu batera garamatza: mende honetan pedagogiaren ikuspegia sistemikoa da.

Planteamendu horretatik, beharrezkoa da ikaslearen gurasoak diren moduan onartzea, aldatzen saiatu gabe. Etxean zama emozionala duten zerbait bizitzen ari baldin badira, eduki kurrikularrek garrantzia galtzen dute eurentzat.

Ikasleen portaera antisozialak edo desmotibatzaileak sarritan gurasoen arreta bereganatzeko modu bat dira; etxean hori adierazteko modurik aurkitzen ez dutenez, eskolan adierazten dute. Gurasoek, aldi berean, askotan etxeko elkarbizitzaren errealitatea ezkutatu egiten dute. Ikastetxeko hormak semeari edo alabari muga indartsuak jartzeko gai izango direla pentsatzen dute, eta horrela eskolan eta gizartean egoki integratuko dela. Euren erantzukizuna eskolaren gain uzten dute.

Premiazkoa da neska-mutilak elkarrekin hezi behar ditugula eta erantzukizuna partekatua dela erakustea gurasoei. Etorkizuneko belaunaldien hezitzaile gisa, bakoitzak bere lekua bete behar du.

Beste kultura batzuetako ikasleak sartu direnean, argi gelditu da ikasleek euren jatorrizko sistemari dioten leialtasuna. Ikasleak bere gurasoak errespetatzen dituztela ikusten duenean, seguruago eta duinago sentitzen da eta Instituzioarenganako konfiantza hartzen du.

Nahiz eta ikasleak bere sistema arbuiatu, jakin behar dugu barru-barruan sistemako partaide bakoitzarekiko lotura estua duela. Kide garen sistema bakoitzean zer leku dagokigun onartzeak segurtasuna ematen digu geure barruko indarrarekin konektatzeko.

Pedagogia Sistemikoa heziketarako paradigma berri bat da. Instituzioa eta familia integratzen ditu. Gelako irakaskuntza eta ikaskuntza eta sozializazio prozesuetan sortzen diren errealitate emozionalez hitz egiten digu.

Paradigma berri honek heziketako metodologiaren begirada aldatzeko aukera emango digu, sistemaren barruan geure lekua aurki dezagun. Horrek hezitzaile gisa indartu egingo gaitu eta eduki kurrikularren eta gaitasun sozialen hezitzaile lana askoz ere egokiago egingo dugu.

Begirada kontzienteak sistema eralda dezake, eta gure portaera eraldatuz ikaslearen portaera eraldatzen dugu. Horrela, denon artean eraikiko ditugu heziketari lotutako espazioak, koherenteagoak eta ikaslearen errealitatetik hurbilagoak. Era berean, ikasleak zentzua bilatuko dio bere ikasketa prozesuari, hezitzaileek eta ikastetxeak bere oinarrizko beharrak aintzat hartzen dituztela ikusiko duelako.

 

Leioako Txomin Aresti ikastetxeko esperientzia

Leioako Txomin Aresti ikastetxean Pedagogia Sistemikoa landu dute Sorkari (Gizakiaren Hazkunderako Laguntza Osoa) taldeko psikologoen laguntzaz. Gustura daude euren esperientziarekin eta zer ikasi duten kontatu digute.

Nolatan hasi zineten Pedagogia Sistemikoarekin?

Lurdes Ormaza zuzendaria.- Ikasleen jarrera batzuekin kezkatuta eta arduratuta geunden. Orduan, Sorkarikoengana joan ginen laguntza eske. Arazoa planteatu eta errezeta antzeko bat ematea nahi genuen, irtenbide bat. Baina ez zutela horrela lan egiten esan ziguten, ez zutela errezetarik ematen, baizik eta egoera bakoitzaren analisia egin eta azterketa pedagogiko bat osatu. Hori eginda, agian ikasleen jarrera ez, baizik eta gure ikuspegia aldatu beharko zela. Planteamendu berria iruditu zitzaidan eta irakasle guztientzat planteamendu bat egingo zutela esan zidan, gure kezkak eztabaidatzeko eta sistema baten barruan zer egin genezakeen ikusteko.

 

Aurretik ba al zenekiten zer zen Pedagogia Sistemikoa?

Mari Jose Blanco Haur Hezkuntzako tutorea.- Sorkarikoak ezagutzen genituen eta haien lana ere bai. Baina Pedagogia Sistemikoa jakin ere ez zer zen, entzun ere ez.Idoia Gallarza Lehen Hezkuntzako tutorea.- Nik ez, baina arazoak konpontzeko nahiak bultzatuta animatu nintzen. Genituen kasuak aztertzeko aukera ematen zuelako.

 

Zertan hasi zineten?

Lurdes.- Irakasle guztientzat aurkezpen orokor bat egin zen, Pedagogia Sistemikoa eta Familia Konstelazioak zer ziren azaltzeko. Hala, nahi zuenak eman zuen izena orduz kanpoko saioetan. Lehen ikasturtean 18 inguru biltzen ginen, eta bigarrenean 13. Hilean behin bi orduko saioak egiten genituen.

 

Zer egiten zenuten saioetan?

Lurdes.- Bakoitzak zituen kezkak, arazoak edo egoerak azaltzen zituen, bat aukeratu eta hura aztertu eta konstelatu egiten zen.

 

Zer da konstelatzea?

Miren Arrate ikasketa burua.- Bakoitzak pertsona baten funtzioa hartzea eta antzeztea da, ulertzeko moduan esanda. Bakoitza tokatzen zaion pertsonaren lekuan jartzen da eta zer sentitzen duen ikusten du.

Maritxu Martinez hezitzailea.- Antzeztea baino gehiago bizitzea da. Zeren nik ez nuen espero egiten nuena egitea. Baina paperean sartu eta bai, egiten nuen.

Lurdes.- Adibidez, amaren paperean egonda, batzuetan agian haurraren ondoan kokatzen zara, eta hurrena aldendu. Ez duzu ulertzen zergatik, baina leku batean ez zaude ondo eta beste batera mugitzen zara. Orduan, egoera bakoitzean zer gertatzen den pentsatzen hasten zara: zer gertatzen da haur horren bizitzan edo gelan egoera horietan?

 

Jarraitzen al duzue saioekin?

Lurdes.- Ez, bi ikasturtetan aritu ondoren, Pedagogia Sistemikoak eskola honetan eman behar zuena eman zuela ikusi genuen. Egindakoa hor zegoen, hor gelditu zen, eta horretan utzi behar zen.

 

Orduan, orain ez duzue konstelatzen?

Idoia.- Ez, baina batzuetan badugu haren mira.

Lurdes.- Halere, nik uste dut eskolan zerbait aldatu dela. Ez dugu lehengo eran lan egiten, ikuspegia guztiz aldatu da, bai ikasleekiko, bai lankideekiko, bai gurasoekiko eta bai eskolarekiko.

 

Zertan aldatu da zuen ikuspegia? Zer ikasi duzue?

Mari Jose.- Niretzat gauzarik garrantzitsuena izan da konturatzea haurrak ez direla txarto portatzen nahi dutelako. Pentsatzen dugu gu izorratzeko portatzen direla gaizki, eta ez da hala; horren atzean beti daude beren familia eta beren bizitza. Haurrek hori dena dakarte eskolara eta horren eraginagatik, ezin dira beste modu batera portatu. Hori ikusiz, onartuz eta horren atzetik zer dagoen eta zer ez dagoen jakinez, hobeto ulertzen da haurren portaera. Hori onartu eta gero, egoera aldatu egiten da.

Horregatik, haur bakoitzak bere motxila ekartzen du (bere familia eta bizitza, eta guk ere bai geurea, noski), eta horren aurrean beste jarrera bat izan behar dugu. Haurra bere familia osoarekin onartu behar dugu. Hala egiten badugu, haurra konturatu egiten da eta egoera aldatu egiten da, bai.

Idoia.- Nire gelako haur bat nahiko urduria zen, oihu egiten zuen, eta nik “hau kontrolatuko dut” pentsatzen nuen, “kosta ahala kosta, kontrolatuko dut”. Eta hor aritzen nintzen egunero, markatu eta markatu... Horrek pila bat nekatzen du.

Pedagogia Sistemikoaren ikuspegiarekin, berriz, erlaxatu egin nintzen. Ez duzu pentsatzen irtenbiderik ez duenik, baizik eta lortuko dugula, baina beste modu batean, urrutira begira, egoera onartuz... portaera aldatzen duzu eta horrekin lasaitasuna dator. Arazoak hor jarraitzen zuen, baina jada ez zen hain larria. Arazoak beste lasaitasun batekin ikusten ikasi dut.

Maritxu.- Niri eskola honetan nire lekua zein den jakiteko balio izan dit; non nagoen eta noraino ailegatu behar dudan nire lanarekin. Ikasitako gauzarik garrantzitsuenetako bat izan da norberak bere funtzioa jokatzen ikasi behar duela. Bakoitzak argi eduki behar du zer egin behar duen, zein den bere rola, bere funtzioa. Eta horrekin batera, besteen rola ulertu eta onartu. Irakasleok irakasle gara eta jakin egin behar dugu arazo batzuen aurrean ezin dugula askorik egin; ez gara ez ama, ez aita, ez abadea, ez medikua, irakasleak baizik. Orduan, egoera hori onartu egin behar da eta egoera ez txartzen saiatu behar dugu.

Miren.- Gurasoen aurrean beste modu batera jokatzen ere ikasi dugu. Nahiko ohituta egon gara aginduak ematen: hau horrela egin behar duzue, beste hori horrela, guk badakigu eta zuek ez dakizue, irakatsi egin behar dizuegu... Hori jada ez da gertatzen une honetan. Beste modu batera kokatzen gara euren aurrean; beraiek badute zeresanik, beraiek ere onena nahi dute euren seme-alabentzat, eta hori jakinda, prest gaude laguntzeko. “Zuek zer pentsatzen duzue? Zer egin dezakegu eskolan haur horren egoera hobetzeko edo bideratzeko? Zer iruditzen zaizue onena? Zer espero duzue eskolatik?” galdetzen diegu orain. Horrela, gurasoak ere, errieta egitera etorri beharrean, hitz egitera etortzen dira.

Lurdes.- Sistema batean zerbait aldatzen bada, sistema osoan du eragina. Zuzendari moduan, ikusten dut eskolan zerbait aldatu dela: klaustro kideekiko harremanetan, gauzak antolatzeko moduan, proiektuak proposatzerakoan, gurasoen bileretan... beste modu batera pentsatzen dugu.

Konstelazioen eta Pedagogia Sistemikoaren bidez lasaitu egiten zara: errealitatea hau da, hau egin behar dugu, denon artean konpondu behar dugu eta goazen ahal den neurrian konpontzera eta ulertzera. Hori eginda egoera ez da txarrera joaten, behintzat hor gelditzen da, eta beharbada asko hobetu. Beraz, pila bat lasaitzen zaitu: haurra ez da okerrago jartzen, zu lasai zaude eta horrek eragina izaten du gelan. Gu lasai bagaude, beraiek ere bai.

Hezkuntzan irakasleak estresak jota gaudela eta horrelakoak esaten dira. Uste dut sistema hau ona dela pixka bat lasaitzeko eta ikasteko.

Errezetekin beti ikasten duzu zerbait, baina eragin handiagoa izan du konstelazioekin jasotakoak.

 

Konstelazioen adibideak

Familia baten egoera

Ikasle bat heldutasun aldetik apur bat atzeratuta zegoen, jokaera txarra zuen gelan eta beti berak nahi zuena egin nahi zuen. Konstelatu ondoren, zera ikusi zuten irakasleek: aita beti beste aldera begira zegoela. Haurra, berriz, larri ikusten zen eta ama babestu nahian. Desoreka bat zegoen.

Sorkariko terapeutak esan zien aita hiltzera zihoala eta alde egin nahi zuela, horregatik zegoela beti beste aldera begira. Aitak bazekien hiltzera zihoala. Irakasleek ere bazekiten aita gaixorik zegoela (gero hil egin zen). Aitaren papera hartu zuen irakasle gizonezkoak baieztatu zuen paper hori jokatzerakoan joateko gogoa sentitzen zuela.

Egoera horretan, haurrak amaren ondoan egon nahi zuen beti, eta horregatik, ez zegoen eskolan. Ama depresio batean jausteko zorian zegoen, eta horregatik, haurrak, ez jausteko, egunero-egunero izugarrikeriak egiten zituen amaren arreta erakartzeko. Berak aitortzen zuen txarto portatzen zela eta hala jarraituko zuela; izan ere, hori behar zuen ama bere gainean izateko. Ama defendatzen edo amari ardura ematen ari zen beti, adi egon zedin eta depresioan eror ez zedin.

 

Jantokiko kasua:

Haur eta begiraleen arteko harremanak ez ziren onak jantokian eta konstelatu egin zuten, funtzio hauek jokatuz: administrazioaren aldetik ikuskariarena, zuzendariarena, jantokiko begirale batena, haurrena... Begiraleek gurasoen tokia hartzen zutela konturatu ziren: “jan egin behar duzu, ez baduzu jaten...”. Eta beraien ardura ez da hori, baizik eta jaten ez badute gurasoei esatea. Begiraleek uste zuten haurrek derrigorrez jan behar zutela. Beraz, jantokiko arduradunaren aldetik eta eskolako zuzendariaren aldetik esku-hartze bat egin behar zela ikusi zen, langileei euren funtzioa onartzen laguntzeko. Geroztik, egoera eta harremanak hobetu egin dira eta horretan jarraitzen dute.

 

Orduz kanpoko ekintzen adibidea:

Antolatzen ziren hainbat ekintza txarto ateratzen ziren, eta ez zekiten zergatik. Konstelatu ondoren, ikusi zuten arazoa ez zela gaizki antolatuta zeudela edo haurrak gaizki portatzen zirela, baizik eta une desegokian antolatzen zirela. Irakasleek prestakuntzarako zuten arratsaldean antolatzen ziren, eta haurrek ezin zuten ulertu horrelako ekintzak eskola ordutegian egitea.

Ondorioz, gauzak aldatzen hasi ziren eta une honetan, sinestezina iruditzen zaien arren, arazoen erdiak ere ez dituzte.