Ikastola egunetik... mundura!

- Otaola eta Serrano zigortute! Eta hurrenguen gimnasiatik klasera berandu ailegaten bazarie, Ikastola Egunien zigortute egongo zarie! (gure Matematikako irakaslea, eztarriko zaina puztuta).

Gu guztiok, bapatean, txintxoak bihurtzeko errezeta zuten irakasleek! Ikasturteko momenturik onena zen Ikastola Eguna. Klase bakoitzak bere ikuskizuna prestatzen zuen jendeaurrean egiteko. Mehatxua guztiz efikaza zen eta gure izaeren kontra, ondo portatzen ginen, data hori pasa arte behintzat. Egun horretako txarrena, nire kasuan, bikotea bilatzea zen. Zortzi mutil eta hogei neska ginen klasean, eta neska altuenek (eta ni handiena nintzen), mutilez mozorrotu behar izaten genuen askotan. Hori zen urte haietako gauzarik txarrena: nire bi metroak! Udaleku, kanpamentu eta dantzaldietan inoiz ez ligatzea; dantza taldean eta lehen jaunartze egunean ilarako azkena izatea... Alde ona ere bazuen, mutilak, hain sexapil gutxi ikusita nigan, euren kontu guztiekin aholku eske etortzen zitzaizkidalako. Horri esker, gaur egun oso lagunak izaten jarraitzen dugu.
Kuadrilako neskak, guztia ziren niretzat. Lagun minak ginen eta beti batera egongo ginela zin egiten genuen behin eta berriz. Ei zuek, umiek dakuzenien eta zaharrak garanien be bai, bale? Non geratu ziren promesa guzti horiek... Bik haurra izan dute, bat droga kontuetan nahastu zen, bestea maitasunaren atzetik atzerrira joan zitzaigun, bestea, luzeena, telebistako aurkezlea da.
 Bizitzak mila buelta ematen dituela ez genekien orduan eta zoriontsuak ginen. Bizitzak mila buelta ematen dituela dakit orain, eta zoriontsuagoa naiz orduan baino.
Urteak aurrera egin ahala, momentu berriak iritsi ziren, lagun berriak, maitasun berriak (mutilak hazi egin ziren eta aholkuak amaituta, azkenean muxuak iritsi ziren). Ikastolatik institutura, unibertsitatera eta handik auskalo nora! Herrian geratu dira orduko lagun batzuk. Sarritan ez dakit zeri buruz egin berba eurekin. Etxe barria zelan? Umie gaisorik dakozu ondiño?
Beste martxa bat daukat. Beste kezka batzuk. Aske sentitzen naiz nahi dudan lekuan eta nahi dudan jendearekin egoteko eta ikasi dut hori ez dela justifikatu behar inoren aurrean. Hori bizi eta aprobetxatu egin behar da.
Baina badakit, gaur egun naizena izateko, neure erabakiak hartzen ikasteko,  jende askok egin duela lan. Amak egin du lanik handiena, baina ondo portatu ezean Ikastola Egunean parte hartuko ez nuenaren mehatxua egiten zidatenek ere, badute naizen modukoa izatearen “errua”ren zati bat. Eskerrik asko! •