Komenigarria al da ikastaldeak mantentzea?

Erantzun arinegia emateak arrisku handiegia duenez, maistra eta pedagogo gisa ditudan ikasketak eta irakaskuntzan  daramazkidan urteetan atera ditudan ondorioetatik hainbat irizpide azalduko dizkizuet:

- Luzaroan taldea mantentzearen irizpidearekin ez dut bat egiten. Iruditzen zait bi urtetik hasi eta Batxilergora arte kide berberekin egon beharrak onurak baino kalte gehiago ekarriko dizkiola haur bati. Kontuan hartzen badugu aniztasunak aberasten gaituela eta egoera eta pertsona berrietatik ikasi egiten dugula, muga estuegiak jartzen ari gara eta haurraren garapen sozialari aukerak murrizten.
- Talde orok bere denbora behar du gauzatzeko. Taldeko partaide direnei elkar ezagutzeko astia eman behar zaie. Konfiantzazko giro batean kide bakoitzak bere ideiak, nahiak eta kexak adierazteko giroa lortu beharko luke, behar denean tutorearen lidergo paperaren babesa eta laguntzarekin. Talde giro hori lortzeko behar den denbora desberdina da kasu bakoitzean eta batzutan zaila izaten da erdiesten. Bestalde, ikastaldeak bizirik baldin badaude, memento gozoak, gatazkak eta gorabeherak dituzte. Guztiak dira ikasteko egoera paregabeak eta horien bitartez ikasleen garapen afektiboa, emozionala eta soziala bermatzen ari gara.
- Taldean sortzen diren dinamikak negatiboak bihurtzen direnean. Denbora pasa ahala, ikastalde batean partaide bakoitzak asumitzen duen papera edo rola oso definituta agertzen da, behin eta berriz jarrerak eta egoerak errepikatuz, batzuen onerako eta bertzeen kalterako. Adibidez, pailazoarena egiten duena, bere iritzia inposatzen duena, beti isilik dagoena edo kasurik okerrenetan bertzeen isekak jasotzen dituen “ahatetxo itsusia”, esate baterako. Horrelako egoerak “tutoretza” lan egoki batekin landu daitezke eta hainbat arazo berbideratu, baina, ez beti. Zenbait kasutan, sufrimendu mailak irauten duenean taldea desegin bertze biderik ez dago.
Azaldutako bi ideiak kontrajarriak iruditu arren nire ustez ez da horrela. Pedagogikoki astakeria litzateke urtetik urtera, zentzurik gabe edo probatzearren ikasleak mugitzea. Hala ere, taldeak eskaintzen dituen onurak desagertzen direnean bertan mantentzea ere ez du merezi. Bizitzako esparru eta egoera gehienetan bezala, “orekaren printzipioa” bilatzera jo behar dugu, tokian tokiko errealitatea sakonean aztertuz eta erabakiak hartuz.
- Etapa aldaketa memento estrategikoa izan daiteke taldez aldatzeko.  Garapenaren psikologian oinarritzen bagara, 5 urte arte, haurrak ezaugarri zehatz eta komunak adierazten dituela konturatuko gara, hain zuzen Haur Hezkuntzan pasatzen duen garaian. 6 urtetik 11 urtera, batzuek latentzia garaia edota eskolako urteak deiturikoa, Lehen Hezkuntzarekin bat dator denboran eta bere adierazle propioak ditu. Ondoren, Bigarren Hezkuntza, nerabezaroarekin lotzen dugu eta dakigun bezala beste ezaugarri fisiko, kognitibo eta sozialekin dator. Nora noa horrekin guztiarekin? Hezkuntza etapa bakoitzak bere pisu esanguratsua duela adierazi nahi dut, etapa batetik bestera pasatzeak aldaketa akademikoak dakartzala eta baita ere aldaketa ebolutiboak. Memento horietan, haurra, ikaslea edo nerabea bere bizitzako aro berri baten atarian dagoela-eta, etapa aldaketa memento estrategikoa izan daiteke taldez aldatzeko, betiere erronka berri bezala planteatuta eta inguruak eskain diezaiokeen euskarriz baliatuta (familiaren laguntza, tutorearen informazioa...).

Zein irizpide erabili behar du ikastetxeak ikasleak taldekatzerakoan?

 Hauetxek izanen lirateke nire ustez garrantzitsuenak:
- Ikasleen kopurua: begi-bistakoa iruditu arren hauxe izaten da banaketa egiterakoan kasu gehienetan abiapuntutzat hartzen dugun irizpidea: taldeak orekatuak izan daitezen kopuru aldetik. Alde nabarmenak baldin badaude talde desberdinen artean bai irakasleen bai familien aldetik arazo iturri izaten dira.
- Sexuaren arabera: posible izanez gero, neska eta mutil kopuru berdintsua egotea talde bakoitzean. Horrela txikitatik genero berdintasuna bermatuta legoke.
- Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleak modu orekatuan banatzea komeni da ikastalde bat baino gehiago daudenean maila bakoitzean. Horrela, ikasleak ahal den modu normalizatunean ohituko dira aniztasunarekin bizitzen. Horrek ez du kentzen, astean zehar ordu jakin batzuetan, Heziketa Behar Bereziak dituzten talde ezberdinetako ikasle horiek bakarka edo talde ttikitan laguntza espezifikoak jasotzea.
- Etorkinen kopurua eta beraien ezaugarriak ere kontuan hartu beharko ditugu. Taldearen indarra erabili behar da integrazioa sor dadin, hizkuntza berria ikas dezaten eta irakasleen lana ahal den neurrian errazagoa gerta dadin.
- Haur Hezkuntzan eta eskolako lehenengo urteetan ama hizkuntza pisuzko aldagaia da. Urte horiek erabakiorrak direnez haurraren hizkuntza bereganatzeko prozesuan eta gehienbat beraien arteko hartu-emanean (jokoan, komunikazioan...) ikasten dutenez, ama hizkuntza aberatsa duten ikasleak benetako altxorra bihurtzen zaizkigu batez ere adin ttikietan. Talde desberdinetan estrategikoki kokaturik irakaslearen tresna eta lagun bikainak izanen dira ikas-irakas prozesuan.
- Ikastetxearen antolaketa neurriak, aukerako ikasgaiak eta ibilbideak: DBHko 3. eta 4. mailetan, Nafarroako institutuetan behinik behin, hurrengo ikasturterako izena ematerakoan ikasgai kopuru jakin bat aukeratu behar da eta horren arabera, ikaslea “ibilbide” batean edo bestean egonen da. Ikastetxeen antolamendua errazteko ibilbide berdineko ikasleak talde berean kokatzen dira eta salbuespenak salbu, hauxe izaten da taldeak osatzeko irizpide garrantzitsuenetakoa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta, 16 urterekin, modu naturalean bereizketa sakona ematen da: batzuk Batxilergoko bidea hartzen dute eta besteek Lanbide Heziketa, kasu aunitzetan ikastetxez ere aldatuz. Batxilergoa egitea hautatzen dutenek ere, zein Batxilergo mota egin pentsatu behar dute eta aukera horren arabera talde batean edo bestean kokatuko dute beren burua.
- Ikasleak gaitasunaren edo emaitza akademikoen arabera elkartzeak baditu bere jarraitzaileak (ikasle onak-zailtasunak dituztenak). Ni ez naiz horren aldekoa kasu gehienetan. Aniztasunak aberasten gaituela eta guztiongandik ikas dezakegula sinesten dut. Bestalde, heztea elkartean eta gizartean  bizitzen erakustea baldin bada, gelak ere gizartearen ispilu izan behar du. Heztea nota onak lortzea baino askoz gehiago da.
Orokorrean irizpide hori defendatzen badut ere, ñabardurak badaude: Bigarren Hezkuntzako azken urteetan, adibidez, 15-16 urterekin eskolatze prozesuaz nazkatuta dauden ikasleekin, talde arrunten ikasmartxa jarraitzeko modurik ikusten ez denean, talde txiki eta homogeneoak, eduki egokitutakoekin eta tutoretza egoki batekin emaitza “hobeak” lortzea posible dela baieztatu dut. Adin zehatz eta kritiko horretan, talde “bereizi” homogeneoak aukera  bat izan daitezke hezkuntza sistemak ikasle horiek gal ez ditzan eta hainbat kasutan Bigarren Hezkuntzako titulua lor dezaten.  
Orain arte aipatu ditudanak taldeak osatzerakoan kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak dira. Jarraian, noizean behin gerta daitezkeen beste hainbat egoera ere islatzea komenigarria deritzot:
- “Bullying” kasuetan: gizatalde guztietan bezala, ikastetxeetan, geletan, jangelan, autobusean edo jolastokietan gatazkak, arazoak, gertaerak, istiluak... daude. Horraino normaltzat joko dugu zeren, jakin badakigu, bizia dagoenean gatazka badagoela. Hala ere, Lehen Hezkuntza aurrera doan neurrian edo DBHko lehen zikloan, gatazka horiek bertze izaera edo dimentsioa hartzen dute eta ikasleengan duten ondorioa nabarmenagoa da. Batzuetan antzematen ditugu, besteetan ez. Nahiz eta badakigun horrela ikasten dutela bizitzen, elkarren artean haserretzen eta baketzen, une zehatz batzuetan helduen esku-hartzea ezinbestekoa da. Gatazka horiek “berdinen arteko eraso” edo bullying bihurtzen direnean neurriak hartu behar dira eta zenbait ikasle taldez aldatu beharko ditugu edo muturreraino joanez ikastetxez aldatu.
- Bikiak, hirukiak... ditugunean: horrelako kasuetan talde desberdinetan kokatzeko eskaera familiengandik etor daiteke edo ikastetxeak berak proposa diezaieke. Lerro bakarreko ikastetxeetan ez da posible izaten, baina aukera dagoenean, bikiak, hirukiak bereizteak badu bere zentzua; hasieran gogorra iruditu arren, haurrentzat positiboa da bakoitza bere nortasuna garatzen joan dadin elkarrenganako dependentziak eta gehiegizko loturak saihestuz.
- Familiek talde aldaketa eskatzen dutenean: uste dugun baino guraso gehiagori pasatzen zaie burutik semea edo alaba berari komeni ez zaion taldean dagoela. Gehienetan haurraren kexak entzuten dituztelako, lagunak direla, tutorea dela... beste batzuetan emaitza akademikoak txarrak direnez, taldearen eragin kaltegarriagatik izan daitekeela pentsatzen dutelako. Gerta daiteke benetan zailtasun edo arazo larriren bat izatea ere ikasle batek talde horretan.
Kasu guztietan gurasoekiko ikastetxearen jarrera irekia izan behar du. Beti entzun behar zaie, toki, memento eta modu egokian eskaera eginez gero, alegia, tutoreari, ikasketa buruari edo orientatzaileari hitzordua eskatuz eta dagokion bulegoan bilduz. Gero, familiaren arrazoiak tutorearekin, irakasle ezberdinekin edo ikaskideekin kontrastatu ondoren, ikastetxeak, talde aldaketa beharrezkoa den ala ez erabakiko du.
Horrela jokatzeak gurasoak asko lasaitzen ditu eta familia-eskola arteko harremanak aberastu eta indartu egiten dira.
- Ikasleak ikastetxez aldatzen direnean: familia bizilekuz aldatzeak, adibidez, ikastetxe aldaketa dakar; etapaz aldatzerakoan ere, maiz ikastalde osoa institutura edo ikastetxe berrira doa. Une garrantzitsua da bai ikasleentzat bai familientzat. Egoera berriari aurre egin beharrak kezkak, beldurrak eta nolabaiteko ezinegona sortzen die eta taldekide berriak zein izanen diren izaten da galdera nagusienetakoa.
Horrelako kasuetan ezinbestekoa eta oinarrizkoa da jatorrizko ikastetxeren eta berriaren artean koordinazioa egotea. Eskola batetik bestera informazio trukaketa bermatu behar da, bai Lehen eta Bigarren Hezkuntzako orientatzaileen artean edo ikastetxeek antolatutako beste bideren bat erabiliz. Horrela, ikastetxe berrian, aurrekoan antzeman diren arazo edo harreman kritikoak beste modu batera moldatzen saia daitezke.

Amaiera gisa, niretzat, ikasleen taldekatzearen hiru gakoak zein diren adierazi nahi nituzke:

1.- Banan-banan ikasleak ongi ezagutzea: Haur eta Lehen Hezkuntzan taldeko tutoreak betetzen du lan hori. Bigarren Hezkuntzan ikasketa burua eta orientatzailearen artean ikastetxeko ikasle guztiei buruzko ezagutza edo informazioa beharko lukete.
2.- Erabakiak hartzerakoan irizpide pedagogikoak beste guztien gainetik ezartzea, betiere ikaslearen ongizate emozionala eta akademikoa xede izanik.
3.- Aniztasuna balioa eta tresna da heziketan. Horretan sinesten badugu, ikastaldeetan islatu eta erabili behar dugu herritar irekiak eta demokratikoak hezteko. •