Eskolako agenda 21 programa Euskal Herrian

Iparraldea

Ipar Euskal Herrian Hezkuntza Ministerioak bultzatzen duen Agenda 21 d’etablissements scolaires egitasmoan ez dago ikastetxe bat bera ere.

 

Nafarroa

Nafarroan Eskoletako Tokiko Agenda 21 programa garatzeko gida bat egin zen 2006. urtean (Bartzelonako eta Euskadiko gidak oinarritzat hartuta). Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn garatzeko proposamena da. Ingurumen Sailak bultzatzen du. Planteatzen dituzten faseak hauexek dira:

1.- Konpromisoaren sinadura (udala eta eskola)

2.- Informazioa eta sentsibilizazioa

3.- Ingurumen Batzordea

4.- Aurre-diagnostikoa (azterketa orokorra gai bat aukeratzeko)

5.- Diagnostikoa (curriculum proiektua eta programazioak, hezkuntza proiektua, ikastetxeko azpiegiturak eta hezkuntza komunitatearen ohiturak)

6.- Ekintza Plana

7.- Ebaluazioa eta jarraipena (adierazleak: Europako adierazle komunetan eta Nafarroako adierazleetan oinarrituta. Ikastetxeen arteko jardunaldi eguna)

8.- Emaitzen komunikazioa

9.- Parte-hartzea (besteak beste: udal foroan parte hartzea, ikasle ohiek ikastetxea erabiltzea giza ekintzetarako…).

Nafarroako gida lau ikastetxek baliatu zuten, baina ez dago garatuta. Egitasmoa da, oraindik ez baitago martxan.

 

Euskal Autonomia Erkidegoa

EAEren kasuan, Ekoeskolak, Ekologia Eskolara edo Eskola Ekologikoak bezalako programak garatu ondoren, 2003. urtean Eskolako Agenda 21 programa jarri zen martxan 41 zentrotan. Gaur egun 340 ikastetxe baino gehiago dira, ia ikastetxe guztien % 50.

EAEn programa oso hedatuta dago, heldua da eta eredua da estatu osorako zein nazioarterako ere.

Lau oinarrizko erreferentzia erabili dira EAEko EA 21 lantzeko:

- 21 Programa eta izan duen tokiko garapena: Tokiko Agenda 21 (Hiri Iraunkorren Mugimendua; hortik sortu zen Aalborg-eko Gutuna).

- 2002-2020 Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia. Estrategia horretan zehaztutako helburu eta konpromisoen artean, honako hau dago: 2006rako derrigorrezko irakaskuntzako ikastetxeen % 50 programan egotea eta 2012rako ikastetxe guztiak sartzea.

- Autonomia erkidegoaren Oinarrizko Curriculum Diseinua eta Delors Txostena: hezkuntza ezkutuko altxorra da, eta XXI. mendeko hezkuntzari buruz adierazitako lerroak.

- Amaitzeko, Garapen Iraunkorrari buruzko Hezkuntzaren Hamarkada, 2005-2014 aldirako UNESCO erakundeak martxan jarritako programa.

Eskolako Agenda 21 programaren filosofiak ez du eskolako zereginak ugarituko dituen programa bat eskaintzea bilatzen, baizik eta esparru berri bat osatzea eta esparru horretan garatzen diren esperientzia on guztiak barne hartzea; era berean, ikastetxearen eta ingurunearen kudeaketa iraunkorrarekin erlazionatutako elementuak, curriculumaren berrikuntza eta hezkuntza komunitatearen partaidetza sustatzea bilatzen da. Horrekin guztiarekin batera, eskolek, ekarpenak eta proposamenak eginez, udalerriaren kudeaketan parte hartzea lortu nahi da.

Ondorengo lerroetan programak garatzen dituen faseak eta metodologia azalduko dira:

1. Hitzarmena. Programa garatzeko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deialdia zabaltzen dute eta diru laguntzak ematen dituzte. Programan parte hartzeko eskola dagoen herriko udalak Tokiko Agenda 21 garatzen egon behar du eta prozesu horretan eskolaren parte-hartzea bultzatu behar du. Egoera horretan dauden udalerri guztiak Udaltalde 21en edo Udalsarea 21en sartuta daude. Udalak EA 21eko udal teknikariak kontratatzeko konpromisoa hartzen du.

Aipatutako Sailek, udalerriko alkateak eta eskolako zuzendariak Eskolako Agenda 21 gogoz lantzeko eta garatzeko hartzen duten konpromisoa adierazteko hitzarmen bat sinatzen dute. Horrek eskatzen du ingurumenarekiko erantzukizunaren zentzua sustatzea, ingurumenarekin lotuta betebeharrak betetzea eta ingurumenaren egoera, balio demokratikoak eta ingurunearen iraunkortasuna arian-arian eta etengabe hobetzera zuzendutako neurriak hartzea.

2. Antolakuntza. Ikastetxeak koordinatzaile bat aukeratu behar du; ordu batzuk ditu bere lana betetzeko (ikasturte hasierako zirkularrak dioen bezala, sare publikoan ikastetxeko irakasle kopuruaren arabera 2, 4 edo 6 ordu izaten dira), eta INGURUGELAk ematen dio prestakuntza (40 ordu) eta aholkularitza bere lana egiteko. Zenbait kasutan ikastetxeetako klaustroetara zabaldu izan da aipatutako prestakuntza.

Ikastetxean Ingurumen Batzordea hezkuntza komunitateak parte hartzeko organoa da eta hauxe izan ohi da bere osaketa: irakasleak, langile ez irakasleak, familiak, udal ordezkariak eta, hala badagokio, udal teknikariak; baina, batez ere, ikastetxeko ikasleak, horiek baitira protagonista nagusiak.

Udalerriko edo eskualdeko koordinatzaileen artean bilerak egiten dira.

INGURUGELAren aholkularitza dute aipatutako bilerek eta EA 21 programako udal teknikariek parte hartzen dute.

Eskolarteko Foroa sortzen da udalerri edo eskualde batean EA 21 garatzen duten ikastetxeen artean (hainbat ikastetxetako ikasleek osatutako organoa da eskuarki).

3. Diagnostikoa. Ikastetxearen ingurumen diagnostikoa: Ingurumen Batzordearen lana da diseinua egitea. Batzordeak adierazten ditu datuak biltzeko eta aztertzeko ardura edukiko duten taldeak. Agendak lantzen dituen hiru esparruetan egiten da diagnostikoa: curriculumaren berrikuntza, garapen iraunkorra eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea.

4. Helburuak eta adierazleak. Diagnostikoa egin eta gero hutsuneak eta hobetzeko arloak agertzen dira. Hobetzeko proposamenak eta lehentasunak jartzen dira helburu moduan. Helburuen lorpen maila zehatza ezagutzeko helburu bakoitzari behar diren adierazleak ezartzen zaizkio.

5. Ekintza plana. Adierazitako helburuak betetzeko plangintza. Ekimena, tenporalizazioa eta metodologia zehazten dira aipatutako hiru esparruetan.

6. Aplikazioa. Ekintza plana exekutatzea, hau da, diseinatu diren ekintzak martxan jartzea.

7. Ebaluazioa.. Programaren exekuzioaren emaitzak ebaluatzea; ebaluazioa egiteko aurretik zehaztutako adierazleak erabiltzen dira eta lortutako emaitzak hezkuntza komunitateari edo udalerriari berari jakinarazten zaizkio.

8. Memoria. Egindako lanaren memoria.

9. Komunikazioa. Lana burutu ondoren, Eskolarteko Foroak ingurumena hobetzeko proposamenak egiten dizkio udalari (normalean alkatetzarekin entzunaldia egiten da).

 

2003-06 ikasturteetako esperientzia ebaluatu zen pasa den ikasturtean, ondorengo emaitzak lortu zirelarik:

1. EA 21 programak jarraitzen duen hezkuntza eta ingurumen filosofiak eta udalerriarekiko konpromisoak potentzialtasun handiko programa bihurtzen dute. Ikastetxe batean garatzen diren proiektuak biltzen ditu EA 21 programak, eta irakatsi eta ikasteko prozesua errazteaz gain, ikastetxeak dituen arazoak konpontzeko bitarteko egokia da.

2. Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren esparruan planeta osoko hainbat programarekin batera garatzen da.

3. Euskal erakundeek hartutako konpromisoa aitortzen da. Funtsezkoa da hainbat alderdi hobetzea, hala nola: aholkularitza teknikoaren kontratu arazoak, hainbat udalen inplikazioa, erakundeen arteko koordinazioa eta abar.

4. Ingurugela-ren aholkularitzak positiboki baloratu du programaren garapena eta hainbat eragilek egindako lana. Era berean, koordinatzaileek balorazio oso ona egin dute jasotako prestakuntzari buruz eta aholkularitza funtzioei buruz galdetzean. Hori programaren alderdi sendoenetako bat da. Baliabide didaktikoak falta dira. Eskola kopurua/aholkulari ratioa nabarmenki areagotu da azken urteotan.

5. Bost koordinatzaileren artetik lauk balorazio “ona” egin dute programari buruz galdetzean. Aholkularitzaren ustez, koordinatzaileek egindako lana positiboa izan da. Horixe da programa garatzeko bigarren alderdi sendoa. Lan itzela eta kalitate handikoa egin dute. Koordinatzaileek egindako lanak, askotan isolaturik, batzuetan irakasle talde baten laguntza jaso du. DBHren antolaketak berak zailago bihurtzen du beharrezkoa den koordinazioa.

6. Hirugarren alderdi sendoa programaren protagonistak dira: ikasleak, hain zuzen. Programaren balorazio positiboa egin dute.

7. Programaren balorazioa positiboa bada ere, oraindik hobetu beharreko hainbat alderdi ikus daitezke, besteak beste, programaren definizioa eta helburuak, gaiak, esparruak, curriculum ezarketa eta abar.

8. Bereziki azpimarragarria da ikastetxeen arteko koordinazioa. Nahiz eta ez izan funtsezko alderdi bat, udalerri edo eskualde bateko koordinatzaileen arteko bilerek balorazio positiboa lortu dute.

9. Alderdi ahul bat: parte-hartzea. Ikasleen partaidetza positiboa azpimarratu behar da. Irakasleena onargarria izan da, eta familien eta irakasle ez diren langileen partaidetza, ordea, oso baxua izan da.

10. Ebaluazioa da beste alderdi ahul bat, komunikazioarekin batera. Balorazioak egiteko pertzepzioak erabili dira eta ez, ordea, datu zehatzak (adierazleak). Ingurugelak edo administrazioak ez dute proiektuen azken balorazioa egin; hortaz, ez dute programaren balorazio orokorra egin. Ikastetxeek, oro har, ez dute komunikaziorako plangintzarik.

11. Lan handia egin da eta kalitate handikoak dira zenbait proiektu. Kanpo ebaluaziorik egin ez denez, ez da berariaz aitortu orain artean egindako lana, eta aitorpen hori lortzeko beharra azpimarratu dute eragile ugarik. Programa honetan parte hartzen duten ikastetxeen aldeko diskriminazio positiboa egiteko beharra azpimarratu da halaber, bai eta eskolan programa dinamizatzen duten arduradunen aldekoa ere (koordinatzailea, talde dinamizatzailea...).

12. Amaitzeko, programako eragileek egindako batez besteko balorazioa “ona” izan da. Bereziki azpimarragarria da aholkulariek, koordinatzaileek eta irakasleek egindako balorazio altua, eta, neurri txikiagoan, familiek eta irakasle ez diren langileek egindakoa. Aipagarria da, halaber, ikasleek egindako balorazioa. Ikasleak dira programa hobekien baloratu duten eragileak eta beraiek dira protagonista nagusienak.

Finean, ikerketako emaitzen arabera, Eskolako Agenda 21 programa ona da, potentzialtasun handikoa, proiektu orokor baten barruan dago kokatuta, garapen egokia du eta, eskuarki, programan inplikatutako estamentu guztiek positiboki baloratu dute. Etorkizunean funtsezkoa izango da programa laguntzen duten erakundeen inplikazio maila areagotzea. Funtsezkoa izango da, halaber, programaren potentzialtasunak garatzea, alderdirik ahulenak hobetzea, ikastetxeen lana aitortzea eta esperientziak eta programa bera trukatzeko sare bat sortzea. •