KOLDO TELLITU

 

Lau hilabete daramatzazu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari moduan. Zein dira zure eta Konfederazioaren erronka nagusiak hurrengo urteetarako?

Barrura begira dauzkagun erronka nagusiak berregituraketa eta Ikastola 2015 plana dira. 

Gaur egun daukagun konfederazioaren egitura aldatu egin nahi dugu. Ikastola askotatik eskatu da, kezkatuta baitaude daukagun egitura konplexuarekin. Beraz, hori da nire lehenengo lana eta hasita gaude.

 

Zein izango da egituraketa berria?

Nahiz eta oraindik erabaki gabe daukagun, erakunde bakarra eratzea da gure asmoa, eta batez ere, lehen urrats bezala, egitura kudeatzaile bakarra izatea. Hau da, dauzkagun zerbitzu eta programa guztiak erakunde bakar batetik kudeatzea. Horrekin batera instituzioen eta gizartearen aurrean irudi bakarra aurkeztearen bila joango gara. Gaur egun herrialde bakoitzeko federazioa, erakunde bat izatetik aparte, enpresa bat da, bere langileak ditu, bere zerbitzu eta programak… Hori guztia “zentralizatzea” eta irudi bakarra eta ahots bakarra izatea da asmoa. 

Herrialde bakoitzean organoren egituraren bat egotea aurreikusten dugu, bereziki ikastolen parte-hartze zuzena sustatzeko. Gure barnean kultura desberdinak daude, esparru administratibo desberdinak… eta hori oso ondo uztartu behar dugu.

Sentsibilitateak, lehentasunak… ez dira berdinak. Horregatik, erakunde bakar hori helburu izanda, ondo eta tentuz ibili behar dugu pausoak ematerakoan.

Bigarren erronka moduan Ikastola 2015 aipatu duzu. Zer finkatuko duzue plan horretan? 

Ikastolen mugimenduaren lerro edo printzipio nagusiak bildu eta mende honetako lehen hamarkadetako ikastolen eredua zein den definitu nahi dugu. Azken hausnarketak duela urte batzuk egin genituen eta berriro definitu behar ditugula pentsatzen dugu. Arlo pedagogikoan nik uste dut definizio nagusia euskal curriculumean dagoela eta ondo etorriko zaigu euskal curriculumaren inguruan sustatu dugun barne hausnarketa. 

Nola doa euskal curriculumaren prozesua? 

Oraindik amaitu gabe dago Kristau Eskolarekin, Sortzen-Ikasbatuazekin, Hezkuntza Sailarekin eta beste arlo batean Udalbiltzarekin lantzen ari garena. Orain azken fase programatikoan hasi gara eta hor euskal curriculum espezifikoa definitu behar dugu: hemengo berezitasunak hor uztartu, erabakiak hartu, ikastola guztien ekarpena jaso… Lan horretan ari gara orain. 2008ko ekaina arte ez dela amaituko aurreikusten dugu. Gainera, presa pixka bat badugu, baina lan hori patxadaz eta ongi egin behar da. Benetan sinestu behar dugu lan hori herritarrena dela eta herritarrek eragile aktiboak izan behar dutela eta haien ekarpenak jaso behar direla. Argi dago horretarako denbora behar dela eta eskatzen duen erritmoa jarraituko dugu. Azken testu batekin amaituko dugu eta hezkuntza eta gizarte eragile guztiak bilduko dituen batzar nagusi batean onartuko da. 

Eta horren ondoren, zer? 

Bi alderdi daude. Alde batetik, lehentasunetako bat irakasleen formazioa izango da. Hori guztia martxan jartzea izugarrizko lana izango da, zeren planteatzen ari garen curriculumak ez ditu edukietan soilik egiten aldaketak. Aldaketa nagusia beste toki batean dago: konpetentzia orokorretan eskolaldirako ardatzak ez dira ikas arloak, bizitza guztirako hezkuntzaren xedeak, hezkuntza konpetentzi orokorrak eta eduki metadiziplinarrak baizik. Irakasleen ikuspegiak edo lan egiteko erak zeharo aldatuko dira. 

Beste aldetik, bigarren egitekoa materialei dagokiena izango da. Ikasmaterialak eduki berrietara egokitu beharko dira. 

Lan dezente dago martxan jartzeko, bai, baina herri honen gabezia izugarria izan da urteetan curriculum propiorik ez edukitzea, zeina behar-beharrezkoa den herri nortasuna edukitzeko. 

Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan curriculum ofizialak berritu egingo dira. Zein eragin eduki dezakete euskal curriculumaren prozesuan? 

Guk, zorionez, ez daukagu eurak daukaten denboraren arazorik. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, LOEren eraginez, berehala atera behar dute curriculum ofiziala. Guk zera diogu beti: aukera paregabea dutela gure proposamena ardatz hartuta curriculum ofizialetan uztartzeko eta txertatzeko. 

Euskadiko autonomia erkidegoan gurearekin batera sektore publikoko batzuk beste proposamen bat ere egin dute. 

Baina, azken finean, lan hori batera egin behar dugu. Zeren, zein da curriculumaren helburua? Herri honetan ondo definitzea zein diren gutxieneko bateratuak edo komunak. Horretarako elkarlanean aritu behar bada, gu prest gaude curriculum ofizialari gure elkarlana eskaintzeko, eta ezinbestekoa ikusten dugu, gainera. Argi edukita Euskal Herriko ikuspegitik gure curriculumak askoz ere gehiago sakontzen duela. Beste proposamenean ere ideia interesgarriak daudela onartuz, nik uste dut egokiena elkarlan hori lehenbailehen sustatzea dela. 

Nola bizi duzue publiko-pribatu arteko dikotomia? 

Dikotomia hori gainditzeko Autonomia Erkidegoan eztabaida sustatu dugu azken urteetan eta proposamen bat lantzeko asmoa daukagu.

 

NGB Nazio Garapen Biltzarretik bultzatutako Hezkuntza Akordioak dikotomia hori gainditzeko aurkeztu duen proposamenarekin bat egiten al duzue?

Organikoki bat egin ez badugu ere, ez baitzaigu eskatu ere egin, jakina da gure ordezkari nagusi batzuek hor parte hartu dutela eta aurkeztu den proposamena interesgarria ikusten dugu. Nik uste dut horrek aurrera jo behar duela. 1993an Autonomia Erkidegoan Eskola Publikoaren Legearen harira egindako sarraskia konpondu egin behar da, hori oso argi dago. 

Batzuetan publiko-pribatu kontzeptuak aipatuta tranpa batean jausten gara. Batez ere kontzeptu horien bertsio zaharkituan ari garelako. Alde batetik kontzeptu horiek gainditu baino gehiago eguneratu beharra dago, batik-bat euskal gizartearen emaitza propioa kontuan hartuta. 

Beste alde batetik guk euskal eskola nazionala sustatu nahi dugu eta horren bitartez gainditu behar dugu dikotomia hori. Geure ibilbide propioa egin behar dugu. Finean, une honetan hemen oraindik indarrean dagoen publikotasunaren kontzeptua estatu frantziarrean Napoleonen garaitik datorren kontzeptua; zentralizazioan oinarrituta dagoena, funtzionarioaren irudian zentratuta dagoena… Nik uste dut herri honetan bide desberdina landu dela urteetan zehar, ekimen sozialarena, eta horri gaur egun oraindik eman ez zaion aitortza zor zaiola. Hori oso garbi daukat. 

Publikotik askotan aldarrikatzen da ikastetxeen autonomia, eta ikastolok, zer edo zer baldin badaukagu, bereziki hori da: autonomia. Orduan, bide horretan, non edo non elkar topatu behar dugu sare publikoak eta ikastolok, ez daukat zalantzarik. 

Hainbat kontu berraztertu egin beharko dira. Esate baterako, zein izan behar den administrazioaren papera, nola koordinatu eta planifikatu behar duen, orain egiten duen moduan ala eragileen parte-hartzearekin? Agian demokraziaren kontzeptua gehiago landu beharko da Administrazioan, sozialagoa izan dadin eta ez hainbeste funtzionariala. Hor mundu bat dago, baina bereziki klabea zera da: Aurreko kontzeptuak burutik kentzea. Eztabaida horretan beste ikuspegi batekin sartu behar dugu. Ingalaterran, Suedian, Holandan… badira beste eredu batzuk eta guk geurea topatu behar dugu, publikotasunaren kontzeptu bat eta bakarra ez baitago munduan.Oso ondo ezagutzen dudan beste esparru bat gizarte segurantza eta pentsio mundua da. “…hemengo eredua” esan ohi du jendeak, baina hemengo eredua ere ez da bakarra munduan. Beste eredu batzuk ezagutzea ona da, bereziki publikotasunaren kontzeptu hori edo Administrazioak hezkuntza sistema antolatzeko daukan modua ez dela bakarra ikusteko. Beraz, egin dezagun geure bide propioa.

 

Prest al gaude horretarako?

Uste dut memento nahiko egokia dela, eta jaiotze tasa gorantz badoa, hobeto, lagunduko du. Zeren azken urteotan daukagun lehiak, aurreiritziek eta abar jaiotze tasarekin harremana dutela uste dut. Zeren matrikulazioarekin arazoak egonez gero, bakoitzak bereari begiratuko dio, eta hori arazoa da. Matrikulazio garaia iristen denean denok aipatzen ditugu geure berezitasunak, hoberenak garela… zergatik? Oraindik jaiotze tasa, nahiz eta gorantz joan, ez doalako hainbeste. 

Historikoki ikastolek paper garrantzitsua jokatu dute euskararen arloan. Zer paper jokatu dezakete hemendik aurrera? 

Iritzi publiko orokorrean horrela identifikatzen bagaituzte ere, hori egia izanik, egia mugatua da. Eskolaren eremuan euskararekin batera beste hainbat ekarpenen aitzindari ere izan da eta da ikastola. Baina euskararena ontzat emanda, nik uste dut motor izaten jarraitzea egokitzen zaigula oraindik. Zoritxarrez, memento honetan oraindik ere badira gure hezkuntza sisteman euskaraz ez dauden esparru garrantzitsuak, Lanbide Heziketa kasu. Lanbide Heziketako euskararen egoera tamalgarria da, bereziki Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Euskal curriculumak lagun dezake horretan, baina oraindik ere guk apustua egiten dugu euskararen erabilera bultzatzeko programekin: Euskaraz Bizi, bertsolaritza, esku pilota… Guk oraindik ere denbora asko “galtzen” dugu gure nortasunaren, euskal senaren aldeko proiektuak aurrera ateratzen. Oraindik ere aitzindaritza lana egin beharra dago eta horretan jarraitzeko asmoa daukagu. 

Herrigintza arloan azken urteetan ikastolak ez direla hainbeste inplikatu entzun izan da. Zer iritzi duzu horren gainean? 

Guretzat herrigintza klabea da, gu herritik jaio baikinen. Hor bi mutur egon daitezke: alde batetik mugimendu osoa eta bestetik ikastola bakoitza.Ikastola bakoitzak, herri gehienetan, izugarrizko inplikazioa dauka arlo guztietan: Jaietan, euskalgintzako eragileekin elkarlanean… eta hori oso nabaria dela uste dut.Mugimendu osoa aipatzen badugu, beste bi aurpegi daude: Bata hezkuntza eragileekin eta bestea euskalgintzan. Nik uste dut hezkuntza arloan hor aritu garela azken urteotan, bereziki curriculumarekin. Hor eduki ditugun solaskideekin elkarlan polita egon dela uste dut. Baina bestean, euskalgintzaren arloan, zer edo zer gehiago eman dezakegula uste dut. Gainera, euskalgintzaren arloan ikastoletatik asko espero da. Hori ere horrela da. Indar handia egozten zaigu.

Egia esan, azken boladan hezkuntza arloko erronkak hain indartsuak izan dira, ze horretan joan zaigu denbora eta arreta. Euskalgintzako eragileak eurak ere azken denboraldian hezkuntzara begira egon dira hezkuntza ereduak direla-eta, curriculuma dela-eta… 

Baina bai, herrigintza arloan inplikazio handia dagokigu mugimendu moduan ere. Hori da nire asmoa eta dagoeneko hasita gaude. Adibidez, Euskararen Gizarte Kontseiluaren zuzendaritza taldean dagoeneko bagaude. Gutxikagutxika inplikazio hori handituko dela uste dut.

 

Gurasoen parte-hartzea ikastolen ikurretako bat izan da. Gaur egun parte-hartzea “krisian” dagoela esaten da. Nola bizi da hori ikastoletan?

Beste ezer baino lehen esan behar da ikastoletan gurasoak “jabeak” direla eta horrek nahitaez ekartzen du inplikazioa. Ikastetxe publikoetan gurasoen inplikazioa egon daiteke, baina oso esparru mugatuan. Nahiz eta guraso asko inplikatu eta gogo handia izan, zoritxarrez autonomia txiki hori dela-eta eta administraziorekiko dependentzia hori egonda, jada jatorriz mugatua da esku-hartzea. Kristau eskoletan antzekoa gertatzen da. Erlijio-orden edo kongregazioa izaten da titularra, jabea, eta hor ere gurasoen papera mugatua da, nahiz eta txalogarria izan gurasoek duten partaidetza arlo batean zein bestean, ekimenak aurrera ateratzeko. 

Ikastoletan gurasoen partaidetza nahitaezkoa da. Pentsa, edozein ikastoletan, artezkaritza kontseiluan hamar-hamabost guraso egon behar dira derrigorrez, eta hilean behin edo bitan biltzen dira ikastolaren estrategia orokorra finkatzeko, arazo edo planteamendu guztiak aurrera ateratzeko. Beraz, jatorriz, gurasoen partaidetza nahitaez berezia da. 

Gero, ia ikastola guztietan daude taldeak eta horiek elikatzen dute artezkaritza kontseilua: talde ekonomikoa, eskolaz kanpoko taldea, mantenimendu taldea, pedagogia taldea… eta normalean talde bakoitzean lauzpabost guraso daude. Orduan, jada gurasoen nukleo sendo bat sortzen da: 40 guraso daude inplikazio izugarriarekin.

Noski, gero jauzi bat dago. Egia da ikastoletan orokorrean gurasoen erdiak-edo ez duela bizitzen horrelako intentsitatearekin. Baina beste erdiak bizitzen duena oso intentsitate eta ardura handiarekin bizitzen du. 

Hego Euskal Herriko ikastola guztiak, Gipuzkoako bi izan ezik, kooperatibak gara, gurasoen edo langileen kooperatibak, eta gurasoek dute hitza eta erabakia normalean. 

Dena dela, aipatu behar da partaidetza desberdina dela gaur egun. Gutxiago joaten dira txosnan txandak egitera, esate baterako. Beste era batera parte hartzen dute. Beste ikastetxe batzuetan kanpora ateratzen diren zerbitzuak guk oraindik gurasoekin elikatzen ditugu. Adibidez, matrikulazio kanpaina egiteko, komunikazio munduan dabilen gurasoren bat ikastolan daukazu eta beren bitartez egiran duzu . Beste era batekoa da, baina inplikazioa handia da. Zenbat eta behar gehiago egon, gehiago inplikatzen dira. Beharra dagoenean, jendea mugitzen da. 

Urteak joan eta urteak etorri, Hezkuntza Legerik ez daukagu. 

Hala da, bai EAEn, bai Iparraldean eta bai Nafarroan. Faltan botatzen dugu. Hankamotz dago hiru esparru administratiboetan. Legeek esparru publikoa baino ez dute arautzen eta hortik kanpo dagoena akordioen bitartez, dekretuen bitartez eta abar arautzen da. Sistema osoa arautzen duen lege bat beharrezkoa da. Eta lege horretan gure euskal eskola nazionalaren ildo nagusiak jasoak egon beharko lukete.

 

Zer jaso beharko luke lege horrek?

Hasteko, ondo zehaztu beharko luke zer den zerbitzu publikoa eta kontzeptu horren barruan nork ematen duen zerbitzu hori eta nork ez, zein finantzazio izango duten, zeren arabera… 

Guk beti esaten dugu zerbitzu publiko bat ematen ari garela eta, gainera, zerbitzu hori administrazioaren planifikazioaren barruan dagoela. Hau da, oraintxe bertan ezin ditugu nahi ditugun gelak zabaldu. Orduan, administrazioak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen baldin baditugu nortasun jakin bat izateko, pentsatzen dugu finantzazio osoa eduki behar dugula arlo pedagogikoan. Finantzazio horren truke administraziotik ezartzen diren baldintza guztiak bete behar ditugu. Hori argi daukagu. Gu izan gara lehenak ebaluazio ekonomikoak eskatzen eta zenbakiak mahai gainean jarrita ditugu diru publikoa non gastatu den ikusteko. Hori klabea da, bai gure ikastoletan, bai kristau eskoletan eta bai publikoetan. Gardentasuna eta dirua zertan erabiltzen den denei eskatu behar zaie. 

Bestetik, legeak bidea eman dezake ikastetxe publikoetan aldarrikatzen den autonomia garatzeko. Bide bat jorratu behar da eta hor elkar aurkitu dezakegu. Esperantza hori daukat. Nik ez dut sinesten orain daukagun eredua benetan zenbait jendek barneratuta edo eurena bezala sentitzen duenik. Ez dut sinesten. Batzuek edukiko dute, baina beste askok ez daukagu. 

Ikastoletan etorkin gutxi ei daude. 

Bai zenbait ikastoletan, eta bai zenbait ikastetxe publikotan eta kristauetan. Etorkinak krisian zeuden zentroetan ari dira pilatzen. Bilbon, ospe haundiko eskola kristauetan ia ez dago etorkinik; aldiz, auzoetako ikastetxean ia-ia ez dugu bilbotarrik topatzen, biak kristau eskolak izanda. Publikoan gauza bera. Prentsan agertutako artikulu baten arabera, Iruñerriko lau ikastetxetan % 65 etorkinak dira. Joan D eredua eskaintzen duten eskola publikoetara… eta ez dago etorkinik. Euskaraz irakasten duten eta matrikulazio oso ona duten ikastetxeetan ia ez dago etorkinik. Nola da posible? Hori nonbaitetik bideratuta dago, bestela ez da posible.

 

Zein da ikastolen jarrera etorkinekiko?

Herritarrak gara eta herritarrekiko konpromisoak betetzen ditugu. Herri honen erronketako bat da etorkinak ondo integratzea gure herrian eta gu horretarako prest gaude. Gure ikastoletan ateak zabalik daude, ez dugu inongo diskriminaziorik egiten.

Baina memento honetan euskal gizartean zerbait txarto egiten ari gara.

Planteamendu asko egon daitezke eta egon behar dute, baina Hezkuntza Sail guztiek lerro argiak zehaztu behar dituzte jendeak jakin dezan zein den etorkinen inguruko hezkuntza politika: banatu behar diren edo ez, ikastetxe bakoitzean topeak egon behar diren edo ez, askatasun osoa duten aukeratzeko nora joan behar duten… Horrek argi egon behar du, ondo definitu behar da, zeren orain indefinizioa baitago eta aipatu dugun fenomenoa ikusten ari gara: Ikastetxe publiko, pribatu zein kontzertatuak izan, krisian daudenek dute etorkin kopuru izugarria. Hori bistan dago. Eta beste aldetik, A eredura bideratzen ari dira, D ereduan oso-oso gutxi ikusten dira. Fenomeno hori ezin dela kasualitatea izan, uste dut.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuek planifikazio argi bat egin behar dute etorkinekin zer egin behar den eta nola jokatu behar den zehazteko eta arauak argi egoteko. Bestela, oso erraza da “ikastolek ez dut hartzen” eta horrelako aipamenak egitea. Publikako D ereduak ere oso gutxi hartzen ditu. Hori konpondu behar da. 

Urte gutxiren buruan irakasle asko erretiratuko dira eta berriak sartu. Aurreikuspenik edo plangintzarik egin al duzue? 

Ez irakasleak soilik, federazioetan lanean diharduten eta ikastolen mugimenduan dauden teknikari asko ere ez daude oso urrun erretirotik. Agian ez da txarra izango curriculumak eskatuko duen txip aldaketa egiteko. Zeren frogatuta baitago behin adin batera helduta txipak ez direla erraz aldatzen. Alde horretatik begiratuta, agian ez da aldaketa txarra izango. Belaunaldi berriak euskal curriculuma eta herri honek duen gabezia hori aurrera ateratzeko erronka izango du. 

Dena dela, bai administrazioak eta bai gainerako sareok, denok, egon beharko genuke kezkatuta fenomeno horrekin. Urte batzuetan ikastetxe batean lau edo bost pertsonak urtero hartuko dute erretiroa eta asko da. Gainera, gure kasuan, pertsona horiek garai gogorrak bizi izandakoak dira. Hil ala biziko egoera haiek beste indar bat ematen zuten. Orain kudeaketa profesionalizatuagoa da eta beste erronka batzuk daude. Garai bakoitzak bere erronkak ditu. 

Irakasle berriak edo gazteak errazago ulertuko al dituzte ikasleak eta haien egoera berriak? 

Bada, seguraski bai. Haurrak eta harremanak jorratzeko dituzten formula berriak ulertzen ez baditugu, ez dugu ezer lortuko. Agian irakasle gazteek horretarako erraztasun handiagoa izango dute. Messengerrak, blogak, mugikorrak… beste harreman mota bat sortu dute eta hori, lehenengo eta behin, ezagutu egin behar dugu. Irakasle askok ahalegin hori egiten dute eta horiek arrakasta handiagoa izaten dute. Gure seme batek gaurko sistema politikoen eta antolaketaren inguruko lan bat aurkeztu behar zuen Gizarte ikasgaian DBH 2. mailan eta Interneten dokumentazioa lortu eta gero powerpointarekin ari zen prestatzen aurkezpena sekulako interesarekin. Horrek zer esan nahi du? Irakasleak berrikuntza hori sartu duela, egokitu egin dela eta ikasleek hor interes gehiago jarri dutela grapatutako orrietan baino.Ikasleen mundua ezagutu eta ulertu egin behar dugu. Gustuko dituzten gauzak ez dira munduko onenak izango, baina eurenak dira. Gure garaian ere gure gurasoek ez zuten ulertuko punkarekin genuen jarrera eta guri gustatu egiten zitzaigun. Orain gauza bera, ulertu egin behar da. Ulertu eta hezkuntza prozesuetan erabili.

 

 

Autorik gabeko eguna ez, autorik gabeko urtea bizitzen dut urtero. Ez da ekologista militante moduan hartutako erabaki kontzientea, bizitzako zirkunstantziek eramandako egoera baizik. Baina onartzen dut gaur egungo bizimoduan eta gizartean arraro gerta litekeela EHIKo lehendakaria garraio publikoz iristea bere hitzorduetara. Aitak, istripu baten ostean, autorik ez gidatzea erabaki zuen, eta horrek kultura bat sortu zuen etxean. Gaztaroa Gasteizen pasa nuen eta gasteiztarren artean ez da hain arraroa. Gasteizen autoa zertarako? Ez da behar, dena dago bertan. Gasteizko koadrilan, 23 urtegaz, inork ez zeukan gida baimenik. Lan egiteko ez daukat arazorik garraio publikoarekin, bereziki hiriburuetara joateko.