HIZKUNTZEN MARKO BERRIA EAE-N

Hurrengo urratsa: zehaztea

EAEko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hizkuntz eredu berritzailea eta eleanitza proposatu du. Gaur egungo A, B eta D ereduen ordez eredu bakarra eta malgua ezarriko litzateke ikastetxe guztietan. “Euskara izango da marko berriaren ikas-irakaskuntzaren hizkuntza nagusia” dio. “Praxiak argi eta garbi erakutsi du ikaste prozesuan euskaran murgiltzea funtsezkoa dela komunikazio ahalmenak eskuratzeko, ahozkoak zein idatzizkoak”. Gaztelania ere ikas hizkuntzatzat hartuko da, erregistro formalak behar bezala ezagutzen direla bermatzeko. Helburua da hezkuntza prozesua amaitzean herritarrek hizkuntza ofizial bietan ezagupen maila nahikoa izatea, hizkuntza batean zein bestean komunika daitezen.

Haatik, ez da eredu elebidunean gelditzen proposamena, eredu eleanitzera jauzi egiten du: atzerriko hizkuntza batean edo bitan komunikatzeko oinarrizko ezagupena izatea da xedea.
Helburu horiek denak neurtu egingo dira lehendabiziko aldiz, orain arte ez bezala. Europako Erreferentzia Markoan irizpide batzuk zehaztuta daude eta horiek erabiliko dira: euskara eta gaztelanian B1 maila lortu beharko dute ikasleek Lehen Hezkuntza bukatutakoan, eta B2 maila DBH bukatutakoan. Ingelesa edo frantsesean, aldiz, B1 maila DBHren amaieran.
Beste berrrikuntza bat: ebaluazioak egingo dira maila horiek lortzen diren edo ez ikusteko.
Ikastetxe bakoitzak diseinatuko du bere hizkuntz proiektua markoak zehazten dituen helburuak lortzeko. Alde horretatik, autonomia izango dute, baina erdietsi beharreko helburuak eta markoa mugarri izanda.
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik aurrera jarri nahi da martxan 2008-09 ikasturtean hasita. Horrela, 10 urteren buruan marko berria ezarrita egongo litzateke.
Zehaztasunen garaia iritsi da
Proposamena lehen urratsa izan da eta, oro har, alderdi politikoek eta hezkuntza eragileek begi onez ikusi dute. Hemendik aurrera, alderdi politikoen arteko eztabaida hasiko da. Ahalik eta adostasun handiena lortu nahi dute azken proposamenera iristeko.
Horra iristeko, baina, puntu asko zehaztu behar dira, besteak beste euskararentzat zein gaztelaniarentzat proposatzen den B2 maila. Batzuentzat gehiegi da, besteentzat hori  behintzat lortu beharrekoa da eta hortik gora posible bada, hobe. Ikastetxeen autonomia eta hizkuntza bakoitzari eskaini beharreko ordu kopurua ere asko zehaztu gabe daude, proposatutako “malgutasuna” dela-eta. Ebaluazioaren inguruan ere aldekoak zein kontrakoak daude. Markoaren arabera, hezkuntza sistemak irakasle elebidunak edo eleanitzak behar ditu, eta oraindik lanean diharduten guztiak ez dira elebidunak. Irakasle Eskoletako erdal adarretatik ateratzen direnek ere ez dute euskarazko eskolak emateko gaitasunik izango.
Euskaldun eleaniztunak sortzeko, hizkuntzaz gain, euskal gizarteko eta kulturako adierazpenak barneratu behar dituzte ikasleek, eta horretarako, euskal curriculuma funtsezkoa da. Gai horri ere heldu beharko zaio.
Baliabide asko behar da.
Gizarteak aldaketa eskatzen zuen eta horretarako ateak ireki dira. Orain proposamena zehaztea eta neurri zehatzagoak hartzea eskatzen du. Baliabideak jarriz gero, gizarteak lagunduko du. Badu horretako borondatea eta gogoa.

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn

Proposamen berritzailea eta eleanitza XXI. menderako

Honako hau da Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako proposamena. 

Baztertze politiketatik integrazio politiketara

- Hamarkada luzeetan euskararen kontrako eta euskara bera baztertzeko legeak eman ostean, Gernikako Estatutuak hau aldarrikatzen du: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”  (6.1 artikulua).
- Euskararen kontra eragiteko herri aginteek hezkuntza sistemari eragin zioten inplikazio negatibo eta baztertzailetik, inplikazio hori positiboa izatera pasatu zen Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza eratzean. Inplikazio positibo horrek gizarte integratua erraztu zuen, elebitasun partekatuan afektiboki eta modu eraginkorrean elkarrekin bizitzeko gai dena. Egungo legediak zentzu hori du, eta argia eta zehatza da, horri dagokionez:
- “Jaurlaritzak, ikaslegoari derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskera-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzapidetan eta Arduralaritzako ihardun eta agirietan euskera agizko adierazpide eginez. Euskeraren erabilpena arauzkotzezko abenduaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen  17. artikulua.
Baztertze politiketatik integrazio politika barne hartzaileetara
- “Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen”.  Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen  18. artikulua.
- Eusko Jaurlaritzak eta horren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beste hizkuntza batzuen ezagutza ere sustatu dute, eta EAE aintzindaria da hirueledun ikaskuntzan, derrigorrez eskolaratu beharreko etapetan; horrela, bada, aurrea hartu die Europeak herrialdeetako orientazioei eta proposamenei (Eleaniztasunerako Estrategia Marko Berria, Brusela, 2005.11.22).

25 urteko esperientzia ebaluatzen

- Derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan EAEko hizkuntza ofizial bat zein bestea jariotasunez eta oso ondo hitz egiten dutenen kopurua nahiko handia da, eskolaren inplikazioari esker. Horien artean, askok eta askok hirugarren hizkuntza batean komunikatzeko gaitasuna ere badu.
- Aurrerapausoak handiak izan dira; hala ere, oraindik ez da lortu indarrean dauden ereduetan ikasi duten herritar gehienen integrazio eleanitza. EAEko herritarrak ordezkatuz Eusko Legebiltzarrak eman dituen legeak eta elkarren osteko gobernuek emandako neurriak ez dira espero bezain eraginkorrak izan, eta gazte guztiek ez dute lortu geure erkidegoko hizkuntza ofizial bietan jariotasun arruntez komunikatzea derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan.
- Hezkuntza, eskola, beharrezkoa da, baina ez da nahikoa edozein herritar gure gizartean hizkuntza biez balia dadin. Hezkuntza beharrezkoa da hizkuntza bion ezagupena orokortzeko. Baina ez da nahikoa hizkuntzon erabilpena bermatzeko; izan ere, gizarte gune (familia, kalea, auzoa, “kuadrila”, aisia, lana, teknologia berrikuntzak, laguntza zerbitzuak…) bakoitzaren jokaeraren arabera lortuko da hori.
- Egindako ebaluazioen arabera, gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna bermatua dago indarrean dauden eredu guztietan (eredu bateko eta besteko ikasleen arteko aldeak oso txikiak dira; dena dela, horrek ez du esan nahi, bereziki kasu batzuetan, ez dela komeni kalitatea hobetzen jarraitzea).
- Egoera bestelakoa da euskararen kasuan, egindako ebaluazioek argi erakusten dutenez.
- Hainbat ebaluazio egin eta emaitzak alderatu ondoren, emaitzak ikusita  egoeraren zergatiak aurkitu eta hobetzeko estrategiak proposatu behar ditugu:
* Zenbat eta gutxiago erabili euskara irakaskuntza hizkuntza bezala, orduan eta hizkuntza gaitasun gutxiago euskaraz. Korrelazio hori ageri-agerikoa da. Ikasi-irakatsi prozesuan euskaraz murgilduta emandako denbora oso erabakiorra da, gaur arte egindako ebaluazioen arabera.
* EAEko hizkuntza ofizialetan murgiltzeko aukerak oso desberdinak dira. Ikasle asko eta askorentzat, eskola da euskaraz murgiltzeko kontestu nagusia euskararen ikaskuntzan. Gauza bera gertatzen zaie hirugarren edo laugarren hizkuntza ikasi nahi duten ikasleei.

EAEko gaurko hezkuntza erronkak integrazio eleanitzerako

- Europako Batzordearen estrategia markoak eleaniztasuna erraztu nahi du solidaritatearen ikuspuntutik asmo handiko erronka baten helburutzat: “Europako batasuna kontzeptu honetan oinarritzen da: “batasuna aniztasunean”: kultura, ohitura, sinesmen… eta hizkuntzen aniztasuna. Batasunean, hogei hizkuntza ofizial ez ezik, bertako hirurogei hizkuntza inguru ere hitz egiten dira, eta bertoko ez diren hainbat hizkuntza ere bai, etorkinen komunitateenak, hain zuzen. Aniztasun horrek ageri-agerian uzten du Europako Batasuna ez dela desberdintasunak bat egiten dituen “arragoa”, etxe partekatua baino, eta bertan gure ama hizkuntzak, hamaikatxo izan arren, aberastasun iturri dira eta solidaritatea eta elkar ulertzea lantzeko lurra (Europako Batasuna. 596 komunikazioa: Eleaniztasunerako Estrategia Marko Berria. Brusela, 2005.11.22).
- Europako erreferentzia marko horren izpiritua aplikatzerakoan, hizkuntzak EAEko egungo egoera historikoan ikasi, irakatsi eta ebaluatzeko, erronka zehatzak planteatzen dizkigu.
- Elkarbizitza demokratikoki partekatuak bateragarri egin behar ditu norberak askatasunez erabakitzeko eskubidearen errespetua, herritarrei dagokienez, eta gainerako herritarrek ere eskubide hori izateko berme solidarioa. Demokrazian herritarrek elkarri pertsonen askatasuna eta berdintasuna eskatzen diote, baina hori aldi berean aplikatzeak erronka bereziak dakartza gurea bezalako aniztasun maila altuko gizarteetan; izan ere, hizkuntza ofizial bien (euskara eta gaztelaniaren) arteko lehentasunak eta beste batzuen (batez ere ingelesa) arteko lehentasunak markatzeko, funtzionalitate komunikatiboko irizpideak erabiltzen dira, bai eta irizpide sinbolikoak eta identitate adierazpenekoak ere.
- Aukera pertsonal diferenteak dituzten pertsonen arteko bizikidetza libreak, euren sentimendu eta lehentasunezko hizkuntza erabilerei dagokienez, eskatzen du Euskadin elkarreragiten duten pertsonek eraginkortasunez errespetatzea herritar guztiek hautatzen duten erabilera hizkuntza.
- Gainera, egungo euskal gizartean bizikidetza integratuaren helburuak izan behar du  pertsona guztiek, gutxienez, gaitasun pasiboa izatea lurraldeko hizkuntza ofizial bietan.
- Konpromiso hori euskal hezkuntza sisteman aplikatu behar da bereziki; izan ere, eremu pribilegiatua da errespetu proaktiboaz baliatzeko, eta irakasleen zatirik handiena elkarbizitza eleanitzaren eredu dugu.
- Euskal herritarrek erkidegoko hizkuntza ofizial biak ez ezik, atzerriko beste hizkuntza batzuk (ingelesa eta, behar izanez gero, frantsesa edo beste hizkuntza bat) ere jakin behar dituzte, maila pertsonal, profesional eta intelektualean garatu nahi badute. Horrela, bere herritik gai izango dira sare orokorrekin konektatzeko, eta, era horretan, errazagoa suertatuko zaie ezagupenak eta esperientziak gunerik aurreratuenekin trukatzea.

Egungo erronkei aurre egiteko printzipioak, esperientziak eta erreferentziak

- Egun, EAEko herritarren integrazio eleanitzaren aldeko printzipioak erabat hedatuta daude; horrez gain, geure esperientzia propioak ditugu, bide arrakastatsuak eta antzuak erakusten digutenak; halaber, aditurik onenek bermatzen dituzten orientazioak ere oso lagungarri ditugu, eta Europako eremurako, Europako Erreferentzia Markoan  jaso dira.
- Europako Erreferentzia Markoak oinarri bateratua eskaintzen du hizkuntza programak, kurrikulu orientazioak, azterketak, eskuliburuak... jorratzeko Europa osoan. Halaber, modu integratzailean deskribatzen du zer egin behar duten hizkuntza ikasleek hizkuntza batean komunikatzen ikasteko, bai eta zein ezagupen eta gaitasun garatu behar duten eraginkor jokatzeko. Deskripzio horrek hizkuntzaren kultura kontestua ere hartzen du bere baitan. Horrezaz gain, Erreferentzia Markoak hizkuntza mailak ere deskribatzen ditu, ikasketa fase bakoitzean eta bizitza osoan zehar ikasleak izan duen aurrerapena egiaztatzeko. (Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa, Council of Europe Modern Languages Division. Strasbourg, 2001, 12. or).

Euskal hezkuntza sistemaren helburuak

- Euskal hezkuntza sistemaren helburu nagusietako batek izan behar du: “Euskal gizarte anitzean eta mundu konplexuan elkarrekin bizitzen irakastea ”.
- Hezkuntza eleanitza: gure gazteen errealizazio pertsonalean laguntzeko, mundu gero eta globalago batean euren garapenean gaitzeko eta mundu bihozbera, bidezko, solidario, aurreratu eta jasangarriagoa eraikitzen lagun diezaiegun. Euskal curriculumaren globalizazioa indartu behar da. Era berean, ikasleak hainbat hizkuntzatan gaitu behar dira. Hori dela eta,  euskaraz eta gaztelaniaz jakin behar dute, eta Europako estrategiari jarraiki, euskal hezkuntza sistemaren helburu izan behar du atzerriko hizkuntza bat edo gehiago irakastea. Hori guztia egin behar da, beti ere jakinik euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak direla eta euskara, mementoz behintzat, egoera txarragoan dagoela.

Marko eleanitz berriaren printzipioak

- EAEko hizkuntza ofizial biei dagokienez:
- Elkarbizitza afektibo eta eraginkorraren balioetan heztea EAEko bi hizkuntza ofizialei modu desberdinean atxiki zaizkien pertsonak.
- Unean-unean gizarte eta hezkuntza baldintzarik onenak sortzea, derrigorrezko hezkuntza prozesua amaitzean herritarrek hizkuntza ofizial bien ezagupen maila nahikoa izan dezaten eta euren artean hizkuntza batean zein bestean komunika daitezen.
- Beste hizkuntza batzuei dagokienez:
- Une oro gizarte eta hezkuntza baldintzarik onenak sortzea, euskal herritarrak gai izan daitezen, gutxienez, beste hizkuntza batean komunikatzeko oinarrizko ezagupenak lortzeko.

Hezkuntza politika eleanitz eraginkorra gauzatzeko baliabideak

- Eskola populazioarentzat oinarrizko estandar bateratuak finkatzea, hala bi hizkuntza ofizialei nola beste hizkuntza bati/batzuei dagokienez.
- Maila bakoitzeko ikasleen (Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen duten ikasleen) ebaluazio bateratu objetiboa (egun berean eta ordu berean).
- Hizkuntzetan ikastea (hizkuntzak eurak ikasteko baliabide nagusia).
- Ikasketako hizkuntzen sailkapena moduluka egitea, eremu bakoitzaren beharrizan eta berezitasun zehatzen arabera, talde bazterketa ekiditeko, helburu bateratuak lortzeari dagokionez:
* Irakasleak prestatzea, ezarritako ikasketa hizkuntzetan programak garatzeko.
* Hizkuntza bakoitzean ikasteko materialak garatzea.
* Ikastetxe guztien esperientziak elkarren artean trukatzea, horietatik etengabeko hobekuntzan ikasteko (banku handi bat sortuta, esperientzia horiek eraginkortasunez aprobetxatzeko, ezagupenaren eta jokaeraren kudeaketa teknika eta  metodoak aplikatuta).
- Hezkuntza ekimenen zeharkako integrazioa sustatzea elkarbizitza eleanitzera bideratutako  beste erakunde (instituzional edo sozial) batzuekin, herritarrek beren aukera askatasunez erabaki dezaten.

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko marko berritzailea

Proposatzen den markoa berritzailea da arrazoi hauengatik:
- Gure hizkuntza politika eta Europako Erkidegoarena bateratzen ditugu, helburuei eta baliabideei dagokienez. Zentzu horretan, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan sartzen da proposamena :
* Malgua da: era askotako egoeretan erabiltzeko modukoa da.
* Irekia: zabaldu eta hobetzeko modukoa da.
* Dinamikoa: erabileratik hartutako esperientziari erantzuten dio.
- Adierazpen helburuetatik helburu operatiboetara pasatzen da; helburuok “ahalmen/gaitasun” terminotzat hartu behar dira, eta hiritartasun terminotzat ere bai (ez dira helburu “didaktikoak”, eskola jarduerara mugatuak, gizarte eremuko helburuak baino, derrigorrezko hezkuntzak erantzun beharrekoak). Euskal Herriko historian lehen aldiz, bi hizkuntza ofizialen gaitasunean lortu beharreko helburuak finkatzen dira.
- Atzerriko hizkuntz(ar)entzat helburu zehatzak finkatzen ditu, hizkuntza ofizialentzat egiten duen bezalaxe.
- Gizarte kohesioa bultzatzen du.
- Ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzen du, XXI. mendeko euskal gizartearen kultura arteko marko berrian.
Ikasi eta irakasteko marko eleanitza
Eleanitza:
- Egungo ereduak testuinguru elebidunean oinarritzen dira. Beraz testuinguru eleanitzaren beharrizanei erantzuten dien marko batera pasatu behar da. Ondorioz, gure hezkuntza-sistema gizarte eta hizkuntza egoera berrira moldatu behar da; izan ere, Euskal Herria egoera horretara moldatzen ari da eta dagoeneko egoera hori bizi du.
- Hizkuntza ofizial bien -hizkunta biok komunikatzeko bide izan daitezen- eta atzerriko hizkuntza baten edo biren ezagupen nahikoa lortzera bideratua.
- Derrigorrezko hezkuntzaren barruan lortu beharreko helburu operatibotzat helburu hauek finkatu beharko lirateke:
Gaztelania: B2-DBH/B1-LH
Euskara : B2-DBH/B1-LH
Ingelesa/frantsesa: B1-DBH
- Markoak maila horiek gainditzeko asmoa du, hiritarrak etengabeko hezkuntzako prozesuetan sartzen diren neurrian, beren pertsona eta gizarte hezkuntza edo lanbide garapenean (hurrengo hezkuntza testuinguru batzuetan, irakaskuntza formal, informal edo ez-formalaren bidez).
- Euskara izango da marko berriaren ikas-irakaskuntzaren hizkuntza nagusia. Hau da, euskarak irakas hizkuntza integratzailea izan behar du. Izan ere, gaurko egoeran (eta aurreikusi daitekeen etorkizunean), gaztelaniarentzat ez da ezer aldatuko, eta praxiak argi eta garbi erakutsi du ikaste prozesuan euskaran murgiltzea funtsezkoa dela komunikazio ahalmenak eskuratzeko, ahozkoak zein idatzizkoak; gainera, egiaztatuta dago ikasleak urtean bizitzaren %17 baino ez duela pasatzen ikastetxe batean ikasten.
- Gaztelania ere, ikas hizkuntzatzat hartuko da, beraren erregistro formalak behar bezala ezagutzen direla bermatzeko.
- Atzerriko hizkuntza/k modu osagarrian landuko dira, atzerriko hizkuntza bera eta atzerriko hizkuntza horrexetan ikasita, proposatutako maila lortzeko,  baina hizkuntza ofizialetarako jarritako helburuak murriztu gabe.

Bilbatzailea /Sendoa:

- Gernikako Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, “Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontuan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte”.
- Euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko Legearen 17. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak neurriak eman behar ditu “elebitasuna” benetakoa izan dadin.
- Bestetik, praktikan ezin da hizkuntzak ikasteko eta irakasteko 796 marko izan, hau da, ezin da ikastetxe beste marko izan.
- Horretarako, proposatutako helburuak lortze aldera, EAEn hizkuntzak ikasi eta irakasteko markoaren egitura orokorra arautuko dute Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak.

Malgua:

- Ikastetxeek hizkuntza proiektua (eleanitza) diseinatu, eta hezkuntza-proiektuan txertatutako dute, erkidegoko erakundeek zehaztutako markoaren barruan proposatutako helburuak lortzeko.
- Irakas hizkuntzatzat hartzen den hizkuntza kopurua handitu ahal izango da (hizkuntza ofizial bien lehentasuna ahaztu gabe), marko orokorrarekiko; horretarako, kontuan hartuko dira ikasketa prozesuan lortutako emaitzak, jardute eremuaren gizarte eta hizkuntza ezaugarriak, ikasleen ezaugarriak …
Gizarte kohesioaren bultzatzaile:
- Ikastetxe, herri edo hiri  bateko ikasle guztiak antzeko sistema batean eskolatuko dira, eta ulertu behar da etapa bakoitzeko azken helburuek ikasle guzti-guztiei eragingo dietela, ikasleen hizkuntza jatorria edo hezkuntza sisteman sartu ziren unea gorabehera (hizkuntza marjinazioko prozesurik gertatzeko arriskua ekidin behar da, helburu bateratuei dagokienez).

Ebaluazioaren garrantzia

- Hezkuntza sistemaren edozein helburuk ebaluazio mekanismoak erabili behar ditu, lorpenak neurtu eta prozesuak egokitzeko. Hizkuntza gaikuntzako prozesuetan, berriz, ebaluazio hori behar-beharrezkoa da; izan ere, nahi izan den ikaskuntzaren lorpenek baino ez dituzte ondu behar erabilitako baliabideak.
- Ikastetxe bakoitzean ikaskuntza metodologiak eta programak era malguan erabiltzeko, behar-beharrezkoa da lortutako emaitzen ebaluazio zorrotzak egitea.
- Ebaluazioaren helburua sistema hobetzea da, lortu nahi diren helburuetara egokitzeko. Horrenbestez, bereziki zainduko da ebaluazioa, beste helburu batzuetara bidera ez dadin (emaitzen erabilera partzialetara edo/eta interesatuetara).
- Aurretiaz finkatutako mailak lortzeko neurri zuzentzaileak sartzeko balio behar izango dute ebaluazioen emaitzek. Era berean, ikastetxearen beraren, familien, Hezkuntza administrazioaren eta Eusko Legebiltzarraren jardute politika bideratzen lagunduko dute.

Nola ebaluatu helburuen

betetze maila?
- Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEIk) egun eta ordu berean proba berdina egingo die ezarritako maila bereko talde guztiei (LH eta DBHko azken etapetakoei) EAEko ikastetxe guztietan. Proba horren bidez, ikasle bakoitzak lortutako ezagupen maila ebaluatuko da.
- Horrez gain, tarteko diagnosi ebaluazioak ere egingo dira (LH-4/DBH-2), ikastetxe guztien ikasleen bilakaera ezagutzeko. Horrela, bada, azken helburuak lortzeko, plangintzan egokitzapen edo doiketa egokiak egiten lagunduko dieten adierazleak izango dituzte ikastetxeek.
- Bestalde, ikastetxeek beren ebaluazio politika sartu ahal dute hizkuntza proiektuan, eta ikaslerik nagusienek, berriz, autoebaluaziorako tresnak erabili ahal dituzte, esaterako, Dialang  (www.dialang.org), Europako Batzordeak sustatua eta autoebaluazioa 14 hizkuntzatan (ez dago euskaraz) egiten laguntzen duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren (HUISen) papera

- Irakasleen komunikazio gaitasunak erkidegoaren hizkuntza ofizial bietan hobetzea bultzatuko du (eta atzerriko hizkuntzan, atzerriko hizkuntzako irakasleena).
- Irakatsi eta ikasteko praktika onak orokortzea.
- Hizkuntza ofizial bien irakaskuntza sendotzeko baliabide osagarriak jarriko ditu.
- Antolatzeko eta parte hartzeko antolakuntza era berriak eskainiko ditu, erakunde jarduerari dagokionez, eta hizkuntza normalizatzeko plan trinkoekin jarraituko du: NOLEGA/Ulibarri (hainbat erakunderen artean sarean lan eginez), didaktika aholkularitzako asmo handiko programa bat indartuz.
- Ikasleen elkarbizitza afektibo eta eraginkorra bultzatuko du hizkuntza ofizial biekiko.
- Prestakuntza teorikoa indartuko du, praktikaren azterketari lotu, hausnarketa bideak zabaldu eta beste eragile batzuekin batera aztertuta: unibertsitateak, irakasleak prestatzeko ikastaroak, ebaluazio lerroak diseinatzea…
- Eskola eremuak ez diren beste gizarte, ekonomia eta kultura elkarte batzuekiko eta erakunde  publiko eta pribatuekiko koordinazioa bultzatuko du, euskal herritarrek hizkuntza aukera askatasunez erabaki dezaten gizartean: kirol eta kultura ekintzetan, aisialdian, ikastaroetan, txangoetan…

Araudia aldatzea

- Adostu izanez gero, Eusko Legebiltzarrak hizkuntzak ikasi eta irakasteko EAEko marko berriaren Legea onartuko du.
- Ezarritako markoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak garatuko luke, dekretu eta agindu egokiak emanez.

Aldaketa prozesua

- Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan jarriko litzateke martxan marko berria. Egungo ereduen sisteman hasitako ikasleak, berriz, sistema berarekin jarraituko dute graduatu arte. Dena den, horrek ez du esan nahi ikastetxeen hizkuntza proiektuetan ezin dela egoera bikoitza kontuan izan eta jarduerak ezarri, egungo ereduen sistemako ikasleak Marko Eleanitz berriak proposatutako helburuetara hurbiltzeko.
- Marko berria 10 urtean ezarriko da, eta epe hori amaitzean ebaluazio orokorra egingo zaio.

Irakasleen prestakuntzan aldaketak

Irakasleentzako hainbat inplikazio

- Proposatutako marko berriaren oinarria, neurri handi batean, ia irakasle guztietan kalitatezko elebitasuna lortzea da, hizkuntza ofizialei dagokienez. Irakasleria horren zati batek, berriz, hizkuntz gaitasun nahikoa egiaztatu beharko du hirugarren hizkuntza batean, ikasgaiak atzerriko hizkuntzan emateko.
- Ingelesari dagokionez, urte honetan zehar ISEI-IVEI azterlan bat burutzen ari da, DBHko lehenengo eta  bigarren zikloko ikasleek eta Batxilergokoek lortzen duten ingeles maila ebaluatzeko. Kontuan hartu beharko da Ingelesaren Sarrera Goiztiarra Programarekin 4 urterekin hasi ziren lehenengo 96-97 ikasturtean egin zutela eta datorren ikasturtean amaituko dutela derrigorrezko hezkuntza.

Hizkuntza ofizialen gaitasunei dagokienez

- Gaztelaniaren hizkuntza gaitasuna bermatuta dago eskola publiko eta itunpeko eskolako irakasle guztien kasuan.
- Egoera bestelakoa da euskarazko hizkuntz gaitasunarekin. Datuen arabera, eskola publikoko irakasleen % 80k egiaztatu dute 2. HE eta % 6k 1. HE. Bestalde, itunpeko ikastetxetan, % 63k egiaztatu dute 2. HE eta % 4k, berriz, 1. HE.
- Marko berria progresiboki ezarrita, sare bietako irakasleen euskarazko hizkuntza gaitasuna bidezko modu batean hobetzen lagunduko luke. Urtero-urtero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 1.081 pertsona liberatzen ditu irakastordu barnean; horrezaz gain, euskaraz lan egiteko gaitasuna hobetzeko, irakastorduz kanpora 3.283 irakaslek ikasten dute.

Estimazioak

Haur eta Lehen Hezkuntza eskola publikoan: marko berria 2008-09 ikasturtean ezartzen hasten bada Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan eta 2013-14 ikasturtean amaitzen bada ezarpena, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntz gaitasuna, hurrenez hurren:
2008-09 ikasturtea:  + 258
2009-10 ikasturtea:  + 75
2010-11 ikasturtea:  + 41
2011-12 ikasturtea eta hurrengoak:  0
Kopuru horiek kalkulatzeko, aldagarri hauek hartu dira kontuan: aurreikus daitekeen ikasgelen kopurua, 2. hizkuntz eskakizuna egiaztatu gabe duen irakasle bitartekoen kopurua eta jubilazio aurreikuspenak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskola publikoan: DBHn ere ikasturtez ikasturte ezarriko da sistema berria: 2014-15 ikasturtean hasi eta 2017-2018an amaituko da ezarpena. Beharrizanak antzemateko irizpide bera erabilita, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntz gaitasuna, hurrenez hurren:

-2014-15 ikasturtea:  + 216
-2015-16 ikasturtea :  0
-2016-17 ikasturtea :  + 709
-2017-18 ikasturtea : + 772

Haur eta Lehen Hezkuntza itunpeko ikastetxeetan: marko berria 2008-09 ikasturtean ezartzen hasten bada Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan eta 2013-14 ikasturtean amaitzen bada ezarpena, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntz gaitasuna, hurrenez hurren:

2008-09 ikasturtea:  + 45
2009-10 ikasturtea :  + 120
2010-11 ikasturtea :  + 211
2011-12 ikasturtea :  + 301
2012-13 ikasturtea :  + 385
2013-14 ikasturtea :  + 467
Kopuru horiek kalkulatzeko, aldagarri hauek hartu dira kontuan: aurreikus daitekeen ikasgelen kopurua, 2. hizkuntz eskakizuna egiaztatu gabe duen irakasle bitartekoen kopurua eta jubilazio aurreikuspenak. 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza itunpeko ikastetxeetan:  DBHn ere ikasturtez ikasturte ezarriko da sistema berria: 2014-15 ikasturtean hasi eta 2017-2018an amaituko da ezarpena. Beharrizanak antzemateko irizpide bera erabilita, irakasle gehigarri hauek egiaztatu beharko lukete euskarazko hizkuntza-gaitasuna, hurrenez hurren:

2014-15 ikasturtea: + 363
2015-16 ikasturtea: + 578
2016-17 ikasturtea:  0
2017-18 ikasturtea : 0

- Eskolak ingelesez edo Ingeles eskolak ematen dituzten irakasleak 1.198 dira eskola publikoan eta 830 itunpeko ikastetxeetan. Frantsesko datuak hauek dira: 65 irakasle eskola publikoan eta 30 bat itunpeko ikastetxeetan.

- Atzerriko hizkuntzetan lortutako hizkuntz gaitasunari buruz ISEI-IVEIk egingo duen azterlanean oinarrituta, behar izanez gero, antzemandako beharrizanetara egokituko dugu proposamena.

Eskolak Euskaldundu herri ekimenaren balorazioa 

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak EAEko Hezkuntza Sailak egindako proposamenari buruzko honako balorazio hau egin du.

Hezkuntza Sailak lege marko bat  proposatu du soilik eta marko hori eduki zein neurri zehatzik gabe gelditzen bada eskubideak bete gabe eta eskolak euskalduntzeko pauso eraginkorrik eman gabe gelditzeko arrisku bizia dago.

Haatik, proposamenaren balorazio kritikoa egiten badugu ere, badu elementu positiborik, positibotzat dugu, helburuetan elementu neurgarria planteatzea, B2 maila lortzearen derrigortasuna adieraztea, alegia.
Herri ekimenetik Hezkuntza Sailari hainbat argibide eta neurri zehaztea eskatzen diogu:
1. “Euskara hizkuntza nagusia” izango dela dio proposamenak. Baina zenbat ikasgai eman beharko dira ezinbestean euskaraz? Proposamen berriak % 40 euskaraz, % 30 gaztelaniaz eta gainerako % 30 ingelesez emateko aukera ahalbidetzen du. Gaur egun indarrean den B ereduan ere ikasgai gehienak euskaraz ematen dira, baina soilik hiru ikasletik bakarra eta zonalde euskaldunetan euskalduntzen da. Euskara hizkuntza nagusi eta trinkoa izan behar da, garai bateko D eredua, baina indarturik aplikatzea ezinbestekotzat dugu, EAEko ikasle guztiak euskalduntzeko. Nola euskaldundu, bestela, Gasteizko, Bilboko, Donostiako, Irungo edo Ezkerraldeko ikasleak?
2. Irakasle euskaldunak behar dira ikasle euskaldunak nahi baditugu. Horretarako, kontratatzen diren irakasle guztiek euskara jakin behar dute; Irakasle Eskoletatik erdal adarrak desagertu behar du; irakasleak euskalduntzeko edo euskara maila hobetzeko ikastaroetan arreta berezia jarri behar da.
3. Sistemaren lehen ebaluazio osoa ikasleek 12 urte dituztenean egingo da, hemendik 10 urtera. Bitartean malgutasunaren eta autonomiaren izenean ikastetxe ugarik legea ez betetzeko aukera paregabea dute. Gure ustez, ebaluazio sistema eraginkorra funtsezkoa da B2 maila lortzeko. Gure proposamena, ebaluazio jarraia egiteaz gain, baliabide egokiak eskaintzea da, metodologia eta pedagogia eredu aurrerakoiak aplikatzea posible izan dadin.
4. Proposamenak ez dio ezer orain arteko sisteman matrikulatuak dauden ikasleez. Horiek ere kaltetuen zakuan geldituko al dira? Aurten 3 urterekin matrikulatu diren haurrek euskara ezagutzeko eskubidea dute eta eskolak bermatu behar dien arren, legeak ez du ezer esaten. Proposamen orokorraren baitan, dozenaka mila ikasle horientzat irtenbideak jartzea beharrezkoa dela uste dugu.
5. Euskara soilik ikastetxeko hizkuntza izateko arriskua aipatzen du hainbatek, erabilera ere garrantzitsua dela, eta guk ere berdin pentsatzen dugu. Horregatik, neurri nagusi bat proposatu nahi dugu: eskola euskalduna. Eskola barnean eta eskolari loturik egiten den ekimen orok (eskola kirola, ikastaroak) euskaraz izan beharko luke. Hortarako hezkuntzako langile guztiek euskaldunak izan behar dute. Gainera, eskola euskaldunak hizkuntzaz eta edukiz euskalduna izatea esan nahi du. Bigarren horretarako euskal kultura eta identitatetik abiatutako hezkuntza prozesu integrala jasotzeko Euskal Curriculumaren aplikazioan ikusten dugu gakoa. Eskolak bere esku dagoen guztia egin behar du euskalduntzeko, baina euskararen berreskurapenerako ezinbestekoa da baita ere hizkuntza politika nazionala, integrala eta berria.
Gauzak horrela markoetatik neurrietara eta orokortasunetik zehaztasunetarako bidea egitea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari. Orain arteko proposamena ez baita aski eskolak EAEko ikaleak euskalduntzeko. Orain arte egindako lanetik baztertu gaituzte eragile eta sindikatu gehienek. Hemendik aurrerako lanetan gure iritzia kontuan hartzeko eskaria egiten diegu arduradunei. Goiko neurriak proposamen zehatzetan txertatzea ezinbestekotzat dugu. Aukera historikoaren aurrean gaude. Hurrengo asteotan egiten denak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleak euskalduntzea edo euskara ez ezagutzera kondenatzea esan nahiko du.