Tontxu Camposen proposamenak herritarren kohesioan lagun dezake EAEn

Begi onez hartu du hezkuntza komunitateak “Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn” izenean Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak aurkeztu berri duen proposamena.

Proposamenak psikologia sozialaren ikuspuntutik baldintza garrantzitsua bete duela esan genezake: derrigorrezko hezkuntza aldian ikasle guztientzako marko bakarra egongo da eta euskara izango da marko horren ikas-irakaskuntzaren hizkuntza nagusia. 

Hori nola justifikatzen da? Alde batetik, ezarrita dauden hizkuntz ereduen aplikazioak bere helburuak ez dituelako bete. Eta bestetik, arlo pedagogikoan egindako ikerketen arabera, euskaraz ikasteak kalterik ez dakarrela frogatu delako; aitzitik, onurak ekartzen ditu. Euskaraz aritzea omen da euskalduntzea lortzeko modu bakarra. Eta erdararen gaitasunari eta errendimendu akademikoari dagokionez, berriz, euskaraz ikasten dutenek erdaraz ikasten dutenen maila antzekoa edo hobea lortzen dute.

Are gehiago, elebitasunak edota eleaniztasunak dituen abantaila sozialez gain, adituen ustez, norbanakoarentzako abantailak ere baditu: pentsaera sortzaileagoa, adimenaren malgutasun handiagoa, harremanetarako eta komunikatzeko gaitasun gehiago… lortzen omen da. 

Tontxu Camposen proposamenak marko bakarra planteatzen du. Hori bai, helburu beretsuetara iristeko ikastetxe bakoitzak bere ibilbide propioa egingo du abiapuntua eta inguru soziolinguistikoa kontuan hartuz. Eta helburuak betetzen direla frogatzeko, neurri desberdinetako ebaluazioak planteatzen dira Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailetan eta Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailetan. Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean euskaran eta gaztelanian B2 maila lortua izan beharko dute eta atzerriko hizkuntza batean B1. 

Marko bakarreko abiapuntuak ezarri dituen helburuak bete nahi baditu, irakasle eta langile guztien prestakuntza egokia ezinbestekoa da hizkuntza mailan, metodologian edota didaktikan. Behar handiagoa duten ikasleei laguntza handiagoa eskaini behar zaiela kontuan hartuz, bitartekoak jarriz, ikasle ratioak egokituz eta abar. 

Hizkuntzak bere kulturari atxikitua joan behar du. Erabilgarritasun, baliagarritasun, motibazio eta atxikimendu afektiboa izan behar ditu berarekin. Horregatik du halako garrantzia curriculumak, euskal curriculumak, zehazki. 

Gure herria eta kultura aintzat hartzeak, garatzeak eta denok ezagutzeak herritarron arteko kohesioan asko lagun dezake. Bestalde, duela bi mende ezarritako egitura administratiboek sortzen duten publiko-pribatu zatiketak ez du batere laguntzen euskal herritarrek dituzten beharrei behar den bezala erantzuten. Horri ere heldu beharko zaio denon artean herri inklusiboagoa, justuagoa eta kohesionatuagoa lortu nahi badugu.