Asturan: pausoz pauso kooperatiba bat aurrera eramanez. (Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxea)

Hasierako oinarrizko ezagutza jaso ondoren, berehala jarri ziren martxan. Taldeka banatu ziren: salmenta taldea, administrazio taldea, zuzendaritza taldea, erosketa saila, marketing saila… Sail bakoitzak taldetxoan lana egin eta ondoren gainerako kideei azaltzen dizkie hartutako erabakiak. Batzuk saltzeko produktuak bilatzen hasi ziren, besteak logoa eta katalogoa prestatzen, besteak kontuak egiten… Denen lana eta koordinazioa beharrezko dira. Oso ondo antolatuta daude eginbeharrak banatzeko orduan, eta hori garrantzitsua da “negozioa” ondo ateratzeko.

Egitasmoan parte hartu duten bi lagunek, Aiora Perezek eta Jon Belokik, oso ondo esplikatu digute prozesua. “Guztion artean zer salduko genuen pentsatu genuen: jaki tipikoak eta belarritakoak. Hasieran bakoitzak diru pixka bat jarri genuen, salgaiak erosteko behar genuena. Ondoren, ikastetxean zozketa txartelak saldu genituen, eta hala, produktuak erosi ahal izan genituen”.

Produktuak Asturiasko beste ikastetxe batzuetan sortutako kooperatibei erosten dizkiete, hortik kooperatibaren izena, Asturan S.Koop. “Asturias eta Andoainegatik da, eta logoa ere geuk diseinatu genuen”. Asturiasen hiru bazkide dauzkate, Mieresen eta Lugonesen horietako bi. Alde bietako salerosketak egiten dituzte. Andoaindarrek Asturiaskoei erosten dizkiete produktuak gero hemen Euskal Herrian saltzeko, eta haiek andoaindarrekin gauza bera egiten dute. “Asturiasko produktuak erosteko katalogoak eskatu genizkien. Guztion artean zer salduko genuen pentsatu eta eskariak egin genituen”. Produktu asturiarrak ondo aztertu zituzten eskatu aurretik: prezioa, zenbat eskatu. “Dena katalogo bitartez egiten dugu, guk belarritakoak, jaki bereziak… eskatzen dizkiegu, ondoren hemen saltzeko”. Bazkide asturiarrei hemengo produktuak saltzeko, berriz, katalogo polit bat prestatu zuten andoaindarrek.

 

Non salduko dituzten

Aiora eta Jon, biak ASTURANeko salmenta sailean egon dira eta Andoaingo azokan ere, taldearen postua jarri zuten.

Gazteak gustura daude burututako lanarekin. “Guk nahi genuelako sartu ginen proiektu honetan, eta lan hau hurbiletik ezagutzeko aukera izan dugu: hornitzaileak bilatu, erosketak egin, salmenta puntuak bilatu”. Guztira 24 ikaslek hartu zuten parte kooperatiba hau aurrera eramaten. “Hau amaitzen denean, langile guztiok berdin irabaziko dugu”.

Proiektu hau EGE Europar Gazte Enpresaren bitartez eraman dute aurrera. EGE Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako egitasmo bat da, eta ikasleen gaitasun ekintzailea sustatzea du helburu, beren ikasketa prozesuaren subjektu aktibo bihurtuz. Ikasleei beren jarduera egiazko testuinguru batean eta modu praktikoan kudeatzeko eta sortzeko aukera ematen die. Hala, ikastetxe desberdinetako enpresa txikiek elkarrekin harremanak dituzte eta elkarrekin lan egin dezakete.

 

PAUSOZ PAUSO

1. HIRUHILEKOAN

- Bazkide izango den ikastetxearen hautaketa- Kooperatiba osatu- Logotipoaren diseinua

 

2. HIRUHILEKOAN

- Enpresa plana- Finantza iturrien bilaketa- Produktuen katalogoaren diseinua- Katalogo trukaketa eta merkatuaren azterketa- Eskarien tramitazioa- Salmenta gunearen diseinua

 3. HIRUHILEKOAN

- Eskariak jaso- Produktuen salmentaren antolakuntza- Emaitzen azterketa- Kooperatibaren desegitea