Hezkuntzan ere, hitz egitea eta erabakitzeko ahalmena izatea dira konponbideak

Hezkuntza norbanakoaren, jendartearen, herrien eta mundu global osoaren etorkizuna da.

Zer etorkizun baino? Galdera horri erantzuteko, nolako jendea, jendartea, herria eta mundua nahi dugun adostu beharko dugu. Zein balio indartu, nolako elkarbizitza prestatu... Azken finean, gure ondorengoei zer mundu utzi nahi diegun irudikatu beharra daukagu eta hori lortzeko hartu beharreko neurriekin koherenteak izan.

Lurrunezko motorea asmatzearen ondotik, eta azken hamarkadetan batez ere, teknologiaren garapena eta bizitzaren erritmoa izugarri azkartu dira. Hori kontuan hartuz, badakigu zaila izango dela zer gerta litekeen irudikatzea, baina jendarteak mende ugari daramatza munduan eta asko ikusi eta ikasi du denbora horretan guztian. Badu intuizio nahikoa, “intuizio zientifikoa” deitu genezakeena, etorkizunean gerta litezkeen ondorioak aurreikusteko, modu batera edo bestera jokatzen dugun ikusiz.

Hezkuntzak zerikusi handia du etorkizuna prestatzeko orduan. Eta hezkuntza ez da etxearen eta eskolaren ardura bakarrik. Gaur egun, aisialdiak, eskolaz kanpoko ekimenek, komunikabideek, internetek eta abarrek eragin handia dute norbanakoaren eta komunitateen heziketan.

Aldaketa handiak gertatzen ari direla munduan, eta eskolaren egitekoak aldatu beharra daukala ondoriozta genezake.

Badakigu, bestalde, hainbat urtetako jokalmoldeek eta inertziek eraginda, zaila izango dela bat-bateko aldaketak gertatzea eskoletan, antolaketa eta egitura administratibo zaharrek ez baitute horretan ezer laguntzen.

Euskal Herriak, gainera, aspaldi jasaten dituen hainbat indarkerik eta herri gutxiagotuaren egoeran bizitzeak eraginda, bere berezitasun propioak ditu. Eta herri gisa ekarpenik egin nahi badu, bere hausnarketa propioa egin beharra dauka.

Norbanakoaren interesak babestu behar dira, bai, baina ez al da komunak diren interesak sustatzeko garaia? Ez al da instruzio gutxiago eta oinarrizko konpetentziak eta balioak indartzeko unea?

Dirudienez, hori zaila izango da eskolatik bertatik eta bakarrik egitea. Hitz egitea eta etorkizuna erabakitzea denoi dagokigu. Hezkuntza herritar guztien egitekoa baita.