Psikomotrizitatea, betiko matraka!

“Psikomotrizitatea, betiko matraka!” Horixe esan zidan maistra gazte batek orain dela gutxi, eta ordutik ahaztu ezinik ibili naiz. Oihartzuna gogoan, taupadak bihotzean, hausnarketarako aitzakia paregabe bihurturik, hementxe natorkizue, burutazioa niretzat lasaigarri eta horrelaxe pentsatzen duzuenontzat argigarri izango delakoan. Ea bada!

Psikomotrizitate mundua oso handia da. Horretan aritzen garenok trebetasun maila desberdinak, azalpen teoriko edo justifikazio askotarikoak eta, bereziki, egiteko era propioak eduki, baditugu. Psikomotrizitate zale-zaleak, batez ere, Haur Hezkuntzako –0-3 zikloa barne– edo Hezkuntza Bereziko irakasleak dira, ikasleak gero eta heldugabeagoak direlako edo arazo ezin arraroagoak dituztelako. Eta psikomotrizitateak, hein batean, haiekin zer eta nola egin argitzen laguntzen du. Premia horrek gidaturik, psikomotrizitateko prestatzaileok horri ekiten diogu; zer eta nola egin behin eta berriz zehazteari, sarri askotan kasuistika amaigabe eta ulertezin batean sartuta. Horixe matraka, diot nik!

Beharbada, ez dugu behar bezain argi azaltzen gure zereginaren mamia, alegia, zergatik eta zertarako psikomotrizitatea. Bizi zikloaren une guztiak garrantzitsuak baldin badira, haurtzaroari, giza espeziaren prototipoa sortzen eta tinkotzen den unea den heinean, arreta berezia eskaini behar diogu. Psikomotrizitatearen helburua haurrari garatzen laguntzea da; eta garatzea, haztearen, heltzearen eta ikastearen funtzio bateratua da. Horrek, lehenengo eta behin, garapen baldintzak ezagutzea, zaintzea eta egokitzea dakar; hau da, gure arloaren alde teoriko-praktikoaren ezaugarriak zehazteko oinarriak argitzea. Gero gerokoa!

Psikomotrizitatearen testuingurua

Psikomotrizitatea Frantzian sortu zen, orain dela 40 bat urte, orduko eta bertako giza zirkunstantziek bultzatuta. Laburbilduz, garai hartan industrializazioak sortutako migrazioek herrien ordura arteko egitura erabat aldatu zuten. Hasieran migrazioen subjektua langilea bazen ere, berehala familia osoek migratu behar izan zuten. Migratutako familia horien ondorengo belaunaldian aurretiko familiaren izaerari eta egiturari eusten bazitzaion ere, laster eta harrera herriko kulturaz jabetzearekin batera, murrizketak eta egokitzapenak hedatzen hasi ziren. Bestalde, liberalismoaren eta demokratizazioaren ondorioz, emakumearen partaidetza soziala igo egin zen. Hiritar berriak -batez ere frantses hiztunak- sortzeko beharrizana ere areagotu egin zen, eta horrek eskolaren edo hezkuntzaren sozializazioa bultzatu zuen. Azken horrekin lotuta, hezkuntza zientzien eta psikologien berpizte nabarmena gertatu zela aipatu behar da.Herrialde garatuago horietan, haur txikien eta ezinduen ardura eskolak hartu zuen, eta, haien beharrizanei erantzun ahal izateko, psikomotrizitatea asmatzen hasita zeuden; gure giza zirkunstantziak, ordea, oso bestelakoak ziren. Gure familia zabala zen eta heldu guztiek parte hartzen zuten hurrengo belaunaldiaren hezkuntzan. Gure haurtzaroko autorik gabeko kaleak jolastokiak ziren. Eskolan arazorik baldin bagenuen, errudunak gu ginen, eta arrazoia beti irakasleak zeukan. Haur taldeetan hazten ginen. 2 urtetik aurrera, nagusiago bati eskutik helduta kalean pasatzen genuen eguna. Etxeko ateak gauez soilik ixten ziren. Hori guztia ez al da psikomotrizitate naturala? Ala nola dei diezaiekegu zuhaitzetara igotzeko txapelketei; izkina batean, ezkutuan, etxetxo bat egiteari; trenbidean jausi gabe ibiltzeari edo korrika egiteari; sekretuak gordetzeari eta laguntasunean sinesteari; autoritatea, babesa eta segurtasuna taldeko buruarengan aurkitzeari; jolas berriak, txandak, talde arauak, nagusien jarduera deigarrien imitazioak sortu, errespetatu edo asmatzeari?Egun, gure eskola garatuan psikomotrizitatearekin batera mila arlo jorratzen dira, eta eskolatik kanpo ia beste horrenbeste. Helduaren begiradapean izan beharrean, helduak aginduta eta kontrolatuta burutzen da haur jarduera nagusia eremu bietan; jarduera hezitzaile guztia heldu-zentrikoegia dela esan genezake. Hori egiteko jartzen den aitzakia zera da: egungo arriskuak ekiditea edo prestakuntza beharrizanei aurre egitea. Baina egia zera da: haurren berezkotasunak eta gorputzak deserosotasun puntu bat dakartela eskolara zein beste instituzioetara. Alde batean, gehiegizko babesa eta kontrola daude, eta beste muturrean, haurrari begira egon beharrean, beste aldera begira dauden helduak, haurraren ardura beraiena ez balitz bezala. Gaur egungo aktibismoaren eta kontsumismoaren zurrunbiloak haurra eta bere unea, haurtzaroa, desagerrarazten ditu; komunikazioaren eta informazioaren mendean bakardade existentzialaz zoratzen, gaixotzen zaizkigu haurrak.

 

Psikomotrizitatearen ekarpena

Zein da psikomotrizitatearen ekarpena? Giza garapenean esku-hartze pribilegiatu bat izatea, mugimenduan oinarritzen den haurren berezko jarduerari eusten eta zirkunstantzien aurrean garatzen laguntzen diona. Haurrak berezko jarduera burutzeko leku eta denbora pribilegiatu bat da, eta helduen patxada, arreta, onarpena, begirunea eta laguntza ditu. Psikologiak etorkizuneko belaunaldiak izango diren egungo haurtzaroaren buru osasunaren zainketa goiztiarraren baldintzen berri eman digu: beharrizan material gutxi batzuez gain, jarrera baikor batzuk, maitatua sentitzea, jarraitutasuna, segurtasuna, berotasuna, babesa, laguntza, eta abar. Hau da, lehengo familia zabalak, orduko haur taldeek eta espazioen antolaketak eskaintzen zutena. Beraz, ordutik gauzak erabat aldatu badira ere, gera gaitezen baliotsua denarekin, orduko jarrerekin.Gizakiok ugaldu egiten gara genetikoki zein kulturalki belaunaldiz belaunaldi. Hau da, biologikoak eta historikoak diren izakiengandik jaiotzen garen heinean, jaioberri eta belaunaldi berri bakoitzari berriro ere, hutsetik eta batera, orainetik hastea dagokio etengabe. Horrek izango al du zerikusirik nire lagunaren matrakaren betikotasunarekin? Agian bai, baina itzul gaitezen harira.Genetikoki sozialak izateak behin betiko besteen beharra izatea dakar, fisikoagoa hasieran eta amaieran -haurtzaroan eta zahartzaroan-, eta sinbolikoagoa bien bitartean; hau da, bizia autonomiaren eta heteronomiaren artean kokatzen da betiere. Jaio eta berehala bizirauteko janaria, beroa eta ongizate beharrizanak asebetetzea inguruko helduei dagokie, amari bereziki. Giza estimuluak estimulu fisikoak baino askoz ere garrantzitsuagoak dira gure espeziean. Estimulu mota biak ezinbestekoak dira erreflexuak desagertu eta borondatezko jarduerez ordezkatzeko.Jaio ondoren, etzanda, horizontalean oraindik, baina helduen mundu bertikalari begira, buruari eusten hasten gara, eta berehala, buruak aginduta, biraka. Birarekin batera, gorputzaren goiko atala menderatzera iristen gara, autonomoki jesarri arte. Ondoren, eskuak libre, inguruko mundua arakatzeko grina sortzen da. Lehenengo arakatze-unea ahoa da, mementoko gorputz atalik garatuena. Eta oraindik bertikaltasunaren bidean, tatarrez edo lau hankan ibiliz, haratago dagoen munduaz jabetzeko ahaleginean ibiliko gara.Bertikala den giza espeziearen jarrera esklusiboa urtebete ingururako lortuko dugu, eta orduan, maite ditugun horiengandik aldentzeko gai izango gara, eta “aaaammaa” edo antzeko hitz batek gidatzen du buelta. Une horretako apustua zera da: alde batetik, buruaren pisuari eustea bertikalean gaudelarik; eta bestetik, besteengandik geureganatzen dugun grabitate zentroa menderatzea. Horregatik, etengabe oreka lantzen ibiliko gara: oinez, korrika, jauzika, txiribueltaka. Bitartean, hitzen eta tresnen mundua gero eta hobeto maneiatuko dugu. Imitaziorako gaitasun apartak izugarri lagunduko digu horretan.Laburbilduz, hori guztia zertarako? Haurtzaroak ba al du zentzu propiorik? Ba, bai; helduaren prototipoa betetzea. Helduen jarrera imitatzeko eta irudikatzeko gaitasunaz eta elkarrekin egoteko eta egiteko trebetasunaz, mundu fisikoari zein bere gainean gizakiok ezartzen dugun mundu birtualari, moralari zein sinbolikoari aurre egiteko ahalmena eskuratzen dugunean, lehen haurtzaroaren funtzioa bete dugula esan daiteke. Izan ere, sinbolikoaren gakoaz jabetzea da lehen haurtzaroaren funtzioa. Bigarren haurtzaroan aurreko erroak sendotzen, tinkotzen eta garatzen jarraituko dugu, gure gizartearen kulturaren oinarrien, tresnen, balioen eta abarren arteko elkarrekintzari esker. 7-8 urtetarako mugimendua hitzak ordezkatzen du eta psikomotrizitatearen urrezko adinari amaiera ematen zaio. Aurrerantzean, kultura pilaketaz jabetuz gero, bizia, kultura, zientzia sortzea dagokigu.

Ezinbestekoa al da psikomotrizitatea?

Haurtzaroaren profesionaloi ezinbestekoa al zaigu psikomotrizitatea? Ba, besterik asmatzen ez dugun bitartean, uste dut baietz. Gizarte bateko gizakiok, gizabanako bihurtzeko, berdinez osatutako talde batean ahal den garapen ibilbide naturalena eskaintzen dugu. Psikomotrizitatearen zirkunstantzia fisikoak –gela, materiala, antolaketa, ordutegia, berogailua eta abar– eta giza zirkunstantziak –eskarmentua, jarrerak, eguna eta abar– biltzen dira giza garapen eremu pribilegiatu bat osatuz; non norberaren eta beste guztien osotasuna lege den; non taldeak eta taldea osatzen duen orok elkarri begirunez mugak ezartzen dizkion; non egin daitekeen guztia egin daitekeen, min fisikoa, morala edo txikizioa izan ezik; non norberak agintzen dituen jarduera eta bere baldintzak (bakarka, lagunduta, arrapaladan edo astiro-astiro) edo jarduerarik ez egitea aukeratzen duen; non sormena norberak eta norberaren gaitasunaren mugaraino eramaten duen; non ez dagoen aspertzerik eta etengabe jolasten den; non mugimenduak sortarazten duen plazera behin eta berriz berreskuratzeak psikismoa garatzeari etengabe laguntzen dion eta tinkotzen duen.Bota gatza gero, betiko matraka! •