MIREIA URANGA ARAKISTAIN

Urteak daramatzazu bakearen kulturan eta hezkuntzan lanean, proiektu baten atzetik beste bat egiten. Zerk bultzata zabiltza horretan eta zer helbururekin?

Nik jakin-min ase ezina daukat eta horrek eraman nau, hein batean, bide horretara. Nire interesa da pertsonaren gaitasun guztiak garatzea, bai norberaren garapenerako eta bai harremanak ere aberatsak izateko. Eta hori dena bi mailatan: mikroan, eguneroko bizitzan, eta gizarte mailan, elkarrekin bizitzeko modu hobeak bilatuz. Gatazkak edo arazoak baldin badaude, komunikazioaren bitartez konpondu behar ditugu, bakoitza non dagoen ulertuz eta elkarrekin pentsatuz. Eta hori txikitatik ikasi behar da. Horregatik, hezkuntzan lan handia dagoela iruditzen zait.

 

Bake kultura, bake hezkuntza… noiz eta non sortutako kontzeptuak dira? Non dute jatorria?

Gatazkaren ebazpenaren inguruko kontuak 60ko hamarkadan hasi ziren AEBn gizarte arloan, ez hezkuntzan. Mehatxu nuklearra zela-eta, gizarte talde batzuek beste kultura bat sortu nahi zuten. Horretarako, hezkuntzatik hasi behar zela konturatu ziren, ezin zela 40 urterekin hasi, baizik eta txikitatik hartu behar zirela hainbat gaitasun eta jakin nola funtzionatzen duen munduak, eta zein interes eta erronka dauden. Hori guztia hezkuntzan nola landu pentsatzen hasi ziren.Ideia bat zera izan zen: ekinez ikasten dela. Hau da, ez zela teoria bat ikasi behar, baizik eta entrenatu. Orduan, egunero sortzen diren gatazkekin entrenatzea erabaki zuten: zerk egiten dizu mina, zerk ez, zerk deskargatzen du tentsioa, bestea non dagoen ulertu, nola bultzatu elkarrizketak… Ez zen teoria handirik behar, eguneroko bizitzak ematen zuenak balio zuen.Edonola ere, AEBn sortu ziren lehen programa haiek kultura zaharren osagai asko zituzten, bai AEBko jatorrizko kulturenak, bai Afrikako zenbait kulturenak... Osasun arloan bezala; orain sendagai zaharrak berreskuratzen ari gara. Eta gai honetan berdin: gauza oso sofistikatuetatik gauza sinpleetara pasa gara. Adibidez, Afrikako herrixka batzuetan etxetxo berezi bat egiten dute hitz egiteko, eta gatazkaren bat dutenean, hara joaten dira. Gauza sinplea da, baina oso boteretsua.Orduan, egungo programetan horixe egiten dugu: onartu arazoak egongo direla, pertsonen artean tentsioak egoten direla, hori integratu eta horri egitura eta testuinguru egoki bat eman; txoko bat elkarrekin hitz egiteko.

 

Nola definituko zenuke bake kultura?

Bake kultura bizitza kalitatea hobetzea da, ez gerra edo bortizkeria ebaztea soilik, baizik eta duintasunez bizitzeko baldintzak sortzea denontzat. 

Eta bake hezkuntza? 

Bake hezkuntza da nola parte hartu hezkuntzatik bake kultura hori lortzeko. Bake hezkuntzak esan nahi du jendea hezitzea mundu hobeago bat egiteko, baina baita eskolako eguneroko bizitza hobetzeko ere: atseginagoa izateko, hobeto ikasteko, jakin-mina bizirik mantentzeko… Helburua da eskola esanguratsuagoa eta gozagarriagoa egitea.

Zergatik ez dugu pentsatuko ikastea zoragarria izan daitekeela eta gogoz joan gaitezkeela eskolara ikastera? Galdera garrantzitsua da hori. Izan ere, hainbat gauza horrela direla onartuta daukagu; adibidez, eskola zama bat dela. Ondo pentsatuz gero, gizakioi, orokorrean, ikastea gustatu egiten zaigu. Orduan, zer egiten dugu hain gaizki eskola espetxe baten modukoa izateko denentzat, bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat!? Hori dramatikoa da! Pentsatzea zenbat denbora eta zenbat energia jartzen dugun, zenbat talentu dauden hor eta zer etekin gutxi ateratzen diogun! Eta zer gaizki pasatzen duen jendeak! Niretzat hori drama bat da! 

Hain argazki txarra egiten al diozu egungo eskolari? 

Gu enpresa pribatua bagina eta etekinengatik neurtuko bagenu, eskolak itxi egin beharko genituzke. Erabili dugun denborari begiratuta, zenbat ikasten du ikasle batek? Azterketak egiten ditu, probak telebistako programa batean bezala pasatzen ditu, baina zerikusi gutxi dauka ikaspen errealarekin. Benetan probetxugarria balitz eskolan egiten dugun guztia… pentsa!Eta ez hori soilik. Gainera, prozesu horretan ikasleak sormena galtzen joaten dira. Gure alabarengan ikusi dut hori. Sormen handia zuen eta marrazten oso trebea zen. Eskolan kolorea galtzen joan zela ikusi nuen eta gero eta marrazki sinpleagoak egiten zituela. Sormena galtzen ari zen. Eskerrak gero berreskuratu zuen beste lan batzuk eginez. Haurrak txinparta galtzen joaten dira. Kontua ez da gutxi ikasten dutela, baizik eta galdu egiten dutela!!Beno, karikatura bat egin dut, baina niretzat nahiko dramatikoa da ikustea haurra nola joaten den bizitasuna eta txinparta galtzen. Norberaren txinparta, nizitatiba, sormena, borrokarako gaitasuna, gauzak lortzeko gaitasuna… galtzen goaz. Eta pena da. Pertsonok dauzkagun gaitasunekin…

Irakasleentzat ere tristea da egiten dutenak zentzu askorik ez daukala ikustea. Garbitzaile batek gehiago ikusten du egiten duenaren emaitza. Hainbeste ikasi eta emaitzarik ez ikustea… eta soldata bat kobratzeko soilik lan egitea… 

Nola emango zenioke buelta egoera horri? 

Nik ez dakit zein den erantzuna, baina behin, konstruktibismoaren inguruko lantegi batean nengoela, hizlariak zioen garrantzitsuena galdera edukitzea eta galdera hori mantentzea dela. Zeren galdera bat baldin badaukazu eta zuzenean erantzuten badizute, ez duzu ikertzen, eta bidean topa zenezakeen guztia galdu egiten duzu. Aldiz, galdera hori mantentzen baduzu, ikertzen hasten zara. Agian ez duzu topatuko erantzun biribilik, baina bidean gauza asko topatzen dira. Orduan, gustatu egin zitzaidan ideia hori. Nik ez dakit nola aldatu gure eskola, baina ahalegin hori mantendu egin behar dugu. Nola? Badauzkagu elementu batzuk. Ez daukagu erantzun osoa, baina ikertzen goaz eta lagungarriak diren gauza batzuk topatzen. Lagungarria den gauza sinple bat zera da: elkarri kasu egitea eta entzutea, ondo tratatzea, elkarri denbora ematea, sentimenduei lekua egitea, norberaren sentimenduak onartzea… Teoria handirik gabe, horrelako gauza sinpleek gure eguneroko bizitza hobetuko lukete.

 

Gaur egungo gizartean elkarbizitzarako portaera minimo horiei lehentasunik ez zaiela ematen uste al duzu?

Bai, bigarren mailako gauzatzat hartzen dira, eta niretzat norberaren eta taldearen ongizatea da garrantzitsuena. Horren aurretik gauza materialak lortzea, asko jakitea… jarri ditugu. Baina gero, adimen emozionalik ez daukagu eta ez gara ondo bizi. Asko dakigu, asko daukagu, baina gaizki bizi gara! Oinarrizkoa falta zaigulako, eta ez gara konturatzen!Izan ere, eredu honek merkatu dinamika bati erantzuten dio. Hemen, energikoena eta estratega onena merkatu munduko eta gerra munduko jendea da. Bake jendea ez gara hain azkarrak eta hain eraginkorrak. Eurek agintzen dute, askoz ere azkarragoak dira. Sistema bat muntatzen dute denok erosten egoteko eta abar, eta apurka-apurka onartu egin dugu hori dena. Onartu egin dugu ez dakit zenbat gauza eduki behar ditugula normal sentitzeko. Baina gauza horiek guztiak edukitzeko ez dakit zenbat lan egin behar dugu, denbora libre gabe gelditu behar dugu, gure lagunekin eta familiarekin egon gabe… eta azkenean, zertarako? Asko edukitzeko eta goiko jende horri kontuak ateratzeko. Gainera, bitartean beste hainbat gauza galtzen ditugu. Munduan zehar hainbat lekutan ia ezer ez daukan jendea dago, baina gu baino hobeto bizi dira, komunitate harremanak, lasaitasun pertsonala eta abar gu baino hobeto dauzkatelako.Pentsatu egin behar dugu, ezin dugu besterik gabe inertzia jarraitu. Ez. Zoratzen ari gara. Ipuin batek dioen moduan, norbaitek esan beharko dio erregeari biluzik dagoela. Denok ikusten ditugun gauzak dira, baina inor ez da ausartzen “e, nora goaz?” esaten. Nora goaz abiadura honetan eta bizitza honekin?

 

Egungo gizartearen abiadurak kezkatzen al zaitu?

Bai, arazo bat baita. Abiaduraren munduan bizi gara eta dena oso azkar egitea espero dugu. Baina ganorazko gauzak, gauza onak, poliki egin behar dira, babarrunak bezala, su geldian.

Begira ikasleak ere, “azeleratuta” daude. Batetik, elikadura bera azelerantea da. Ekintzak ere, milaka dauzkate. Telebista ikusten jartzen dira eta dena oso “azelerantea” da. Ikasleak ere mundu “hiper azelaratu” batean bizi dira. Gelan 25 haur dauzkagu, denak “hiper azeleratuak”, eta geldirik eduki nahi ditugu ordu batean edo sei ordutan. Ezinezkoa da!

Abiadura hori geldi al dezakegu?

Horren aldeko mugimendu bat topatu dut, mundu osokoa. Bada Elogio de la lentitud izeneko liburu bat. Pertsona asko hasi dira pentsatzen nora goazen abiadura honetan. Egilea denborarekin zer harreman dugun ikertzen hasi zen, eta zergatik egiten ditugun gauzak hain azkar. Konturatu zen mundu osoan dagoela jendea hori zalantzan jartzen, batez ere Mendebaldean bizi dugun abiadura gizartean. Horren aurrean bide berriak sortzen ari dira hainbat arlotan: osasunean (osasun alternatiboak gauzak geldiago eta sakonago egiten ditu), lan munduan (jendea hainbeste ordu lan egiten hasi da, beste lan mota batzuk topatzen…), aisialdian (yoga, taichi… gauza lasaiagoak), eta baita hezkuntzan ere. Mundu osoan dago mugimendu bat antsietatea sortzen duen hezkuntza hau aldatzeko. Nire apustua hortik doa. Aldaketa historiko baten atarian gaude.

 

Posible ikusten al duzu aldaketa hori gauzatzea?

Itxaropena daukat. Zeren hain gaizki daude gauzak, ja derrigorrez hasi behar dela aldatzen. Lehen idealisten kontua zen, baina orain beharra da. Irakasleek edukiak irakatsi nahi dituzte, baina gelan daukaten giroarekin ezin dute. Ezin da. Edukiei soilik begiratu nahi zaie, baina horrek ez du funtzionatzen. Gauzak birplanteatu egin behar ditugu eta nik gero eta gehiago azpimarratzen dut metodologiak berrikusi behar ditugula.

 

Metodologia desegokiak erabiltzeak elkarbizitza arazoak al dakartza?

Bai, dauzkagun elkarbizitza arazo asko tresna zaharrekin ari garelako sortzen dira.Jardunaldi batzuetan zera entzun nuen: XIX. mendeko pertsona bat Bilbora etorriko balitz, zeharo aldatuta ikusiko lukeela: Guggenheim, metroa… Baina institutu bateko gela batera sartuko balitz “hau ezagutzen dut” esango luke. Ikusi mundua zenbat aldatu den, gure ikasleen mundua eta erabiltzen dituzten tresnak zelan aldatu diren. Eta eskolako tresnak oso gutxi aldatu ditugu. Desfase handia dago.Lehengo batean honela esaten nion lagun bati: gure ikasleentzat testu luzeekin lan egitea guretzat boletin ofizialekin lan egitea bezala da. Beste planeta batean daude eta gu… Horrela ezinezkoa da.Horrekin ez dut esan nahi besterik gabe teknologia berrien mundua, irudiak… abiadura hori jarraitu behar dugunik. Testuak erabiltzea ere errebindikatu behar dugu, lasaitzeko, gauzak egiteko denbora emateko… Baina beraiengandik hurbilago dauden tresna pedagogikoak erabili behar ditugu.

 

Esan al daiteke eskola errealitatetik urrun dagoela?

Nik baietz esango nuke, zalantzarik gabe, eta hori da hezkuntzaren beste arazoetako bat. Interesatzen eta axola zaizkigun gauzetatik urruti dago. Eta elkarbizitza arazo asko horregatik sortzen dira: ez dakigulako egiten hezkuntza bizi bat. 

Zuk nola egingo zenuke lan ikasleekin? Zer aldatuko zenuke? 

Lau gauza sinple eta funtsezko aipatuko ditut.Hasteko, oso adi egon behar dugu ikasleen interesak zein diren jakiteko. Irakaslea programa zehatz batekin joan ohi da gelara eta ez du kontuan hartzen zein pertsona dauden bere aurrean, zein diren ikasle horien interes pertsonalak. Orduan, ikasleen errealitatera eta interesetara egokitzen saiatu behar du. Hori printzipio izugarria da. Gainera, horrek maila pertsonalean lotura sortzen du. Nik baldin badakit ikasle bati eskalada gustatzen zaiola eta aldizkari batean horri buruzko erreportaia bat ikusten badut eta eramaten badiot, informazioa emateaz gain, ikasle hori konturatzen da ni berarekin gogoratu naizela eta berak nahi duen gauza batekin arduratuta nagoela. Horrek goxotu egiten ditu harremanak.Beste printzipio bat zera da: irakasleak berari interesatzen zaizkion gaiak lantzea, berak gogoko dituen puntuak lantzea. Irakasleak pasioa jartzen badu gai batean, hori transmititu egiten da eta ikasleek sentitu egiten dute. Gure alabak-eta oso ona den irakasle bat eduki zuten DBH 3. mailan, eta irakasle hark DBH 4. mailan ikasleek Kultura Klasikoa hautatzea lortu zuen. Informatika eta horrelako gaiak zeuzkaten aukeran, baina Kultura Klasikoa hautatu zuten irakasle harekin jarraitzearren. Irakasle horrek ikasleei pasioa transmititzeko gaitasuna baitauka.Niretzat beste printzipio bat, batzuetan zalantzan jartzen dena, zera da: bizitza errealaz hitz egitea ikasleekin, norberaren bizitzaz hitz egitea, pertsona moduan egotea, eta ez irakasle pertsonaia gisa. Zure bidaietako argazkiak eramatea, zure intereseko gaietaz hitz egitea beraiekin… hori da bizitzarekin konektatzea. Zerorri ere interesatzen ez zaizkizun gaiak lantzera bazoaz, hor zer sortuko da?Noski, orekatu egin behar da herentzia kulturala eta formazioa emanez mundu honetan bizitzeko, ezin gara idealistak soilik izan. Baina osagai horiek apurtxo bat sartuko bagenitu…Eta azkenik, beste printzipio oso garrantzitsua zera da: ikasleen zerbitzura jartzea. Nik ezagutzen dudanaren arabera, irakasleak sistemaren zerbitzura sentitzen dira, ez ikasleen zerbitzura. Eta hori da daukagun txipa: irakasleak egin behar duena da programa bete, zuzendaritza pozik eduki, lurralde ordezkaritza pozik eduki… Eta justu alderantzizkoa da! Irakasleei neska-mutil hauei munduan mugitzen laguntzeko eta irakasteko ordaintzen zaie, pertsona moduan eta gizarteko partaide gisa hazteko. Eta jende gutxik du hori irizpide nagusitzat. Nik uste dut hori ez dagoela agendan. Baina ez dago agendan gu geroni ez garelako horrela hezituak izan. Orduan, jasotakoa erreproduzitzen dugu, gurekin egin dutena egiten dugu. Teoria berriak irakurtzen ditugu, baina eragin handiagoa daukate guk barruan ditugun ereduek. Mendeetatik dator hori, baina noizbait aldatu beharko da.

 

Horrelako aldaketak egiteko adituen laguntza behar al da?

Lagungarria da, baina gauza oso boteretsuak egin ahal ditugu aditurik gabe. Orain dela gutxi institutu batetik deitu zidaten metodologia aztertu nahi dutelako, eta aditu batekin egon nahi zuten, alegia, zer egin behar duten esango dien norbaitekin. Esan nien beraiek hasi behar dutela gauza sinpleetatik. Esan nien pentsatzeko beraiek ikasle balira, nola gustatuko litzaiekeen ikastea beraiek irakasten duten gai hori. Edo ikasle zirenean zer gustazen zitzaien gehien, zein irakaslek “engantxatu” zituen eta zer egiten zuen irakasle hark. Askotan ez diogu begiratzen dakigunari eta ni asko saiatzen naiz horretan. Hau da, jendeak begira diezaiola dakienari. Eta hori da beste gogoeta bat. Adituen munduan bizi gara eta ez dugu ateratzen geronek dakiguna. Horregatik, zera esaten diet bai irakasleei eta bai ikasleei: erabili zuen errekurtsoak, ez itxaron kanpotik norbait etorri arte zer egin behar duzuen esatera. 

Bake hezkuntzako programei helduz, zer lantzen da ikastetxeetan? 

Alde batetik, formazioa ematen zaie irakasleei, gurasoei eta ikasleei eta hainbat gai lantzen dira horren barruan: komunikazioa, gatazkaren dinamika, gatazkaren definizioa, erantzun desberdinak gatazkan, entzumena, hizkuntza asertiboa, negoziaketarako gaitasuna, ikastetxe osoaren egitura… Hori dena zehar lerro moduan ere lantzen da. Esate baterako, Gaztelania ikasgaian eleberri bat literatura aldetik landu daiteke, baina baita nolako pertsonaiak agertzen diren aztertu ere; edo garai hartako egoera politikoa nolakoa zen, zer gatazka zeuden… Historia ikasgaian, adibidez, gai bat gatazkaren ikuspegitik landu daiteke, alderdien artean zer dinamika ematen zen aztertuz.Horrez gain, programa horien bidez ikastetxeko egitura bera ere aztertzen da eskola komunitateko partaide guztiekin. Hau da, espazioa nola antolatu behar den, denbora nola antolatzen den, haurrak nola antolatzen diren… Izan ere, arazo asko egiturazko arazoak izan ohi dira. Sarritan maila pertsonalean ditugun arazoak egituraren antolaketagatik izaten dira. Adibidez, arauak. Nola egiten dira? Denen zerbitzura daude ala ez?Horrekin lotuta, espazioaren antolaketari ere garrantzia eman behar zaio, horrek ere eragina baitu. Eskola batzuek espetxeak dirudite: tristeak, ilunak… Nik ikusi ditudan irakasle gela batzuk… pertsianak inoiz ez zituztenirekitzen, kortxoan orain dela 12 urteko paperak zeuden… Horrek irudi txarra ematen du eta ez du elkarbizitzan laguntzen. Espazioa zaintzea eta denen artean apaintzea aholkatzen diet horrelakoetan.Prozesu guztietan oso garrantzitsua da denak partaide sentitzea. Relinking izeneko kontzeptu bat dago, berriz lotzea esan nahi duena. Prozesu guztiaren bitartez loturak sortzea da gakoa, harremanak mamitzea eta sendotzea. Esate baterako, eskolako arauak denon artean jartzen baditugu, errazago egingo dugu, eta horrez gain, loturak sendotu egingo ditugu. Parte-hartzeak ikasteko eta eskola propio bezala sentitzeko balio du, subjektu aktibo izateko.

 

Ikastetxe askok eskatzen al dituzte horrelako programak?

Gero eta gehiagok. Hasieran gatazkaz hitz egitea bera arraroa zen. Gaur egun, berriz, gatazka integratzearen kulturaz hitz egitea normala da. Diziplina arazoak gehitzen joan diren heinean ere, jendea kezkatzen hasi da. Eta ez ikastetxeak soilik, baita administrazioa ere. Espainiako Hezkuntza Ministerioak arau bat atera du, zeinak dioen zentro guztietan jarri behar dela bitartekaritza martxan. Hori pentsaezina zen duela urte batzuk. 

Ongi iruditzen al zaizu ikastetxe guztietan dekretuz ezartzea? 

Ez, ez dut uste dotrina berria sortu eta misiolari moduan joan behar dugunik. Garbi daukat interesa duen jendearekin egin behar dela lana. Dekretuz ezartzen bada, horrek ez du funtzionatzen, borondate edo interesik gabe ez baitu funtzionatzen. Beraz, bi gauza behar dira: borondatea eta errekurtsoak. Eta ikastetxe bakoitzak bere erritmora egin dezala lana. Hori ere gero eta garbiago daukat.Lehen programa nahiko finkatuarekin joaten nintzen, baina orain, gero eta gehiago erabiltzen dudan printzipio bat daukat bai ikastetxeekin, bai irakasleekin eta bai ikasleekin lan egiterakoan: zer behar duzue? Zer interesatzen zaizue? Hori galdetzen diet, eta horri erantzuten saiatzen naiz ahal dudan neurrian.Eta noski, administrazioaren eta kanpoko erakundeen lana interesa duen jende horri behar dituen bitartekoak ematea da. Ikastetxe batean interesa duen jendea baldin badago, eman diezaiegun denbora, laguntza, bitartekoak… Ez dugu kanpotik joan behar “hau egin behar duzue” esanez, baizik eta “errekurtso hauek eskaintzen dizkizugu, eta nahi baduzue egin, bestela ez”.

 

Amaitzeko, aditu gisa, nola ikusten duzu Euskal Herriko bake prozesua?

Nik uste dut historikoki tokatu egiten dela aldaketa bat. Uste dut jada ez daukala bueltarik, denok nahi dugulako. Gatazka bat partaide den zati bati interesatzen zaionean mantentzen da. Nik uste dut batzuei interesatzen zaiela jarraitzea, baina gehienoi ez. Gainera, oso nekatuta gaude, eta benetan, iruditzen zait, alderdi politikoez, ETAz eta gobernuaz aparte, gizarteak berak ez duela lehengo egoerara itzultzerik nahi. Nik esango nuke gizartearen borondate hori aurrera eramateko baldintzak badaudela.Ezagutzen ditut munduan garatu diren beste prozesu batzuk, eta uste dut beste leku batzuetan baino errrazago egingo dugula. Luzea, konplexua eta gogorra izango dela esaten dute, baina ez da esaten duten bezain luzea, konplexua eta gogorra izango. Agian okertu egingo naiz, baina uste dut ezetz. Adibidez, Irlandan baino askoz ere faktore gutxiago daude jokoan eta, batez ere, borondatea dago. Protagonista garrantzitsuenen aldetik borondatea dago. Orduan, borondatea dagoenean, bideak topatu egiten dira. Eta alderantziz, bideak errazak izanagatik borondaterik ez badago, gatazka mantendu egiten da. Gatazka mantentzeko interesa amaitzeko borondatea baino handiagoa bada, ez da amaitzen.Ni baikor nago. Dena den, hitz egingo dugu aurrerago.

 

 

 

Suitzako talde batek, 2005eko Bakearen Nobel Sarirako mundu osoko 1.000 emakumez osatutako hautagaitza aurkeztu zuen, eta tartean ni nengoen. Bosgarren-edo gelditu ginen.Ekintza sinbolikoa izan zen hainbat gauzengatik:- Orain dela 100 urte jaso zuen lehen aldiz emakume batek Bakearen Nobel Saria: Bertha von Suttner-ek. Geroztik, 10 emakumek soilik jaso dute. Aldiz, askoz emakume gehiago dabil lanean bakearen alde gizonak baino.- Hautagai bakarra aurkeztea eredu maskulinoa da, gauzak batek bakarrik egiten dituela pentsatzea da. Garaia da munduaren alderdi femenimoa ateratzeko, bestela elkar suntsituko dugu. Arazo asko hortik datoz: munduaren alderdi maskulinoa muturrera eraman dugu, alderdi femeninoarekin orekatu gabe.