Kronika

Eremu ez euskalduneko lau ikastolak onartu eta ituntzeko pausoa eman da Nafarroan, behin-betiko normalizazioa helburu.

Izan ere Ikastolen Elkarteakk eta Hezkuntza Departamentuak hitzartutakoaren lege aurre-proiektua onetsi du Eskola Kontseiluak.

Hitzarmen horren ondorioz, diru laguntza gehigarri bat jasoko dute inbertsio historikoa konpentsatzeko asmoz eta euskaraz irakasteko egindako ahalegina onartzeko xedez. Itun hau Arangoiti (Irunberri), Erentzun (Viana), Ibaialde (Lodosa-Sartaguda) eta Argia (Tutera) ikastolei dagokie. Berako ikastolaren kasuan, DBH erdiarentzat irtenbide bat hitzartu da. Diru laguntza hau 2010. urteraino luzatuko da eta hasiera batean %30 suposatzen badu ere, 2010. urterako laguntza hori %3ra jaitsiko da. Horrez gain, obren inbertsioak ere ikastoletako gurasoen esku geldituko dira.

 

Ikasleen euren eskubideak aldarrikatu dituzte Ikasleen Egunean

“Merke eta on, eskubideak salgai dauzkagu Europan”. Horixe izan zen azaroaren 17an, Ikasleen Nazioarteko Egunean, entzun zen protestetako bat. Aste osoan zehar, IAren eskutik ikastetxe eta fakultateetan ikasleen eskubideen problematika azaleratu zen eta eskubide horiek exijitzera atera ziren kalera milaka ikasle.

Ikastetxeetan pairatzen diren eskubide urraketak salatu eta horien errespetua exijitzea izan zen aldarrikapen nagusia. Eskubide horiek Euskal Ikasleen Eskubideen Kartan jasotzen dira: hezkuntzarako eskubidea, hizkuntza eskubideak, kultura eskubideak, hezkuntza prozesuan subjektu izateko eskubidea, hezkidetza eskubidea, eskubide demokratikoak, ikas baldintza duinetan ikasteko eskubidea, Euskal Herrian ikasteko eskubidea eta kolektibo gisa jarduteko eskubidea. Horrez gain, Bologna prozesuak eragingo dituen aldaketen aurrean ere protesta egin zuten.Egun osoan zehar ekimen askotarikoak burutu ziren Euskal Herriko zentro ugaritan: asanbladak, hitzaldiak, manifestazioak... Iluntzean, aitzitik, hiriburuetan izan zen zita. Baionan, goizean 50 gazte inguru bildu ziren Herriko etxearen aurrean, eskubideak errespetatu lemapean. Gasteizko manifestaldian 80 pertsonak hartu zuten parte, Bilbon 300 lagun inguruk, Donostian 150k eta Arrasaten 175ek. Manifestazio nagusia azaroaren 16an izan zen Iruñean eta 800 pertsona elkartu ziren euskal ikasleriaren eskubideak ozen aldarrikatzera.

 

12 urteko ikasleen euskara maila neurtzen

Hezkuntza Sailaren eskariz, EAEko LHko 6. mailako ikasleak euskara azterketak egiten ari dira. Oraingoan ere, 2004ko azaro-abenduan DBHko 4. mailako ikasleekin erabili ziren irizpideak erabili dira, hau da, Europako Kontseiluko Hizkuntzen Erreferentzi Markoaren irizpideak. 2004koan B2 mailaren araberako ebaluazioa egin zieten ikasleei eta orain B1 maila ezarri diete 12 urtekoei. Emaitzak 2007ko martxoaren ostean ezagutuko dira.

 

Greba deialdiek erantzun ona izan dute irakaskuntza publikoan

EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta, azaroan grebak egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoan. Gipuzkoan azaroaren 21ean egin zen eta sindikatuen arabera, % 80k babestu zuten deialdia. Araban 23an atera ziren kalera, %70 sindikatuen esanetan eta % 53 Hezkuntza Sailaren arabera. 1.000 lagun inguru bildu ziren Gasteizko manifestazioan. Azkenik, Bizkaian hilaren 30ean egin zuten protesta. Gauzak konpontzen ez badira, abenduaren 15ean berriro huelga egingo dute Euskal Autonomia Erkidego osoan.

Sindikatuek Hezkuntza Sailari bere haserrea adierazteko baliatu nahi izan dituzte greba egunak. Hitzarmen kolektiboa berritu gabe daukate 2003az geroztik eta orain arte egindako 28 bileretan ez dira inongo akordiotara iritsi. Besteak beste, langileen egonkortasuna finkatzea, 55 urtetik gorako irakasleen lanorduak murriztea, ikasleen beharrei erantzuteko lanpostu berriak sortzea, ratioak gutxitzea eta soldatak bizitza mailaren arabera igotzea eskatzen dute.Sindikatuek Hezkuntza Sailaren jarrera itxia salatzen dute. Euren hitzetan, “gainerako zerbitzu publikoetan bezala, hezkuntza administrazioaren kudeaketa eta haren politika osoa parametro ekonomikoetatik abiatzen dira soil-soilik”.Bizkaian greba egin aurretik bitan bildu ziren berriro ere bi aldeak, baina ez dute akordiorik lortu. Sindikatuen iritziz, “ez da inolako aurrerapenik egon guk ditugun eskaera nagusien inguruan”. Dena den, aurrerapauso txiki bat izan zela aitortu zuten: 2-3 urteko geletan irakasle-ikasle ratioa 1,5ekoa izatea.Bestalde, Hezkuntza Sailak azken batzar horren ondoren egindako eskaintzak zein diren zehaztu zuen: ikastetxeetako zuzendariei eta tutoreei soldatak igotzea, 2.000 lanpostutako lan eskaintza publikoa egitea, eta etorkin asko edo ikasleekin gatazkak dauden ikastetxeetan irakasle figura berriak sartzea.Edonola ere, hitzarmen kolektiboak adostu gabe jarraitzen duenez, sindikatuek ez dute baztertu lanuzte gehiago egitea.

 

Eusko Jaurlaritzako zein Nafarroako Gobernuko Hezkuntza arduradunek eskaera asko jaso dituzte alderdi politikoen eta sindikatuen aldetik, hurrenez hurren, eta horiei erantzuteko garaia iritsi zaie.

Eusko Legebiltzarrak, PSE-EEk sustatuta, 2007ko maiatzerako datorren ikasturterako eskola mapa prest edukitzeko eskatu dio Tontxu Campos sailburuari. Mapa horretan eskualde eta inguru bakoitzean egongo diren ikastetxeen banaketa zehaztu beharko du, bai publikoena eta bai kontzertatuena. Horrez gain, hemendik aurrera urtero agertu beharko du sailburuak Legebiltzarrean eskola mapan egindako aldaketak zein diren jakinaraztera.

Beste bi eskaera ere egin dizkio Legebiltzarra. Batetik, EAEko eskola publikoetan 2007 eta 2020 urte artean egingo diren inbertsioen plan estrategikoa jasotzea. Eta bestetik, Haurreskolak partzuergoko zentroak eskolak publikoekin lotzea, haurrek 2 urte betetzen dituztenean gurasoek nora jo jakin dezaten, eta beraz, eskaintza 0-18 urte bitartekoa izan dadin.Bestalde, Nafarroako Hezkuntza kontseilariari zera eskatzen diote CCOO, EILAS eta UGTk: hezkuntza plangintza bat egiteko, gobernuaren erantzuna beti beharren atzetik etor ez dadin