Euskal hezkuntzak zer egiteko gai den erakutsi beharra dauka, beti

Ikastolek, bere hastapenetik, euskaraz irakastea posible zela irakutsi behar izan zuten. Eskola ofizialak haurrak 6 urterekin eskolatzen zituen garaian, berak 3 urteko ikasleak eskolatzen zituen, eta euskaraz.

Tradizionalistek zera zioten: “Txikiekin jolastu besterik ez dute egiten. Hori erraza da, baina gero ezingo dituzte irakurketa eta gaiak euskaraz ikasi. Irakasle asko titulugabeak dira, ez dago materialik eta euskara ez dago ikasgaiak lantzeko prestatuta”.Denboraz, gauzak ongi egiten joan ziren heinean, 3 urterekin eskolatzeak hizkuntza eta hezkuntza abantailak bazituela ohartzen joan zen jendea.Matematika, zientzia, ingurunea eta beste arloetan ere euskaraz jardun zitekeela agerian geratu zen.Etxetik euskara ezagutzen ez zuten haur erdaldunak eskolatzen hasi zirenean, azkar asko gerturatu ziren “adituak ildo jakina” azalduz: “ama hizkuntzan eskolatu behar dira haurrak, bestela, beren maila kognitiboa, afektiboa...”. Ikastoletan, ikasleen gurasoekin gertuko harremanak landuz, proiektuak partekatuz, hizkuntza eta kultura normalizatzearen alde motibatuz eta haurrak errespetuz eta goxotasunez hartuz, euskaraz irakatsi zuten. Ondorengo urteetan egindako hainbat ikerketen arabera, euskaraz ikasi duten ikasleeen emaitzak oso onak izan dira. Euskara maila egokia agertzeaz gain, beste ikasgaietan ere gaztelaniaz edo frantsesez ikasi dutenen parekoak edo hobeak dira.Gainera, ikerketa horiek erakutsi dutenez, Euskal Herriak bizi duen egoera diglosikoa dela-eta, euskaraz ikastea da euskaldun gaitua lortzeko bide bakarra. Bestalde, bi hizkuntza edo gehiago ikasteak abantaila sozialak izateaz gain, norbanakoarentzako abantailak ere baditu, adituen ustez: pentsaera sortzaileagoa, adimenaren malgutasun handiagoa, harremanetarako eta komunikatzeko gaitasun gehiago... lortzen da.Hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko baliagarri egitekotan, hizkuntza horietan aritzea omen da gakoa, eta ez, hizkuntza horiei buruz zer dakiten, hots, sintagmak eta abar.Asko dakite horri buruz ikastolek, eta hala planteatu zuten ingeles goiztiarraren kasuan. Ildo horretan jarraitu dute irakasleak eta materialak prestatzen. Eta denborak, kaskagorra denez, hartutako bidea zuzena dela erakutsi du.Hezkuntzan, zintzotasunean eta ongi egin nahian oinarritzen den intuizioak emaitza onak ematen ditu, esperimentazioak ere laguntzen du, eta ebaluazioa etengabeko hobekuntzarako ezinbestekoa da. Baina, zentzurik gabeko kopiak eta denontzako “kafeak” ez du ezertarako balio!Ikastolen Elkartea, ZORIONAK!