Boteprontoko alfabetoa

Ama naiz. Hezkuntza esan eta boteprontoan hasitako alfabeto partikularrean lehentasuna duen eginkizuna. Eskolak hasi aurretik. Eskolaz gain. Eskolaren gainetik.

Belarrondokoa: politikoki zuzen eta itxurakerian bikain den gizarte honetan min egiten duen hitza. Alfabetotik kenduko nuke benetan pentsatuko ez banu batek baino gehiagok merezi duela bakarren bat.

Duda: betikoa; betirakoa: zertan huts egiten ari gara?

Errespetoa: garai bateko hitza dirudi. Garai batean erabiltzen genuelako izango da.

Futbola: ez da munduko gauzarik garrantzitsuena, baina norbaitek asmatu beharko du ez dela munduko gauzarik garrantzitsuena frogatzeko modua.

Gurasoak: beharbada hezkuntzaren makinariak hezi beharrekoak.

Hautaketa: eskolarena. Gustura egingo nuke zergatien ikerketa.

Irakasleak: ezagun bati beti irakasle txarra egokitzen zaio. Ez zaio burutik pasatzen beharbada umea izan litekeela arazo.

Jakin-mina: niri piztu zidaten. Ez dakit nola, baina lortu zuten.K

alitatea eta kaka zaharra: biak letra berarekin. Ez kalitateak kezkatzen ez nauelako. Kalitatea gaur egun ulertzeko erak nazkatzen nauelako baizik.

Lagunak: eskolak eman didan aberastasunik preziatuena.

Matematika: ez ginen lagun onak izan. Orain umearen ariketekin jolasean aritzen naiz. Zerbait aldatu izango da.

Notak: ez da pertsonak neurtzeko lanabes erabilgarria. Orbain bat baino gehiago ezagutu dut. Ez nire larruan. Baina sakonak dira zenbaitengan.

Patio ordua: gauza batzuk ez dira batere aldatu. Txikiek beti handien tokiarekin ametsetan. Handi bihurtzen diren arte. Eta txikiei tokia kendu.

Quorum: ez zitzaidan beste hitzik bururatzen Qz. Eta ez erraz lortzen delako erabakiak hartzeko baldin bada.

Robotak: zer ez nukeen nahi hezkuntzaren helburu.Sasijakitun gehiegi biltzen dituen gaia. Denok izan gara ikasle; gehiegi, guraso.

Taldea: kuriosoa da ikustea zenbat indar xahutzen dugun talde bateko kide izateko ahaleginean, behin lortu ondoren taldean desberdinak garela erakusteko saiakerekin hasi arte.

Umea: zoriontsu da. Oraingoz. Hezkuntza sistemak garaipen bezala kontabilizatu beharko lituzke ume zoriontsuak.

Vokazioa: duen kutsu erlijiosoagatik ez balitz, beharrezkoa joko nuke zenbait lanbidetan: irakaskuntzan, esate baterako.

Xaxatu: noiz edo noiz saiatzen naiz ingurukoekin. Ingurua laburra da, ordea. Gero eta gutxiagotan xaxatzen ditut bazterrak. Eta gutxiago hezkuntzarekin zerikusia duten kontuekin.Zentzugabekeria litzateke alfabeto honek zerbaitetarako balio dezakeela sinistea. Hitz guztiak dira aldagarriak. Asko aldatuko nituzke berriro hasiko banintz.