Sestaotik Madril eta Turkiara eguzki eklipseen atzetik. (Sestaoko Angela Figuera BHI)

Urtero, sei hilabeteko tartean, bi eguzki eklipse gertatzen dira gutxienez, baina horietako batzuk partzialak dira. Eklipse guztiak 18 urtean behin errepikatzen dira, nahiz eta leku desberdinetan errepikatu, eta horietako 25 erabateko eklipseak eta eraztun itxurakoak izan ohi dira. Europan mende bakoitzean gutxi gorabehera 18 eklipse ikusten dira, eta horregatik, oso zaila da bi elkarren segidan ikustea. Azken aukera duela mende batzuk izan ondoren, pasa den ikasturtean horretarako parada izan zen.

Hala, Europan lehen aldiz, ikasleek ikasturte berean bi eklipse ikusteko aukera izan dute. 2029. urte arte errepikatuko ez den gertaera berezi hau aukera aparta izan da Angela Figuera ikastetxeko Astronomia ikasleentzat. Halako fenomenoaz profitatuz, ikastetxe horrek Europa mailako proiektu bat sustatu zuen. Baionako eta Bizkaiko ikastetxeez gain, estatu espainiarreko, Erromako eta Turkiako beste hainbat ikastetxetako gazteek parte hartu zuten. Helburua zera zen: ikastetxe bakoitzak gai hori lantzea eta eklipse bakoitza ikusteko irteerak egitea, ondoren gaia lantzen jarraitzeko. Web gune bat sortu dute, eta ikasleen esperientziak, argazkiak eta lanak jasotzen dira bertan. 

Beraz, Angela Figuerako Astronomia ikasgaiko ikasleak, ikasturtea hasi eta hilabetera, Madrilera abiatu ziren, beharrezko guztia hartuta. 50 bat laguneko autobusa bertaratu zen, eta han egon ziren bi egunean, une berezirako prestatzen. “Gurekin eraman genituen teleskopioa, eklipsea ikusteko betaurrekoak eta baita solaskopioa ere. Oso esperientzia polita izan zen. Eklipsea eraztun formakoa zen eta oso bitxia izan zen, adibidez, zuhaitzen itzalei behatzea eta abar... Bederatzi t´erdiak inguruan hasi zen, eta hamarrak inguruan amaitu”, aipatu digu proiektuan parte hartu zuen ikasle batek. Madrilen eklipsea urriaren 3an izan zen, eta era berean, talde bizkaitarra martxoan Turkiara joateko prestatzen hasi zen. 

Hasieran Turkiako ikastetxeren batekin trukea egitea zuten helburu, ikasleek bidaia ordaintzeko izango zituzten arazoak aurreikusita eta esperientziari zuku gehiago ateratzeko. Dena den, azkenean zailtasunak zirela-eta, trukea ezin izan zen aurrera eraman. Azkenean, zortzi pertsona abiatu ziren Antalyara, Turkiara, sei ikasle eta irakasle bi. Bertan, martxoaren 29an, erabateko eguzki eklipse bat ikusi ahal izan zuten, “ikusgarria” beraien hitzetan. “Kasu honetan ere zorte handia izan genuen eguraldiaren aldetik eta lerro zentralera joan zirenek arazorik gabe ikusi zuten eklipsea. Ahaztezina eta hunkigarria izan zen esperientzia: eguerdian gaua heltzea, aurretik zarataka zebiltzan txorien bat-bateko isiltasuna, eguzki beltza, koroa, eguzkiaren eta itsasoaren itxura berezia, argiak piztuta, Artizarra zeruan goian, tenperaturaren jaitsiera, han zeuden beste pertsona batzuekin zirrara partekatzea… denborak eramango ez dituen sentsazioak izan ziren” diote esperientzia bizitutako ikasleek. 

Esperientziak bizi ondoren, argazki oro aztertu, fase batzuk eta besteak deskribatu, horma-irudiak egin eta guztia Interneten partekatzen dute proiektuan parte hartu duten guztiek. Hala, leku bakoitzean nola ikusi zen jakiteko eta besteen esperientziak ezagutzeko aukera izan dute astronomo gazteek. Informazio oro, www.eurek0506.cielo.org webgunean dago ikusgai. Ez dago duda izpirik, ikasle horiek liburuan ikusi izan balute baino askoz hobeto ulertu dituztela prozesu horiek, eta betiko gogoan izango dutela. “Espero dugu behaketa ziragarri hauek ikusteko aukera aprobetxatu eta gero, zientzia eta naturaren alde sortutako jarrera positiboak eragina izatea gure gazteengan” dio irakasleak. 

Nahiz eta hasiera batean zentro gehiago joatea planteatzen zen, Sestaoko Ikastetxea izan da proiektuan parte hartu duten 10 ikastetxeetatik biak ikustera joan den bakarra. Aipatu beharra dago, ikastetxe horretan badirela 20 urte hautazko ikasgai hau lantzen dela, eta horrek bere fruituak eman ditu: lanketa politak egiten dituzte, eta horietako batzuek estatu mailako sariak jaso dituzte. EXPERIMENTalDIAn, eklipsearen esperientzia kontatzeaz gain, eguzki sistemako astroen mugimenduak aztertzeko eginiko hainbat maketa aurkeztu zituzten. •