JURJO TORRES, A Coruñako Unibertsitateko katedraduna

Irakasleriaren funtzioaz hitz egin aurretik, ez al genuke hitz egin beharko eskolaren funtzioaz? Zertarako sortu zen eta zer funtzio du gaur egun?

Bai, lehendabizi eskola zertarako, zer gizarte motatan eta zer helbururekin sortu zen jakin behar da. Irakaskuntza estatu modernoaren sorrerarekin lotuta dago, eta helburua lelo handiek esaten zutenaren kontrakoa zen: uniformizatzea. Xedea kulturaren eta historiaren ikuspegi uniforme bat ezartzea zen. Curriculumaren helburua egia bakarraren ikuspegia ezartzea zen. Hizkuntzaren kasuan, adibidez, bat inposatu nahi zen, Madrilgo gaztelania zen egokia eta zuzena, eta gainerakoak azentudunak ziren, zerbait negatiboa zutenak. Geografian, esate baterako, berehala ikasi genituen Espainiaren mugak, eta atzerritar gisa definitzen zen hor bizi ez zen guztia. Literaturan eta Historian berdin. Ezagutza guztia guri hezibidea ematera zuzenduta zegoen.Gaur egungo gizartea aldatu egin da, beste kontzeptu batzuk erabiltzen dira: integrala, kultur aniztasuna, hizkuntza aniztasuna… Gainera, eskolak beste funtzio batzuk ditu orain. Lehen, eskolatzea eta prestakuntza intelektuala ematea zen xede bakarra. Orain, komunitatearen garapenean, bai ekonomikoan eta bai sozialean, lagundu behar du, norberaren garapenean ere bai, alderdi psikologikoan, hiritartasunean… horiek denak garatu behar dira. Horrek guztiak hezkuntzaren filosofia aldatu egiten du.

 

Orduan, zure ustez, zein dira gaur egun hezkuntzaren xedeak?

Ez dauzkagu argi. Egoera oso anbiguoa da. Hitz asko erabiltzen dira, baina askotan ez dakigu zer esan nahi duten. Zergatik da derrigorrezkoa eskolara joatea jada ezer derrigorrezkoa ez den gizarte batean? Eta gainera, ez hori bakarrik; gero eta urte gehiago egin behar dira eskolan. Horrek esan nahi du zerbait garrantzitsua dela, hor erakutsiko zaiela munduari aurre egiten, munduan bizitzen. Eta hortxe dago koska: zer mundu? Nolako mundua? Oso zaila da jakitea zein diren gizarte honen ezaugarriak. Eta ondorioz, zaila da hezkuntzaren helburua zein den jakitea.Gizartea definitzeko zailtasun horrek eragina du hezkuntza sisteman. Gizartearen ezaugarrien arabera moldatu behar du eskolak. Esate baterako, mugimendu feministak aurrera egin ahala, baterako hezkuntza lantzen hasi ginen; beste herrialdetako pertsonak etortzen badira, haiekin bizi behar dugu; sexualitate desberdinak daudela onartzen joan garen heinean, gelan neska-mutil horiek ditugula jakin behar dugu; edota familia tradizionala ez duten ikasleak ditugula. Gertatzen ari denari buruzko analisia egin ahala, eskolaren helburuak eta funtzioak aldatu egingo dira. Analisi horien arabera, eskolak egokitu egin behar du.Gaur egun ezagunak diren autoreek hainbat modutara definitu dute egungo gizartea: batzuek diote arrisku globaleko gizartea dela, beste batzuek informazioaren kapitalismoko gizarte batean bizi garela; edo kapitalismo zibernetikoan, modernitate likidoan, gizarte multietnikoan, postmodernitatean, transmodernitatean…Zalantzazko gizarte batean bizi gara, eta egiak ez dira absolutuak, lehen ziren moduan. Gaur egun ez dakigu neska-mutilei egokituko zaien gizartea nolakoa izango den. Etorkizunerako prestatzen ari garela diogu, baina zein da etorkizun hori? Nolako lanpostuak egongo dira? Zer ezagutza eskatuko zaie? Bizitza osorako lanpostua bukatu da; etengabeko ikaskuntzaren garaia iritsi da.

 

Panorama horretarako prestatu behar dute irakasleek. Zure iritziz, zer da garrantzitsuena irakasleen prestakuntzan?

Hezkuntzako profesionalek oinarri kultural eta psikopedagogiko ona eduki behar dute. Etapa bakoitzak bereari dagokion edukia jakin beharko du, baina denek eduki behar dute oinarri kultural sendo bat. Eta horrekin batera, ezagutza psikopedagogikoa, haurrak ezagutzeko.

 

Zer esan nahi duzu oinarri kulturalarekin?

Gaur egungo zientziaren garapenetan eguneratuta egotea esan nahi dut. Hori exijentzia handia da, erronka gehien dituen lanbideetako bat baita hezitzaileena, kulturalki oso eguneratuta egotea eskatzen baitzaio. Irakasle batek Giza Zientzien ikasgaia erakusten badu, jakin behar du zer egiten ari diren giza zientzietan, zer diskurtso mota dabiltzan, zer analisi egiten ari diren… Hezitzaile batek jakin behar du nolako zinema egiten ari den, zer erakusketa eta mugimendu artistiko egiten ari diren eta zer garapen kultural egiten diren eurak lantzen ari diren gai guztietan.

 

Aldi berean, prestakuntza psikopedagogikoa eduki behar dutela diozu.

Bai, eta horrek esan nahi du jakin behar dutela ikasketa ereduen, adimen moten, espazioen antolaketa moduen, bitarteko didaktikoen, hezkuntza teknologien eta abarren inguruan egiten ari diren azterketa eta ikerketen berri. Horretan eguneratuta egon behar da, ezagutu egin behar baitira nolako ikasleak ditugun, zer-nolako gaitasunak dituzten, zein mundu edo auzotan bizi diren, zer arazo dituzten euren familiek… Hori jakin behar da eurekin konektatzeko.Gaur egun ikerketa psikopedagogiko asko egiten da: nolakoa izan behar duen material kurrikularrak, zein diren onak, nola erabil daitezkeen ondo teknologia berriak, nola ari diren gaizki erabiltzen, zer heziketa metodo dauden, zer esperientzia egiten ari diren beste leku batzuetan, zer arazo dituzten… horren guztiaren gainean egon behar du hezitzaileak.

 

Ez al da gehiegi eskatzea? Irakasleak prest al daude etengabe eguneratuta egoteko?

Denetarik dago. Berrikuntza mugimenduetan egon izan ziren irakasleak, administrazioak zioenaren gainetik, euren erantzukizun politiko eta sozialengatik, prestatzen eta eguneratzen egon izan dira. Nik beti esaten dut legeek batzuk lehendik egiten ari direna legitimatu besterik ez dutela egiten. Orduan, badago talde serio eta eguneratu bat.Eta horien ondoan, alderantzizkoa egiten duen beste talde bat: funtzionario izan nahi duena, eta lortutakoan inork molestatzerik nahi ez duena.90eko hamarkadaz geroztik egin diren ikerketa zientifiko eta enpiriko ugariek garbi erakusten dute berriztapen proiektuetan murgilduta dauden irakasleen ikasleek hobera egiten dutela arlo guztietan.Irakasleen eguneratzeak derrigorrezkoa izan beharko luke. LOEn jasota agertu beharko luke. Mediku bat azken artikulua irakurrita egotea nahi izaten badugu, hezitzaile bat zergatik ez!Dena dela, prestakuntzaren eta eguneratzearen kontua ez dira beharko liratekeen moduan ikusten. Horren beharra dagoela kontzientziatu behar dugu. Izan ere, gaur egun badaude astakeria hau esan eta gorritu ere egiten ez diren irakasleak: “Hori teoria da, teoriek ez dute ezertarako balio!”. Norbaiti hori esaten entzuten badiozu, egon seguru irakaslea dela. Beste edozein kolektibok inoiz ez luke horrelakorik esango. Esango luke “teoria hori astakeria izugarria da” edo “teoria hori oso txarra da”, baina teoria behar da azalpenak emateko, teorien bidez joan baita gizateria ezagutza eraikitzen eta elkarrengandik ikasten.Motibazioaren kultura lantzea beharrezkoa da, agidanez. Azken urteotan, ordea, ahaleginaren kulturari eman zaio indarra. Nola pasa orain motibazioaren kulturara?Irakasleen kasuan, lanbide hau interesgarria izan dadin lortu behar da. Orain arte ez da horrela izan. Ikusi besterik ez dago ikasketa hauek egiteko unibertsitatean ez zela notarik eskatzen, eta beste ikasketa batzuk egiteko notarik ez zutenak hasten zirela irakasle ikasketak egiten. Eskola esperientzia onenak dituzten herrialdeetan filosofia alderantzizkoa da: ikasle onenak dedikatzen dira hezkuntzara. Lanbide erakargarria egiten dute, hezibide egokia emanez, ondo ordainduz eta exijituz.Ikasleen motibazioari begira, irakasle guztiek aurreko mendearen hasieratik zekitena egin beharko litzateke: ikasleari ikasi behar duena interesgarria eta erabilgarria dela eta zentzua duela ikustarazi. Ikasleei beren mundu esperientzialarekin zerikusia duten gauzei buruz hitz egiten badiegu, edo bizi diren testuinguruari buruz, arreta gehiago erakartzen dugu. Esate baterako, euren herriko hondartzaren kutsaduraz hitz egiten badiezu, edo gertatu den istripu bati buruz, horrek gehiago erakartzen ditu mundu zientifikora eta analisietara K. a. 200. urtean Grezian gertatu zen istripu bati buruz hitz egiteak baino. Hori azterketarako sartzen bada, ikasten da; bestela, ez zaio inori interesatzen. Historian gauza bera gertatzen da: beti atzetik hasten gara, historiaurretik, eta inoiz ez gara iristen gaur egungo garaietara.

 

Horrek ikasleak ez dituela motibatzen jakinik, zergatik jarraitzen dugu horrela?

Sistema modu diziplinarrean antolatu zelako eta irakasleak ere hala prestatuta daudelako. Bakoitzak bere diziplinatik ikusten du mundua. Lagunartean gaudenean eta bat psikologoa, bestea ekonomilaria, bestea fisikoa, bestea medikua, beste kamioilaria, bestea igeltseroa… denean, bakoitzak bere lekutik ikusten ditu gauzak. Ekonomilariari dena ekonomiak esplikatzen duela iruditzen zaio, fisikariari fisikak, eta abar. Ondorioz, beste ikuspegiak ez ditugu ikusten.Irakasleen artean gauza bera gertatzen da. Bakoitzak bere diziplinatik ikusten ditu gauzak. Eta are okerragoa dena, diziplina horren defendatzaile sutsu bilakatzen gara. Horrela, fisikaria baldin bazara eta ikastetxe batera joaten bazara, zuretzat garrantzitsuena zure gaia da, eta gerra militar batean bezala, besteei orduak kentzen eta zureak gehiago edukitzen saiatuko zara. Gudariak gara, eta guretzako espazioak konkistatu nahi izaten ditugu, besteak mespretxatuz.Akats hori oso handia da, eta kaltegarria erabat. Hezkuntza sisteman sartzean, lankideak oso pertsona interesgarriak direla ikusi behar da, eta haiek dakitena eta erakusten dutena ere bai. Are gehiago, besteek erabiltzen dituzten gauzak niretzat onuragarriak izan daitezke, eta hori aprobetxatzen jakin behar dut. Zer ari dira ikasten beste irakasleekin? Nola? Hori jakitea interesgarria da. Ez da posible zure ikasleek zortzi ikasgai edukitzea, zu horietako bateko irakaslea izatea eta besteekin zer egiten duten ideiarik ere ez edukitzea. Ikasle batek beste ikasgai bateko gauza batek zer erlazio duen zure ikasgaiko batekin galdetzen dizunean, ezin zaio esan ideiarik ez duzula eta hori ez dela garrantzitsua. Horrek argi uzten du ez zaudela ikastetxe batean, baizik eta banakako etxe edo apartamentuz osatutako eraikin batean. Ikastetxe klubak dira horiek. Eta errealitatea ez da hala; errealitatea lotuta dago, ez sailetan banatuta.

 

Zeri deitzen diozu ikastetxe kluba?

Irakasle bakartuz osatutako zentroak dira. Une askotan ikastetxe bat bizilagun bakartuz osatutako eraikin bat izaten da. Familia bakoitzak nahi duena egiten du, inori ezer eskatu eta exijitu gabe. Gauza batzuk partekatzen dituzte, baina ez daukate proiektu komunik euren artean. 1. pisuko A atekoak ez daki zer gertatzen den B atekoaren etxe barruan. Ezta 2. pisuko etxeetan ere, eta 5. pisukoaren berririk ere ez du. Inork ez daki bakoitzaren etxe barruan zer gertatzen den. Bada, ikastetxe batzuetan gauza bera gertatzen da, eta horrekin hautsi beharra dago. Garrantzitsua da irakasleek elkarren berri izatea. Zeren pentsatzen dugu DBHko ikasleek ikasgai guztietako edukiak jaso, denak nahastu eta lotu egiten dituztela buruan. Eta ez da hala. Egungo ikasketa eredua ikasketa paraleloa da, zentzu geometrikoan ulertuta. Hau da, inoiz gurutzatzen ez diren lerroak, elkarrekin topo egiten ez duten lerroak. Horrek esan nahi du ikasleek ez dakitela barroko garaiko zientziak zer zerikusi duen arte barrokoarekin edo garai hartako izate sozialarekin edo politikoarekin. Ez dute elkarren arteko loturarik ikusten, paraleloki pentsatzen ikasten baitute. Beste modu batera esana, Matematikako eskoletan matematikoki pentsatzen ikasten dute, eta ez dakite horrek zer erlazio duen gainerako munduarekin. Teknologiaren, zientziaren eta giza harremanen munduan matematika erabiltzen ari dira, baina ez dira horretaz konturatzen, ez dakite matematika egungo munduan eta prentsan agertzen diren gauzak azaltzeko erabil dezaketela.Zergatik ezin dute lan egin gela batean bi irakaslek? Eta ez bakoitza bere espazioan, gelan, munduan? Gaur egungo munduarekin zerikusirik ez daukan tradizio bat daukagu arrastaka.

 

Autoebaluazio prozesuak ezartzea ezinbestekoa ikusten duzu. Zer-nolakoa izan behar du autoebaluazio horrek, zure ustez?

Gaur egun kanpoko ebaluazioarekin obsesionatuta gaude eta horietara egokitzen egiten dugu ahalegina. Esate baterako, UBI ez zen ikasketa kurtso bat, ez zuen proiektu kurrikularrik; unibertsitatean sartzeko azterketa prestatzeko eta pasatzeko ikasturte bat baino ez zen.Kanpora begiratzeari utzi eta barrura begiratu behar dugu. Autoebaluazio prozesuak printzipio batzuk jartzeko balioko luke eta, horien arabera, ikastetxeak komunitate baten moduan funtzionatuko luke. Bertan bizitzen direnek filosofia eta hezkuntza proiektua partekatuko lituzkete. Ikastetxe horretan sartu, eta gela guztiek komunean gauza asko dituztela ikusiko litzateke; irakasleek zentroak baloratzen eta bultzatzen dituen gauzak bultzatzen dituztela gelan; bitarteko batzuk daudela, eta horiek erabiltzeko modu batzuk daudela gela guztietan; eta ikasleekin erlazionatzeko modu bat dagoela gela guztietan.Horrela, egiten den guztiari jarraipena egiten zaio. Lehen hiruhilekoa pasatakoan zer gertatu den aztertzen da, non dauden arazoak, zer ari den ondo ateratzen, zer erdipurdi eta zer gaizki… Hori administrazioari eta familiei helarazten zaie. Egitura horrekin denak dira jakitun eta denak daude inplikatuta.

 

Testu liburuekin oso kritikoa zara. Testu libururik gabe lan egin al daiteke?

Nik uste dut baietz, eta hala egin behar dela. Testu liburuak erabiltzea egokia da informaziorik ez dagoen gizarte batean edo informazioa lortzea oso zaila den gizarte batean. Baina egunkari bat erostera joan eta CD zientifikoak oparitzen dizkigute. Telebista piztu eta kate tematiko pila bat dauzkagu. Museoetan heziketa programa pila bat daude. Hau da, gure inguruan toki pila bat daude eskolan lantzen ditugun gaiei buruzkoak, eta eskolan baino eguneratuago, atseginago eta hobeto.Orduan, hori baldin bada mundua, hor egiten ez den zerbait egin behar dugu eskolan. Zer ez da egiten gizarte horretan? Informazio hori guztia kritikoki aztertzen ikasi. Informazio asko dago: ona, txarra, interesduna, okerra… Orduan, ekar ditzagun medio eta informazio horiek eskolara eta erakuts diezaiegun kanpoan inork erakusten ez diena: azter dezagun zer desberdintasun dauden informazio edo testu baten eta beste baten artean, nola ematen den informazio hori, gaurkotua den edo ez, dena kontatzen duen edo ez, zein den objektiboena eta abar. Presta ditzagun gizartean gehien beharko duten horretarako; hots, informazio asko dagoen mundu batean mugitzeko.Hori guztia aurrera eramateko, testu liburuen ordez liburutegiak behar ditugu.

 

Eskolako liburutegiek ordezka al ditzakete ikasliburuak?

Bai, dudarik gabe. Baina horretarako eskolako liburutegiak baldintza onetan jarri behar dira. Begiratu bat emanez gero, zentro askotan liburutegirik ez dagoela konturatuko gara. Eta baldin badago, ziur aski oraindik eleberriz eta ipuinez beteta egongo da. Hori ondo dago, baina ez da eskola bateko liburutegia. Literatura ikasgai bat da, eta gainerakoak zer?

 

Nolakoa izan beharko luke eskolako liburutegiak? Zer liburu eduki beharko lituzke?

Unescok eskolako liburutegietan IFLA izeneko erakunde bat du, eta zera dio: eskola guztiek eduki behar dutela liburutegia. Eskola txikienek gutxienez 2.500 ale eduki behar dituztela, azken 10 urteetan eguneratuak, eta ez 70eko hamarkadan erositakoak. Ikasleen ratioa igo ahala, kopurua igo egin behar da. Gutxienez ikasleko 10 liburu eduki behar dira. Nolakoak izan behar dute liburu horiek? Gutxienez % 60 ikasgaiekin lotutako eduki kurrikularrak dituztenak, hots, zientzia jendarteratzeko liburuak, eta % 40 fikziozko liburuak. Errealitatea alderantzizkoa da gehienetan: % 90 fikziozkoak dira, eleberriak eta ipuinak, eta % 10 entziklopediak eta jendarterako liburuak.Horrez gain, esaten du fikziozko % 40 horiek ikasleekin batera aukeratu behar direla, beraien interesak eta gustuak aintzat hartuta.

 

Zergatik dira fikziozko liburuak jendarterakoak baino erakargarriagoak jende gehienarentzat?

Ideia oker hori norbaitek zabaldu zuelako. Liburu zientifikoa astuna, aspergarria eta interesik gabe zela, alegia. Mundu guztiak irakurtzen du eleberri bat, eta irakurtzen ez baduzu, ezjakina zara. Aldiz, ba al dago saiakera liburu bat edo filosofiako liburu bat irakurtzen ari den norbait? Inor ez. Jendeak uste du irakurtzea fikzioa irakurtzea dela, eta bestea lana dela, hots, bizitzako zigorra.Patologia hori unibertsitatean ikusten dut. Ikasleei liburu bat irakurtzeko esan eta ea liburutegian badagoen galdetzen dute, fotokopiatzeko. Aldiz, eleberriekin ez dute hori egiten. Ez dut sekula ikusi ikasle bat nobela bat fotokopiatzen. Eta hori logikoagoa izango litzateke; behin irakurri ondoren ez baituzu berriro irakurtzen. Liburu zientifikoak, ostera, behin eta berriro kontsultatzen ditugu. Nork eratu zuen horrelako distortsioa? Eskola gehienetan egon zen lehendabiziko liburu zientifikoa testu liburua izan zen, eta handik aurrera liburu zientifikoa = testu liburua berdinketa egin izan da. Zentzugabea da, ikaragarria, motibazioa galtzeko modukoa.

 

Zer iritzi duzu testu liburuen doakotasunari buruz?

Ez nago horren alde. Testu liburuak doan banatuta, egiten den gauza bakarra da testu liburuak derrigorrezko bihurtu. Egokiagoa iruditzen zait ikastetxe bakoitzari diru kantitate bat ematea eta berak erabakitzea ikasliburuetan edo beste material mota batzuetan gastatu nahi duen.

 

Argitaletxeak sutan jarriko dituzu.

Bai, noski, hortik bizi dira-eta. Azken finean, testu liburuen arazoa autoen berbera da: nolatan daude hainbeste auto hirietan? Auto enpresa asko daudelako eta hortik jende asko bizi delako. Ikasliburuekin berdin: enpresa multinazional handiak daude, globalizatuak, eta interes handiak dituzte. Badakite testu liburuek milaka haurrentzat balio dutela, eta beraz, argitaraldi handiak egiten dituzte.Jendarterako liburuetan argitaraldiak txikiagoak dira, argazkiak eta irudiak zaindu egin behar dira, eta ordaindu. Testu liburuetan, aldiz, bi zirriborro egin eta nahikoa da. Testu liburuei argazkiak kendu, eta ez da informaziorik galtzen. Dibulgaziokoetan bai, ordea. Testu liburuetako marrazki txoroak ikusita, Marrazkiko irakasleak puskatu egin beharko lituzke, ikasten dutenaren kontrakoak baitira.

 

Nola ikusten duzu hezkuntzaren geroa, nolakoa izango den ez dakigun etorkizuneko gizarteari begira?

Mundu liluragarria da. Ni baikorra naiz. Gauzak hobera doazela ikusten dut, berrikuntzak aurrera eramaten dituzten irakasleak badaudela. Medikuak bezalakoak izan behar dugu: oso zehatzak analisietan, jakin arazoak ditugula, baina irtenbideak dituztela ere bai. Arazo horiek konpontzeko ebakuntza batzuk egin daitezke, eta botikak eta teknikak beharko dira gaixotasun horiek tratatzeko. Mediku batek ez dizu esango “gaixotasun hori sendaezina da”. Esango dizuna beste hau da: “oraindik ez dakigu sendatzen, baina ikertzen ari gara eta sendagarria izan behar du”. Hori egin behar dugu geuk ere. Arazoak egon badaude, baina agian beste batzuek irtenbidea aurkitu diote. Ezagut dezagun. Horregatik dira garrantzitsuak esperientzia horietaz hitz egiten duten aldizkariak, liburuak eta abar. Aprobetxa dezagun elkarren esperientzia. XII-XIII. mendeko filosofo batek hala zioen: “gehiago dakigu eta urrutirago begiratzen dugu, ez gure aurrekoak baino azkarragoak garelako, baizik eta haiek egindako guztien bizkarrean goazelako. Eta bizkarrean goazenez, gorago gaude eta gehiago eta urrutirago ikusten dugu, gehiago dakigu”.

 

 

 

Azkenaldian hizkuntza teknokratikoa, teknikoa, intelektuala sartu zaigu gure lanbidean eta hizkuntza politikoa alde batera utzi da. Baina eskola instituzio politikoa da, zeren politika pertsonen arteko harremanetaz hitz egitea da, erlazionatzeko moduez... Hori desagetzen ari da, batez ere alderdi kontserbadorea hizkuntza teknokratikoa sartzen joan delako eta pertsona gizabanako moduan begiratzen, aztertzen eta aipatzen