JA-LING, ETORKINAK ETA GU BATZEN

80ko hamarkada arte Euskal Herrira etorritako etorkinak Espainiako eta Frantziako lurraldeetakoak ziren batik bat; beste lurraldeetatik etorririkoak oso gutxi ziren. Hamarkada hartan hasi zen nabaritzen Hegoaldeko herrialdeetatik datorren immigrazio joera (batez ere Afrikatik eta Hego eta Erdialdeko Amerikatik datorrena). Gaur egun, Euskal Herrian bizi diren herritar guztien % 3,6 Europako Batasunetik kanpotik etorritako atzerritarrak dira. INEren 2006ko urtarrileko datuen arabera, EAEko biztanleriaren % 3,93 eta Nafarroako biztanleriaren % 9,06 estatuz kanpoko etorkina da. Hamar urtetan, gure artean dauden etorkinen kopurua seikoiztu egin da.

Immigrazio joera honek eragin zuzena izan du hezkuntzan, eta hala izaki, gure artean dauden ikasle etorkinen inguruko datuak argi mintzo dira: sei urteren buruan, EAEko ikasle etorkinak % 0,66 izatetik % 4,25 izatera pasa dira, eta azken urteotan, ikasturtero, bi mila ikasle etorkinetik gora matrikulatzen dira gure zentroetan. Nafarroan ikasleen ia % 10 etorkina da. Ipar Euskal Herrian etorkinen pisua txikiagoa da, baina halere azken urteetan igotzen ari da, eta Lapurdin beste bi herrialdeetan baino gehiago biltzen dira.

Elkarbizitzarako denok egokitu egin behar dugu

Argi dago etorkizun hurbileko eskola, kultura eta hizkuntza askotariko haurrez margoturiko ostadarra dela. Gure artean gero eta kultura nahiz hizkuntza desberdineko ikasle gehiago dago, eta goranzko joera hori ez dago gelditzerik. Errealitatea hori izaki, ikasle etorkinen integrazio linguistiko eta kulturalari, nahiz kohesio sozialari ateak zabaldu nahi badizkiogu, gai hauek (kultura eta hizkuntza aniztasuna) curriculumaren parte izan behar dute, normaltasun osoz lantzeko egunerokoan. Izan ere, haur etorkinek gure hizkuntza ikastearen eta gure kulturan “integratzearen” pisua ezin dugu beraiengan bakarrik ezarri. Hainbat faktorek dute eragina horretan, baina zerbaitek indarra baldin badu, alde afektiboa da. Guk harrera ona egin eta beraien kultura nahiz hizkuntzarekiko interesa erakusten badugu, beraiek ere beste horrenbeste egingo dute.

Hala bada, haur guztiek (bai etorkin, bai bertoko) aniztasun honen aurrean jarrera eta jakintza positiboa izan dezaten, Haur Hezkuntzatik hasita ikasgai guztietan eta hezkuntza komunitate osoan bi gaiok lantzea oso garrantzitsua da. Izan ere, immigrazioaz gain badira XXI. mendeko gizartean eragin handia izaten ari diren beste bi faktore: europar integrazioa eta munduaren globalizazioa, batez ere teknologia berrien garapenarekin. Beraz, ezinbestekoa da ikasle guztiak kultura eta hizkuntza aniztasunean eta kultura eta hizkuntza aniztasunerako heztea.

Horretarako, proiektu eta proposamen ugari egon daitezke, eta horietako bat da JA-LING proiektu europarra. Horren nondik norakoak azaltzera goaz hurrengo orrialdeetan.

 

ZER DA JALING?

JA-LING1 Language Awareness-en (Hawkins, 1987) ildoa jarraitzen duen proiektu europarra da, EVLANG2 proiektu europarraren jarraipena. Bere helburu nagusia ikasgelako haur guztiei (bai etorkinei bai bertakoei) kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruan hezkuntza zabala eskaintzea da, aniztasun horren aurrean haur guztiek jarrera, jakintza eta gaitasun positiboa izan dezaten.

M. Candelier-en gidaritzapean (Université du Maine-France), 2001. urtean Europako 18 herrialdetan jarri zen martxan. Gaur egun 14 herrialdetan gauzatzen ari da.

JA-LINGen bidez bi alderdi jorratzen dira. Batetik, “EVLANG: Éveil aux langues”3 mugimendua garatzen da Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Curriculumeko hizkuntz arlo guztiak zentroko proiektu bakar batean sartzen dira (Roulet, 1980; Noguerol, 1997; Castellotti, 2001; Hufeisen & Neuner, 2003) eta hizkuntza, curriculumeko ikasgai guztietan lantzen eta ikasten da, zentroko irakasle guztiak hizkuntza irakasle bihurtuz.

Bestetik, hizkuntza ezberdinen arteko elkarren arteko ulermena sustatu eta familia bereko beste hizkuntzak ikastea errazago bihurtzen du (gaitasun metalinguistikoen garapena bide). Baina kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean eta hizkuntzak ikasterako orduan, hizkuntzen inguruko kontzientzia landuz, ez dira soilik jarrerak edota balioak landuko, baita gaitasun eta jakintza positiboak ere. Beste era batera esanda, JA-LINGeko aktibitateek hiru dimentsiotan dute eragin positiboa ikasle guztiengan (etorkin eta bertako):

 

Jarrera positiboa lortu:

- Kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean.- Hizkuntzak ikasterako orduan.

 

Gaitasun positiboa lortu hizkuntzaren ikaskuntzan laguntzen duten:

- Gaitasun metalinguistikoetan. - Gaitasun kognitiboen lanketan.
Jakintza positiboa lortu:
- Munduan hizkuntzen inguruan bizi den errealitatearen aurrean (migrazioen eragina hizkuntzan, lurraldeetako errealitate linguistikoa, hizkuntza gutxituak munduan zehar, hizkuntza versus kultura...)

 

Material didaktikoak

Material didaktikoei dagokienez, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko irakasleek sortuak dira eta zentro bakoitzeko errealitatera eta kultur eta hizkuntza aniztasunera egokituak daude. Unitateak frogan jarri ostean, emaitza onak lortuz gero, web orri ofizialera pasatzen dira, proiektu honetan parte hartzen duten beste kideek erabil dezaten. Unitate edo proiektu didaktiko hauek, besteak beste, ondorengo ezaugarriak dituzte:
1. Ez da curriculumean beste ikasgairik sortu behar, curriculumeko ikasgaien barruan lantzen baitira (bereziki hizkuntzen arloan, baina baita geografia, historia, matematika, natura... ikasgaietan ere). Ohiko curriculumeko ikasgaietan JALING sartzeak, ikasleei ikuspuntu zabala ematen die hizkuntzaren fenomenoak ulertzerako garaian. Are gehiago, ingurune egokian erabilita, ohiko curriculumeko ikasgaiak hobeto ulertzen ere lagun dezakete.
2. Ikasturte guztian zehar landu behar diren materialak dira, hizkuntzen ikasgaiak lantzen ari garenean edo beste ikasgai batzuetan, baina beti ere, curriculum jarraikor bat sortuz, zikloka eratua eta eskolako hizkuntz printzipio objektiboen gainean oinarritua.
3. Unitate didaktiko hauek ikasleei, beste hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera ematen diete, eta onuragarri dira ikasle guztientzat, bai elebakar, bai eleanitzentzat, hizkuntzen kulturaren gainean duten ikuspegia zabaldu eta aberastu egiten baitzaie denei.
4. Aktibitate hauek Hawkins-en (Hawkins, E., 1987) proposamenen gainean eratuta daude, eta gure kasuan euskal hizkuntza, gelako ikasleen ama hizkuntzak eta eskolan irakasten diren beste bigarren hizkuntzak kontuan izanik eratuta daude. Horren helburua ikasleei hizkuntz aniztasunaren ideia barneratzea da, hizkuntza horien funtzionamendua, erabilera, berezitasunak eta ezberdintasunak... ikertzeko arra beraien barnean sortuz, eta hizkuntzak beraien artean konparatzeko gaitasuna garatuz.
5. Hizkuntzen ikasgairako jarrera positiboen lanketa sakona egiten da, baina aldi berean, hizkuntza eta hiztun guztiekiko. Bestetik, hizkuntzak ikasteko eta ulertzeko gaitasunak ere lantzen dira; eta ama hizkuntzatzat hizkuntza gutxitu bat duten haurrei beraien autoestimua hobetzen eta beste ikaslagun guztiengan hizkuntza horrekiko interesa sortzen laguntzen du.
6. Aktibitate bakoitzarekin helburu jakin batzuk lantzen dira. Helburu horiek oinarri didaktiko bakoitzaren hasieran azaltzen zaizkio irakasleari.
7. Pedagogia aktiboa dute, eta sarritan ikasleen arteko interakzioa eskatzen da.
8. Ikasleak ikerketak, galdeketak, aurkikuntzak eta arazoei erantzunak ematera bultzatzen dituzten aktibitateak lantzen dira. Funtsean, JA-LINGeko aktibitateek hiru fase dituztela esan genezake: egoera baten aurrean jarri, ikerketa bat egin eta sintesia. Azken horrek askotan instituzionalizazioaren papera betetzen du.
9. Irakasleei banatzen zaien material didaktikoetan erantzunak eta aktibitate horiekin zer lortu nahi den ere azaltzen da, ikuspuntu zabala ematen die beraien autoformaziorako baliagarri izateko.
10. JA-LING proiektua inolako arazorik gabe sar daiteke eskola bakoitzak urteko jarrita dituen curriculumeko helburuen barruan.

 

JA-LING EUSKAL HERRIAN

TXOMIN AGIRRE IKASTETXEKO ESPERIENTZIA

Euskal Herrian egindako lehen esperientzia da Txomin Agirre ikastolakoa.

Txomin Agirre Ondarroan kokatutako D ereduko ikastetxea da. Bertan, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak eskaintzen dira. Ikastetxea eleaniztasun proiektuan sartuta dago.
Ondarroa, Bizkaiko kostaldean kokaturiko 9.500 biztanletako herria da, eta horietatik % 92 euskaldunak dira.
Duela hiruzpalau urtetatik hona, batik bat itsaso munduarekin lotuta, Ondarroa atzerriko immigrazio ugari ari da jasotzen, batez ere senegaldarra. Gaur egun, bertako biztanleriaren % 5,6 estatu espainiarretik kanpoko etorkina da.
Immigrazio etorrera esanguratsu honek eragin zuzena izan du ikastetxe honetan, eta gaur egun bertako ikasleriaren % 9 etorkina da.
Errealitate horren aurrean zerbait egin behar zela-eta, egoera berri honi egokitutako “Harrera Plana” egin zen, eta horren barruan hainbat ekintza eraman ziren aurrera: matrikulazio orriak, zentroko informazioa eta abar hainbat hizkuntzetan jarri; ikasle arabiar ohien laguntzaz materialak euskara-arabieraz jarri; lehenengo egunetik ikasle arabiarrekin eta haien gurasoekin harreman zuzenak izateko (itzultzailerik gabe) zentroko psikopedagogoa arabiar hizkuntza ikasten hasi zen; harreman zuzenak hasi dira hainbat erakunderekin –Caritas, Immigrazio Teknikaria...-. Hasiera batean, kulturaniztasunari begira dagoen hezkuntzaren lehen pintzeladak ematen hasi ziren.

 

Zergatik erabaki zen Txomin Agirre ikastetxean JALING proiektuaren alde egitea

Bi arrazoi nagusi bide erabaki zuten Txomin Agirre ikastetxean Jaling proiektua martxan jartzea.
Batetik, urteak aurrera joan ahala, ikastetxean zera konturatu ziren: haur etorkinetako batzuk, nahiz eta bi urte Ondarroan eta D ereduan ikasten aritu, arrazoi bategatik edo bestegatik, ez zirela ez kulturalki, ez eta linguistikoki euskal munduan “guztiz” integratzen; edota nahiz eta euskara ikasi, ez zutela euskal kulturan parte hartzeko inolako intentziorik adierazten. Hala, euskal hizkuntza eskola orduetara baino ez zen mugatzen. Giro horretan, hipotesi bat sortu zen: kulturalki herrian, gelan... eroso nahiz gustura sentitzen ez diren haurrak, nekez “integratuko” dira kulturalki, eta beraz, nekez ikasiko dute euskara (eta ikasten baldin badute -motibazio kurrikularra bide-, eskola orduetatik kanpo ez dute erabiliko).
Hipotesi hori horrela ote zen edo ez baieztatzeko, 2004-2005 ikasturtean, hizkuntza errefortzuetako irakaslearen gidaritzapean (Itziar Aramaio), Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ikerketa bat egin zen, eta baita hipotesi hura baieztatu ere.
Bestetik, bazen beste pisuzko arrazoi bat zentroan JA-LINGmartxan jartzeko.
Duela zenbait urtetatik, Txomin Agirre ikastetxea eleaniztasun proiektuan sartuta dago. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasita, astean bost orduz, ingelesa ikasten da, eta Lehen Hezkuntzako 1. mailatik eskulanak eta ipuingintza frantsesez ematen dira eta ingurumena ingelesez. Bestetik, Haur eta Lehen Hezkuntzan bizkaiera estandarrean ikasten dituzte ikasgaiak eta DBHn euskara batuan.
Hizkuntz aniztasun horren aurrean, bai bertakoentzat, bai eta etorkinentzat ere, gaitasun metalinguistiko eta kognitiboen lanketa oso garrantzitsua da. Eta JA-LING proiektuak arlo hori ere ongi asko betetzen du.
Hala bada, ikusirik ikastetxeko kultura eta hizkuntza aniztasuneko beharrizanetara zuzenean egokitzen zela JALING, 2005-2006 ikasturtean proba legez Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 1. mailara proiektu hau martxan jartzea erabaki zen.

 

Nola gauzatu da JA-LING zentroan?

Hizkuntz errefortzuetako irakasleak JA-LING proiektua eta horren ildotik doazen beste zenbait proiektu ongi ezagutzen zituen. Hala bada, zentroko hizkuntza eta kultura aniztasunaren inguruko beharrizanak ikusita, ikastetxeko zuzendaritzara jo eta 2005-2006 ikasturteari begira proiektu hau modu esperimentalean zentroan martxan jartzea proposatu zien. Klaustroan proposamena aurkeztu eta onartu ostean, proba moduan 2005-2006 ikasturtean LH3tik DBH1era (113 ikasle) martxan jartzea erabaki zen, emaitza onak lortuz gero, hurrengo ikasturteetan Haur Hezkuntzara eta DBHko beste mailetara zabaltzeko asmoarekin.
Euskal Herrian burutzen zen JA-LINGeko lehen esperientzia izaki, proiektu europar honen zuzendari ordeetako batekin, Artur Noguerol-ekin, jarri ziren harremanetan (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa). Beraien asmoak azaldu, eta honek, JA-LINGen materialak euskaratzen Gasteizko Berritzeguneko Ima Ortega zebilela aipatu zien. Orduan, ondarrutarrak Imarekin koordinazioan jarri eta proiektua martxan jarri zuten.
2005eko iraila-azaroa bitartean, bost unitatetan oinarritutako programazioa eratu zen:
1. Hizkuntza aniztasunaren aurrean jarrera eta jakintzei begirako hasierako egoera-ebaluazio testa.
2. “Nire egunerokoa hizkuntzei begira”.
3. “Etiketetako hizkuntzak”.
4. “1, 2, 3… 4.000 hizkuntza”.
5. “Ikasleen hizkuntzetatik, munduko hizkuntzetara”.
Unitate hauek elkarren artean lotura logiko eta zirkularra dute.
Hizkuntza errefortzuetako irakasleak abenduan geletan unitateok martxan jarri aurretik, irakasleei ikastaro bat eskaini zien unitateen funtzionamenduaren inguruan.
Aldi berean, Gabon aurreko batzarrean, tutore bakoitzak bere ikasleen gurasoei JA-LINGen berri eman zien; eta zentroko aldizkariko Gabonetako alean ere beste horrenbeste egin zen.
Lehen unitateak (“Hasierako egoera neurtzeko galdetegia” eta “Nire egunerokoa hizkuntzei begira”) Gabon aurretik hasi ziren lantzen, besteak Gabon osterako utziz. Azken horiek lantzeko, ohiko irakasleaz gain, ikastetxeko kulturartekotasun taldeko hiru kideak ere sartzen ziren geletan, ahalik eta koordinazio eta lanketa zuzenena lortu guran. Talde horretako kide bakoitzak bi gelen ardura hartu zuen.
JA-LINGeko unitateak Ingurumena, Euskara, Gaztelania, Ingelesa edo Frantseseko orduetan landu dira, bakoitzari bi-hiru ordu eskainiz.
Martxoan, JA-LING zentroan nola burutzen zihoan ikuskatzeko, Artur Noguerol bera etorri zen Txomin Agirrera.
Maiatzean, unitate guztiak bukatu ostean, berriro hasieran pasatako hizkuntza aniztasunaren aurreko jarrera eta jakintzen inguruko test berdina pasa zitzaien ikasleei.
JA-LINGek haurrengan duen eragina hobeto ikusteko eta lorturiko emaitzen konparaketa hobea egiteko, ikasturtean zehar JA-LING proiektua landu ez zuten ikastetxe batetara jo zen test berarekin. Testa Berriatuko herri ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko haurrei pasa zitzaien. Ikastetxe horretan ikasleen %15 etorkina da.

 

Zein emaitza lortu dira?

Hasteko, zera aipatu behar da: ez dela alde oso esanguratsurik nabari Berriatuko herri ikastetxeko haurrek hizkuntza aniztasunaren aurrean duten jakintza eta jarreraren aurrean, eta Txomin Agirre ikastetxeko haurrek lehen testetan adierazten zutenaren artean. Hau da, hasierako testean parte hartu duten LH3tik DBH1era bitarteko 123 ikasleek JA-LING landu aurretik hizkuntza aniztasunaren aurrean jarrera eta jakintza antzekoa adierazten dute (are gehiago, hitzen aurrean nahiz grafien aurrean egiten dituzten hausnarketak, nahiz eta okerrak izan, askotan berdinak dira bi ikastetxeetako haurren artean).
Baina mamira joz, zer-nolako emaitzak lortu dira JA-LINGen Euskal Herriko lehen esperientzia honetan? Bai Txomin Agirre ikastetxeko zuzendaritzaren arabera, bai eta proiektu honen arduradunen arabera, merezi izan du zentroan proiektu hau martxan jartzeak, hasieran lortu ziren emaitzetatik bukaeretakora alde handia baitago. Are gehiago, lortu diren emaitzak ikusita eta aurten egin diren akatsetatik ikasiz, datozen urteetan ere proiektua lantzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.
Alde batetik, hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean ikasleengan jarrera aldaketa nabaria egon da, bai eta hizkuntza berri bat ikasteko grinari begira ere.
Hasierako testean adierazi zutenez, beraien inguruan idatzita nahiz ahoz antzematen zituzten hizkuntzak eskolako hizkuntzetara mugatzen ziren bereziki (eta asko, euskara eta gaztelaniara soilik). Azken testen emaitzen arabera, aldiz, hori guztiz aldatu da. Orain, egunero entzuten dituzten hizkuntzen artean, wolofera, arabiera, errumaniera, txinera… aipatzen dituzte, eta idatzizkoari loturik ere, batez beste zortzi hizkuntzatik gora aipatzen ditu bakoitzak. Horri lotuta, hizkuntza berriak ikasteko grina ere sortu da ikasleen artean, eta hainbat guraso etorri dira esanez beraien seme-alabek orain italiera, arabiera edota txinera ikasi nahiko luketela.
Horrekin batera, hizkuntzen inguruko jakintza ere asko hobetu da, eta aldi berean, horrek beste kulturekiko interes eta jarrera positiboa ekarri du, etorkinen eta bertakoen arteko harremanak hobetuz eta ikasle etorkinen autoestimua goratuz. Esaterako, hasieran, Marokon “marokiarrez” hitz egiten zela uste zuten ikasle gehienek, eta Ondarroan dauden beltz guztiek, “afrikanoa”. Orain badakite “marokiarra” edo “afrikano” hizkuntzarik ez dela existitzen, eta esaterako, Marokon bi hizkuntza nagusi behintzat badaudela: arabiarra eta berberea, zeinak ez daukaten zerikusirik ezta grafian ere. Aldi berean, ikasi dute bai ikastetxeko ikasle afrikarrek, bai kalean ikusten dituzten beltzek, beraien jatorrizko lurraldearen arabera, hizkuntza bat edo beste hitz egiten dutela: peul, soinke, wolof, fula… Edo gure kasuan bezala, hizkuntza bat baino gehiago.
Bestetik, eta hizkuntzen inguruko jakintzekin jarraituz, hasieran latinetik, germaniarretik, eslaviarretik, zeltiarretik… zein hizkuntza datozen ia inork ez zekien bitartean (latinaren kasuan, gehienez jota ere, gaztelania, frantsesa, italiera eta portugesa aipatzen dituzte), bukaeran, batez beste, talde bakoitzeko hiru behintzat aipatzen dituzte.
Gurea ez beste grafia batean idazten diren hizkuntzen zerrenda ere (eta horien identifikazioa testuetan), hasieran, asko jota, arabierara eta txinerara mugatzen zen. Aldiz, bukaerako testean %87k bertan jarri ziren sei grafia motak (georgiera, armeniarra, greziarra…) ongi identifikatu zituen.Eta bukatzen joateko, zer esanik ez hizkuntzen ikaskuntzan laguntzen duten gaitasun metalinguistiko eta kognitiboen garapenean izan den aurrerakuntza. Hizkuntza familietan oinarrituta eta gaitasunon lanketa bide, bukaerako testean, % 97k bertan agertzen diren zortzi hitzak ongi itzultzen ditu euskarara (hasierako proban ehunekoa ez zen %50era ere iristen).
Azken emaitzei edota lorpenei begira, ez dago adinari begirako alde esanguratsurik; hau da, LH3tik DBH1era ikasle guztiei test berberak pasa zitzaizkien eta unitate berberak landu dituzte, eta LH3ko haurrek ez dituzte DBH1ekoek baino emaitza kaxkarragoak lortu jakintzei eta jarrerei dagokienez. Are gehiago, aurrerakuntzarik handienak LH3an eta LH6ko bi taldeetan eman dira. Hori horrela gertatu izanaren arrazoi zehatzik ez dugu, baina uste da, zerikusi handia izan duela bi talde horien tutoreek proiektu honetan benetan sinestu eta inplikatu izanak. Hau da, proiektu hau ez dago ikasleei begira soilik, baita irakasleei ere, denak aberasten batira hizkuntza aniztasunaren inguruko jarrera, gaitasun eta jakintzen inguruan; baina noski, ikasleei mezua heltzeko, lehenik norberak sinestu behar.
Irakasleek, ikasleekin unitateak lantzen ari ziren bitartean, lehenago sekula jabetu edo ikasiak ez zituzten hizkuntzen inguruko hainbat kontu barneratu dituzte (Afrikako hainbat lurraldetan hitz egiten diren hizkuntzak eta horien ezaugarri batzuk, grafia desberdinak, hizkuntza familiak, estrategia metalinguistikoak...). Beraien ikasle etorkinen hizkuntza eta kulturaren inguruko bitxikeria ugari ikasi dituzte; aniztasuna, gauza positibo eta aberasgarri moduan landu dute curriculumaren barruan; beraien ikasle etorkinen hizkuntzan hitz batzuk esaten ikasi dute... Azken finean, proiektu honek ez du ikasleengan soilik eragina, baita, eta behar bada gehiago, irakasleengan ere.

 

Eskerrik asko proiektu hau aurrera eramaten lagundu duzuen guztioi: Artur, Jesus Mari, Garbiñe, Marta, Berriatuko herri ikastetxea...

 

JA-LINGen inguruko

informazioa euskaraz:

 

- ARAMAIO, Itziar; ORTEGA Ima: JA-LING EUSKARAZ: materiala eta informazio bilduma CDan. Behin behineko bertsioa, 2006.

12 unitate didaktiko euskaratuak; JA-LINGen ildotik doan filosofia eta horren inguruko bibliografia osatua (Aramaio, I); Lehen Euskal esperientzia (Txomin Agirre ikastetxea);...
- ARAMAIO, Itziar: “EVLANG europar programa”, in HIK HASI 79 (2003), 30-32.
- ARAMAIO, Itziar: “EOLE”, in HIK HASI 77 (2003), 28-31.
- ARAMAIO, Itziar: “Didaktika integratzailearen ekarpenak”, in HIK HASI 83 (2003), 30-32.