Hizkuntzaren transmisioan familia da gakoa

Sortu berria den umeari, biziko bada, hainbat gauza eman behar zaio: maitasuna, arreta, elikadura, jantzia… bai eta hizkuntza ere. Hizkuntza gure bizitzaren lehen unetik inguruarekiko harremanean ezinbesteko tresna da eta haurrak gurasoekin eta ingurukoekin komunikatzeko, beharrak adierazteko, jolasteko, hezteko… eta, oro har, bizitzeko ezinbesteko tresna du. Haurtzaroaren lehen urteetan familia denez bere mundu osoa, familia da biderik aproposena haurrak euskara ikas dezan. Etxean ikasiko duen hizkuntza haurraren lehena izanen da, haurraren lehen esperientzia afektibo eta kognitiboaren hizkuntza nagusia, alegia.

Beraz, haurraren hizkuntzaz pentsatzea haren heziketa osoaz, haren ziurtasun pertsonalaz eta gizartearekin izanen duen harremanaz pentsatzea da.
Hizkuntza ez ezik, hizkuntzarekiko interesa eta maitasuna ere irakats daitezke familia gunean eta horretarako, gurasoak dira haurraren lehen eredua, hizkuntzaren kalitatean nahiz erabileran.
Haurrari euskaraz mintzatzeaz gain, aita eta ama elkarren artean ere euskaraz aritzen badira, haurrari euskararen balio osoa transmitituko diote, euskara nonahi eta zernahiren gainean erabiltzeko hizkuntza dela, hain zuzen ere.
Familia hizkuntza ikasteko eremurik lehen eta garrantzitsuena da, beraz, baina ez bakarra. Haurrak etxean, familia giroan, ikasi nahi duen euskara gurasoen eskuetan dauden hamaika erabakik osatu eta sendotzen ahal dute. Familiarekin batera, umearen eta gerora gaztetxoaren hizkuntza eredua, bestelako eragileren esku ere egongo da: haurtzain euskaldunen esku, eskola eredu euskaldunaren esku, eskolaz kanpoko jardueretako begirale eta arduradunen esku… Horretaz gain, egun haurrak euskaraz jolastu eta ikasteko dituen produktuen eskaintza zabala da eta gurasoen aukerak, kasu honetan ere, hizkuntzarekiko maitasuna ekar dezake ondorio gisa.
Esan dezagun, txiki-txikitatik haurrak euskara ongi ikasiko duela bermatzea, geroan beste hizkuntza batzuk ikasteko erraztasuna ziurtatzea dela, alegia, eleaniztasunerako bidea eraikitzea eta irekitzea.

ZER EGIN

Nola eragin hori horrela izan dadin

Guraso askoren uste okerra da heziketa euskaraz jasotze hutsak euren haurrak euskaldunduko dituela pentsatzea. Heziketa munduan murgilduta gaudenok badakigu, ordea, eskolaren eta familiaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela gazteak euskaraz bizitzera irits daitezen.

Zentzu horretan, egiteko handiak dituzte beren gain eskoletako aginte organuek: artezkaritza batzorde eta zuzendaritzek. Eurei dagokie erabakitzea zein neurritan inplikaraziko dituzten gurasoak egiteko honetan eta zein estrategiaz baliatuko diren eurengana iristeko eta eurengan eragiteko.
Eskolak osatzen duen komunitatean euskararen normalizazioan adorez ariko diren Guraso batzordeak sortzea eta eskolako Hizkuntz Normalkuntzarako batzordearekin elkarlanean aritzeko bideak jorratzea, ohiko guraso bileretan gaiordenaren barruan familiak hizkuntzaren transmisioan eta erabileran kokatzen duen paperaz hitz egitea bezalako urratsak ematea ezinbestekoa dugu aurrera egiteko.