Erlijioak ba al du lekurik ikastetxe laikoetan?

Eskola laikoa eta erlijioa

Ezinbestekoa deritzot, lehenik eta behin, eskola laikoaren eta Erlijioaren irakaskuntzaren artean, nire ustez, egon behar duen harremanari buruzko azalpena emateari. Eta hasiera moduan esan nahi dut oso garrantzitsua iruditzen zaidala gai bati heltzea: heziketa sistema baten barnean, ikastetxe pribatuaren eta publikoaren artean, egon behar duen harremanari, alegia. Bereziki azpimarratu nahi nuke batean izaera osagarria duela Erlijioak; bestean, berriz, autonomoa. Nire aburuz, printzipioz, objektiboki independenteak izan beharko lukete batak bestearengandik. Beste batzuen ustez, aldiz, ikastetxe pribatuak publikoak historian izan dituen gabeziak estaltzeko zeregina besterik ez du izan behar; hala, herritar guztiei heziketa jasotzeko duten eskubidea ziurtatu beharko luke, ikastetxe publikoa guztiengana iristen ez denean.
Hori esanda, gehitu nahi dut, ikaskuntza erlijiosoa edo ez-erlijiosoa aukeratzeko eskubidea —eta ez soilik juridikoa edo formala— onartuta dagoela, eta ezinbestekoa dela aukera hori egiteko modua egotea; beraz, ikastetxe laikoak eta ikastetxe erlijiosoak, biek, egon beharko dute aukeran. Baina horrek ez du esan nahi azken horiek Elizarenak izan behar dutenik.
Ikastetxe laikoaren testuinguru edo kontestu zehatzari begiratuko diogu, beraz. Bertan, ikastetxe laikoaren eta erlijioaren arteko rincontro baterako aukera proposatzen da. Horretarako, balio etiko batzuk aurkeztuko lirateke, hain zuzen, historian zehar erlijio motibazio batez lagundu izan diren balio etikoak. Motibazio horrek, dirudienez, baztertuta egon beharko luke, printzipioz, ikastetxe laiko batean. Horregatik, nire ustez, argi eta garbi adierazi beharko litzateke zein izan beharko litzatekeen aipatutako rincontro horretara joz erdietsi nahi den helburua.
Egia esan, nik neuk ez dut asmatzen zein izan daitekeen helburu hori. Agian, derrigortasun etikoari hertsiki loturik dagoen beharrezko motibazioa onartzeari gutxieneko laguntza ematea; hain zuzen, nola edo hala kontzientea den erlijio sentimendu batetik sortutako motibazioa, bizi garen inguruneko aztarna kultural moduan bizirik iraun duena, onartzen laguntzea. Halatan, Erlijioaren aurkako jarrera gutxi-asko indartsua dela tarteko, badirudi erdietsi nahi den helburuari begira kaltegarria izan daitekeela ikastetxe laikoan erlijio baliabidera jotzea.

Ikastetxe publiko laikoa eta erlijio etika

Nolanahi ere, kontua oso bestelako moduan aurkez dezakegu, baldin eta kontuan hartzen badugu ikastetxe laikoaren izaera “publikoa” edo “gizarte ekimen” izaera. Izan ere, gizarte talde baten aukeraren emaitza izan baitaiteke ikastetxe laikoa, heziketaren alorrean askatasunez pentsatzeko daukaten eskubidearen emaitza. Eta, ondorioz, “gizarte ekimeneko” ikastetxe laikoak izango lirateke. Estatuak nahitaez guztiontzat ikastetxe “publiko” laikoa inposatuko balu, egoera zeharo desberdina izango litzateke. Hezkuntza bateratu laikoaren hipotesi honetan —gizarte laiko baten egitasmoa oinarrian izanda, guztioi inposatutakoa, eta ikastetxearekin modu koherentean jokatuz— planteatu ahal izango litzateke, hain zuzen, orain hizpide dugun rincontro delakoa.
Egia esan, zentzuzkoa litzateke pentsatzea gure gizartean, oraindik ere erlijioak bere garrantzia duen eta, beraz, datu hori baztertzea ezinezkoa den gizartean, ikastetxe publiko laikoa derrigorrez inposatuko balitz —baita hezkuntzan erlijioaren aukeraren aldeko sektoreentzat ere—, ezinbestean sortuko litzatekeela gatazka. Gatazka horri hemen iradokitzen den rincontro baketsu batez aurre egiten saiatuko litzateke, hain zuzen. Sustrai erlijiosoak dituzten eduki etikoak irakatsi, eta horrela erlijioari nolabaiteko txokoa emanez, ikastetxeetan Erlijioa kontuan hartzen dela adierazi nahi izango litzateke. Egia esan, ni ez nengoke ados gisa horretako proposamenarekin. Eta arrazoia azalduko dut.
Etikan bi alderdi bereizten ditut: balioen edukiena batetik; eta derrigortasunarena, bestetik. Horixe baita balio etikoen ezaugarri nagusia. Kristau ikuspegian oinarritutako etikari dagokionez bederen, nola dimentsio bat, hala bestea, gizakiari eman nahi zaion zentzuaren eta proiektuaren ulermenetik ezin bananduzkoak dira. Beste modu batera esanda, etika kristauaren ulermena —nola bere edukiei begira, hala bere derrigortasunaren arrazoi formalari begira— hertsiki loturik dago kristau fedearekin. Eta heziketaren eremuan ere horixe adierazi beharko da.
Hala izanda, erraz uler daiteke kristau tradizioaren eduki etikoa ere, hau da, erlijiozkoa, ez etortzea bat soil-soilik zibila den etika baten edukiekin, hots, irakaskuntza laikoari dagokion etikaren edukiekin. Izan ere, Etika ulertzeko modu baten eta bestearen arteko desberdintasunak azaltzean, ezinbestekoa litzateke bizitzaren zentzua ere azaltzea. Kristau etika izango balitz, erlijio gaiak ere landu beharko lirateke nahitaez. Eta, hori, jakina, ez litzateke oso egokia izango ikastetxe laiko batentzat. Izan ere, bere printzipioetan oinarrituz, erlijio gaia zuzenean lantzeko aukera baztertu egin beharko luke.
Horrenbestez, ikastetxe laiko bat aukeratu eta erlijio heziketa modu guztiak baztertu nahi dituztenen, eta, bestetik, ikastetxe laikoa aukeratuagatik, etikaren bitartez erlijioak tartea izatea ziurtatzea nahi dutenen arteko rincontro hori ez zait ez koherentea ez egokia iruditzen heziketa zentro bati begira. Erabat abstraktuak diren proposamenetan egin daitezkeen kontzeptu bereizketak, nire ustez, ez datoz bat trebakuntza eta garapen prozesuan nortasuna garatzeari begira dagoen heziketa proiektu batek eskaini behar duen barne harmoniarekin eta batasunarekin.

Balio etikoetan heztearen oinarrizko printzipioak

Heziketari buruz ari garelarik, ezinbestekoa da gutxienez bi alderdiri erreparatzea; ondo bereizi beharreko bi alderdiri, hain zuzen.
Bata, alderdi antropologiko-filosofikoa da, edo hobeto esateko, teorikoa, heziketa proiektu moduko bati buruzkoa, alegia. Bertan, heziketa jardueraren bitartez erdietsi nahi dugun helburua zein den definitu beharko litzateke. Ikuspegi honek, bereziki, buruan izan behar dugun pertsona “eredu” edo mota osatu beharko luke. Hartara, hezitzaile garen aldetik, eredu horren arabera jokatu beharko genuke.
Bigarren alderdiak, berriz, bitarteko pedagogikoak bilatzea eta atontzea du xede, edo bestela esanda, bakoitzari praktikan egokituz, finkatutako helburua erdiesteko erabil ditzakegun baliabideak bilatzea eta atontzea.
Nire aburuz, behar-beharrezkoa da bi dimentsioak elkarrekin lantzea. Alabaina, ez dakit hala gertatzen ote den. Behar diren bitartekoak izan gabe helburuak finkatzea, zertarakorik jakin gabe, bitartekoak ez izatea bezain alferrikakoa iruditzen zait.
Horrez gain, heziketa bikain bat lortzeak berez duen zailtasunak elkarlana eta lankidetza eskatzen ditu, horiek izan gabe nekez erdietsiko baikenuke lortu nahi dugun helburua.

Gizakiaren konplexutasuna eta aberastasuna

Gizon-emakumeak hezteko —eta, bereziki, balio etikoetan hezteko— lehenik “pertsona” zer den jabetu behar dugu eta bere aurrean behar den moduan “kokatu”, pertsona delako —besterik gabe— zor zaion errespetua aitortuz eta era berezian, gainera, pertsona hori hezigai baldin bada. Ezinbestekoa da bere ahultasuna onartzea, eta baita izan dezakeen aberastasuna aintzat hartzea ere, hezitzaileak onartu eta sustatu beharreko garapen aukerak baitira.
Ageri-agerikoa dena esan dugu, baina horrexek, hain zuzen, sustrai-sustraiko arazo baten aurrean jartzen gaitu hasieratik bertatik. Ez da bidezkoa hezitzaileak egituratzea (programatzea) hezigai duen pertsona. Gizakiak bere barnetik osatu behar du bere burua, hau da, heziketa prozesuan barrena pixkanaka-pixkanaka bere buruaz jabetzen joango den kontzientziatik. Denok ezagutzen ditugu ikasleen nortasuna egituratzeko finkatzen diren heziketa sistemei —ideologien eta botere ekonomiko, politiko eta baita erlijiosoen arabera finkatutakoei ere— egiten zaizkien kritikak; beren ideologia eta interesak transmititzeko bitarteko besterik ez baita horientzat hezkuntza. Bestelakoa izan behar du pertsonaren berezkoa helburu duen heziketak: bakoitzaren kontzientzia abiapuntu duen giza aberastasuna, hain zuzen.
Esan nahi dudana laburbilduz, heziketa zeregina nortasuna garatzeko prozesuari emandako laguntza gisa ikusi beharko genuke. Prozesu hori egiten baitoa hasiera-hasieratik, hezi nahi dugun pertsona ororengan. Eta ez genuke heziketa ikusi behar, hezitzaileen eskura jarritako bide pedagogikoen eragin eta nagusitasunaren ondorioz, bakoitzaren izaera bere nortasunaren kanpotik egituratzeko aitzakia gisa. Gizon emakume bakoitzari erabateko begirunea edo errespetua zor zaio; eta gizakiaren ahultasuna zenbat eta nabarmenagoa izan, orduan eta begirune handiagoa eta sakonagoa zor zaio.
Baina, era berean, kontuan izan behar dugu gizakia txiroa, ahula dela, ez soilik fisikoki, baizik eta baita bere moralari, edo, bestela esanda, bere espirituari dagokionez ere, bere kontzientzia eta askatasunetik abiatuta bere buruaren jabe egiteko gauza den neurrian. Izan ere, ezin bailiteke pentsa, gizakia bere osotasunera iritsiko denik naturazko senak eskatzen diona burutuz, animaliek egin ohi duten moduan. Horregatik, gizakiak, bere ahultasuna kontuan hartuta, nor izatera iritsiko bada, zabalik egon behar du kanpotik jaso ditzakeen eragin guztien aurrean, askatasunez bere nortasuna garatu nahi duen gizakia denez gero.
Nortasunaren heziketaren dimentsio bikoitz hori bateratzeko modua ezin da behin betiko definitu. Horri egokitu behar diogu, beraz, “nortasunaren garapena” hitzekin esan nahi duguna, sarritan, hitz horiekin adierazten ari garenaz jabetzen ez bagara ere. Bide batez, kontuan hartu beharko ditugu heziketa zentrotik eta eskolako zereginaren kanpotik hezkuntzak jasotzen dituen eraginak ere. Baina egia esan, ikaslearekin modu egokian jokatu nahi duen hezitzaileak, gizabanakoaren duintasunari begirako errespetuarekin jokatzen duenak, alegia, aztergai dugun ezaugarri bikoitz honi erreparatu beharko dio une oro: gizakiaren berezko askatasunari eta berarekiko eraginari, jatorrizko duen txirotasuna kontuan hartuta. Horri, laguntza pertsonalizatua edota banan-banako laguntza dei diezaiokegu.
“Bateratu” kontzeptua apropos erabili dut, nahiz eta “orekatu” hitza ere erabil nezakeen. Horrekin adierazi nahi dudanak hezitzailearen osagarri izan beharko luke, gizakiaren beraren aberastasun edo konplexutasuna oinarrian izanda.
Adierazi nahi dut heziketak kontuan izan behar duela, gizakia berez dela izaki irekia, era askotan eta konplexuan adierazten dena. Horrenbestez, hezitzaileak bere gurarien arabera jokatuko balu, eta heziketa zeregina aurrera eramatean bere ideologia edo interesei begira ariko balitz, era askotako irekitasun hori ixteko arrisku itzela legoke. •