Alboan fundazioa herrien elkartasunaren alde lanean

Bere baitan hainbat sail dauzka, hala nola, nazioarteko elkarlana, hezkuntza eta boluntariotza, komunikazioa, kudeaketa eta eragintza politikoa eta sareak. Dena dela, artikulu honetan hezkuntza alorrean egiten duten lana ezagutuko dugu.

Elkartasunerako hezkuntza

Errealitatea eraldatu ahal izateko, hori eraikitzen duten pertsonak trebatu beharra dagoela uste dute Alboanekoek, horrela, jendartea aktiboagoa, kritikoagoa eta solidarioagoa izateko aukerak ugaritzen baitira. Horretarako, giza garapena Hegoaldeko herrialdeetan soilik lantzearen ideia gaindituz, Iparraldeko eskola formalekin, ez-formalekin nahiz boluntarioekin egiten dute lan hainbat tresna hezitzaileren laguntzaz.
“Besteak beste, jarrera eta pentsamolde insolidarioak, pentsaera akritikoa, mobilizazio eta parte-hartze sozial urria eta injustizia dakarten egitura eta mekanismoak aldatzen saiatzen gara GGKEak Iparraldeko gure gizarteetan”, dio Nahia Intxaustik, Alboaneko elkartasunerako hezkuntza eta boluntariotza arloko kideak.
1998an, irakasleekin batera lan talde bat sortu zen Alboanen, eztabaida gune bat, eskoletan garapen eta balioen inguruan sumatzen ziren beharren inguruan diagnostiko bat egiteko asmoz. Gogoeta horietatik abiatuta, ekarpenak eta proposamenak zehazten joan ziren. Horien ondorio dira gaur egun denon eskura dauden material hauek:
Irakasleak protagonista
“Alboanen hasieratik argi ikusi zen irakasleekin elkarlanean lan egin nahi zela eta hezkuntza materialak beraiek egin behar zituztela. Horregatik, Alboanek, proiektua koordinatu eta aholkularitza eskaini du, baina irakasleak izan dira proiektuko benetako protagonistak. Garrantzitsua da hori, beraiek motibatzeko eta sentsibilizatzeko, eta baita beste irakasleentzat eredu izan daitezkeelako ere”, dio Nahiak.
Beraz, Fundazioak lan egiterako orduan argi izan duen gakoa da irakasleak gai horietan inplikatzea eta motibatzea. “Materiala egitea bezain garrantzitsua da beraiek ikasgeletan lantzea, ez guk, izan ere, irakasleek sentitu behar dute hori egiteko beharra eta ardura. Beraiekin lotura zuzena eduki nahi izan dugu beti”, dio Nahiak. “Hala, unitate didaktikoen proiektu hau burutzeko, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 10 bat irakasle eta hezitzaile inplikatu dira”. Hauek metodologia berritzailea erabili dute, dinamikoa eta ikasleen parte-hartzean oinarritzen dena; hala nola, rol playing-ak, eztabaidak eta antzerkiak. Funtsean, ekintzen oinarrian hausnarketa eta talde lana dago.
Materialgintzan lan ugari egin bada ere, horri zabalpena ematen beste hainbeste egin behar dela uste dute Alboanekoek. Izan ere, askotan eskolek ez dituzte materialak ezagutzen, eskolan gauza asko jasotzen dituztelako. Horregatik, beraiekin kontaktu pertsonala izaten saiatzen gara. Behin gure materialak ezagututa, askok interesgarri ikusten dute materiala eskolan izatea.
Materiala eskolan sartzen den unetik, eskola horiekin harremana egonkorragoa izaten saiatzen dira, behar den laguntza emateko eta materialaren egokitzapena ebaluatzeko. Irakasleek nola lantzen dituzten aztertzen dute, ea zein den benetako aplikagarritasuna, gabeziak eta lorpenak zein diren eta abar.
Edonola ere, aberasgarriagoa deritzote balioen gaia ikastetxe osoan islatuko den proiektu gisa lantzeari, eta ez soilik ikasgai zehatz batzuetan lantzeko, tutoretzetan, erlijioan edo alternatiboan, esaterako. Horregatik, eta aurreko proiektuarekin Lehen Hezkuntzako beharrak ase gabe gelditzen zirela kontuan hartuta, irakasle guztiak barne hartzen dituen eskola proiektu baterako materiala sortzeari ekin zioten, hain zuzen ere, diziplina anitzetan landu daitekeen proposamen globala sortzeari.
“Munduko hiritarrok: gure munduko protagonistak gara”
Eskolako beharrari erantzunez, herritartasun gaia ikastetxeetan lantzeko hezkuntza proposamena da “Munduko hiritarrok”. Herritartasuna lantzeko oinarrizko hiru gai lantzen dira hainbat materialekin; eskubideak eta erantzukizunak, gizartean parte hartzea eta gatazkak konpontzea. Ez dira fitxekin lantzeko gaiak, eztabaidak eta talde lana bultzatzen duten metodologia saioak baizik.
Azkenaldian hainbeste entzuten den gaia denez, Alboan fundazioak herritartasunari buruzko ikuspegi propioa eskaini nahi izan du. “Herritartasunaren ideia bultzatu nahi dugu, eta hori dela eta, munduan beste herrialdeekin interdependentzian gauden herritarrak garen ideia lantzen dugu. Ondorioz, gure inguru hurbilean (etxekoekin, eskolakoekin, herriarekin) nahiz beste herrialdeetako pertsonekin errespetua, elkartasuna nahiz dugun ardura landu nahi ditugu, besteak beste”, zehaztu du Nahiak. Material honetan, hiritarrok izan behar ditugun balioak eta jarrerak lantzen dira, esan bezala, ingurune hurbiletik ingurune zabalago batera aplikatuz.
Apirila bukaeran hezkuntzaren aldeko munduko kanpaina
Urtero burutzen den kanpaina hau hezkuntza eskubidearen alde egiten da munduko 120 herrialdetan, oraindik ere 125 milioi haur daudelako munduan eskolara joateko aukerarik gabe. Nazioarteko koalizio bat denez, munduko hainbat herrialdetako sindikatuak, irakasleak, mugimendu sozialak zein GGKEak daude inplikatuta. 1999. urtetik ari da kanpaina lanean eta 2005. urtean bost milioi pertsonak hartu zuten parte. “Guri ez zaigu kanpaina puntualak egitea gustatzen, ildo berezirik jarraitzen ez dutenak, baina kanpaina hau garrantzitsua ikusten genuen, mundu mailan egiten delako, urtero-urtero jarraian egiten delako eta politikoei eurek hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen diegulako, presio politikoa eginez”, azpimarratu du Nahiak. Aurtengoan, ALBOAN fundazioaz gain Intermon eta antolatzaile lanetan jardun da, eta sindikatu batzuk ere kolaboratzen aritu dira.
Urtero apirileko azken astean egiten da, herrialde guztietan. Ikastetxe bakoitzak unitate didaktiko bat lantzen du eta, ondoren, ekitaldi bat egiten da politikoekin, haurrek gai hauekiko duten iritzia eta dituzten eskabideak eurei aurkezteko.
Aurten, “neska mutil guztiek behar dituzte irakasleak” izan da lema, eta haur guztiak eskolatzeko dagoen irakasle beharra eta horien prestakuntzaren garrantzia azpimarratu nahi da. Ildo horretatik, eskaera garbia egin dute haurrek: berehalako neurriak hartu behar dira 2015erako mundu osoan hezuntza errealitate izan dadin. •

MATERIALA

Erakusketak - “Ezagutu munduko arazoak, ikasi

elkartasuna zer den.”
- “Kanbodia, sufrimenduaren eta
itxaropenaren artean”
- “Borondatezko lana, pertsona guztiei
zabaltzen zaien atea”
- “Indiarekin aurrez aurre”
- “Barneratu Indian Adivasiekin”
- “Pertsona errefuxiatuak eta desplaza-
tuak ere eskubideen jabe.”

Ikus-entzunezko materiala - “Adivasi, herriaren berpiztea” (India)

- “Aguaruna, Huambisa lurraldea”
(Peru)
- “Eskubideak eta betebeharrak.
Eskubideak eta erantzukizunak”
- “Auzolan. Parte-hartzea”
- “Ahimsa. Gatazken konponketa”
- “Janavak” (aniztasuna)
Aholkularitza eta
trebakuntza - Elkartasunerako hezkuntza
- Borondatezko lana
- Errealitatearen analisia
- Globalizazioa
- Elkartasuna

UNITATE DIDAKTIKOAK

Elkartasunerako hezkuntza eskolan txertatzen

Alboanek, beste material batzuen artean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako sortu dituen hezkuntza materialak dira. Elkartasuna eta, oro har, balioak eskolen eguneroko bizitzan txertatzeari buruz gogoeta egin ondoren, hainbat irakasgaitarako unitate didaktikoak sortzea erabaki zuten. Horretarako, ikasgaietako irakasleekin batera, curriculum ofiziala aztertu zuten, eta berau elkartasuna sustatzen duten kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko edukiz “blaitu” eta erlazionatu zuten. Dena dela, irakasgai horietatik aparte ere erabilgarriak dira eta erraz egoki daitezke beste hezkuntza eremuetara.

Zor zoroa

Zorpetzearen esanahia, nork zer eta nori zor dion eta kanpo zorraren beste hainbat faktore eta eragin hausnarrarazteko materiala da, ekintza proposamen ugarirekin.

Irakasgaia:

Ekonomia, Geografia
ekonomikoa

Giza Harremanak

Estatu eta hiritar kontzeptuak, estatuaren betebeharrak eta hiritarren eskubide eta betebeharrak erabiltzen dira mundu mailako lau gatazka aztertzeko. Gatazka horien sorburuak, eragileak eta bake plan alternatiboak lantzen dira.

Irakasgaia:

Filosofia

Zientzia eta eboluzioa

Zertarako balio du zientziak? Ekonomia, gizarte edo kultur faktoreek ez al dute adierazten zientzia? Biologia lantzeko bestelako ikuspegia dugu hau. Material honen bitartez Zientziaren teoria batzuk zalantzan jarriko dira.

Irakasgaia:

Biologia

Lurra begibistan

Talde lanen bitartez, Iparraldea-Hegoaldearen arteko harremanak lantzen ditu, hiru ardatz hauek oinarri hartuta: Iparra-Hegoa gatazkaren oinarrizko ezagutza, Ipar Amerikaren giltzarri historikoak eta merkataritza-neokolonialismoa.

Irakasgaia:

Geografia
ekonomikoa

Lerro artean irakurtzea

Mundu globalizatuan gizarte komunikabideek duten zereginetik abiatuz, telebista ohiturak zein prentsa aldizkariak aztertzeko aukera ematen du material honek. Tartean, emakumearen irudia eta etorkinen gaia jorratzen ditu.

Irakasgaia: Hizkuntza

Zentzumenak irakasle

Ikusmenarekin, dastamenarekin, entzumenarekin, usaimenarekin eta ukimenarekin begiratu eta irakurtzeko eta gure emozioak behatzeko aukera ematen duen materiala. Artearekin eta gure sentsazioei izena ematearekin lotutako ariketa sorta.

Irakasgaia:

Hizkuntza eta Literatura

LANTZEN DIREN IDEIA NAGUSIAK

“Eskubideak eta

betebeharrak”

Pertsona orok bere eskubideak eta betebeharrak dauzka. Gure betebeharrak betetzen ez ditugunean beste pertsona batzuek euren eskubideak galtzen dituzte, eta beraz, gutxi batzuen eskubide bilakatzen direnak, pribilegio bihurtzen dira.

Ikasgelan eguneroko kontuekin lantzeko moduko gaia da hau, haurrak besteen eskubideen eta gure betebeharren kontzientzia hartzea da helburua. Ingurune hurbiletik hasita maila globalago batean aplikatuz, natura, kontsumoa, aniztasuna eta beste hainbat gai jorratzen dira.

“Gizartean parte hartzea”

Bizi garen munduko protagonistak izateko eta pertsona ororentzako mundu duin eta justuagoa eraikitzeko aukera lantzea da material honen azken helburua. Jolas kooperatiboekin edota beste baliabide batzuekin talde lana sustatzen da, errespetua eta desberdinaren elkar balorazioa sustatuz.

Gure inguruneko hainbat gaitan parte hartzea bultzatzen du, gertuko eremuetatik hasi eta eremu zabalagoetara. Besteen iritziekin bizitzen ikasi behar dugu, eta horretarako funtsezkoa da parte hartzea.

“Gatazkak konpontzea”

Askotariko pertsonak eta iritziak elkartzen diren unean, gatazkak sor daitezke, eta hiritarron zeregina da horiek konpontzeko bideak aurkitzea. Aurreko materialetan bezala, lan ildoa eremu gertuenetik eremu zabalenetara hedatzea da, ikasgeletako arazoetatik mundukoetara.