Zamakola ikastetxea, Bilbo:Gatazkak konpontzen ikasi dute, eta gainera, hezibide bihurtu dituzte

50eko eta 60ko hamarkadetan etorritako etorkinen auzo honetako eskola publikoan, 2 urtetik 12ra bitarteko 600 haur inguru biltzen dira. Ikastetxea beti sentitu izan da auzoaren hobekuntzan eragin zezakeen eragile aktibo. Eta hori hala izan da, hein handi batean, irakasle taldea proiektu komun baten inguruan bildu delako: bertan parte hartu dutenez, eskola bere egin dute, taldean lan egin dute, esperientzia positiboak eta negatiboak partekatu dituzte eta erabateko inplikazioarekin hartu dituzte erabakiak. Lan taldearen egonkortasuna funtsezkoa da urteetan zehar iraun dezan. Era berean, prozesua koherentea eta onartua baldin bada, langileek zentroan gelditzeko hautua egiten dute, eta ordezkoek ere itzultzeko ahalegina egiten dute. Baldintza horiei esker, lan taldeari nortasuna eta indarra ematen dion irakaskuntza kultura sortzen ari dira.

“Bizi gaitezen elkarrekin” proiektua

Duela 6 urte abiatu ziren, eta urtez urte adar guztiak landuz doaz. Non dago horren guztiaren iturburua? Kepa Mallea irakasleak dioenez, “irakasleen hausnarketa batetik abiatu ginen. Ikaskuntza eta eskolako martxa oztopatzen zuten hainbat zailtasun zeudela konturatu ginen. Hori aldatzeko gogoa genuen; gure ikasleek elkarrekin bizitzen ikastea nahi genuen”. Irakasleentzat elkarbizitza ona ez da curriculumeko edukiak irakasteko behar den baldintza bat soilik, baizik eta berez oinarrizkoa den ikasketa. Eskola da testuinguru egokiena elkarbizitza zer den ikasteko, bertan adin, jatorri eta hizkuntza askotariko haurrak elkartzen direlako. Halere, familiak, auzoak eta komunikabideek ere badute zer egina, eta hori ez da ahaztu behar.
“Bagenekien ez zela gauetik goizera lortzen aldaketa. Sozialki eta aktiboki eraiki behar da elkarbizitza ona. Horregatik, gure proiektuan eguneroko jardunarekin lotutako hainbat alderdi lantzen ditugu”, azaldu du Kepak. “Poliki-poliki eskolako funtzionamendua aldatzen goaz, curriculumeko zenbait edukiri garrantzi handiagoa ematen, eta taldekako tutoretzei ere bai”.
Goiko taulan ikusten den moduan, “Bizi gaitezen elkarrekin” proiektu zabalak hiru ardatz nagusi ditu: gizabanakoak, ingurua eta elkarbizitza. Horietako bakoitzetik hainbat arlo edo zeregin ateratzen dira; guztira bederatzi izendatu dituzte:
1.- Eskola komunitateko partaide guztiak ingurunearen zainketan inplikatu.
2.- Auzoko taldeekin kolaboratu eskola komunitatearen eta ingurunearen garapen kulturala eta hezkuntzakoa bultzatzeko.
3.- Eskola komunitateko kide guztiak aintzat hartuta eta seguru senti daitezen lortu.
4.- Ikaslea bere talde gelan eta eskola komunitatean integratua senti dadila lortu.
5.- Ikasleari bere garapen pertsonalean eta sozialean lagunduko dioten trebeziak eman.
6.- Kulturaniztasuna eta desberdintasuna elkarbizitzarako balio izango diren eskola komunitaterantz joan.
7.- Arauak adostu eta barneratu, betetzea bultzatuz.
8.- Jolastokia heziketa espazio bilakatu.
9.- Ikasleak bitartekaritzan hezi, gatazkak modu konstruktiboan konpon ditzaten.

Gatazkak konpontzeko moduak

Elkarrekin bizitzeak berekin dakar gatazkak sortzea. Ez dugu sexu berdina, ez dugu zaletasun berdinik, ez dugu maitasun berdinik, gauza baten inguruan ikuspegi desberdina eduki dezakegu, interesak ere desberdinak izan daitezke… Baina, halere, elkarrekin bizi behar dugu. Beraz, gauzak adostu egin beharko ditugu; batzuetan arauak jarriz, bestetan elkar jasanez… “Hori ikasi egiten dela uste dugu, eta ikasi egin behar dela. Beraz, guk irakatsi egin behar dugu”, dio Kepak. “’Isildu edo zaplazteko bat emango dizut’ izan daiteke etxeko soluzioa, eta bihar arazoak handiagoa izaten jarraituko du. Eskolan ere hatza erabiliz joka dezakegu: zu hona eta zu hara. Baina hori ez dela ona ikusi dugu. Botere absolutu hori denona da eta, partekatzen ikasten dugunean, orduan abiatzen gara bide onetik. Gatazkak indarkeriaz bideratzen badira, indarkeria gehiago sortzen da. Aldiz, hitz eginez, elkarri entzunez… bideratzen badira, beste ondorio batzuk sortzen dira. Gatazkak ezin dira saihestu, baina bai bideratu eta hezibide bihurtu”.
Hori jakinik, Zamakolako irakasleak prestakuntza jaso zuten Mireia Uranga adituaren eskutik. Teorian ikusitakoa praktikan jartzea izan zen hurrengo urratsa. Alde batetik, errespetuzko jarrerak lantzen hasi ziren tutoretza orduetan, jolastokian, kalean… Eta bestetik, adostokiak eta bitartekariak sortu zituzten.

Zer dira adostokiak?

Izenak dioen moduan, gatazkak sortzen direnean, hitz egitea eta konpontzea da helburua, eta horretarako bereziki sortu dituzten lekuak dira adostokiak. Bi aulki egoten dira, bakoitza sinbolo batekin: ahoa eta belarria. Ahoa duen aulkian esertzen denak egoerari buruz hitz egiten du bere iritzia eta ikuspegia emanez, eta besteak entzun egiten dio. Gero lekuz aldatzen dira. Horrela, gatazka konpontzen saiatzen dira. Ziklo bakoitzerako adostoki bat dago, beste bat jolastokitik hurbil eta beste bat jangela ondoan. “Txikiek berehala konpontzen dituzte arazoak, eta musu emanez edo eskua emanez bukatzen dute. Handixeagoei gehiago kostatzen zaie. Denetik dago” aitortu digu Kepak.

Bakarrik ezin denean, bitartekariekin

Batzuetan adostokira jotzen dutenak ez dira gai izaten arazoa konpontzeko, eta ikasle bitartekarien laguntza eska dezakete. Ikasleen arteko gatazkak bideratzen laguntzen duten ikasleak dira, hamabi guztira: 5. mailako sei eta 6. mailako beste sei. Ikasturte hasieran zapi berde batekin ateratzen dira jolastokira, denek ezagut ditzaten. Bai adostokian eta bai eskolako hormetan haien argazkiak jartzen dituzte.
Beraien lana zera da: bi aldeek lasai hitz egin dezaten bermatzea, gertatu dena eta sentitu dutena adieraztea, txandak ematea; esan dutena berriz laburtzen dute egoera argitzen laguntzeko, eta azkenean, irtenbide bat bilatzen laguntzen diete. Dena idatzi egiten dute, baita hartzen duten konpromisoa ere.
Ikasturtearen amaieran bitartekariek euren esperientzia kontatzen diete gurasoei, eta amaierako jaialdian publikoki ezagutzen zaie egindako lana.
Ikasturtea bukatzean 6. mailako bitartekarien hutsunea bete behar izaten da bitartekari berriekin. Horretarako, 6. mailako bitartekariak 4. mailako gelatara joaten dira euren esperientziaren berri ematera eta hurrengo ikasturterako boluntarioak animatzera. Nahi dutenak borondatez aurkezten dira eta denen artean sei aukeratzen dituzte. Hurrengo ikasturte hasieran prestakuntza berezia jasotzen dute beste sei “zaharrekin” batera eta ikasturtean zehar eskolako aholkulariarekin biltzen dira jarraipena egiteko.

Asko lortu da

Ikasle, guraso eta irakasleen artean inkestak egin dituzte esperientzia honen inguruko iritziak jasotzeko eta denak daude gustura. Besteak beste, honako ondorio hauek lortu direlako:
- Ikasleek ikasi dute arazoak hitz eginez eta entzunez konpon daitezkeela.
- Ikasleen arteko harremanak hobetu egin dira eta adostokiek eragina izan dute horretan.
- Irakasleak lehen baino gutxiago jarduten dira arauak betearazten.
- Haurrak garrantzitsu sentitzen dira, euren gatazken konponketan parte har dezaketela eta hartzen dutela ikusi dutelako.
- Eskolako giroa lasaiagoa da, eta arazoa konpondu gabe zuzendaritzara jo dutenak oso bakanak izan dira. •

HITZA

Entzungo dizut, entzun eidazu
adostokian gabiltza
bion artean zaila denean
dugu bitartekaritza.
Elkar adosten dakigunean
atsegina da bizitza
Gure gatazkak bideratzeko
arma onena da

“Bizi gaitezen elkarrekin” proiektua

Gure ingurua zaintzen dugu
- Inguru fisiko atsegina
- Auzoari irekitako eta auzoan integratutako eskola

Pertsonak zaintzen ditugu

- Inguru segurua
- Berdinen arteko harremana
- Trebezia sozialak eta garapen pertsonala

Elkarbizitza zaintzen dugu

- Kulturaniztasuna eta desberdintasuna balio gisa
- Arauen adostasuna
- Bitartekaritza

Jolaslekua, heziketarako eremu

Zamakola ikastetxea UNESCOren EURED sarean sartuta dago. Bakerako eta Bizikidetzarako Europar Hezkuntza izeneko proiektua darama aurrera. 17 herrialdetako eragileak biltzen dira eta bakoitzak bere arloan egiten duen esperientziaren berri ematen du. Zamakolakoek eskola gisa esku artean duten “Bizi gaitezen elkarrekin” proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Horrez gain, prestakuntza jasotzen dute, gai honen inguruan gero eta jende gehiago egon dadin prestatuta. Azken xedea bakerako kultura sortzea da, eta horretarako prestatu egin behar da: entzun, irakurri, eztabaidatu… Prestakuntza Alemaniako unibertsitate batek ematen die.
Jolastokiaren eraldaketa
Zamakolan jolastokia heziketarako eremu edo espazio bilakatu da. “Bizi gaitezen elkarrekin” proiektuaren barruan kokatuta, duela sei urte hasitako lanaren ondorioa izan da.
Ordura arte, ez zegoen inolako antolaketarik jolastokian: irakasle bakoitzak nahi zuena egiten zuen, bakoitzak bere modura bideratzen zuen, eta ikasleek hori nabaritu egiten zuten. Baloiari “nahikoa da” esateko garaia iritsi zen; mutilak jolastoki erditik kentzeko garaia iritsi zen; irakasleek hitz egiteko garaia iritsi zen. Jolastokiaren zaintza orduak “jasan” beharreko zerbait ziren, eta horri amaiera eman behar zitzaion.
Gainera, ikasleek eskolan pasatzen duten denboraren % 43,7 jolastokian pasatzen dute, eta eremu horrek eskaintzen zituen heziketarako aukerak ez zituztela aprobetxatzen konturatu ziren.
Egoera horretatik abiatuta, jolastokiaren helburuak, arauak, zaintza eta antolaketa aldatu zituzten.
Jolastokia hiru eremutan banatzen dute, eta horietako bakoitzean material desberdinez osatutako kaxak jartzen dira. Adinaren arabera, materialak eta jolasak aldatuz joaten dira. Irakasle bat eta jantokiko begiraleen koordinatzailea arduratzen da jolasak eta materialak prestatzeaz eta antolatzeaz, eta astelehenero ematen zaie asteko “ordutegia”. Ikasleen aldetik, gela bakoitzeko arduraduna bost minutu lehenago joaten da materialak bere gunean jartzera. Bera arduratzen da egun horretan zaintzeaz eta bukaeran gordetzeaz, eta egunero betetzen dute balorazio orria gelara itzuli aurretik.
Ikasleak astean zehar hiru eremu horietatik pasatzen dira txandaka. Ez dute derrigorrez proposatzen diren jolasetan aritu behar, hizketan egon daitezke edo beraien jolasak asmatu. Dena dela, beste batzuei dagokien materiala ezin dute erabili, edo programatutako jolasetan dabiltzanei ezin die trabarik egin.
2002-03 ikasturtean munduko jolasak proposatu zituzten, eta harrezkero hiru hilero aste bat horretara dedikatzen dute. Aurten, bestalde, mahaiko jolas kooperatiboak jarri dituzte liburutegian eta ludotekan.
Irakasleak zein ikasleak oso gustura daude antolaketa honekin. Ikasleak ez dira txoko bakar batean pilatzen. Badakite ez dutela “makinitarik” behar jolastokian lagunekin oso ondo pasatzeko. Eta irakasleek errazago eta askoz lasaiago egiten dute beren zaintza lana.