Uda giroko aisialdia

UDAN, GOZATUZ GARATU

Uda atarian, aisialdiko egitasmoak loratzen hasten dira. Antolatzaileak epe luzean buru-belarri jardun ostean, begiraleak bildu, beharrezko bilerak egin eta abentura hasteko prestatzen dira.
Esparru ez formalean, hezteko aukera aparta eskaintzen digute udako egitasmoek; herria eta jendartea eraldatzeko tresna indartsuak izanik eta dibertsio gune aproposak eraikiz. Haur zein gazteentzat, esperientzia ahaztezinak bihurtzen dira, beraien eguneroko bizitzan egiten ez dituzten ekintzak bizitzeko eta gozatzeko aukera ematen dietelarik. Eta pertsona gisa garatzeko erabat baliagarriak suertatzen dira.

Haurrentzat dena da berria

Haurra bere familia ingurunetik urruntzen da aldi baterako, eta ondorioz, egunerokotasunak sortzen dituen behar anitzei aurre egin beharko die, autonomia garatuz. Hala, eguneroko bizitzaren hainbat eremu jorratzeko parada egokitzen da, eta horrek, jarduera hezitzailerako baldintza aproposak ematen ditu. Horrez gain, ingurune berriak ezagutuz, naturarekin kontaktuan jarri eta esperientzia sakon eta gogoangarria bizi dezakete haur zein gazteek.Berdinen arteko harremanak lantzeko aukera aberasgarria da, adiskide berriak eginez eta taldean elkarbizitza eremu batean biziz.

Begiraleak ez dira irakasle

Udako egitasmoen beste ezaugarri esanguratsu bat, begiraleen papera autoritate eredu tradizionalez bestelakoa izan ohi dela da, harreman simetrikoagoak garatzeko eta sentitzeko aukera emanez. Begiraleentzat etengabeko formazioa suposatzen duen lana da eta balioen lanketa egiteko aukera aparta, beraien esperientziatik abiatuta. Izan ere, haur taldeari beraien arteko aniztasunean eta elkarbizitzan laguntzeko, lehendabizi begirale taldearen desberdintasunak onartu behar dira. Beraz, begirale baten formazioan garrantzitsua da norbere pertsonaren lanketa egitea, taldean bizitzeko eta eredu egokiak lantzeko prestatuz. Bestalde, kontuan harturik begirale baten bizitza profesionala ez dela oso luzea izaten, garrantzizkoa da begirale taldeetan halako oreka bilatzea esperintziadun eta berrien artean. Hezitzaileentzat esperientzia sakona da; gizartean parte hartzeko modu bat da alde batetik, eta harreman politak sortzeko gunea bestetik, kasu askotan diru iturria ere badelarik. Dena dela, jendartean hezitzaileen lana ez dago behar beste baloratua, are gutxiago irakasleen lana beste.

Antolatzaile ugari eta desberdinak

Udako egitasmoetan, curriculum ofizialetatik eta egitura mugatzaile orotatik at, metodologia eta hezkuntza filosofia propioak aurrera eraman daitezke, antolatzaileen esku geldituz printzipio pedagogikoak. Urteekin, antolatzailearen profila dibertsifikatu egin da; egun, erakunde publiko orok, erakunde pribatuek, herrietako edo auzoetako taldeek, aisialdi, euskara edo kirol elkarteek edota ikastetxeek antolatzen dituzte udako egitasmoak. Bakoitzaren arabera, oso desberdinak izan daitezke baliabideak, egitasmoaren diseinua, printzipio metodologikoak edota aisialdi hezitzailea ulertzeko modua.
Edonola ere, denek eskaintzen dute abentura batean murgiltzeko aukera.

EGITASMO MOTAK

DALEKU IREKIAK

3-11 adin tartekoentzat egin ohi diren egitasmoak dira. Beste egitasmoekin konparatuz, berezitasun bat dute: gaua bakoitzak bere etxean igarotzen duela. Normalean, asteko bost egunetan goizez egiten dira udaleku irekiak, kasu batzuetan, arratsaldez ere bai. Begiraleek, elkartzeko puntuetan haurrak jaso eta herri zein auzoetan ekintza hezitzaile askotarikoak egiten dituzte, baita txangoak ere.

EGONALDIAK

Udaleku batzuek gai zehatz bati denbora ugari eskaintzen diote, hala nola bertsolaritzari, ingelesaren irakaskuntzari, abentura ekintzei eta abar. Aisialdian oinarritzen den metodologia erabiliz, gazteek dibertsio eta ikaskuntzarako gune oparoa daukate.

UDALEKU ITXIAK

7, 10 edo 15 eguneko egonaldiak dira, eta haurrak eta begiraleak gau eta egun elkarrekin egoten dira aurretik prestatutako aterpetxe batean, mendian, hondartzan edo bestelako ingurune batean. Eguneroko bizitzan hainbat balio pedagogiko lantzeko eta harreman politak sortzeko leku apartak dira. Sarri, ingurune eta lagun ezezagunekin elkartzen dira haurrak eta 24 orduko elkarbizitzak esperientzia politak sortzeko aukera ematen du. Tailerrak, txangoak eta bestelako ekintza bereziak egiten dira eta, batez ere, 6-12 urteko haurrentzat izan ohi dira.

TRUKEAK

Kultur aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko egitasmo bereziak dira trukeak. Beste nonbaiteko gaztetxoekin elkarbizitza eginez, bertako hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera izan dezakegu, eta era berean, gure herria, kultura eta hizkuntza hedatzekoa.

AUZOLANDEGIAK

Herriko guneren bat berriztatu, mendiguneetan bidexkak edo hesiak prestatu, eraikin zaharrak berreraiki, kolektibo zehatz batentzat edo herritarrentzat ekintza soziokulturalak prestatu... edozer gauza egin daiteke auzolandegi batean. Hori bai, gizarte proiektuetan oinarritzen diren lanak dira eta sarri, inguruneari lotuak. Goizez lana egitea eta arratsaldez aisialdiko ekintzak egitea da ohikoena, betiere helburu hezitzaile zein ludikoekin. Auzolandegien eskaintza 15 urtetik 30 urtera arte luzatzen da.

KANPALDIAK

Aterpetxe finko batek eskaintzen dizkigun segurtasun, erraztasun eta mugen aldean, kanpaldia egitea bestelako aukera da. Bere ezaugarriak direla-eta sortzen diren zailtasunak, elkarbizitzari beste oinarri bat emateko baliabide hezitzaileak bihurtzen dira; elkarlana eta talde antolakuntza funtsezkoak izanik. Kanpin dendetan egiten da lo eta ondorioz naturarekin harreman zuzena bermatzen duen egitasmoa da.

IBILALDIAK

Ibilbideak oinez zein bizikletaz egin ohi dira eta eskatzen duten ahaleginagatik, gazteekin burutzen den ekintza izan ohi da. Leku askotarikoak ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen du, betiere, naturarekin kontaktuan egonez.

UDA LEKU: Iparraldeko aukera

Hizkuntz normalizazioa lantzeko gune indartsuak izan daitezke udalekuak, eta horren adibide da Iparraldeko UDA LEKU elkartea. Ttitto Aguerre eta bere lankideen helburu nagusia, eskolako eta hainbat ingurunetako haurrei euskarazko zerbitzuak eskaintzea da, aisialdi edota eskolaz kanpoko jardueren alorrean.

Elkartea 1983. urtean sortu zen, haur zein gaztetxoentzat euskarazko hainbat egitasmo antolatzeko asmoz. Bost langile iraunkor daude egonaldiak, bilguneak zein ekintza puntualak antolatzeko. Guztira 50 bat begirale mugitzen dira. Urteekin, sektore zabal baten beharrei erantzuteko gai izan da, baina oraindik ere erronka ugari dituzte buruan.

Zein motatako egitasmoak antolatzen dituzue?

Gure jardueretan badira bi jarduera mota; lehena, Uda Lekuren izaera definitzen duen mota, hots, egonaldiak eta bilguneak. Hor da zinez euskararen erabilpena gehien lantzen den alorra. Udaleku itxi batean astebetez haurrak aktibitate berezi batzuen inguruan (surfa, zaldia, mendia, bidaia…) mintzatzen dira. Bilguneak urte osoan matentzen diren zentro irekiak dira, asteazkenetan, opor txikietan eta opor handietan. Neguko egonaldiak ere burutzen dira opor garaian.
Beste aldetik, eta bigarren jarduera mota moduan, haurrak batez ere aurrekoetara helarazteko ekintza puntualak ditugu. Adibidez, zine hamabostaldia. Iparraldeko hamar zinegelatan euskarazko filmak proiektatzen dira. Bestalde, orotariko animazioak ere egiten dira. Demagun, Ezpeletako guraso talde batek besta bat ospatzen duela, eta beraiek bildu bitartean, zerbitzu gisa haurrekin egotea eskatzen dutela. Hori ere eskaintzen dugu.

Zein haurrek hartzen dute parte Uda Lekuko ekintzetan?

2-14 urteko haurrak etortzen dira eta urte osoan gutxi gorabehera 500 haur mugitzen dira. Orain arte gehienak ikastolako haurrak baziren ere, orain parada dute gela elebidunetarik datozenek ere. Eta denak gurutzatzen dira. Gela elebidunetatik datoz, baina ez dira zinez elebidunak, nabarmena da euskara maila desberdina.

Aurrera begira, zein erronka dituzue?

Elkartea udalekuak antolatzeko sortu bazen ere, jarduera aniztasuna ugaritu da. Egungo erronka, egonaldietan euskararen erabilpena indartzea da; hau da, “egonaldi” hitz hutsa, “egonaldi linguistiko” bilakatzea.
Bilguneei dagokienez, kopurua emendatzea. Dauzkagun biak Baionan eta Hendaian kokaturik daude, bi ingurumen soziodemografiko desberdinetan, eta hargatik, bakoitzak ezaugarri propioak ditu, nahiz eta hezkuntza proiektu berbera izan muina. Bi gune horietara inguruneko herri ugaritako haurrak datoz, baina ez da nahikoa. Hurbiltasuna bilatu nahi genuke, leku gehiagotan egin bilguneak: Kanbon, Hazparnen, Donibane Garazin, Urruñan... baina ez da egunetik biharamunera eta nahi bezain laster osatzen den egitasmoa.

“Egonaldi linguistikoekin” hizkuntzaren lanketa birplanteatu al duzue?

Bai. Orain arte jarduera guztiak euskaraz egin dira, baina ez da nahikoa. Ikusten da euskararen erabilpen maila nahiko kaskarra dela haur gehiegirengan. Ikastoletako haurrez gain, sare publikoko haurrengana zabaldu izanak arriskuak dakartza hizkuntza aldetik, baina horren alde egin behar zen eta egin beharko da oraino ere aurrerantzean.

Zein dira bilgune gehiago irekitzeko dituzuen arazo nagusiak?

Lehenik, hizkuntza politika. Orain, iduriz, botere publikoek erakusten dute ardura bat euskara mantentzeko eta garatzen joateko, beraz euskararen aldeko hizkuntza politika bati buruz hitz egiten hasi da, euskalgintzak berak urteetan aldarrikatutakoaren emaitza gisa definitu genezakeena. Hizkuntza politika hori hedatuko litzateke hainbat alorretan: irakaskuntzan, bizi sozialean, administrazioan... eta aisialdian ere bai. Beraz, alor horretan, ikusirik gure esperientzia eta zer ekintzek egiten duten ekarpen handiena euskararen alorrean, guk defenditu izan dugu euskara bultzatzeko bilguneak sortzea herri gehiagotan. Beraz, babes eske gaude, babes horrek gero ekarriko duelakoan ezagupen ofizial bat eta honen indarrean jartzeko finantzamendu eskema.

Nolakoa da begiraleen prestakuntza?

Begiraleek 4-5 urte irauten dute, beraz hezkuntza proiektua nahiko presente dagoela esan dezakegu, nahiz ez den hala kasu guzietan. Formazioari dagokionez, % 75ek izan behar du agiriduna. Hemen begiraleek, BAFA izeneko agiri bat dute. 8 egunez barnetegi batean egon, 14 eguneko praktikak egin eta ondoren espezializazioa burutzen dute begirale ikasleek.

Euskaraz ala frantsesez?

Espero dut laster euskaraz edo elebidunez gutienetik egiteko modurik izatea. Etorkizuneko erronken artean begiraleen formazioaren gaia daukagu. Beste aldetik, Europan diplomen homologazioek, Hegoaldeko begirale batek hemen lan egitea eta alderantziz ahalbidetzeko itxaropena daukagu, diplomen parekotasuna, alegia.

HEZKIDETZA BETI GOGOAN

Hezkuntza ez formaleko proiektu orotan aurkitzen dugu hezkidetza zehar lerro gisa, baina ez da besterik gabe aurrera eramaten dugun intentzio bat. Begiraleen prestakuntzan lan asko egin daiteke benetan eragile hezkidetzaileak bihurtzea baldin bada helburua.

Besteak beste, landu egin behar dira neskatoekin eta mutilekin erabiltzen diren komunikatzeko moduak, arauak ezartzeko moduak, ematen ditugun ereduak, hizkera, espazioen erabilera, jarrerak eta portaerak, ekintzak...
Emaisia elkartea, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik sortu zen 1997an. Besteak beste, eskolaren hezkuntza ereduan garatzen ari den ikuspegi hezkidetzailea lantzen du, eskolarekin elkarlanean arituz zein ekimen propioak aurrera eramanez, betiere parekidetasuna helburu izanik. Elkarteak eta Urtxintxako genero taldeak, aisialdiko begirale eta zuzendarien prestakuntzarako baliabide eta estrategiak eskaintzen ditu eta gaiaren inguruan lan ugari egin du: ikastaroak, buletinak, proiektuak, argitalpenak... Hona hemen arlo hau lantzeko interesgarriak izan daitezken zenbait argitalpen:
- Jolas ez sexisten bilduma
- Andraisia ekimena
- Pentsatuz...Aisia, astia, emakumeak. Hainbat gogo
- Jarduera hezkidetzailerako eskuliburua
- Xake Mate: Astialdian sexismoari aurre egiteko aholku sorta
- Xake Mate: Astialdian sexismoari aurre egiteko aholku sorta

HIRITIK ETXALDERA

Egun daramagun bizitza estiloak, sarri, ez die uzten haurrei natur inguruneak ezagutzen, are gutxiago horietaz gozatzen. Ondorioz, zaila da haur eta gazteek gure bizimoduak ingurumenean sortzen dituen ondorioen kontzientzia izatea. Ingurumen hezkuntza, zehar lerro gisa lantzeaz gain, esku-hartzearen helburu nagusia izan daiteke, aterpetxe eta baserri eskolen kasuan bezala. Euskal Herrian, anitzak dira ingurumen hezkuntzaren inguruko aisialdi aukerak.

Nafarroan, Ollo herrian, lau gazte “Gure sustraiak” aterpetxean udarako egonaldi eta udalekuak antolatzen ari dira, azken urteetan bezala. Urtean zehar, eskolak egun bat, bi edo hirutako egonaldiak burutzen dituzte eta astebukaeretan ere hainbat familia gerturatzen dira. Baina, uda iritsi bezain laster, udalekuetara datozen haur eta gazteei irekitzen zaizkie aterpetxeko ateak, Ollo bailararen edertasunean murgilduz.
Hainbat ingurumen programa eramaten dituzte aurrera, astebeteko eta hamar egunetako udalekuetan. Tailer horiez gain, etxaldearen eguneroko funtzionamenduan parte hartzen dute, eta inguruneak ematen dituen baliabideez gozatzeko parada izaten dute. Baratza eta laborantza moduak, basoa, landareak, animalia ugari eta beste hainbat elementu ikusi eta lantzen dira, tailer orotarikoen bitartez. Horiez gain, kirol ekintzak eta sormen tailer ugari eramaten dira aurrera. Hori guztia, jarrera kritikoa eta kontsumo arduratsua sustatu nahian.

HARITZA PROGRAMA

- Inguruneko paisaia, landare eta animaliak ezagutzeko eta inguruarekiko errespetua lantzeko: hariztian hainbat ibilbide, landare eta animalien klasifikazioa eta paisaia ezagutu eta aztertzen dira.

ENERGIA PROGRAMA

- Hainbat energia iturri ezagutzeko: zentroko eguzki plakak eta aerogeneradorea zein beste egitura elektriko batzuk ezagutzen dira. Energia iturrien beharraz kontziente eginez eta aurreztearen garrantzia ulertuz.

ETXALDE PROGRAMA

- Etxaldeko zenbait animalia eta horien mantenua ezagutzeko: etxaldearen egiturak ezagutzen dira; oilategia, usotegia nahiz ukuilua, bertako lanak egiten dira eta behi eta ardien etxaldeak ere bisitatzen dira. Elikagaien jatorriak aztertu eta konposta egiten ere ikasten dute haurrek.

BARATZA PROGRAMA

- Baratzaren mantenura gerturatzeko: baratza eta negutegia ezagutu eta baratzeko lanak egiten dira; uzta edo bilketa, ereintza, lurra jorratzea… Era berean, elikagai fresko eta osasuntsuak kontsumitzen erakutsi nahi da.

LET`S SPEAK ENGLISH

Ikasturte osoan ingelesa ikasten aritu ostean, Ikastolen Elkarteak ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ematen du udalekuak eta atzerriko egonaldiak antolatuz.

Ingeles udaleku itxietan 15 egun pasatzen dituzte gazteek: goizez eskolak jaso eta gainerako denboran aisialiko ekintzak egin. 10-16 urteko gaztetxoei begira antolatzen dira Bermeon, Ondarrun, Zarautzen eta Sopelan. Goizetan ingelesa landu ostean, arratsaldean piragua, arrauna edota bizikleta egiteko beta dute 15 egunetan zehar.
ENJOY ENGLISH deritzoten udaleku irekiak ere egon ohi dira. Horietan begiraleak kanpotarrak izaten dira, ama hizkuntza ingelesa dutenak, eta udalekuetan parte hartzen duten ikasleen familietan egoten dira. Modu honetan, esperientzia familietara ere zabaltzen da.
Helburua, aisialdian oinarrituz ingelesa lantzea da, jolasak, eskulanak, ipuin kontaketak, antzerkiak, proiektuak..ingelesez eginez
Atzerriko egonaldiak dira beste aukera bat. Hau 13-18 urte bitarteko nerabeentzat hizkuntza batean murgiltzeko era aproposa da, jatorrizko hiztunez inguratuta egotea eta beraiekin komunikatu beharra izatea, alegia. Horrela, hizkuntza giro errealean jasotzen da, hiztegia, esamoldeak, intonazioa… bereganatuz.
Egonaldi hauek Irlandan (Maynoothen eta Carlowen), AEBn (San Franciscon) eta Ipar Irlandan (Magheran, Magherafelten eta Dungivenen) eskaintzen dira.
Hizkuntza ikasteaz gain, kulturen arteko trukea aberasgarria da, harreman berriak lantzeko eta ikaslearen autonomia garatzeko aukera bideratzen baitu.

AUZOLANDEGIAK

Opor garaiak auzolanean pasa nahi dituzten gazteentzat, aukera paregabea eskaintzen dute auzolandegiek: gizarte proiektu batean parte hartu, adiskide berriak egin eta ondo pasa. Errota zahar bat konpondu, natur parkea txukundu, putzu edo zubi zahar bat berritu, erromatarren aztarnak bilatu, erreka bat garbitu, herriko haurrentzat antzerkia egin… makina bat gauza egiteko aukera izan ohi da egitasmootan, betiere esperientzi berrietara zabalduz.
Egunean lau orduz lana egiten da, kultura eta arkitektura arloko ondarea berreskuratzeko edota ingurumena babesteko ekimenetan. Trukean, lo egiteko aterpetxea eta otorduak ematen dira. Aisialdian ere ondo gozatzeko parada dago: bisita turistikoak, tailerrak eta jolasak, mendira edota hondartzara txangoak, jaialdiak eta abar. Jarduera oro, era sortzailean eta elkarlanean burutzen da, bizikidetza balioak oinarri izanik.
Gutxienez 15 egun eta gehienez hilabete bat irauten dute, eta 15-26 urte bitarteko gazteei zuzenduak daude. Hauek, eguneroko antolakuntzan parte-hartze aktiboa daukate. Bertan, beste toki batzuetako gazteekin auzolanean jardunez, kultur truke aberasgarria eta adiskideak egiteko aukera polita suertatzen da, besteen ohiturak, herriak, parajeak edota lan egiteko moduak ikasiz. Taldean lan egin, taldean goxatu.
Euskal Herrian, aurten hamalau leku desberdinetan antolatuko dira, Iparraldean bost eta Hegoaldean bederatzi, gehienak Araba eta Nafarroan. Euskal Herritik kanpora joan nahi duenak ere, aukera anitza dauka, Europako lurraldeetatik hasi eta Maroko, Japonia, Hegoamerika edota beste edozein leku. Behar dena, motxila prest izatea, lanerako grina eta ondo pasatzeko gogoa.

AISIALDIA EDO ARDIALDIA?

OREXA, Atzio: pedagogoa

Aisialdiko hezkuntzako programetan –udalekuetan, kanpaldietan, ludoteketan…– aldaketa nabarmena gertatu da azken urteetan, inolako zalantzarik gabe. Urte batzuetatik hona, aldatu egin dira hezkuntza jardueraren eta gizartearen ezaugarriak: familia egiturak eta lan egoerak, balioak, hirigintza… Eta aisiaren pedagogia eragile horiek guztiak kontuan hartu eta bere eguneroko jarduera horien arabera egokitzen saiatu da. Dinamizatzaileen formazio beharrak ere hainbat esparrutatik landu dira: ikastaro espezifikoak, unibertsitate tituluak… Aipatzekoa da, halaber, Euskal Herriko herri eta auzoetan finkatutako aisialdiko ekipamendu sarea. Eta ezin uka daiteke aisialdiko hezkuntzako langileen lan egoerak hobera egin duela, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko, adibidez soldatak hobetzeari dagokionez eta lanaldi normalizatuagoak finkatzeari dagokionez (zenbat ordu lan egiten du aisialdiko begirale batek udalekuetan? Ez kontatzea hobe).

Baina azpimarratu nahi nuke aisialdiko programen ibilbidean eta garapenean, sarritan ahaztu egin ohi dela aisialdiko hezkuntzaren funts nagusia. Alegia, ez dela kontuan hartzen aisialdiko hezkuntza bitartekoa dela; partaideek jarrera kontsumistak, alienatzaileak, lehiakorrak, elkartasunik gabekoak, ez-sortzaileak alde batera utzi eta beren aisia beste era batera eraikitzen eta erabiltzen ikasteko bitarteko bat besterik ez dela, alegia. Eta xede hori lortzeko bide bakarra bizipena, esperimentazioa dela; partaideak berak izatea ekintzen protagonista. Hori esanik, gauzak egiteko, planifikatzeko, harremanak izateko beste modu batzuk kontuan har ditzagun proposatu nahi nuke; azken batean, aisialdiko hezkuntza aisialdirako hezkuntza bihurtzea.
Era berean, gaur egun nagusi diren joerak aldatzeko lagungarri gerta daitezkeen ideia batzuk ere azaldu nahi nituzke:
- Plangintza ez-zuzentzaileak: plangintzek ez lukete izan behar orduen egitarau estu eta ekintzen hurrenkera hutsak. Hezitzaileak haurren zerbitzurako baliabide bat izan beharko luke; haurrek eskatzen diotenean haurrei lagundu behar die, baina haien ekimena eta bat-bateko jarduera errespetatuta, betiere. Benetan planifikatu behar dena zera da: zer egingo dudan nik, hezitzaile gisa, erritmoak ez bizkortzeko-eta (hezitzailea protagonista nagusia izan gabe).
- Ekintzak ez dira hartu behar helburu gisa, bere horretan, bitarteko gisa baizik: askoz ere egokiagoa litzateke partaideen interesetatik abiatzea, eta ez guk bilera luze eta ezordukoetan egiten ditugun planifikazioetatik.
- Partaideei ekintzak antolatzen eta prestatzen laguntzea dena eginda ematea baino interesgarriagoa da. Nahiz eta horrela ekintza gutxiago egin. Bizitzako beste hainbat esparrutan dena eginda aurkitzen dute, eta zertarako balio du?
- Partaideek dituzten beharrak eta gabeziak orekatu behar dira: lasterka egin, jauzi egin, erlaxazioa, oihu egin… eskolan, etxean, eta kalean ere nekez egin ditzaketen gauzak egin.
- Ezin dugu haurrekin jokatu haien gurasoekin jokatzera ausartuko ez ginatekeen moduan: hobe da arrazoiak eman, gauzak inposatu ordez; hitz egiteko hurbildu, urrunetik oihukatu ordez; begirunez jardun; era aktiboan entzun...
- Haurrak errespetatu: beraiek eta gainerakoak errespetatuz haziko dira.
- Utz iezaiezu beldurra edukitzen, haserretzen. Malkoak eta kasketaldiak osasungarriak dira.
- Utzi haurrei ahal diren erabaki gehienak hartzen. Konfiantzarekin haziko dira eta erabakiak hartzeko gai izango dira.
- Zentzuzko mugak jarri.
- Haurrengandik duten onena jasoko duzula pentsatu. Ahal duten guztia egingo dute arrazoi zenuela ikusarazteko.
Jabetzen naiz guretzat askoz ere erosoagoa dela gaur egungo inertziari jarraitzea; jabetzen naiz, halaber, zaila dela gauzak aldatzen saiatzea, guk –gaur egun hezitzaile garenok– jaso dugun heziketaren bide berari jarraitu ordez beste bide batzuetatik abiatuta. Baina ziur nago ahaleginak merezi duela, eta, gainera, aisialdian goian azaldutako gakoei jarraituz egindako lana ezin hobeto egokitzen zaiola gaur egungo haurrek eta gazteek bihar benetan behar dutenari. Saiatuko gara?

AISIALDIRAKO HEZIKETAREN AJEAK

HUEGUN, Asier: Hezkuntza zientzietan doktorea

Aisialdirako heziketan dihardugunontzat autokritikarako garaia iritsi dela uste dut. Gaur egungo eskaintzari begirada bat emanez gero, gustuko ez dudan ikuspegia topatzen dut begien aurrean, salbuespenak salbuespen.

Hainbat arrazoi direla-eta, aisialdirako heziketaren filosofiaren oinarriak alboratu ditugu. Heziketarako aisialdiak dituen ahalmenak gutxietsi ditugu, eta “ondo pasatzea” eta “entretenitzea” ideiekin lotzen dugu gaur egun. Soilik ideia horiekin. Eskolan egiten ez den “zerbait’ egitera jo da. Ondorioz, ekintza programatuek hartu dute zama guztia, ustez ekintza “ezberdin” horiek egiteagatik, hots, hezkuntza arautuan egiten ez diren jarduerak egiteagatik, aisialdian bagaudela sinetsiz. Usteak osoa ustel, kasu honetan.
Gaur egun, aisialdirako heziketaren nondik norako praktikoa zein teorikoa ahuldu eta urardotu egin dugu. Aisialdirako heziketan parte hartzen dutenentzat elkarbizitzarako eremu esanguratsua eta zentzuz beterikoa sortu beharrean, non kideek esperientzia markatuak bizitzeko aukera duten, goitik beherako antolaketa espazio zurrunak sortu ditugu, non beti zerbait egin behar den, zertarako den zehatz-mehatz ez jakin arren. Badirudi, egin ohi ditugun jardueratan, tailerretan, jolasetan eta abarretan adituak sortu nahi ditugula. Denbora betetzeko premia larrian aurkitzen gara sarritan hezitzaileok. Jakina, jarduera, tailer eta jolasak garrantzitsuak dira, baina irizpidea, zentzua eta norabidea duen ikas-prozesuaren baitan. Hau da, geure egitasmoen norabide pedagogikoa galduta ikusten dut maiz. Izan ere, aisialdirako heziketak norbanakoarentzat den bezalaxe, alderdi soziala ere badu. Gertuko komunitatean (auzoan nahiz herrian) eragiten du, eta horretarako, partaideok –hezitzaileek nahiz hezigaiek– norabide pedagogikoa zehaztean, honako hau hartu beharko genuke aintzat : “Egiten dugunak guretzat zentzua du!”
Aisialdirako heziketaren zentzu pedagogikoa berreskuratzen badugu, bertan garatzen dugun egitasmoa zinez izango da esanguratsua partaideentzat, eta, jakina, berau garatzeko ezinbestekoak izango dira harremanak, norbanakoaren eguneroko bizitzan garrantzitsuak diren alderdiez hitz egitea, elkarrekin lana egiteko astia izatea, ustekabeak intentsitatez bizitzeko aukeraz baliatzea, taldekideak esperientzia berriak bizitzeko aukera izatea, eguneroko bizitzaren “errutinaz” gozatzeko parada edukitzea, jarduera berriekin esperimentatzeko aukera profitatzea... eta beste hainbat alderdi.
Ajeak eta biharamuna ez dira betiko. Berreskura ditzagun aisialdirako heziketak eskaintzen dizkigun aukerak.