Etorkizuna ikastola, Abanto-Zierbena:One Europe, variety of cultures

Abanto-Zierbenako Etorkizuna ikastolan hizkuntzen trataera integratuan murgilduta dabiltza; euskara, gaztelania eta ingelesa lantzen, alegia. Baina nola lantzen dira? Nahikoa? Modu egokian? Galdera horiei erantzun asmoz, ikerketa txiki bat egin zuten euren eskolan hiru hizkuntzen egoera nolakoa zen ikusteko. Gaztelania pila bat lantzen dute: ikastetxe barruan maila formalean, eta ikastetxetik kanpo toki guztietan. Euskara ere arlo guztietan lantzen dute. Baina ingelesa, maila formalean eta hiru saiotan soilik. Hori ikusirik, ingelesari bultzada bat eman behar ziotela ikusi zuten, bai haurrak motibatzeko eta bai ingelesak presentzia gehiago izateko.

Horregatik, buru-belarri sartu ziren “One Europe, variety of cultures” proiektuan duela hiru urte. Proiektu europar horrek beste herrialdeetako eskolekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du, eta bide batez, harremanak ingelesez egiten direnez, hizkuntza hori lantzeko aukera ematen du.

Hasierako burokrazia lanak

Estatu espainiarreko Hezkuntza Ministerioak Comenius izeneko deialdi bat ateratzen du Europako ikastetxeekin batera zenbait proiektu aurrera eramateko, eta diru laguntzak luzatzen ditu. Nahi duen oro aurkez daiteke, eta eskaerak eta aukeraketa agentzia batek bideratzen ditu.
Hiru ikastetxeren artean egiten da proiektua edo elkarlana, eta lehen zeregina “ikastetxe bazkide” bi aurkitzea izaten da. Horretarako, Interneten foroak daude, eta berorietan agertzen dira interesa duten eskolak, “beren burua saltzen”. Nolabaiteko erakusleihoak direla esan daiteke. Zentro bakoitzak zer nahi duen, zer-nolako proiektua duen eta abar jartzen du, eta gustuko duena, harekin jartzen da harremanetan. Etorkizuna ikastolako Begoña Garaizar ikasketa buruak eta proiektuaren koordinatzaileak ez dela lan erraza dio. “Guri behintzat dezente kosta zitzaigun bi ikastetxe aurkitzea. Gauak pasa genituen Interneten”. Baina ahaleginak merezi izan zuen, eta Greziako 77th Primary School of Thessaloniki eta Eskoziako St. Timothy´s Primary School-ekin jarri ziren harremanetan.
Hiru urteko joan-etorriak
Proiektuak hiru urteko iraupena du, eta aurten amaituko dute. Denbora horretan harreman estuak sortu dira ikasleen eta irakasleen artean, eta denak daude gustura. Ekintza ugari egin dituzte, eta haurrak oso motibatuta ikusi dituztela dio Mari Tere Artetxe zuzendariak. “E-mailak eta eskutitzak idatzi dituzte; errezetak trukatu ditugu, haiek patata tortilla egin zuten, eta guk, Eskoziako eta Greziako jaki bana; Zapatari dantza bidali genien bideoz grabatuta, eta bueltan haiek dantza ikasi eta beste bideo bat bidali ziguten; guk gauza bera egin dugu euren dantzekin… Orain egutegi bat prestatzen ari gara Euskal Herriko, Greziako eta Eskoziako egun bereziak jarriz”. Haurrek beste kultura bateko gauzak ikusi dituzte, baina baita hemengoak ere. Mari Terek dioenez, “askotan jakintzat ematen ditugu gauza asko, eta benetan ez dira ezagutzen. Hori gertatu zaigu abestiekin, dantzekin eta mila gauzarekin. Horregatik, gure kultura ezagutzeko eta estimatzeko ere balio izan digu trukeak”.
Ekintza guztiak hiru hizkuntzatan egin dituzte bizkaitarrek: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Hasieran, Euskal Herriari buruzko berririk ez zutela diote, “eta Espainiako ikurrina jarri zuten horma-irudietan. Guk Euskal Herriko ikurrina bidali genien, eta hura zela gurea esan, eta aldatu zuten”.
E-mail, DVD, gutun, bideo, argazki eta beste zenbait baliabideren bitartez egindako harremana bidaia batzuekin estutu da. Urtero pare bat bidaia egin dituzte. Lehendabiziko urtean Euskal Herrian eta Eskozian elkartu ziren, bigarrenean Grezian eta Eskozian, eta aurten Euskal Herrian eta Grezian.
Iazko abenduan etorri ziren hiru irakasle eskoziar eta bost greziar Zierbenara, eta astebete egon ziren. “Astean zehar ikastolan pasatzen zuten denbora gehien, eta Berritzegunea ere ezagutu zuten”, azaldu digu zuzendariak. “Asteburuan, berriz, ingurua ezagutzeko aprobetxatu genuen, eta baita euskal jaia egiteko ere. Gurasoek ere parte hartu zuten, eta asko inplikatu ziren”.
Etorkizuna ikastolako zenbait gauza ikusita harritu egiten omen dira eskoziarrak eta greziarrak. Esate baterako, Begoñak dioen moduan, “guraso erdaldunak dituzten 2 urteko haurrek euskara nola ulertzen duten ikusita harritu egiten dira. Gainera, ez Eskozian eta ez Grezian 2 urteko haurrak ez dira eskolatzen, beranduago hasten dira”.
Jantokiarekin ere harridura azaldu omen zuten. Greziako eskoletan ez ei dago jangelarik, ordutegi jarraitua egiten dutelako eta eguerdian denak etxera joaten direlako. Eskozian, berriz, bai, jangelak badaude, baina ez hemengoak bezalakoak. Han pizzak, hanburgesak, sandwichak eta horrelakok jaten dituzte, eta McDonalds-en antzekoak omen dira jangelak. “Eta noski, hemen dilistak, indabak eta horrelakoak jaten ikustea arraroa egiten zaie”.
Hemengoek ere hango kulturetako berezitasunekin egin zuten topo, eta pedagogikoki ere gauza interesgarriak ikusi eta ikasi dituzte. “Zentzu horretan, Eskoziatik askoz gehiago jaso dugu. Greziakoak baino askoz aurreratuago daude”, dio Begoñak. “Gure metodologiarekin zerikusia duten gauza asko ikusi genituen Eskozian, gure moduan ari dira lanean zenbait gauzatan. Beste zenbait gaitan, ordea, aurreratuago daude: bullying-a, elkarbizitza…”. Grezia desberdina dela dio Mari Terek. “Gu orain dela 15-20 geunden bezala daude han. Halere, han duten bizitasuna eta egiteko era oso interesgarriak dira. Harremanetarako askoz beroagoak dira eta dena emateko prest daude. Horrez gain, harrigarria iruditu zitzaigun metodo tradizionala erabiliz zer-nolako maila lortzen duten ikasleek ingelesean, gaitasun handia dute. Garrantzi handia ematen diote ingelesari eta kalean ere edonork hitz egiten du, hemen ez bezala”.

Merezi du

Maila pertsonalean lagun handiak egiten dituzte bai ikasleek eta bai irakasleek. Haurrak beste bizimodu batzuk, beste hizkuntza batzuk, beste ohitura batzuk… hau da, beste kultura batzuk ere badauela konturatu dira. Eurodimentsioaz jabetu dira. Eta horrez gain, gure kultura beste modu batera balioesten dute orain. “Benetan zer daukagun ikusi dugu, beste batzuk zer daukaten ere bai, eta guztiak maila berean jarri ditugu. Eta hori oso interesgarria da”, dio Mari Tere zuzendariak.
Ingelesa ere gehiago landu dute, eta batez ere, garrantzitsuena dena, beste modu batera. Ez da gela barruan landutakora mugatu, beste funtzio bat izan du ikasleentzat: beste herrialde bateko lagunekin komunikatzea. Horrek askoz ere interes eta motibazio gehiago piztu du. “Eskutitz bat idazten ari direnean, jolas orduetan, pasilloetan eta abar geldiarazten gaituzte zerbait ingelesez nola esaten edo idazten den galdetzeko!”. •