Nolako Euskal Herriaz hitz egiten dugu gure eskoletan?Zer irakasten dugu?

Subiranotasun beharra hezkuntza sisteman

Galdera kezkagarriak

Oso jatorrak gara denok, baina inor ez da konturatu euskaldunon Estatu independentea Nafarroa denik, euskaldun guztiok nafarrak garenik, espainolek eta frantsesek biolentziaz konkistatu gintuztenik, subiranotasunik gabe gure gizarteak, hala indibidualki nola kolektiboki, ezin dituela demokratikoki gauzatu bere eskubide politikoak, kulturalak, sozialak eta ekonomikoak.
Norena da hezkuntza sistema?
Noren zerbitzura dago benetan hezkuntza sistema? Gure herrialdea menderatu duen estatu nazional handiak antolatu du hezkuntza orokorra, “hiritar nazionalak” lortzeko bitarteko nagusi gisa. Gobernu eredu anitzen bitartez (monarkia liberala, errepublikak, diktadurak), gaur egun bezala, hiritarrak homogeneizatzen saiatu da beti. Horrela, menperatutako gizarteak Estatuarena den gizarte menperatzailearen barruan desegin ditu.

Autozentsurarik ba al dago?

Oso adierazgarria da horrelako gaiek hezkuntza sisteman –zeina ez den gurea– duten zentsura edo autozentsura. Ikastetxeko kortxoan zeuden galderak kendu zituen eskuak, nahiz eta inkontzientea izan, oso ongi islatzen du egoera: tresna fidela da, nahiko ezkutatuta egon arren, irakasleak eta ikasleak alienatzeko, eta horrela, gizarte hori beste baten mendean dagoela ahaztu dezaten edo kontura ez daitezen.
Autozentsura desagertzea nahi baldin badugu, beharrezkoa da pertsonen artean sartzen diren ongi programatutako eta planifikatutako hainbat elementu distortsionatzaile desagertzea.
Naziozidioaren elementu kaltegarri eta nabarmenetako bat hauxe da: itxuraz normala eta naturala bihurtu dela. Eta horrekin batera, baita Nafarroako historia ezkutatzea eta hura ezagutzeko beldur izatea ere: haren sistema juridikoa eta eskubide nazionalak kentzea eta ordezkatzea; euskararen jazarpena edo linguizidioa; eta ondasunaren suntsitzea, hots, oroimen kolektiboa fisikoki ezabatzea.
Horrela, naziozidioa ohikoa bihurtzen da eta egunero-egunero jasaten da, indar ukiezin batek gertaerak horrela izatea bultzatuko balu bezala. Egia ezagutzeko beldur lauso bat sustatzen da, baina nonahikoa eta eraginkorra. Euskal gizarteak ezingo du askea eta osasuntsua izan, ez kolektiboki eta ez indibidualki, baldin eta ez bada konturatzen etengabeko naziozidio batean biktima eta objektu pasibo dela.

Gaztelaniaren nagusitasun planifikatua

Nafarroa konkistatu zen une berean, Nafarroa birtual espainol bat sortzeko planak zeuden. Gaztelako hegemoniaren azpian, menperatutako gizartea deuseztatzea zen helburua. Hala, Nebrijak zioen bere gramatikak nafarrak gaztelaniazkotzeko balioko zuela. Garai hartan nafar gehienak euskal hiztunak ziren, eta batzuk elebidunak, erromantze nafarra hitz egiten zutelako.
Gizarte menperatuaren dikotomia “gure eskolan” irakats daiteke, euskaraz, eta irakasle jatorrekin. Baina espazio irekiak (kalea, jolaslekua…) gaztelania eta frantsesarentzat dira.
Linguizidioa etnizidio forma bat da, non herrialde batean jatorrizko hizkuntza ezabatzen den. Gaur egun ez dira erabiltzen lehen barra-barra erabilitako errepresiozko teknikak –suntsiketak, debekuak eta zigorrak–, giza eskubideen aurkakotzat har baitaitezke. Horregatik, Estatu nazional handiek beren hizkuntza ofizialean oinarritutako derrigorrezko hezkuntza erabiltzen dute, eta horixe inposatzen diete menperatutako gizarteei. Horrela, derrigorrezko irakaskuntzaren ondorioak denengana iristen dira, hala herritar autoktonoengana nola etorkinengana.

Gizarte politiko baten existentzia ukatzen da bere Estatu propioan

Konkistetatik hasita, menperatzaileak euren neurrira egindako Euskal Herria inposatzen hasten dira, benetako Euskal Herria ezkutatzeko. Ondorio negargarria sortzen duen eredua da, eta gainera, denok egokitu behar dugu eredu horretara, baldin eta hiritarrak edota gizakiak izan nahi baldin badugu. Birtualak eta errealitateak etengabe egiten dute talka modu traumatikoan, eta errealitatea gaitzetsiz, ukatuz edo ezabatuz ezkutatzen dute.
Dokumentuek diotenarekin, errealitate irekia eta aurrefabrikatutako historia kontraesanean jartzen baldin badira, dokumentuak ezkutatu, gaizki interpretatu, ebatsi edota puskatu egiten dituzte. Liburuek historia birtualaren gezurra agerian uzten baldin badute, gorde edo bahitu egiten dira, edo bestela, modu burutsuan ostrazismoaren egileak jazarri eta zigortu egiten dira.
Hondakin arkeologikoak edo monumentuak agertzen baldin badira, historia birtualaren araudien arabera interpretatzen dira, errealitatearen froga nabariak sakrifikatuz iruzurraren beharren zerbitzura.
Hezkuntza sisteman erabiltzen diren liburuak benetan gureak al dira? Zer islatzen dute, egia, errealitatea ala besteek nahi dutena?

Heziketaren subiranotasuna

Subiranotasunik gabe, praktikan, hezkuntza gizarte menperatzailearen interesen esku dago, eta desberdintasunean oinarritutako gizarte nagusiaren eta menpekoaren arteko harremana hor azpian gelditzen da. Horregatik, publikoa eta pribatua, gizarte menperatzailean baino ez dira benetan publiko eta pribatu.
Hezkuntza eredu autonomikoek ez diete gizarteen eskubideei erantzuten. Gizarte menperatzailearen –espainola eta frantsesa– nortasun hegemonikoaren oinarriak bermatzeko diseinatzen dira irakaskuntza programak, eta horien igorleak dira aipatu ditugun eredu autonomikoak. Horren arabera antolatzen dira sareak, langileak, programak, prestakuntza eta funtzionamenduaren kontrola.
Erabilitako arrazoibideak sinpleak eta errepikakorrak dira. Horrela, eskola nazional frantsesa, haren babesleen arabera, publikoa izango litzateke, eta ekimen sozialetik sortutako ikastolen sarea, pribatua. Soilik kontzeptu horien esanahi juridikoari edo administratiboari begiratzen diote hori horrela dela esateko, eta bien bitartean, praktikan desnaturalizatuta gelditzen dira, bi gizarte eta kultura desberdinetako guneak nahasten baitira. Gainera, arlo politikoan ere desberdintasunak dituzte bi gune horiek. Ez dute esaten eskola frantses, nazional eta errepublikar horrek, nahiz eta euskara irakatsi, Nafarroa Behereko gizartearen edota Parisko eskola ingeles baten interes pribatuei erantzun diezaiekeela.
Beharrezkoa da kultura menperatzailearen interesaren premisa zein den jakitea. Bere gizartean publikoa izan daiteke, baina beste gizarte desberdin eta gainera menperatu batean interes pribatu bilaka daiteke. Kasu horretan, eskola publikotzat hartzen den hori gizarte hegemonikoaren –frantsesa edo espainola– eskola pribatu bihur daiteke, helburu garbi batekin: normalean menperatua dagoen beste gizartean gainjartzea.
Estatu nazional handiaren eta haren gizarte menperatzailearen egitura “publiko” eta “pribatu” horiek erabiltzera behartuta daude hainbat eta hainbat eragile eta gizarte mugimendu. Haatik, beren kontzientzia dela-eta, eta lan egiten duten esparrua dena delakoa izanda, gaur egun daukaguna lortu dute. Benetan garrantzitsua honako hau da: talde horiek denek, ustez “publikokoak” eta “pribatukoak” direnek, eta gizarte menperatu honetako partaide sentitzen direnek, denek elkarrekin lan egitea (korporatibismorik, protagonismorik edo alderdikeriarik gabe), benetan librea izango den eskola baten alde, eta gure benetako kultura, kultura unibertsalean txertatuta irakatsiko duen eskolaren alde. Horretarako, egungo estatu nazional handiak kultur hegemoniaren edo bestelako neurrien bitartez jartzen dituen traba guztiei egin beharko diete aurre. Neutralak ez diren eragozpenak dira, eta nahiz eta hori ezkutatzen saiatu, erabat beligeranteak dira haien defentsan.

Lurraldetasuna

Lurraldetasunaren arazoak gure artean gehien zabaldu den pentsamendu nazionalista euskaldunak eduki duen itxuraldaketa aztertzera garamatza. Izan ere, ez zaio kasurik egin euskaldunen estatu arkitektura multisekular eta europarrari. Nafarroako Estatu europarra, hasieran Iruñeko Erresuma zena, guztiz legitimatuta zegoen subjektu politiko gisa nazioarteko harremanetan. Gero bertatik indarrez sortu diren lurralde zatiek ez dute inoiz halakorik eduki.
Independentzia galdu eta zenbait mende beranduago sortu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia moduan, gaur egun ezagutzen ditugun bezala. Beraz, lurraldetasunaren apurketa jarrera antijuridikoaren eta indarkeriaren ondorio da, ius gentium-aren aurkakoa eta nazioarteko itun guztien puskatzailea.
Gaztelako Erresumak, interes ekonomikoek eta estrategikoek bultzatuta, Nafarroako Erresumako itsas portuak konkistatu zituen 1200. urtean. Helburua garbia zen: Nafarroako itsasaldeko herri eta hiri industrialak bere egitea, eta Gaztelak itsasalde atlantikoan zuen eremua handitzea. Garai hartan soilik gaur egungo Santander zegoen haren esku, Asturias eta Galizia Leongo Erresumaren zati baitziren. Garai hartarako Ingalaterra Irlanda eta Gaskoniaren jabe egin zen.
Jatorrizko lurralde egitura “zazpi probintziek” osatu arren, gaur egun bestela ikusten dira: euskaldunen Estatuaren gainean jasandako atzerriko mendekotasunen ondorioz, probintzietan banatutako arkitektura daukagu, eta hori, konkista militarren, banaketa arbitrarioen eta inposatutako men egiteen ondorio da.
Nafarroaren ideia birtuala sortzen zuten zapaltzaileek nazionalismo handiaren teorikoen laguntza izan zuten; esate baterako, Renan-ena. Honakoa esaten zuen hark: “ahaztea, edo are gehiago esatera ausartuko nintzateke, historia bera gaizki interpretatzea beharrezkoa da nazio bat eraikitzeko”. Eraikuntza birtualak bidea erraztea eskatzen du, eta horregatik jartzen dizkio iraganari ezaugarri pertsonalak eta egungo instituzioak aberriko mandatari bakar gisa.
Asturiasko eta Borboiko etxearen Monarkia hispanikoarekiko kolaborazioa Julio Caro Barojak jaso zuen La hora Navarra del siglo XVIII lanean. Turkiar inperioaren barruan greziar elite batzuek egin zutenaren antzekoa egin zuten; otomandar boterearen goi karguetan eragin komertzial, industrial eta administratibo handia zuten, baina XIX. mendean, greziarren emantzipazioa iritsi zenean, berehala galdu zuten eragin hura.

Eskubide politikorik eza

Askatasuna eta eskubide politikoak dira gizarte batek dituen eskubide garrantzitsuenak, horietatik eratortzen baitira giza eskubide guztiak (kulturalak, sozialak, ekonomikoak eta demokratikoak). Beste baten menpe dagoen gizarte bat ez da subiranoa, eta beraz, ez dago demokraziarik. Hori dela-eta, gure gizarteak subiranotasuna berreskuratu behar du, eta horretarako bere konstituzioa eta estatua behar ditu.
Euskal gizarteak ez du bere subiranotasuna ezarri, gizarte espainiar eta frantziarraren eta haien Estatuen menpe dagoelako. Gatazkaren jatorri historikoa, politikoa da. Hori onartu behar da, eta beharrezkoa den subiranotasuna berreskuratu. Gaur egun ukatzen den Estatu nafarra onartzetik abiatu behar da gatazkaren irtenbidea, horrek dakarren demokraziarik eza kontuan hartuta. Batetik, Nafarroako estatutasun gutxituak jasotako iruzur politikoa islatzen du; eta bestetik, egungo “demokraziaren” porrota dago. Beraz, demokraziari sakonean eragiten dioten arazoak eta guztion arteko elkarbizitza baketsua konpondu nahi badira, oinarrizko bi muga horiek aldi berean landu beharko dira; hots, Nafarroako Estatuaren ukapena eta demokraziarik eza.•