www.saretik.net/ostadarra

www.saretik.net/ostadarra helbidean, 2.200 ikaslek baino gehiagok osatutako ipuinak, abestiak, poesiak aurkituko dituzu, hainbat hizkuntzatan eta kultura askotatik jasota. Horietako batzuk ahotsez kontatuta daude (haurra entzuten duzu ipuina kontatzen edo poesia errezitatzen), beste batzuek irudi animazioa ere badute. Web orri honen helburua bikoitza da: batetik, ikasleekin testu generoak lantzea, horretarako ikasleek etxetik dakarten kultur ondarea baliatuz (ikasleak nongoak izan, hango ipuinak, poesiak eta kantuak lantzea baita proiektu honen gakoa). Kolonbia, Txina, Argentina, Idaho edota Perutik etorritako ikasleek gurasoek kontatutako ipuina, abestia edo poesia ekarri dute, talde osoaren aurrean kontatu dute, eta ondoren gelak landu egin du modu erakargarrian eskegitzeko web orrian. Ikasle etorkinen kulturari zein hizkuntzari gelan lekua egiten zaio horrela, eta ikasleak baloratuak sentitzen dira. Gelan egindako lana web orrian eskegi behar denez, proiektuaren bigarren helburua IKTak erabiltzen ikastea da.

Eskura dituzu testu generoak lantzeko gidak eta ikasleen lanak eskegitzeko programa informatikoak

Proiektu honen atzean Bilboko Ostadarra irakasle mintegiaren lana dago. Web orriko atal bakoitza lantzeko gida bat prestatu dute, edozein irakaslek jakin dezan zerotik hasita zer pauso eman behar dituen ikasleen lan bat web orri honetan zintzilikatzeko. “Nola egin” atalean testu genero hori lantzeko gidak edota webquest-ak proposatzen dira (webquest-a unitate didaktiko mota bat da, on-line egiten dena, Internet bidez). Gainera, testu genero hori lantzerakoan behar izan ditzakezun programa informatikoak ere bertatik jaits ditzakezu, ekintza puntual hori burutzeko “txuleta” eta guzti (nola grabatu ikaslea ipuina kontatzen eta gero Interneten eskegi? Nola sartu animazioa irudiari? Halako ekimen zehatzak proposatzen dira, beharrezkoa den ekipamendua eta jarraitu beharreko pausoen argibide zehatzak emanez).
Ostadarra irakasle mintegiak proiektu honetan IKTez ikasitakoa izugarria da; eta gainera, edozein irakaslek bere zentrotik proiektuan parte hartzeko aukera jarri dute, bide bera eginez ikas dezaten, mintegira joan beharrik izan gabe. Web orrian ekarpenak utzi dituzten ikastetxeen artean, adibidez, Ciudad Realekoak ere ikus daitezke.
Herrien atala: gure ikasleen jatorrizko kulturarentzako leiho bat
Hirugarren Zikloko ikasleekin lantzeko herriei buruzko atala osatu dute. Horrekin, ikasleek esanguratsua den herriari buruz lan bat osatu dute gelan (herria hautatzerakoan, taldean zer jatorritako ikasleak dauden hartzen da kontuan). Gelan egindako lanak informazio sakona bildu du (kokapena, alde fisikoak, ekonomikoak, kultura, hizkuntza, festak, gizarte datuak...). Ikasgelan prozesu hori burutzeko, lehenik eta behin irakasleek mintegian “webquest” edo “altxorraren bila” moduko bat muntatu zuten (Internet bidezko beste unitate didaktiko bat da). Ondoren, irakasleek sortutako webquest-aren bidez eraiki zuten ikasleek herriari buruzko lana. Bukatzeko, ikasleek lurralde hari buruzko ariketak edo jolas informatikoak sortu behar zituzten, beste eskoletako edonork jolastu ahal izateko modukoak: maparekin puzzlea osatzeko jokoak, herri bakoitzari bere bandera erlazionatzeko jolasak eta abar.
Gainera, proiektu hau ikastetxeen artean trukeak egiteko baliatu nahi izan dute. Hala, lanak erdibana egin dituzte beti bi ikastetxeren artean (eskola bakoitzak herri jakin baten ardura hartu du, eta modu honetan landu dute: beste eskola dagoen herriari buruzko lan erdia osatu dute eta hari pasa diote, eta alderantziz, bere herriari buruzko lan erdia beste eskolakoek landurik iritsi zaie). Internetek eskaintzen duena horixe baita finean: pertsonen arteko harreman eta informazio sarea osatzea.•