Kronika

Francoren garaian ikastoletan lan egin zuten 100 bat andereñok, denera sei milioiko pentsioa jasoko dute.

Euskaraz irakasteko debekua zela eta kotizatu ez zuten horiek, ordainean erretiro pentsioa izango dute. Dena dela, guztira 200 andereñoren izenak dauden arren, 100ek soilik betetzen dituzte martxoaren 14an Espainiako Kongresuan onartutako mozioak zehazten dituen baldintzak. Aipatu mozioak dio andereño horiek kontizatu gabe egin zutela lan euskaraz irakastea debekatuta zegoelako. Horrregatik, orain, lan ordu haiek kotizatu egingo zaiezki. Halere, andereño bakoitzaren egoera banaka aztertuko dute. Emilio Olabarria EAJko Madrilgo parlamentariaren hitzetan, mozioa “memoria historikoaren berreskuratzea” da.

Seaskako Integrazio Batzordeak 48.000 euro behar ditu aurten 11 haurrentzat

Urtetik urtera igoz doa Seaskako ikastoletan dabilen ahalmen urriko haur kopurua, eta denei erantzutea du helburu Integrazio Batzordeak. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkio ahalmen urriko haur guztiak eskola arruntean integratzeko baliabideak ematen Seaskari. Horregatik, hutsune hori betetzeko, euskal herritarrei eskatzen die laguntza. Aurten 48.000 euro behar ditu 11 haur integratzeko.

Izan ere, eskola arruntean eta euskaraz, besteekin eta besteen artean, eskolatuak izateko eskubidea denei bermatu behar zaiela uste du Seaskak. Hasieran, adituek bestelako iritzia zuten. Haien iritziz, ezinezkoa zen ahalmen urriko haur bat elebiduna izatea. Alta, Seaskak hori ez dela horrela frogatu du, hau da, baliabideak egonez gero, posible dela integrazioa lortzea.

Laguntza herritarrengandik dator

Frantziako Gobernuaz gain, gainerako botere publikoek ere ez dute diru laguntzarik ematen. Hala ere, Seaskak diskriminazio positiboa defendatzen du, eta estatuak defendatzen ez duten eskubidea berak defendatzeko ahalegina egiten du.
Zeregin horretan herritarren eta hainbat elkarteren laguntza jasotzen du. Urtero bezala, aurten ere Irratsei irrati emankizuna egin dute: sei ordutan zehar Euskal Irratiak Integrazio Batzordearen aldeko dirua biltzen aritu dira. Eta aldi berean, jende askoren partaidetza izan duten solasaldiak egin dituzte. Jende askok eman du dirua eta iaz baino 3.000 euro gehiago batu dituzte: 20.000 euro denera. Edonola ere, oraindik 48.000 eurora iristeko falta da, eta beste ekimen batzuk ere antolatuko dituzte beste zenbait elkarteren partehartzearekin eta laguntzarekin. Beste ekimenen artean, partaide kanpaina ere abiatu du. Kanpaina honen bidez, batzuk zuzenean ematen dute diru laguntza.

Etorkinak ere euskarazko ereduaren alde

Eskualdez eskualde dabil “Bai eskolak euskalduntzeari!” kanpaina herritarren sinadurak biltzen. Maiatza bitartean hala jarraituko du eta dagoeneko atxikimendu ugari jasotzen ari da, besteak beste, kanpoan jaio eta Euskal Herrian bizi diren hainbat herritarrena, Nafarroako Sakanan, esate baterako.

Kanpotik etorritako ugari bizi dira bertan. D ereduaren aldeko apustua egin dute eta besteei ere hala egiteko azpimarratzen die. Arrazoi sendo bezain pisudunak aipatzen dituzte horretarako.
Hasteko, hainbat etorkinek seme-alabak D ereduan matrikulatzeko eskatu diete gainerakoei, baina euren hizkuntzan egin dute eskaera. Euren ustez, “bertako hizkuntza ikastea da kanpotik datorrenaren kultura ezagutarazteko modurik onena”. Izan ere, bertakoekiko komunikazioa errazten du. Alta, ez hizkuntza soilik, kultura ere trukatzen da: “bertakoen kultura ezagutzen duzunean errazagoa da zurea ezagutzera ematea, zure kulturaren berri besteei zabaltzea” diote.
Horrez gain, errealitatea bere osotasunean ezagutzeko, bertako hizkuntza ezagutzea garrantzitsutzat jotzen dute. “Bertako hizkuntza ezagutzen ez baduzu, errealitatearen erdia edo gehiago galtzen duzu”. Eta eurak argi zuten ez zutelako horrelakorik nahi.
Arrazoi horiek guztiak tarteko, eskola euskaldunaren aldeko agiria sinatu dute. Hemen bizi dira, hemengo herritarrak dira, eta hemengo hizkuntza ikasteko duten eskubidea azpimarratu nahi izan dute. Euren seme-alabek eskubide hori izan dezaten nahi dute. Eta horretarako, administrazioari baliabide gehiago jartzeko eskatu diote. Izan ere, horrela, “normaltasunez bizitzeko eta garatzeko aukerak izugarri zabalduko” zaizkiela diote.
Sakanako Mankomunitateak ere bat egin du kanpainarekin. Aipagarria da bailara honetan azken urteotan euskararen eta D ereduaren berri zabaltzeko egiten ari diren ahalegina. Ondorioak ere antzematen dira; gaur egun euskaraz mintzatzen dira etorkinak.

Isabel Celaá Legebiltzarreko PSE-EEko bozeramaileak euskal curriculuma “doktrinazkoa, alderdikoia eta etnizista” dela adierazi du eta proposamenarekin ez dutela bat egiten ere bai.

“Hezkuntzan ez dugu Ibarretxe Planik onartuko” esan du. “Curriculuma Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriaren identitate nazional bat eraikitzeko estrategia independentista baten zerbitzura dagoen tresna” dela ere gaineratu du. Horrez gain, Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak ez duela inolako eztabaidarik bultzatu kritikatu du.
Hezkuntza sailburuak curriculumaren egileak hezkuntza sistema osoa ordezkatzen duela esanez erantzun du. Hezkuntzako eragile nagusien arteko elkarlanaren ondorio dela eta hemendik aurrera parte-hartze handiagoa eskatu duten elkarteei horretan lagunduko diela adierazi du, EHIGE, BIHE eta Sarean aipatuz.