Gaur egungo eskola ekonomiaren zerbitzura al dago?

Hasteko, planteatzen den tesiarekin ez nagoela erabat ados esan behar dut. Memento honetan enpresetan gaur egungo eta etorkizuneko lanpostuen helburuak eta eskaerak ez daude lehiakortasunari, arrakastari, indibidualtasunari, agresibitateari, utopiak uzteari eta abarri soilik lotuta. Ezta pentsatu ere. Are gehiago, kontzeptu horietako batzuei (arrakasta, lidergoa edo lehiakortasuna) normalean gutxiespen zentzua eman zaie, eta ez dute zertan hala izan beharrik; ez dira txartxat hartu behar, bakoitzak bere alde positiboa eta beharrezkoa baititu. Gainera, munduko (edo gutxienez Europako) lanpostuen politika berrietan positibotzat eta beharrezkotzat hartzen dira lanerako trebakuntza berrietarako ereduei begira.

Zer eskatuko da lanpostuetarako?
Etorkizuneko lanpostuetarako eskakizun berrien inguruko eztabaida irekia dago Europako Batasunean. Hemendik aurrera beste gaitasun berri batzuk eskatuko dituzte enpresek, eta ez “klasikoak”. Eta zehazten eta definitzen hasiak daude.
Hainbat egoeratara moldatzeko gai diren pertsonak eskatuko dira: egoera berrietara, enpresa bereko lanpostu desberdinetara, zenbait enpresen artean txandatzera (talde bereko enpresa edo ez), mugikortasun geografikora (batez ere lan munduan sartu berritan, askotariko gaitasunak eskuratzeko)…
Langile berriek garbi eduki behar dute trebeziak eskuratzeko gaitasuna lortu behar dutela; hau da, sentsibilitatea eduki beharko dute euren berezko eta ikasitako trebetasunak identifikatzeko (hezkuntzan, eguneroko bizitzan, ametsetan, kezketan, hobbyetan, aurreko lanetan…). Era berean, kontziente izan beharko dute etorkizuneko enpresak beren abileziengatik gehiago baloratuko dituztela prestakuntza akademikoagatik eta egindako ikastaroengatik baino.
Enpresaren helburu nagusia dirua irabaztea eta aberastasuna sortzea da. Horregatik, bere langileek errendimendu gehiago eta hobea izatea nahi du, bere helburu ekonomikoak asetzeko. Horrela, Giza Harremanetako zuzendaritzen joera zera da: langileak asetzea eta pertsona gisa errealizatzea. Azken urteotako aldaketa eta errebindikazio sozialak direla-eta (biztanleriaren zahartzea, emakumea lan merkatuan sartzea, familia egituren aldaketa…) beste kezka eta behar batzuk sortzen ari dira langileen artean. Horrekin batera, lana ulertzeko beste modu bat sortzen ari da, eta horrek beste termino eta adierazpen batzuk dakartza, adibidez: aukera berdintasuna (gizon eta emakumeen artean, eta “kristalezko sabaiarekin” amaitu etnika, adin… desberdinen artean), Familia Erantzukizuna Enpresetan edo bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko kontziliazioa (bereziki familia eredu berriak artatzeko –haurrekin edo gabe bizi diren ezkongabeak, berriz bikotea duten banatutakoak, beren ardurapean pertsonak dituztenak…-), Enpresen Erantzukizun Soziala gizarte hobea eta ingurumen garbiagoa lortzen laguntzeko (jasangarritasuna, lanpostu egonkorra eta eskubideekin, ingurumenaren errespetua eta zaintzea…).
Gainera, aldaketa teknologiko garrantzitsuak eta erabakiorrak ikusten ari gara: informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera orokortzen ari da, komunikazioa globalizatu egin da, espazio eta denbora mugak moztu egin dira eta abar.
Alderdi horiek denak eta beste asko irudi berri bat margotzen ari dira enpresen antolaketari dagokionez. Gizatasunik gabeko egitura duten eta maneiatzen zailak diren enpresa konplexu eta erraldoiak desagertzen ari dira, eta horien ordez enpresa txikiagoak eratzen ari dira eta zeregin berriekin (ez dakigu hemendik 20 urte barru nolakoak izango diren lanpostuen % 60). Eta zeregin edo lanpostu berri horiei egin behar diete aurre euren lehen lanpostua eskuratu nahi duten gazteek.

Nolako pertsonak nahi ditugu

Gauza jakina da pertsona bat lehiakorra izan daitekeela bere lanpostuan eta, aldi berean, solidarioa bere lankideekin. Hori ez da eztabaidan jartzen gaur egun. Era berean, ez da aipatu ere egiten norbait bere lanpostuan kalitatezko zerbitzua edo produktua eskaintzen ahalegintzea eta bestalde, langile gisa bere eskubide bakar bat ere bermatua ez izatea. Edonola ere, horrelako kasuak ez daude erabat desagertuta, ez enpresako arduradunen artean ez langileen artean ere. Eta hor bai hezkuntza sistemak zerbait egin dezakeela eta egin behar lukeela, noski.
Hezkuntza sistemak hiritarrak lan merkatu berrira egokitzeko prestatu behar ditu, iaiotasunak eta abileziak eskuratu behar dituzte eta erronka horri heldu behar dio. Jada ez da nahikoa ezagutza akademiko gaurkotuak izatea. Hainbat gaitasun gako gizaki guztien hezkuntzan landu beharko lirateke: sormena, talde lana, behaketa, pentsamendu analitikoa, iniziatiba, autonomia, malgutasuna eta aldaketetara egokitzeko gaitasuna. Abilezia horiek landu eta ikas daitezke. Gaur egun, sistema ekoizleak gaitasun sozialak eta ezaugarri abstraktuak dituzten pertsonak bilatzen ditu, besteak beste: berritzeko gaitasuna, norberaren erabakien eta ekintzen gaineko erantzukizuna, ingurura egokitzeko erraztasuna, kudeatzeko, erabakiak hartzeko eta taldean lan egiteko gaitasuna… Europako Komisioarentzat funtsezkoa da etorkizuneko enpresek eta langileek dibertsifikatzea, berritzea eta eskualdetan aberastasuna sortzea.
Pertsona hobeak lortu beharko genituzke, noski. Enpresa eta enpresen eta lanaren mundua hobeto ulertuko duten pertsonak, euren izerdia mundu hobea eta solidarioagoa eraikitzeko eskain dezaten. Izan daitezela pertsona lehiakorrak eta lor dezatela arrakasta euren lanean, baina arrakasta hori ez dadila termino ekonomikoetan soilik ulertua izan, baizik eta errespetuan, elkartasunean, asetasunean… Egin dezatela kalitatezko lana eta eskain diezaiela enpresari, horren truke soldataz aparteko onurak negoziatzeko, esate baterako: ordutegi malguak, baimenak, helburuen araberako kudeaketa, lan-utzialdiak, prestaskuntza…
Eskolatik beste modu batera ulertu beharko lirateke enpresa eta lan mundua. Eskolan hasten zarete etorkizuneko langileak eta enpresariak hezten eta prestatzen. Zergatik ez bultzatu eta indartu ongi egindako enpresaren eta lanaren espiritua eskolatik? Zuen eskutan uzten dugu… •