Landaberri ikastola, Lasarte-Oria eta Donibane Garaziko eta Izurako ikastolak eta kolegioa: LAGUNAK IPARRALDEAN ETA HEGOALDEAN

Gutxi gorabehera ezagutzen dugu Iparraldeko egoera zein den: biztanleriaren gehiengoa kostaldean bizi da, barnealdeko herriak oso txikiak dira, gehienak laborariak dira, euskara ez da ofiziala eta haren egoera larria da, desagertzeko bidean dago belaunaldien arteko etena dela-eta, euskarazko irakaskuntzak traba askotxo gainditu behar ditu, ikastola asko Hegoaldeko laguntzarekin eraiki dira… Baina, non dago zehazki Izura? Edota Ortzaize? Mapan ongi kokatuko al genuke Donapaleu? Zer-nolako bestak egiten dituzte? Nola bizi dira? Nolakoak dira hango ikastolak? Zer egiten dute denbora librean?

Iparraldetik Hegoaldera begiratuz gero, gauza bera gertatzen da, antzeko galderak sortzen dira: non kokatu Mungia? Eta Murgia? Hegoaldeko ikastolak ere hain txikiak izango al dira? Kalean euskaraz bizitzeko aukerarik ba al dute? Herri handietan eta hirietan zer harreman dituzte?
Konturatu gabe, makina bat galdera sortzen dira, eta orduan jabetzen gara gure ezjakintasunaz. Urrun sentitzen gara. Denok gara euskaldunak, baina arrotzak ere bai, hein batean.
Urruntasun hori hausteko modurik onena elkar ezagutzea izaten da, eta horregatik hasi ziren Gipuzkoako Lasarte-Oriako eta Nafarroa Behereko Donibane Garaziko ikastoletako gurasoak elkarrekin biltzen. Maite Goizueta Lasarte-Oriako Landaberri ikastolako gurasoa da eta hark dioen modura, “Iruñean manifestazioren bat dagoenean, joaten gara; baina Baionan dagoenean ez. Oraindik ere badago muga bat Iparraldea eta Hegoaldearen artean eta hori hautsi nahi dugu. Iparraldean lagunak edukiz gero, errazagoa egingo zaigu hara joatea, eta haiei ere gauza bera. Horregatik, familien arteko harremanak sortu nahi ditugu”.
Iazko azaroan Nafarroa Behereko gurasoak, irakasleak eta ikasleak Lasarte-Oriara etorri ziren egunpasa bat egitera, eta senidetze jaialdi batekin ospatu zuten eguna. Batzuentzat zein besteentzat, gazteentzat nahiz helduentzat, egun garrantzitsua izan zen. Xalbat Falxa Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko Guraso Elkarteko lehendakariak dioen modura, “gure adinekook ez dugu aukerarik ukan honat etortzeko. Orain badugu aukera eta gure haurrentzat mugarik ez da. Hori behar diegu irakatsi. Guk lehen urratsa eman dugu eta biharko haurrek landu behar dituzte euren arteko harremanak”. Gabi Fagaburu Oztibarreko ikastolako Guraso Elkarteko lehendakariak dioenez, “haurrak naturalki etortzen dira Lasarte-Oriara ikastolako beste lagun batzuk ikusterat. Mugak guk ditugu, beraientzat naturala da. Gainera, ohartu dira bai haurrak eta bai gurasoak ordu eta erdian hemen gaudela, Bordele baino hurbilago dagoela. Segur naiz jende anitzek asteburua edo hiru egun pasatzen dituela Landetan eta Pirinioetan, baina ez dela ausartzen Gipuzkoara eta Bizkaira joaten. Ohartu behar dugu hurbil gaudela eta badugula hizkuntza bat errazki mintzateko eta elkar ulertzeko”.

Bada zer ezagutua

Senidetze jaialdiak eta aurrerago etorriko diren beste ekitaldiek elkar ezagutzeko aukera emango dute. Izan ere, xehetasunak eta gauza ttipiak badira ere, ohitura batzuk desberdinak dira Bidasoaz iparraldera zein hegoaldera. Lasarte-Oriako senidetze jaialdian 14:00etan bazkaldu zuten, eta Nafarroa Beherean 12:30ean bazkaltzen dutena kontuan izanik… batzuek gosea pasako zuten, bai.
Donibane Garazitik eta Oztibarretik Lasarte-Oriara etortzea nekazari ingurunetik hirira etortzea izan zen. Xalbat Falxak hala dio: “gure ikasleek, Lasarte-Oriara etorrita, animaleko ikastola ikusten dute. Gu han ttipi-ttipiak gara. Donibane Garaziko ikastolan 95 haur eta Oztibarren 35-40. Honat etortzen garelarik eta 900 haur direla entzuten dugularik… beste mundu batean gara”.
Kulturalki ere beste zenbait ohitura berri ikusteko eta ikasteko aukera izaten dute haurrek: Hegoaldean trikitixa asko entzuten da eta bertsolaritza indartuta dago; Iparraldean kanturako ohitura oso zabaldua dago. Iparraldean trinketean aritzen dira eta Hegoaldean ezker paretean. Batak zein besteak aberasteko bidea ematen dute, buruan ditugun mugak gaindituz.

Laguntza zertarako?

Maite Goizuetaren ustez, “Iparraldean euskararen egoera Hegoaldean baino okerragoa da eta ikastolena ere bai. Zentzu horretan, baduzu zertan lagundua. Esate baterako, liburutegiak hutsik dituzte, eta guk hemendik liburuak bidal ditzakegu. Baita material didaktikoa, jokoak, buruhausteak eta abar ere. Horregatik, bilketa bat egingo dugu materiala bidaltzeko”.
Xebastian Ihidoi Donibane Garaziko ikastolako Guraso Elkarteko lehendakariak dioenez, Hegoaldetik jasotzen duten laguntza garrantzitsua da eurentzat. “Orain arte egin diren eraikuntzak Hegoaldeko diruarekin pagatu dira, eta hori ezin dugu ukatu, eskertu baizik”. Eusko Jaurlaritzatik eta Udalbiltzatik ere jasotzen dute diru laguntza, baina Gabi Fagaburuk dioenez, “hemengo hautetsiek ez dute maite Hegoaldetik dirua sartzea, beraiek ez baitute ematen. Hegoaldetik diru publikoa heltzen dela ikusten dute eta horrek kontraesana sortzen die. Hitz ederrak bai, baina gauza gutti egiten da Iparraldeko administrazio publikoaren aldetik. Horregatik, Hegoaldeko laguntzak akuilu ziztada bat ematen die”.

Gela barruko lana: urratsean eta xumeki

Senidetze eta harreman sarea gurasoek bultzatu badute ere, eskola barruan ere lantzen dute. Landaberri ikastolako Lehen Hezkuntzako zuzendari Susana Arrizabalagak dioen modura, “batez ere gurasoen esku utzi dugu dinamika, eta guk gure neurrian eta ahal duguna egingo dugula esan diegu. Alegia, gela barruan beraien dinamika hori modu aprobetxagarrian txertatzen saiatuko gara. Hau da, gela barruan egiten ditugun zenbait jardueratan harreman hori modu motibagarrian erabiltzen dugu. Esate baterako, ipuinak egiten ditugunean edo gutunak edo testu motak lantzen ditugunean, Iparraldeko lagunei idazten diegu”. Iaz Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako edo Ama Eskolako 1. eta 2. mailako ikasleak gutunak trukatzen hasi ziren. “Guk 3. mailakoekin power point-eko muntaketa bat egin genuen eta haiei bidali” dio Susanak. “Testu lanketaren barruan azalpen testua lantzen ari ginen eta gure herriaren azalpen bat prestatu genuen, handik hona etortzeko ibilbidea zehaztu eta gure ikastolaren deskribapena egin. Gero argazki batzuk atera genituen eta ahozko testu bat erantsiz power point bat osatu genuen”.
“Guk Landaberriko aldizkaria ukan genuen eta gure ikasleek sortutako testu batzuk hor agertzea proposatu zitzaigun” dio Jean Michel Etxegarai kolegioko zuzendariak.
Harreman horiek bideratzeko hizkuntzaren arazoarekin egin zutela topo dio Susanak. “Gure haurrentzat arrotza da Donibane Garaziko lagunen hizkera, ohitu gabe daudelako. Horregatik, hasieran grabaketa batzuekin landu genuen”. Jean Michelek dioenez, “guk ez dugu arazo hori. Kolegioan herri askotakoak biltzen baitira: Amikuzekoak, Garazikoak, Zuberoakoak… Jada ezagutzen dituzte beraien arteko euskalkiak, nahiz eta ikastolan batua erabiltzen den. Ez zaie errazago Hegoaldekoei baino, baina urrats hori emateko ohitura badute”.
Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan lehendik ere bazuten trukeak egiteko ohitura hori: astebetez beste eskola batera joaten dira eta beste astebetez hangoak Donibane Garazira, gutunak trukatzen dituzte eta abar. Baina ikasleen eta irakasleen arteko harremanak dira. Lasarte-Oriako senidetzearen kasuan, ostera, gurasoak ere tartean daude, eta horrek eskolatik kanpoko erlazioak sendotzeko aukera ematen du.
Ideia eta gogoetak badituzte, baina dinamika sortzeak denbora eskatzen duela diote bi zuzendariek. “Gure ikastolan, Lehen Hezkuntzan, irakasle talde bat sortu da hori dinamizatzeko eta gurasoek egiten dituzten ekintzekin koordinatzeko. Baina oraindik lehenengo urratsak eman ditugu, hasi baino ez gara egin”. Jean Michelen iritziz, “Buruz buruko harremanak behar dira bereziki erlazio sendoak sortzeko”. Egindako senidetze jaialdiak horretarako balio izan du, eta aurrerantzean egingo dituztenek ere bai. Lehenengo urratsa eman baitute, eta segidakoak etorriko dira. Garrantzitsuena badaukatelako: adiskidetasuna, interesa eta gogoa. •