Ikasle etorkinak haur hezkuntzan (1)

Beste etapetan zailtasunak agertzen direnez, aipamen gutxi topa daitezke “Haur Hezkuntza eta ikasle etorkinak” gaiari buruz. Egia da Haur Hezkuntza, daukan egiturari eta metodologiari esker, etaparik errazena dela ikasle etorkinak integratzeko; egia da haur txikiak –Haur Hezkuntzako umeak– hobeto moldatzen direla egoera berrietara nagusiak baino; egia da hemen jaiotako ikasleak antzeko egoeran daudela, beraientzat ere eskola egoera berria baita. Baina, hala eta guztiz ere, ikasle atzerritarren integrazioak arreta berezia eskatzen digu, Haur Hezkuntzan ere ahal den modurik hoberenean gerta dadin. Ikasle guztientzat Haur Hezkuntzako etapa ondo, pozik egitea garrantzitsua bada, ikasle etorkinarentzat eta bere familiarentzat are garrantzitsuago, harrera gizartean integratzeko lehen urratsa izan daiteke eta. Horregatik, gure jarrera ezinbestekoa da egoera berri horri aurre egiten diogunean.

Hona hemen irakasleok izan ditzakegun hainbat pentsamendu:
“Nola moldatuko naiz beraiekin hitz egiteko, ez badugu elkar ulertzen?”
“Auskalo nondik etorriko den eta zein izango diren haren ohiturak!”
“Nahikoa daukat hemengoekin, gela ia beteta dudalako, eta orain hau?”
“Zein interesgarria, orain arte ez dut horrelako esperientziarik izan!”
“Jakin banekien familia asko etortzen ari direla auzora. Auzoan dagoena eskolara heldu da”
“Kanpoko haur bat nire gelan kokatu dute, galdetu beharko diot nire lankideari ea berak zer egin zuen tokatu zitzaionean”
Galdera horiek denok izan ditzakegu buruan, eta den-denak dira zilegizkoak. Ikastetxe batzuetan tutoreak berak moldatu behar izan du haur berria gelara heldu denean, besterik gabe. Baina gure ustez, ikasle horien egokitzapena, eskolatzea prestatzea, irakasle guztion lana da, eta denon artean adostutako erabakiak eskatzen ditu.
Dokumentu hau Haur Hezkuntzako irakasleekin izandako topaketa baten ondorioz sortu da. Beste dokumentuetan aurkituko duzuen hainbat iradokizun eta ideia topatuko duzue hemen ere, baina etapako berezitasuna errespetatzen saiatu gara. Hori dela eta, Haur Hezkuntzan garrantzi handia duten esparruak landu ditugu: familiarekiko harremanak, ikaslearen integrazioa gelan eta hizkuntzen trataera.
Gure asmoa Haur Hezkuntzako irakasleei oinarri bat eskaintzea izan da, ondoren denen artean eztabaidatzeko. Izan ere, ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du ikasle horien eskolatzea eta integrazioa nola bideratuko duen.
Ez daukagu zalantzarik: denen artean adostutako erabakiekin denok ikasten dugu eta gure lana hobeto egiten laguntzen digu.

Ikasle etorkinen familiak eta eskola

Familien igurikimenak (espektatibak) haurrak eskolara eramaterakoan

Pertsona batek emigratzea erabakitzen duenean “bizitza hobea” bilatzen du beretzat eta bere familiarentzat. Emigratzea ez da bat-batean hartzen den erabakia, ondo pentsatutako prozesu luzea izaten da. Nahiko arrunta da hasiera batean gurasoetako bat heltzea herrialde berrira, eta hor nolabaiteko egonkortasuna lortzen duenean erabakitzea familia elkartzea. Familia elkartzeko erabakiak esan nahi du herrialde berrian bizitzen jarraitzeko asmoa dutela, nahiz eta jatorrizko herrialdearekin duten loturari eutsi.

Familia etorkinak, eskolara hurbiltzen denean, badu bizitza proiektu berri bat, non ideia nagusia zera izaten den: “gure seme-alabek izan dezatela guk izan ez duguna”. Hori dela eta, familia etorkinentzat eskolak garrantzi handia du, haien ustez hori baita seme-alabentzat arrakasta izateko bidea. Eta ez zaie arrazoirik falta, eskola baita familia integratzeko esparru garrantzitsuenetako bat: eskolan haur horiek aukera izango dute beste kultura eta ohitura batzuk ezagutzeko, eta bere familiaren ingurukoak ez diren haurrekin harremanak izaten hasteko; alegia, herrialde berrian elkarrekin bizitzen ikasteko.
Baina, halere, gurasoek eskolarekin duten jarrerak zerikusi handia izan dezake haien aurretiko ezagutzekin. Norberaren kulturan eskolak bete duen funtzioak baldintzatuko ditu gizarte berrian eskolari buruz izan ditzakeen espektatibak. Edozein pertsonak eskolan izan dituen esperientziaren eta bizipenen arabera hedatzen du erakunde horren inguruan daukan iritzia. Gainera, ez da ahaztu behar herrialde bakoitzak bere eskola eredua, metodologia, hezkuntza sistema dituela. Adibidez, Haur Hezkuntza oso hedatua dago gure gizartean, baina arrotza gerta dakioke hainbat gurasori. Familia horiek haur txikiak eskolara eramatea horren zabalduta dagoela ikusten dutenean, igurikimen desberdinak izan ditzakete. Izan ere, munduko hainbat herrialdetan haur txikien heziketa eta zaintza familia barruan soilik egiten da, hala baloratzen dutelako eta haien kulturan era horretan sustraituta dagoelako. Beste herrialde eta kultura batzuetan komunitatea arduratzen da haur txikien heziketaz. Herrialde horietan seme-alabak ez direla gurasoen jabetza pentsatzen dute, eta inguruko pertsonek badutela zer eskaini, heziketa prozesua ahalik eta aberatsena izan dadin.
Edozein modutan ere, familiek egoera berria dute aurrean, eta hemen dituzten beharrak eta jatorrizko herrietan zituztenak desberdinak izan daitezke. Haien egoera sozio-ekonomikoak lan mundura lehenbailehen sartzea exijitzen die, eta eskolari haurrak zaintzeko eskatzen diote, haien kulturan ohikoa ez izan arren.
Honela, askotarikoak izan daitezke ikasle etorkinen gurasoen jarrerak beraien seme-alabak hezkuntza sisteman sartu nahi dituztenean.
Immigrazio prozesuez ahal den informazio gehien izateak familia berrien egoera ulertzen lagunduko digu irakasleoi. Horren ondorioz, haien beharrei hobeto erantzun ahal izango diegu.
E. Coelhok edozein emigrazio prozesutan gerta daitezkeen egoera batzuk aipatzen ditu:

Familia banatuta egotea

Gehienetan, familiak apurka-apurka iristen dira harrera gizartera. Familiako kide bat ez egoteak desoreka sor dezake, eta azkenean iristen denean, egin beharreko berregokitzeak larritasun egoerak sor ditzake, familiako harremanak bere onera etorri arte.

Erabakia, prestaketak eta laguntza

Familia batzuek emigratzea erabaki dute, bidaia prestatu dute, eta harrera gizartean dituzten laguntzen berri izan dute, beren kulturako beste kide batzuek lehenago egin izan dutelako. Horiek zorionekoak dira. Zoritxarrez, gehienen kasua ez da hori izaten, eta erabaki hori hartzea ez dagokie haurrei, gaztetxoei eta, zenbait kulturatan, ezta emakume gazteei ere. Giza talde horietan, erabakimenik ez duten horiengan askotan inpotentzia eta desegokitasun sentimendua garatzen da.

Ingurumeneko faktoreak
Nekazaritza mundutik hirietara etortzeak, bakardadeak, bakartuta sentitzeak, pisu txikietan jende asko bizitzeak... arazoak sor ditzake familiako kideen artean ere.

Bakartze kulturala

Eguneroko zereginek eta hizkuntza berrian duten zailtasunek harrera gizartearen kulturara hurbiltzea eragozten diete helduei. Elkarrekintzarako aukera gutxi izaten dute, eta komunikazio premiak murriztu egiten dira. Bakartze horrek, askotan, seme-alabengan du eragina: edo familia osoak pairatzen du aipatutako bakartze hori, edo jauzia sortzen da heldu bakartuen eta mundu berrian parte hartzeko gogotsuago dabiltzan gazteen artean.

Identitatea

Identitatea eraikitzea oinarrizkoa da pertsonaren formazioan. Baina, askotan, ikasleek ez dute euren burua islatuta ikusten harrera gizarteko jardunbideetan. Hori oso txarra da, ikasleak ez baitu aurkitzen bere identitatea eraikitzeko eredurik.

Egoera sozio-ekonomikoa

Hizkuntz gaitasunik ez izateak, ikasketa eta tituluak baliozkotzea lortzeko ezintasunak, diskriminazioak eta abarrek, besteak beste, zera eragiten dute: etorkin kualifikatu batzuek beren esparruko lana aurkitzeko aukerarik ez izatea. Horrek autoestimu arazoak eta gutxiespen sentimenduak sor ditzake.

Aldaketak familiako botere egituran

Harrera gizarteko lan merkatuaren premiak direla eta, baliteke jatorriko herrialdean familiako kide bakoitzari esleitutako rol tradizionalak aldatu behar izatea etxeko lanen banaketan, estatusean eta boterean. Egoera horrek gaizkiulertuak sor ditzake familiaren barruan, eta bortizkeria ere bai. Seme-alaben hezkuntzari dagokionez, baliteke jatorriko gizarteko hainbat jardunbide harrera gizartean onartezinak izatea. Horren ondorioz, gurasoak armarik gabe gelditzen dira eta etxean arazoak sor daitezke.

Eskolaren eta familiaren arteko gatazka kulturalak

Zenbaitetan, ikasleak bere jatorriko kulturarekin bat ez datozen balio batzuen eragina izan dezake.
Haurrek harrera gizarteko hizkuntzan zenbat eta erraztasun handiagoa hartu, orduan eta distantzia handiagoa ezartzen da erraztasun hori lortu ez duten helduekiko. Horrez gain, etxeko hizkuntzan gaitasuna galduz badoaz, azkenean familiarekin berarekin komunikazio arazoak ere sor daitezke.
Irakasleok kontuan hartu beharko ditugu aipatu ditugun ezaugarri horiek, gure esku hartzea egoera berrietara egokitzeko. Hori egokitzapen prozesu bat bideratuz lortuko dugu, familiak dinamika berrian behar duten erritmoan eta denboran moldatzen joan daitezen, informazio argia eta zehatza emanez, eta azkenik, haien egoera ulertzeko enpatia baliatuz.

Familiaren eta eskolaren arteko komunikazio egoerak errazteko jarraibideak

Haur Hezkuntzan gurasoekiko harremanak honako hauek izan daitezke:
Harreman ez formalak:
Sarrera eta irteeretan haurrak eskolan uztera edo jasotzera datozenean, bat-batean sortzen direnak.
Harreman formalak:
Elkarrizketa formaletan, aldez aurretik deitutakoetan; gidoia aurrez prestatuta izaten dutenak dira.
Gelako bileretan:
Tutorea neska-mutil guztien gurasoekin elkartzen denean.

Haur etorkinen familiekin komunikatzeko arazoak egon daitezke hizkuntza ondo ulertzen ez dutelako, edo gure erreferente kulturalak ezagutzen ez dituztelako. Horregatik, harremanetan hasten garen mementotik kontuan hartu beharko dugu:

- Gurasoei kontatu nahi diegunak semearekin edo alabarekin zerikusi zuzena izan behar du. Ondoren, komunikazio giroa sortu denean, gelako gainerako alderdiak azter ditzakegu. Emango diegun informazioa testuinguruan ondo kokatuko dugu; adibideak jarri eta euskarri grafikoak edo errealak erabil ditzakegu, ulermena era egokian izan dadin.
- Elkarrizketa formala bada, deialdia ahoz eta idatziz egingo diegu. Horrela, paperean idatzita dagoen informazioaren gainean zalantzarik baldin badute, hizkuntza beraiek baino hobeto menperatzen duen lagun bati galdetzeko aukera izango dute.
- Elkar ulertzeko zailtasunak izanez gero, Lurralde Ordezkaritzako etorkinen teknikariarengana jo dezakegu, itzultzailea eskatzeko. Erantzunik ez balego, atzerriko familiaren senide edo ezagun batekin molda gaitezke, ahal bada.
- Familiarekin ikaslearen balorazioa aztertzen denean, haurrak jorratutako bidea eta garapena baloratuko ditugu, eta ez bere ikaskideekiko izan dezakeen aldea.
Aldi berean, gurasoei azalduko dizkiegu aurrera jarraitzeko eskaini ahal dizkiegun laguntzak eta proposamenak.
- Harrera gizarteko hizkuntzan edo hizkuntzetan konpetentziarik ez izateak mesfidantza, zalantzak edo beldurrak sor ditzake gurasoengan. Testuingurua oso argi ez badago, gurasoei galdetu nahi dieguna ikaslearekin guztiz lotua ez badago, galdera hori harrera gizarteko unibertso kulturalean oinarrituta badago… elkar ulertzea zaila gerta daiteke.
- Aipatu beharra dago etorri berriak diren gurasoentzat edo harrera gizarteko hizkuntza menperatzen ez duten aita-amentzat gogorra izan daitekeela gelako bileretara joatea, horietan guraso asko biltzen direlako eta informazioa orokorra izaten delako. Ez ulertzeak tentsioa sor dezake. Horregatik, hainbat guraso atzerritar ez dira joaten horrelako bileretara.
Horrelako egoeretan, irakasleok gai izan behar dugu etorri ezin hori era egokian interpretatzeko.

Atzerriko gurasoen parte hartzea bultzatzeko iradokizunak

Orain arte aipatutako guztian oinarrituta, erraz ulertuko dugu atzerriko gurasoek ere egokitzapen denbora bat behar dutela eskolara hurbiltzeko, nahiz eta egunero gelaraino sartu. Irakasleok, gure aldetik, errespetuz, enpatiaz eta pazientziaz jokatu behar dugu, jorratu behar duten prozesua errespetatuz.
Prozesuaren urratsak eta denborak desberdinak izango dira familia bakoitzaren estiloaren eta kulturaren arabera. Hori dela eta, irakasle bakoitzak ikusiko du zein izan daitekeen unerik aproposena guraso berriak gelako dinamikan parte hartzera gonbidatzeko.
Batzuetan interesgarria izan daiteke gelako beste guraso baten konplizitatearekin jokatzea, eguneroko sarrera eta irteeretan gurasoek beren artean kontaktuak, “bisualak” edo pertsonalak, izaten baitituzte.
Besteetan, dei zabalagoak izan daitezke, adibidez txangoak, ospakizunak, mozorroak edo material prestaketak egin behar direnean. Eskolak gainerako gurasoen parte hartzea bultzatzen eta eskertzen duen moduan, berdin egin beharko du atzerriko gurasoekin, beti ere horietako batzuen ezagutzarik eza kontuan izanik.
Aipamen berezia merezi dute ikastetxean ospatzen diren jaialdiek. Horrelakoetan, giro alaiaz inguraturik, kulturak garrantzia eta protagonismoa hartzen ditu, eta sinboloak eta identitate ezaugarriak adierazteko uneak izaten dira. Une horiek oso probetxugarriak izan daitezke familien arteko loturak egiteko, baldin eta guraso berriei ekintzen nondik norakoa ulertzeko parada ematen badiegu. Horretarako, aldez aurretik, ikastetxeko ospakizunen albuma prestatuta izan dezakegu, ondoren ospatuko dena iragartzeko, irudiak aurrean izanda errazago ulertuko dituztelako emango diren azalpenak. •