Lehentasuna: helduak giza balioetan heztea
Kanpainak eta elkartasun programak haurrei begira antolatzen dira ia beti, haurrak direlako “biharko helduak”. Gaurko mundua, ordea, helduen eskuetan dago. Horrexegatik, giza balioetan hezten hasi behar dutenak helduak direla argi dute Jolas Kooperatiboen etxean: helduak eta gizartea dira haurrei lehiakortasuna transmititzen dietenak eta, beraz, helduengan gertatzen diren aldaketek efektu biderkatzailea dute. Helduentzako lantegiak 8-12 ordukoak dira, eta erabat praktikoak. Helburua helduek jolastea da (gutxitan egiten dute, eta oso positiboa da harremanetarako, komunikaziorako, auto-ezagutzarako, kultura artekotasunerako, sormenerako, integraziorako, plazera lortzeko....). Esperimentatuz ikasten dute beste modu batean jolasten: elkarlanean. Jolas hauetan taldean jolasten da: ez du inork irabazten, taldeak irabazten edo galtzen du. Helburua garbia da: lehiakortasunik gabe jolastu eta ondo pasatzea. Jolasa plazera delako.Dendetan ez dituzu aurkituko
Mahai jolas kooperatiboak, gehienak, Alemanian fabrikatzen dira. Hemengo dendetan ez da komertzializatzen jolas mota hori. Jolas hauek giza balioetan hezten dute, desberdinak dira eta kalitate handiko jolasak dira (egurrezkoak dira asko). Jolas Kooperatiboen etxean daude salgai. Jatorrizko herrietatik ekartzen dituzte (Alemaniatik gehienbat), itzuli, eta salgai eskaini. Izan ere, askok eskatzen zizkieten, eta jende horrek non lortu ez zeukan bestela. Euskal Herrian bertan mahai jolas kooperatiboak sortzea izan da InteRed Euskal Herria GKEren beste helburu bat. Orain artean 4 mahai jolas atera dituzte (ikus ondoko taulan). Eusko Jaurlaritzaren laguntza dute, eta ikastetxe zein elkarteei doan eman dizkiete (dagoeneko agortuta dago administrazioaren laguntzaz ateratako edizioa). Jolas kooperatiboko dendan, hala ere, lau jolas hauek salgai daude.Jolasen mailegu zerbitzua
Mahai jolas kooperatiboak maileguz eraman daitezke etxera, liburutegiko sistemaren antzera: kuota bat ordaindu (20 euro urtean), eta 10 egunean behin jolas bat har dezakete. Ikastetxeek eta elkarteek 45 euroko kuota dute, eta 3 jolas eraman ditzakete epe horretan. Zerbitzuak harrera ona omen du: “Gurasoen eta haurren arteko harremana gehiago lantzeko aukera ematen du. Arratsaldean edo gauean tartetxo bat hartzen dute jolasaren bidez elkarrekin egoteko. Eta haurrek ikasten dute ez dutela zertan dena eduki, zertan dena erosi. Lankidetzaren zentzua du: nik disfrutatzen dut jolasarekin, baina ez da nirea, eta zaindu egin behar dut beste haurrek ere goza dezaten”. •Prestakuntza
Guraso eta hezitzaileentzat · 8-12 orduko prestakuntza lantegiak, erabat praktikoak. · Hitzaldiak. · Informazioa: jolas fisikoei eta mahai jolasei buruzkoa, bibliografiak, web orriak, nazioarteko materialak, lan talde espezializatuak eta abar. Haurrentzako tailerrak · 6-10 urte bitartekoentzat. Mahai jolasak eta jolas fisikoak lantzen dira. Ikastetxeen bisitak · Lehen Hezkuntzari zuzenduta. Material didaktikoa· Material hau InteRed Euskal Herria eta FISC GKEk atera dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.
· Eskuratu nahi duenak, InteRedera deitu (943 293 847)Unitate didaktikoak
“Atzoko eta gaurko lankidetza jolasak” Euskal Herriko jolas tradizionalak hartu, eta buelta txiki bat emanez kooperatibo bihurtu ditu lan honek. Edizioa agortuta dago. “Lankidetza jolasak” Balioetan hezteko, eskolan jolas kooperatiboa erabiltzea proposatzen du unitate didaktiko honek. LHko 6-12 urteko haurrentzat da. “Elkartasuna eta Lankidetza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan” Gatazken kudeaketarako tutoretza plan bat da: ordubeteko 15 saio planteatzen ditu, jolasetan, ipuinetan eta musikan oinarrituta. Oraindik ez dago eskuragarri, esperimentazio fasean baitago, 7 ikastetxetan.Mahai jolasak
· “Itsasoa jokoan” (10 urtetik aurrera). · “Elur jausiak” (8 urtetik aurrera). · “‘T’ Chang” (10 urtetik aurrera) · “Bedi-Bedi”( 8 urtetik aurrera).