Ikuspegi pedagogikotik bidegabekeria bat da

Albistea irratiaren bidez entzuteko aukera izan genuen. Frantziako estatuan irakurketa prozesua metodo globalaren bidez irakasten bazen orain arte, metodo horrek sortzen dituen dislexiko kopuru handia dela eta, hemendik aurrera metodo silabikoa erabiliko da. Erabakia Hezkuntza Nazionalak hartu du. Hau da, Frantziako gobernuak.

Ikuspegi pedagogikotik horrek zer dakar? Metodo globala ikuspegi konstruktibistan oinarritzen da. Esaldi esanguratsuetatik abiatu eta horren barruan dagoena analizatzen joaten da, hitzak eta silabak bereiztuz fonemetara iritsi. Hori guztia, ikerketen eta analisien bidez lortzen dute haurrek.
Metodo silabikoak, berriz, silabak hartzen ditu irakurketa prozesuaren oinarri. Silabak elkartuz hitzak eta esaldiak osatzen dituzte. Esan liteke metodo mekanikoa dela, ez analitikoa.
Albisteak zer pentsa ematen du:
1.- Estatu batek erabaki beharko al luke ikastetxe bakoitzean zein irakurketa metodo erabili behar den?
2.- Zer erabaki lezake ikastetxe bateko eskola komunitateak bere hezkuntza proiektua ez bada, eta ondorioz, bere pedagogia metodoa?
3.- Zergatik egiten du estatuak une honetan publiko erabakia?
Guk beti pentsatu dugu ikerketak egitea ona dela, interes pedagogikoz eta ikuspegi objektiboz eginak baldin badaude behintzat.
Dena den, eskolan muturra gehiegi sartzeak ez dugu uste inongo mesederik egiten dionik hezkuntza sistemari. Ikastetxe baten komunitatearentzat ezer garrantzitsurik baldin bada, bere hezkuntza proiektua da. Horrek markatzen ditu ikastetxearen norabidea, bere asmoak, etorkizunerako apostua, inguruarekiko gertutasuna, barruko eskola bizitza, kanporako proiekzioa eta abar.
Nola sar liteke estatua ikastetxe bakoitzaren pedagogia metodoan?
Duela urte asko, Freinet pedagogoa Eskola Modernoa sortzen ari zen Frantziako sistema publikoaren barruan irakasle gisa lanean ari zela. Baina haren aurkako kanpaina handia bultzatu eta lanean ari zen zentroan aritzea debekatu zion Hezkuntza Ministerioak. Freinetek ez zuen onartu eta 1935ean bere eskola propioa ireki zuen.
Frantziar Hezkuntza Ministerioak ez al du ezer ikasi orduz geroztik?