Euria lakoa

Euria ari zuen, bazen garaia!, zioen jendeak, larrituta baitzegoen aspaldi ez zuelako tantarik ere botatzen, hainbeste ze urtegiak husten hasiak baitziren, belarra eskasten, zuhaitzak idortzen, dena hautsez betetzen, eta are larriagoa zena, nolabait inoiz batean egarriak egon gintezkeelako susmoa hedatzen, euria ari zuen azkenik, bazen garaia! zioten batzuek, eta beste batzuek, horixe da gauza benetan inportanteen ezaugarria, falta arte ez zarela konturatzen, benetan konturatzen.

Euria ari du txikiena eskolara eraman genuenean bere begietatik negarra bezainbeste, esan ohi zuen gure ama zenak, euri handia botatzen zuenean, eta bere arrazoiak edukiko zituen. Nik orduan begiratzen diot Asiertxuri, edo Oihanetxuri, eta ez dut negar egiteko gogorik atzematen beren begi irribarretsuetan. Zerbait aldatu da.
Euria bota zuen, gogotik bota ere, eta urtegiak bete ziren, loreak berriz zabaltzen, zuhaitzak edertzen, eguratsa garbitzen, eta trago ederrak egin ahal izan genituen eskasiaren beldurrik gabe, eta orduan denoi ahaztu zitzaigun uraren kontua, berriz ahaztu genuen horixe dela gauza benetan inportanteen ezaugarria, falta arte ez zarela konturatzen, eta inori ez zitzaion burutik pasatu euriari eskerrak ematea. Ezinbestekotasunak horrelako gauzak ditu. Inork euriari eskerrak eman ez, eta aitzitik, bakoitzak bereari ekin zion, eta hasi ziren hurrengo derbiaz, edo hurrengo gobernuaz, edo hurrengo negozioaz edo hurrengo parrandaz. Alegia, benetan inportanteak diren gauzez ahazten garenean inportante jotzen ditugun haietaz. Iratik eta Galderrek zoriontsu dirudite, nik ez dut esaten dena perfektua denik, ez horixe, baino zerbait aurreratu da, eta zoriontsu diruditenez ez diogu hainbeste geure buruari galdetzen ongi ari ote garen, eta seme-alabarik mundura ekartzeko pozaz gogoratzen gara, erantzukizun izugarriaz arinduta. Ongi ari ote garen, inoiz ez dago jakiterik segurtasun osoz, baina konparaziorako, ni hezkuntza gris bateko ume beldurtua izan nintzen, eta ez dakit beldur horrek ez ote duen nire baitan, oraindik ere, txoko bat gordetzen, normala ohi denaz haratago. Inork ez digu baieztatuko gure gaurko umea ez den izango biharko gaiztoa, edo zoritxarrekoa, baina irrirako –askatasunerako, erabakimenerako, bere buruaren ezagumenerako- bide gehiago eduki ditu guk baino, eta ez da hasiera txarra. Nekez eskertuko dugun arren, euria ere eskertzen ez dugun moduan.
Euria ari du, eta ez dakigun falta.•