Kidetze planak adin diferenteetako ikasleen artean

Edozein hizkuntz normalkuntza planek hizkuntz portaeran eragitea lehenetsi behar du. Eskolako esparrura etorrita eta gure ikasleen hizkuntz portaeran aldaketarik eman dadin, garbi dago ez dugula eragingo “EGIZUE EUSKARAZ!” gisako mezuak bideratuta.

Honela bada, gure jarduna eragingarria izan dadin bestelako estrategiaz baliatu behar dugu. Eskolako normalkuntza planetan ikasleen zuzeneko partaidetza bilatu behar dugu, batez ere Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan eta Bigarren Hezkuntzan. Hizkuntz normalkuntzarako teknikarien eta ikasleen arteko elkar-lanak ahalbidetuko du ikasleek protagonismoz jokatzea eta normalkuntzan erantzule sentitzea. Izan ere, interakzio horren bidetik ikaslearen heziketa orokorrean eragiteaz gainera, bere hizkuntz portaeran eragitera ere irits baikintezke.
Beraz, edozein normalkuntza planen egitekoa adin horietako ikasleen partaidetza bultzatuko duen zenbait antolaketa eredu proposatzea izango da. Adin helduagoko eta gazteagoko ikasleen arteko kidetze plana, esaterako, helburu horri ezin hobeto erantzuten dion antolaketa duzue. Kidetze plangintza horien gakoa ikasle batzuk eragile eta besteak hartzaile bihurtzean datza. Ikasle eragileak, gogoko duen ekintzaren batean murgilduta protagonista dela sentitu behar du. Bestetik, hartzaile denak ere proposatutako ekintzarekin motibatua eta gustura sentitu behar du. Beraz, ikasleen arteko elkarrekintza bultzatzeko proposamena da hau. Hartzaile diren ikasleentzat eredugarri izan ohi dira eragile bihurtzen ditugun ikasle nagusiak eta ona da ikus dezaten horiek euskarari garrantzia eman ez ezik euskara erabili ere egiten dutela. Horrenbestez, era horretara aritzeko asmotan bagara, hiruhileko bakoitzean kidetze hori zein ekintzaren bidez hezurmamituko den zehaztu eta erabaki beharko dugu lehenik eta ondoren, harreman-sarea antolatzeari ekingo diogu. Data jarri eta aurrera! Tartean prestaketa lanak eginda, noski, arrakasta bermatuta dago.

ZER EGIN

Kidetze plangintzaren adidea
KONTAIDAZU ARREN IPUIN BAT!

Ekintzaren deskribapena: DBH-DBHOko ikasleak eragile bihurtzen ditugu HH-LHko ikasleekiko. Ikasle nagusienak txikiagoak direnen arduradun bilakatuko ditugu kurrikularra izan daitekeen jarduera lantzeko orduan. Beraz, aparteko ahalegin eta ekimenik bideratu gabe, interesgarria da ekintza hori curriculumaren barruan txertatzeko. Horregatik, Bigarren Hezkuntzako Euskal Hizkuntza eta Literatura arloan literatur testuen lanketarako irakurketari buruzko sekuentzia didaktiko bat biltzen dela kontuan hartuta, ahozkotasunaren helburuak ekintzaren mesedetan jarriko ditugu. (Material curricularrean horrelakorik eskura izan ezean, berariaz prestatu beharko litzateke ipuinaren kontaketa edo irakurketa). Adinez nagusiak diren ikasleak haur ipuin baten irakurketa dramatizatua lantzen jarriko genituzke horrela, eta jardun hori dagokion esparruan baloratua izan daiteke, gainera. Prestatutako ipuinak HH-LHko ikasleen aurrean “antzeztu” beharko lituzkete.