kronika

Ikasleen Nazioarteko Egunean (azaroaren 17an), mobilizazioak izan ziren Euskal Herriko Unibertsitate eta institutuetan.

IAren esanetan, unibertsitateetan ikasleen % 90ek egin zuen greba, Bolognako prozesuaren aurka. Kritika hauek egin dizkiote ikasleek: hezkuntza merkatuko produktu bihurtuko dela eta unibertsitate ikasketak dirudunentzat soilik izango direla, ikasleak eta euskal curriculuma ez dituela aintzat hartuko, edota kredituen sistemarekin ikasleek lan gehiago izango dutela.
Institutuetan, berriz, Ikasleen Eskubideen Kartaren inguruan antolatu zituen ekintzak IAk. Ikasleen Eskubideen Kartak honako hauek aipatzen ditu, besteak beste: hezkuntzarako eskubidea, eskubide demokratikoak, hizkuntza eskubideak, ikasteko baldintza duinak, garraio duina, edota adierazpen askatasuna.

Iparralde osoan euskarazko irakaskuntza ziurtatzeko sarea nahi du, 2012rako, Euskararen Erakunde Publikoak

Euskararen Erakunde Publikoak, euskarazko irakaskuntzaren diagnostikoa eginik, epe luzerako programaketa aurkeztu zuen urriaren amaieran. Helburua zera da: Iparralde osoan euskarazko irakaskuntza eskaintzeko sare “oso eta koherentea” osatzea, familia guztiek etxetik hurbil izan dezaten euskaraz ikasteko aukera. Horretarako, ama eskolatik lizeora arte euskarazko irakaskuntza izango dutela ere segurtatu beharko zaie, eta familiek euren haurrentzat eskola libreki hautatzeko moduan egon beharko dute.

2012rako, beraz, euskarazko irakasle postuak gehitu eta ikastegiak handitu beharko direla iragartzen dute, euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten hiru sareetan: irakaskuntza elebidun publikoan, pribatu elebidun katolikoan eta Seaskan (D eredua eskaintzen duena).

2012rako erronka zehatzak

Irakaskuntzako lehen mailetan eskola berriak sortuko dituztela iragarri dute hiriguneetan, eta lehentasunen artean jarri dituzte Baiona, Angelu eta Miarritzeko zentroak. Barnealdean, aldiz, eskola edo herrien arteko eskola elkargo txikiak sortzea bultzatu nahi dute. Hain zuzen, eskola elkarteok lehenetsi dituzte: Mehaine-Armendaritze, Amorotze-Behauze-Oragarre-Martxuta-Arruta, Bildoze-Onizpe eta Sarrikota-Ezpeize.
Bigarren mailan, irakaskuntza publikoan gutxienez, gela elebidunak bikoiztea proposatzen dute, 12 edo 16 irakasle postu berri sortuz. Lizeo mailan, Baionako Cassin lizeoan adar elebiduna irekitzea proposatzen dute, baina legez behartu gabe, bertako guraso eta zuzendarien esku utziz. D ereduan ikasle kopurua handituko dela aurreikusten dute (160 ikasle gehiago bai behintzat), gela berriak ireki beharko direlarik Donaixti eta Kanboko kolegioetan zein Baionako lizeoan.

Nafarroan 0-3ren ardura Gobernuak har dezan eskatu dute udalek

Nafarroan, Foru Hobekuntza onartu zenetik, udalek ere badute lege proposamenak egiteko eskumenik. Beraz, 66 udal elkartu dira lege proposamen baten bidez Nafarroako Gobernuari zera eskatzeko: beregain har dezala 0-3 urteko zikloaren ardura, herritarrei kalitatezko hezkuntza eskaini nahi bazaie. Lege proposamena Parlamentuan aurkeztu zuten udalek, eta euren xedea da gaiari buruzko eztabaida egin ahal izatea Nafarroako Parlamentuan (izan ere, apirilean gaia eztabaidatzeko aukera atzera bota zuen Parlamentuko Bozeramaileen Mahaiak).

Gobernuaren ardura izateko arrazoiak

Udalen esanetan, adin tarte horri merezi duen arreta eskaintzea ezinezkoa da ardura udalen esku badago. Arrazoi hauetan oinarritzen dira hori argudiatzeko: haur eskolak zama handiegia omen dira udalen ekonomiarentzat (Nafarroako Gobernuak ematen dizkien diru laguntzak ez dira nahikoak, euren ustez). Ikasleko 3.000 euro behar direla zehaztu du Gobernuak. Hortik % 42 Gobernuak ordaintzen du, % 33 gurasoek eta % 25 udalek. Baina udalen esanetan, errealitatean udalek askoz gehiago ordaindu behar izaten dute. Bestetik, 0-3 urteko zikloak hezkuntza sistemaren barnean egon behar duela diote, herritarren eskubidea delako administrazioaren eskutik kalitateko hezkuntza jasotzea.

66 udal eta 14.100 sinadura

Lege proposamena adostu duten udalen artean, herri hauetakoak daude: Barañain, Burlata, Altsasu, Lizarra, Bera, Zangoza, Gares, Leitza, Castejon, Artaxoa eta Tafalla. Plataformako bozeramalea, Tafallako IUN-NEB partiduko zinegotzia da, Javier Ibañez. Bere esanetan, 66 udal horien atzean 170.000 herritar inguru daude, eta nahiz legez behartuta ez egon, sinadura bilketa egin dute, 14.100 babesa jasoz.

EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen nahasia eman dio bigarren hizkuntza eskakizunik atera ez duten irakasle postu egonkorren aferari.

Ebazpenak hala dio: ez da derrigorrezkoa bigarren hizkuntza eskakizuna edukitzea, EAEko irakasle egonkorrek. Baina, administrazioak justifikatzen badu lan hori betetzeko bigarren hizkuntz eskakizuna behar dela, orduan onartua izango da baldintza hori postua eman edo ez eman erabakitzeko.

CCOO sindikatuak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian. CCOOk zera eskatzen zuen: batetik, irakasle egonkorren figura arautzen duen 2004ko dekretua indargabetzea, eta bestetik hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik egonkortasuna galdu duten irakasleak berriro lehengo egoerara itzultzea. Epaiak ez du onartu ez eskaera bata eta ez bestea. Ez du dekretua indargabetu, baina administrazioari baldintza horren beharra egiaztatzeko eskatu dio, eta irakasle bakoitzaren egoera banan-bana aztertu beharko dela.