GENUA, Enkarni :Artearen bidez haurrak sortzaile hezi behar ditugu, baina ez bihar artistak izateko, baizik eta bizitzeko

Irakasle izan zara urte askoan. Irakaskuntzak eta antzerkiak, zer dute antzeko?

Lehendabizi, oso argi izan behar duzu zer irakatsi nahi diezun, edo zer den kontatu nahi duzuna. Bestetik, eskolak ematen ari zarenean ere ezin duzu lineala izan, ezin duzu dena intentsitate berean mantendu; zure sokak dituzu tira eta askatu aritzeko, baina uneoro joko hori zuzentzen duena zu zarela jakinda. Haurrei tartea utzi behar diezu barruak askatzeko, hitz egiteko, zarata ateratzeko, baina zuk badakizu memento batean hori bukatu egingo dela, zuk “txas” egin orduko, eta zuk nahi duzulako.
Eta aspergarria ez izatea, bietan da funtsezkoa. Historiako irakaslea izan naiz, eta nire helburua zen ikasleek nirekin egon ondoren historia ez gorrotatzea. Zeren 14 urteko haurrek oraindik ez dute gaitasunik historia ikasteko. Zuk gako batzuk irakatsi behar dizkiezu, transmititu behar duzu historia oso garrantzitsua dela zeure burua ezagutzeko, eta zer gertatu den eta gerora zer gerta daitekeen jakiteko. Baina, batez ere, ez dituzu aspertu behar. Niretzat irakasleak lor dezakeen gorena hori da; ikasleengan ezagutzeko, bilatzeko ‘xomorro’ hori sartzea.

Istorioetan zer da bilatzen duzuna? Zer da interesatzen zaizuna?

Niri beti zerbait esatea interesatzen zait; alegia, obra ez bihurtzea estetika hutsa. Zerbait esan, baina ez “ikasbide” zentzuan ere. Adibidez, Erreka Mari obrarekin argi eta garbi komunikatu nahi dut jende desberdinarekin behar dugun errespetua. Agustina eta Kattalin bizilagunek ez duten Erreka Mari maite, lamina delako. Mezu hori antzerkian zehar errepikatu egiten da behin eta berriro. Nire ustez, garrantzia duten gauzak behin eta berriro errepikatu behar dira, esaldia behin botatzea ez da aski. Emanaldia bukatzean haurrek oso garbi esan behar dute zer den obrak kontatzen duena; bestela, ulertu ez duten seinale.
Publikoak mezua erabat kontzienteki hartzea da, beraz, zure helburua.
Hain zuzen, Printze Txikia obra horrexegatik egin nahi izan nuen: 7-8 urteko haurrek liburua hartu eta ez dutelako ulertzen. Zergatik? Gauza asko esaten delako. Niretzat oinarri-oinarrizkoak ziren bi ideia aukeratu nituen liburutik, eta gero obran zehar behin eta berriz esan garbi, ulertarazteko. Lehen ideia da, lagun bat edukitzea oso gauza polita dela, baina ez dela batere erraza. Eta mezu horixe da, justu, liburuaren hari nagusia. Bigarren ideia da, maitasunak ematen duela edertasuna. Mezu hori liburuan agertzen da, Printze Txikiak basamortuan lore pilo bat ikusten duenean, lore ederrak denak, eta azeriak zera esaten dionean: “arrosa horiek guztiak oso politak dira, bai, baina ez zure arrosa bezain politak; zeren zure arrosa polita da, zuk maite duzulako”.

Euskal Herriko kondairetara jo duzue askotan. Zergatik?

Hasi ginenean, 1971n, euskaldun berri-berria nintzen. Pentsa, lehen emanaldira ahotsa kasetean grabatuta eraman genuen, ez ginen-eta zuzenean hitz egitera ausartzen. Donostiarra naiz, ama Burgoskoa da, eta garai hartan nire etxean bezalaxe inguruko etxe denetan ere, euskara bazenik jakingo genuen akaso, baina, guretzat, “Ipar poloa” existitzen zen neurri berean. Haurrak ikastolara bidali genituen, baina ez euskara ikasteko, eskola interesgarria iruditzen zitzaigulako baizik. Ni hiru seme-alaba eduki ondoren hasi nintzen euskara ikasten, ikastolatik zetozenean ‘liburua’ esatean zer zen jakiteko, beste asmorik gabe. Gure euskara andereñoa Mari Karmen Garmendia zen.
Eta euskararen bidez herri bat deskubritu genuen. Orduan interesatu zitzaigun bertako historia, eta ohiturak, eta literatura, ordura arte guretzat ez baitziren existitzen. Joxe Migel Barandiaranekin harremanetan jarri ginen gero, eta haren bidez beste mundu bat deskubritu genuen. Beti saiatu gara hemengo paisaia, hemengo ohiturak eszenaratzen, antzerkia Euskal Herrikoa zela islatzen.

Txotxongiloetan, zuri, zein komunikazio eredu gustatzen zaizu eta zein ez?

Komunikazioa diodanean, ez da beharrezkoa haurrek txotxongiloekin hitz egitea. Hitz egiten badute ondo, baina ez zaigu gustatzen komunikazio beharturik.
Adibidez: txotxongiloa hartzaren bila dabil, eta hartza zuhaitzaren atzean dago ezkutatuta. Egoera horretan, haurrak parte hartzeko hainbat modu daude. Bata da, txotxongiloak esatea “gustura egongo nintzateke bada hartzarekin, baina ez dakit hemen ote dabilen…”. Hori esatea aski da, jada badituzu hiru haur “zuhaitzaren atzean dago!” esaka. Istorioan sartuta badaude, modu naturalean ateratzen zaie txotxongiloari hitz egitea. Niri komunikatzeko modu hori da gustatzen zaidana.
Beste modu bat da esatea: “Aizue, hartza ikusi duzue?”, eta haurrek “Baaai!”. Hori ere ez dago hain gaizki, interesatzen zait.
Eta hirugarren modua: “Neska-mutilok, hartza ikusi al duzue?”, haurrek “Baaai!”, “Eta non dago?”, eta haurrek eskuarekin seinalatuz, garbi-garbi: “Arbolaren atzean!”. Eta txotxongiloak “Hemen? Lur azpian?”, “Ez!”, eta gainera “Ez dut entzuten!” eta haur denak garrasika. Hori haurrak ergeltzat hartzea iruditzen zait, edo titiriteroa ergeltzat hartzea.

Zer bilatzen duzu estetikan?

Narrasa ez izatea; alegia, estetika zaintzea eta denbora eskaintzea horri. Eskolako aretora sartu orduko ikusten duzu estetika zaintzen duten edo ez. Eta askotan, aretoa eskolako trastelekua da: mahai zaharrak hantxe utzita, duela bost urteko Gabonetako izar oker bat hor eta zuhaitz pusketa bat hemen (eta bota ez badute, hurrengo jaialdian ere hori erabiliko duten seinale!). Narrasa ez izateak du garrantzia. Oholtzan etxe bat jarri behar bada, ez egin utzikeriaz, di-da, betiko etxea: joan liburutegira, ikusi ereduak, aukeratu egokiena… denbora eskaini.
Hortik aurrera bakoitzak bere estetika du. Niretzat, memento honetan, sinpletasunean aurkitzen da edertasuna. Lau gauzatxo aski dira eszenan, eta gainera, haurrek euren irudimenaz osatzen dute ez dagoen hori.

Horretan ikusten da eskolan zer garrantzi gutxi ematen zaion arteari.

Teorian denok oso ados gaude artea lantzeak duen garrantziaz, baina praktikan, antzerkia ez bada lantzen, inork ez du protestatzen. Zaletasuna duen irakaslea egokitzen bazaie soilik lantzen dute dramatizazioa haurrek. Pentsa hori matematikarekin gertatuko balitz! Gainera, eskolari gero eta gehiago eskatzen zaio, eta azkenean ezinezkoa da tarte txiki bat ere lortzea; baina garrantzitsua bada.

Eta zergatik da hain garrantzitsua artea hezkuntzan?

Haurrak sortzaile hezi behar ditugulako. Baina sortzaile ez bihar artistak izateko, baizik eta bizitzeko. Zeren gaur egun, lana aurkitzeko sortzaile izan behar duzu, karrera bukatuta inor ez baitzaizu etxera bila etorriko. Bizitzan aurrera egiteko eta arazoei soluzioak bilatzeko irudimena oso garrantzitsua da, eta hori artea landuz garatzen da

Nortasuna lantzeko ere garrantzitsua da.

Oso. Gaztelaniaz ‘qué tablas tiene’ esaten da pertsona batek jendaurrean hitz egiteko eta estutasunetatik irteteko gaitasuna duenean. Bada esaera horrek jatorrian zera esan nahi zuen: eszenako taulak zapalduak zituela (‘tablas’ horiek, eszenako ‘taulak’ dira).
Saioen ondoren, 8-9 urteko neska-mutilek askotan galdetzen didate: “Eta zuri ez dizu lotsarik ematen antzerkia egiteak?”. Jakina, hori galdetzen dutenak haur lotsatiak dira, eta antzerkiaren bidez, batzuetan, muga hori puskatzea lortzen dute, beren atzean irakasle on bat baldin badago.

Publiko aurrean moldatzeko, zeure buruaz oso seguru egon behar duzu, zeure burua landuta eduki behar duzu.

Hori da. Horregatik haurrek ez dute antzerkia publiko zabalaren aurrean (gurasoen aurrean-eta) egin behar. Lehendabizi, gelan egin behar dute, kideekin. Dramatizazioak bere prozesua dauka, baina eskolan gidoia buruz ikastera eta gero horixe jendaurrean esatera murrizten badugu, gauza batzuk landuko ditugu (batez ere memoria), baina ez benetan garrantzia duten beste hamaika: gorputz eta keinu adierazpena, hizkuntza zein plastika adierazpena edo sormena, esaterako. Eta justu hortik hasi behar da. Eta behin beren buruarekiko segurtasun handia hartu dutenean, orduan egin salto gidoira eta publiko handiagora (eskolako txikienen aurrean antzeztea da beti aholkatzen dudana).
Baina azkenean, eskolako ohitura dela, gurasoak direla, “APA”, “EPA” eta “IUPA” guztiak direla… urtean behin antzerkia egin beharra dago. Besteak beste, hori errazagoa delako haurren nortasuna lantzea baino. Horrek denbora gehiago eskatzen du, nortasuna lantzea askoz ere bide luzeagoa da, eta emaitza ere ez da ikusten urte amaierarako, ez da guraso denen aurrean erakuts daitekeen zerbait.
Igeri jakin aurretik putzu handira botatzen ditugu: urtean behin guraso denen aurrean antzerkia egitera. Horrek zer ondorio ditu heziketaren ikuspegitik?
Itxuraz denok dakigu haurren obra bat dela eta, beraz, “okerrek” ez dutela axola. Baina azkenean guraso denen aurrean emaitza ona loru nahi izaten dugu. Horregatik, paperak banatzerakoan irakasleak gelako sinforosa jarriko du protagonista, eta haur lotsatia zuhaitz mutua izango da. Protagonistari jantzia ere azkenean amak josiko dio, hala “politagoa” gelditzen delako, nahiz eta horrekin bidean gauza asko galdu. Gainera, zenbat eta gehiago entseatu, orduan eta seguritate handiagoa izango dugunez, azkenean urte osoa dedikatzen zaio obra bakar horri. Eta pentsa, zuhaitza dena urte osorako da zuhaitz, eta entseguz entsegu azpimarratzen diozu gainera, arbola aurpegia jartzeraino. Eta aztertzekoa da nor diren arbola: euskaraz ondo ez dakitenak, lotsatiak, hitz totelak... Hori dena heziketa ikuspegitik ez da, behintzat, zoragarriena.

Txotxongiloak, gela barruan, zer lantzeko aukera ematen du?

Haur txikiak, 2-4 urtekoak, ez dira gauza txotxongiloa eskuan hartu eta antzezteko. Baina adin horretan irakaslearen eskuan txotxongiloak egon behar du, batetik eredu delako (haren arabera egingo dute gero haurrek), eta bestetik, tresna izugarria delako.
Txotxongiloak indar handia du. Haurrek ez dute atzean nor dagoen ikusten, eta identifikatuta sentitzen dira txotxongiloarekin. Adibidez, gure emanaldien ostean haurrei marrazkia egiteko eskatzen diegu, eta kuriosoa da nola gehien-gehienek ni ez nauten marrazten, nahiz eta eszenan agertzen naizen. Horrek esan nahi du haurrentzat ni hor ez nagoela. Horregatik, haurrek askotan txotxongiloari kontatzen diote irakasleari esaten ez diotena, edo gehiago askatzen dira, gehiago hitz egiten dute.
Gakoa da irakasleak nola erabiltzen duen txotxongiloa. Maiztasunez (aste an behin edo) ateratzen badu txotxongiloa, pixkanaka pertsonaia hori gelako lagun bihurtzen da. Eta orduan zer landu haren bidez? Edozer, zeren pertsonaia horren bidez planteatuz gero, haurrak jada motibatuta dituzu. Aukerak mila dira. Niri pena ematen dit tresna hori, halako indartsua izanda, irakaslearen eskuetan ez egoteak, zeren behar duen bakarra bide horretan sartzeko gogoa baita.

Duela 25 urte Udarregi ikastolako gela batera joaten zinen zu, astero-astero, “Leire” txotxongiloarekin. Orduan 6 urteko haur zirenak 25 urte geroago ere gogoratzen dira Leirerekin.

Bai? Pentsa txotxongiloak zer indar duen! Zenbat memento, zenbat irudi gorde ditugu memorian 6 urte genituenekoaz? Eta horietako bat da txotxongilo hura!
Marije Otamendiren gelara joaten nintzen “Leire”rekin. Irakasleak aurretik esaten zidan zer ari ziren lantzen, edo zer gertatu zen gelan, eta hori indartzeko erabiltzen genuen Leire. Esaterako, udazkenean eskuan hosto bat zuela sartuko zen gelara, “zergatik daude hosto denak lurrean?” galdezka, eta hurrengo astean joaten zenerako, udazkenean zer gehiago gertatzen zen etxean galdetzeko eskatuko zien haurrei. Edo haur bat betaurrekoak jarri zizkiotela-eta triste bazebilen, Leire betaurrekoekin azalduko zen gelara. Irakurketa-idazketan hasi berriak ziren haurrak, eta hori ere aprobetxatu egin genuen: nik joaterik ez nuenetan, gutun bat idazten nien Leireren izenean, letra handietan eurek irakurtzeko, adibidez, esanaz: “Gaixorik nago. Zer egin behar dut sendatzeko?”, eta gero haurrek idazten zidaten. Haurrentzat Leire benetako laguna zen, eta guraso bat baino gehiago joan zitzaizkion irakasleari galdezka: “Baina nor da Leire? Gaixorik omen dago, edo ez dakit zer esaten duen gureak…”.
Zer motatako pertsonaiekin identifikatzen dira gehiago haurrak? Nor dira haurrentzat hurbilenak?
Leire oso goxoa zen, baikorra, edozertarako prest beti. Hurrengo urtean justu kontrako pertsonaia sortu nuen, ikusteko ea funtzionatzen zuen hark ere: “Kaximiro” zezena, zakarra, beti petral, haurrei ere orroka hitz egiten ziena. Behin, haur batek zezen zakar hari kontatu zion, beste inori baino lehenago, bere ama haur bat ekartzekotan zela. Pertsonaia hark ere funtzionatu zuen. Gainera, denborarekin nortasuna aldatzen joan zitzaion, eta azkenerako haurrentzat egoskor xelebre bat zen, beti puzkerka zebilena. Barre asko egiten zuten harekin.

Behin, gazteei emandako ikastaro batean, bazen 20 urtetik gorako mutil bat, hitz-totela zena. Hasi ziren oihalaren atzean txotxongiloa egiten, eta han ez zen totelik ageri. Ni harrituta, “honek zer paper egiten zuen bada?”. Antzezpena bukatzean, han azaldu zen erregea eskuan zuela. Esan nion, “baina zer gertatu da?”, eta berak: “ee-eske tootela nii naiz, e-ez erregea!”.

Txotxongiloa toteltasuna lantzeko terapia bezala ere erabiltzen da, batzuetan toteltasuna urduritasunaren ondorio baita. Bada mundu mailako erakunde bat ere, “Marionette Terapy”, Frantzian kokatua, eta gaixo psikotiko eskizofrenikoekin aritzen dira.
Haurrekin dramatizazioa lantzeko txotxongiloak askotan gauzak erraztu egiten ditu, zeren hor txotxongiloa baita hizketan ari dena, eta haurra babestuta sentitzen baita.