103:Oraindik ere euskara ez dago gaztelaniaren eta frantsesaren maila berean hezkuntzan.

EAEko hiruko gobernuak Hezkuntza sailburuari hizkuntz ereduak berrazter ditzala agindu dio. Honek, berriz, aldaketak egin aurretik ikerketa sakona behar dela argudiatu du.

Egia da. Ikerketa sakonak beharrezkoak dira. Irakasle eta herritar guztiek badakitena datu zientifikoekin frogatu behar da. Nahiz eta borondate oneko herritar informatuek badakiten euskal ereduaren bidez soilik euskalduntzen dela.
Hizkuntz ereduak ezarri zirenean, irakasle ginenok eta haurren euskalduntzea gertutik jarraitzen genuenok, sumatzen genuen euskaraz irakastea zela elebidun orekatuak sortzeko bidea. Han azaldu ziren, ordea, hizkuntz eta hezkuntza adituak beste argudio batzuekin: ama hizkuntza zela, erritmoa, errespetua...
Intuizioa. Guk ez genuen datu zientifikorik. Baina gure borondate oneko lanari jarraituz, eta ikusirik ama hizkuntza erdara zuen ikasleria handitzen ari zela, kaleko eta komunikabideen hizkuntza erdara zela, egoera diglosikoan bizi ginela eta abar, intuizioz bederen, garbi genuen euskarak izan behar zuela eskolako hizkuntza, baldin eta erdararen parera iritsi nahi bazuen. Denborak hori frogatu egin du. Intuizioa, eguneroko lanean eta esperientzian oinarrituz gero, zientzia ere badela.
Hutsune juridikoa dago, ordea. EAEko estatutuak euskara eta gaztelania ditu hizkuntz ofizialak. Espainiako konstituzioak, berriz, gaztelania ezartzen du denontzat derrigorrezko. Horren ondorioz, gaztelania jakitea behartu liteke, baina euskara norberaren borondatearen arabera gelditzen da. Hizkuntz menpekotasun juridiko hori zuzendu beharra dago. Katalunian duela 25 urte eman zuten urratsa Euskal Herrian emateke dago.
Legeak dioena bete. Legeak ere badio, bestalde, ikasleak, derrigorrezko eskolatzea amaitutakoan, bi hizkuntz ofizialen jabe izan behar duela. Ikerketen arabera, legeak dioena ez da betetzen. Borondateak soilik ezin baitu emaitza onik eman.
Murgiltzea da bidea. Egin nahi diren ikerketak egin daitezela, orain arte egindakoak ez badira nahikoa. Alabaina, ezin da denbora gehiago itxaron. Hutsune juridikoak konpondu beharko dira. Bai, baina, bitartean, eskolek ezin dute ikasleak baztertzen, diskriminatzen eta euskaldun gisa bizitzeko eskubidea ukatzen jarraitu.