Ikasle izan nahi dut

Joan den mendeko erdialdean jaioa naiz, familia euskaldun eta langile batean (aita kontablea, ama saltzaile denda batean eta beranduxeago bertako kutxazain).

Bada sasoi eta giro hartan, suposatzen zen hauexek zirela emakume batek ikasi behar zituenak: irakurtzen, idazten, josten, lau erregelak (batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak) eta kultura pittin bat. Guztia gazteleraz, noski.
Horixe ikasi nuen, eskola justu hamalau urte bete ondoren utzi nuen arte. Josteari, adibidez, bost urtetatik hamalau horietara, arratsalde guztiak eskaini nizkion. Itzultzen ginen bazkaltzetik eta josten hasten ginen. Bitartean, gutako norbaitek liburu bat irakurtzen zuen, ozenki (noski, mojek aukeratutako liburuak, mojak izan bainituen irakasle eskolan ibili nintzen bitartean). Ordutegiari hamar minutu edo falta zitzaionean, josteko zerak gorde eta biharamuneko debereak ematen zizkiguten.
Eskola utzi nuenean, gurasoek erabaki zuten nik eta ahizpak ofizio bat behar genuela eta horretan eman genituen hurrengo hiru urteak, bulego batean lan egiteko behar zirenak ikasten: mekanografia, kontabilitatea, takigrafia, frantzesa, ingelesa… eta kultur zertzelada batzuk. Gurekin eskolan ibilitako askok eskolarekin batera bukatu zituen ikasketak, hamalau urterekin eta handik gutxira lanean hasi ziren.
Gure gurasoek, ordea, pentsatzen zuten ofizio bat behar genuela (ez ziguten sekula santan esan ahizpari eta niri, halako batean, ezkontzerakoan, lana utziko genuela eta etxekoandre huts bihurtuko ginela, eta hori, sasoi eta leku hartan, jarrera aurrerakoia zen, bizi naizen artean eskertuko diedana).
Hemezortzi urte nituela eta lanean ari nintzela (bulego batean, zortzi ordu egunean, astean sei egunez eta hamabost egunetako oporrak) hasi nintzen batxilergoa egiten, nire kasa, etxean, irakaslerik gabe, ez bazen latinerako. Urte gutxiren buruan neu izan nintzen, familiaren adar guztietan, unibertsitatea burutu zuen lehena eta bakarra. Hori bai, karrera bukatzerako, egunean zortzi orduko lana egiten jarraitzen nuen, baina larunbatak libre nituen eta urtean hogeita bat egunetako oporrak nituen).
Kontakizun triste hau irakurtzen duenak, gazte bada, uler dezake zeinen handia den garai haien eta gaurkoen arteko desberdintasuna. Eta edozein adineko delarik ere, nekez ulertuko du zenbateko inbidia (inbidia gaiztoa, zitala) diedan unibertsitatean ikasle huts izan diren guztiei).
Besterik ez bada zahartu ondoren, joango naiz berriro unibertsitatera (karrera bat bukatua dut, besteari urte bete falta zaio), eseriko naiz gainerako ikasleen artean eta irakasleari begira esango diot: benga, irakatsi, ez dut beste zereginik, ez bada zuk irakatsitakoa ikastea. Agian orduan sendatuko zait inbidia. •