Hezitzaileek asko egin dezakete, euskararen erabilera sustatzeko II

Ttakun Kultur Elkarteak Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua garatu du. Proiektuaren xede nagusia haur eta gazteekin eskola-orduz kanpoko jardueratan aritzen diren hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko tresnak eskura jartzea da.

Hik Hasi aldizkarian proiektuaren laburpen bat egitea gehiegizkoa izan daitekeenez, bi ideia aurkeztuko dira: aurreko zenbakian hezitzaileak taldean izan dezakeen kokapenaren inguruko ideia argitaratu zen, eta, honakoan, motibazioen inguruan arituko gara.
Motibazioak
Erabileran eragin nahi dugun mementotik, gazteei beraien ohituretan aldaketa bat eskatzen diegu. Beraz, desoreka bat sortu nahi dugu taldearen ohituretan. Desoreka hori sortu ahal izateko, gazteek jarduerarekiko dituzten motibazioak eta jardueraren intentsitatea oso kontuan izan beharko ditugu. Jarduerarekiko motibazioak instrumentalak, komunikatiboak eta integratzaileak izan daitezke, eta hiru motibazio horiek aztertuz jardueraren intentsitatea baloratu ahal izango da, motibazioen indarrak adierazten baitu jardueraren intentsitatea.
Erabilera aldetik gazteei eskatzen diegun ahalegina handia bada, hau da, ohituretan sortu nahi dugun desoreka handia bada, jardueraren intentsitateak handia izan beharko du, eta, behar den kasuetan, motibazioetan eraginez intentsitatea indartu beharko dugu.
Sortu nahi dugun desoreka horretarako intentsitateari dagokion baldintza betetzen ez bada, oso zaila izango da helburua lortzea. Hizkuntzarekin lotura zuzena ez duten faktoreak izan arren, hizkuntzazko helburuak landu ahal izateko oso ondo aztertu eta landu behar dira jarduerarekiko motibazioak eta jardueraren intentsitatea.

ZER EGIN

Erreferente biziez baliatzea

Demagun, talde batean gazteek ez dutela euskaraz egiteko ohiturarik, baina hezitzaileari euskaraz erantzuten diotela. Euskara gehiago erabiltzeko beraientzat erakargarria den erreferente bat ekarriko dugu: kirolari ezagun bat, DJ bat... Erreferente horrek jardueran parte hartuko du gazteekin harremanetan egon dadin (tarte askotan zentro izan dadin) eta euskararen erabilera sustatu dezan elkarrizketen bidez.

Erreferenteak guztia euskaraz egingo die gazteei. Gazteentzat erakargarria denez, pertsona horrekin komunikatzeko ahalegina egingo dute, eta, gainera, motibazio instrumentalean ere eragina izango du jarduera erakargarriagoa bihurtuko baitu. Tresna hau erabili ahal izateko, jardueraren intentsitatea ertaina izatea nahikoa da, gazteei ez baitzaie erabilerari dagokionez ahalegin handiegia eskatzen.