JARA, Cesar: “Irakasleek ez dakite ezer bigarren hizkuntza bat

Zein da kitxua hiztunen kopurua Perun?

1993ko erroldaren arabera, Peruk 23 milioi biztanle zituen, eta horietatik 3,5 milioi ziren hiztun kitxuak. Horietatik erdiak elebakarrak ziren. Perun, gaztelaniaz gain, 43 hizkuntza indigena dauzkagu. Peruz gain, beste bost herrialdetan ere erabiltzen da kitxua: Kolonbian, Bolivian, Argentina iparraldean, Txileko eskualde batean eta Brasilen ere bai azkenaldian.
53 dialekto ditu kitxua hizkuntzak, eta horrek zaildu egiten du normalkuntza lana.
Nolakoa da hiztunen egoera une honetan?
Limara joaten diren 10 hiztun kitxuatik 9k hizkuntza galdu egiten dute eta gaztelania asimilatu. Nekazaritzaguneetatik eskualdeko hirietara (Cuzco, adibidez) joaten diren hamarretik lauk galtzen dute. Asimilazio prozesua ikaragarria da, sozialki oso indartsua. Elebidunak diren eta hirian bizi diren pertsonen seme-alabek ez dute kitxua ikasten. Nekazaritzaguneetan gelditzen ari da, hor mugatuta. Herri txikietan kitxua entzuten da, baina herri handiagoetan eta hirietan gaztelania entzuten da bazter guztietan. Kezkagarria da. Hizkuntzen ordezkapen indizeak aztertuz gero, oso indartsua, izugarria da. Adituek diotenez, 70 urtean kitxua desagertu egingo da, asimilazio prozesu horrekin jarraitzen badugu.
Gainera, kitxuari eusten zaion nekazaritzaguneko herritarrak indigena kitxuak, indiarrak, elebakarrak, analfabetoak, pobreak, atzeratuak… dira. Modu batera edo bestera, hizkuntzari eusten diotenak dira, eta gero eta txikiagoa da talde hori.
Perun gaztelaniak prestigio sozial handia du, tradizio literario handia, eta edozein lekutan aurki daiteke bibliografia. Kitxua, aldiz, erabat diskriminatuta dago, indiarrena da, analfabetoena, pobreena… Horrek etsipena sortzen du, eta guraso askok seme-alabek gaztelania ikastea nahi dute.
Horretaz jabetuta, zer pauso eman dituzue hizkuntza berreskuratzeko?
Guk Perun hiru arlo garatu ditugu hizkuntzari eusteko. Hasteko, kulturala. Kitxuari eutsi behar zitzaiola esaten genuen, gure tradizioaren zati bat delako. Bigarrenik, alderdi kulturala eta linguistikoa, biak, lantzera pasatu ginen. Eta hirugarrenik alderdi pedagogikoa. Kitxua eskolan sartu behar da, irakatsi egin behar da.
Tamalez, hiru arlo horietan gelditu garela uste dut, eta ez dugula aurrera egin beste eremuetan.
Zer eremutara zabaltzea falta zaizuela uste duzu?
Eremu sozialera, politikora eta ekonomikora. Euskal Herriak eta Kataluniak eremu sozialean sartzea lortu dute, herrien eta erakundeen parte-hartzea erdietsi dute. Eremu politikoan ere erabiltzen da. Alde batetik, erabiltzaileen ideologiaren araberako aukera indibiduala eta pertsonala da, eta bestetik, herritar gisa egiten den aukera kolektiboa. Aldi berean, politikoen hautua ere bada, aukera hori defenda dezakete eta horrek eragina du.
Falta zaigun hirugarren eremua ekonomikoa da, garrantzitsuena. Zuek ekonomia eta hizkuntza integratzea lortu duzue, eta guk ez. Hau da, kitxua batek nola hitz egingo du kitxuaz, nola irakurriko edo idatziko kitxuaz, horrek ez badio eguneroko ogia irabazteko modurik ematen? Zuek, ordea, euskara alderdi ekonomikoan integratzea lortu duzue, eta horrek hizkuntza indartu egiten du.
Alderdi akademikora eramateak ere garrantzia du, hots, unibertsitatera eramateak, zientzia eta teknologia hizkuntza horretan garatzeak. Horrek bultzada ematen dio hizkuntza gutxituari. Katalanak, euskarak, flandeserak… Europako hizkuntza gutxituek ekonomikoki kokatzea lortu dute, eta Hego Amerikakoek eta Erdialdeko Amerikakoek ez. Hizkuntza horien hiztunek gaur egun botere ekonomiko bat badute, eta horrek hizkuntzaren jasangarritasuna bermatzen die. Adibidez, espainiar estatuan galizierarekin ez da gertatzen horrelakorik, ekonomikoki ahula delako.
Kitxua eskolan sartzea aipatu duzu. Hezkuntza elebiduna ezarriz egin da hori Perun. Nolakoa izan da ezarpena?
Oraindik ere oso mugatua da. Nekazaritza inguruko eskola batzuetan soilik ezarri da, eta Lehen Hezkuntzan baino ez, hots, 6-12 urte bitartean. Bigarren Hezkuntza eta goi mailako ikasketak gaztelania hutsez egiten dira.
Gobernuak 1995ean hizkuntzari eusteko irakaskuntza elebiduna, orekatua eta gehigarria ezarri zuen. Gehigarriak esan nahi du ama hizkuntzari beste bat gehitzea, kasu honetan gaztelania. Orekatuak esan nahi du bietan maila orekatua lortu behar dela, bai ahozkoan eta bai idatzian. Eusteak esan nahi du arriskuan dagoen hizkuntzari eustea, alegia, desagertzeko prozesua gelditzen saiatzea.
Irakaskuntza elebiduna ezartzeko plan bat egin zuen gobernuak: Plan Nacional de Capacitación Docente en Educación Bilingüe Intercultural.
Dena dela, gobernuak ez du diru asko inbertitzen. Irakaskuntza elebiduna ez da leku guztietara iritsi. Zonalde kitxua elebakar asko daude, eta gaztelaniaz ikasten dute. Gaztelaniatzeko prozesu bat dago. Ikasleek ezin dute aukeratu elebiduna edo elebakarra nahi duten. Eskola gaztelaniatzeko instituzio bihurtzen da testuinguru elebakar kitxuatan.
Nola funtzionatzen du irakasleak prestatzeko plan horrek?
Perun dauden 300.000 irakasleetatik 5.000 irakasle prestatzen dira urtean hezkuntza elebidunean jarduteko. Irakasleen ia erdiak herri nekazarietan egiten du lan, eta hor hezkuntza elebidunaren eskaera eta beharra dago.
Hezkuntza Ministerioak erabakitzen du eskualde bakoitzean zenbat irakasle prestatu behar diren eta hainbat erakunderen esku uzten du lan hori; tartean, gurea. Erakunde horiek behar handiena duten eskolak aukeratzen dituzte eta hango irakasleak prestatzen dituzte. Agian zortzi eskolak behar dute laguntza, baina hirutara soilik iristen da.
Irakasleei urtebeteko prestakuntza ematen zaie, eta hurrengo urteetan jarraipena ematen saiatzen gara, batez ere interesa agertu duten irakasleekin. Izan ere, denak ez dira gogoz aritzen. Asko ez dira bertakoak, hirietatik joandakoak baizik, ez dakite kitxuaz hitz egiten, eta elebakar hispanoentzako hezkuntza formazioarekin datoz. Hau da, ez dakite ezer bigarren hizkuntza bat irakasteko edo ikasteko metodologiaz, ez dakite kitxuaz eta ez dute hitz egiten, are gutxiago dakite kitxuaren gramatika… Eta horietako asko, nahiz eta teorian irakaskuntza elebiduna eman behar, gaztelania hutsean aritzen dira.
Eta ez al ditu inork kontrolatzen? Ez al da jarraipenik egiten?
Ez. Nik, adibidez, ezin nituen nire 30 irakasleak bisitatu egunero, ezinezkoa da.
Nik 30 irakasle eduki izan ditut prestakuntzan, 13-15 eskolatan dabiltzanak. Urte osoan egiten nuen lana beraiekin, eskolak bisitatuz, eta hilean behin elkartzen ginen. 30 irakasle horietatik bospasei izaten ziren konprometituak, eta gainerakoak egon behar zutelako zeuden, ez interesagatik.
Gainera, nahiz eta prestakuntza jaso, ez dute formazio eta segurtasun nahikorik lortzen metodologia hori aplikatzeko. Eta kasu batzuetan, nahiz eta prestatu eta metodologia ulertzera iritsi, hizkuntzarekiko duten jarrera ez da ona izaten. “Zergatik irakatsi kitxua, atzeratutako hizkuntza baldin bada?” pentsatzen dute.
Lehen esan bezala, hiritik datozen irakasleak dira. Batzuk elebidunak dira, kitxua badakite, baina beti hirian bizi izan direnez, gaztelania jakiteak ate gehiago irekitzen dituela uste dute. Jatorriz kitxuak diren irakasleak ere badaude, eta batzuk gaztelaniara asimilatu dira. Agian beren larruan bizi izan dute diskriminazioa indigena izateagatik, abizen indigena edukitzeagatik, guanako izena edukitzeagatik, “Puma”, “Llama”… abizen indigenak edukitzeagatik… Perun dagoen desberdintasun sozialaren markak dira horiek, ezaugarri fisionomikoez gain. Diskriminazio handia eta oso zuzena dago. Ondorioz, kitxua gehienak talde diskriminatu edo baztertu horretatik ateratzen saiatzen dira, gaztelania ikasiz.
Edonola ere, jatorri kitxua duten irakasleek onarpen eta ulermen hobea dute kitxuan. Ama hizkuntza gaztelania dutenak, berriz, fidagaitzagoak dira.
Bistan denez, sozialki gaztelaniaren presioa itzela da. Egoera horretan, irakaskuntza elebidunaren aldeko ala kontrako jarrerak dira nagusia?
Guk egiaztatu dugu gurasoak ez daudela kitxuaz irakastearen aurka, baldin eta frogatzen baldin bazaie kitxuan ikasiz haurrek gehiago parte hartzen dutela, gehiago sozializatzen direla, gehiago produzitzen dutela… Baina hori ikusi egin behar dute. Bestela, nahiago dute gaztelania ikastea. Guraso asko zapuztu egin ziren eskolan, eta are gehiago hirira joandakoan gaztelania ez zekitelako. Gaizki pasatu zuten, integratu nahian. Horregatik, ez dute nahi seme-alabek gauza bera sufritzerik, eta gaztelania ikas dezaten nahi dute. Guk erakutsi behar dieguna zera da: kitxuan, ama hizkuntzan ikasteak gero abantailak ematen dituela gaztelania ikasteko ere.
Eta hori egiaztatzeko moduan al zaudete?
Bai. Askotan joan gara gurasoekin hitz egitera eta eskolara iritsi berria den 5-6 urteko haur batek bere ama hizkuntzan irakur eta idatz dezakeela erakutsi diegu. Hori ikusitakoan pozik gelditzen dira. Gurasoek abesten dituzten kanten hitzak idatz ditzaketela ikusitakoan, esate baterako. Pozik gelditzen dira, gaztelaniaz ikastean ez dutelako horrelakorik egiten, irakurketa mekanikoa baizik.
Edonola ere, irakasleen konpromisoaren baitan dago hori dena.
Gaztelania hutsean ikasteari zer traba ikusten dizkiozu?
Haurrek kitxuaz hitz egiten dute, eta irakasleek gaztelaniaz. Beraz, ez diete ulertzen irakasleei. Ondorioz, frustratuta sentitzen dira eskolako jomugetan. Irakasleek ikasleei botatzen diete errua astakirtenak direla esanez, ez dutela ikasten, ikasitakoa ahaztu egiten zaiela… Hor arazo handia dago irakasleekin.
1995ean hasi zen irakaskuntza elebiduna. Urte hauetako lanaren ondoren, nola ikusten duzu egoera?
Urte hauetan guztietan hizkuntza gutxitu baten alde aritu naiz lanean, eta hezkuntza elebidunaren beste porrot batean murgiltzen ari garela iruditzen zait. Irakurketa-idazketa ama hizkuntzan hasten da, eta gero, urteak pasa ahala, denbora gehiago ematen zaio gaztelaniari. 12 urte dituztenean, sei urteren ondoren, hizkuntza bakoitzari denboraren erdia eskaini beharko litzaioke. Baina hori teoria hutsa da. Praktikan irakasleek kontrakoa egiten dute. Kitxua irakasten dutela justifikatzeko adina egiten dute, hots, gutxienekoa, eta gainerakoa gaztelaniaz.
Zein dira dituzuen arazo nagusiak?
Sistemak ez du bermatzen irakaskuntza elebiduna. Komunitateak eta administrazioak ez dute kontrolatzen. Benetan etsigarria da aurrera egin nahi dugunontzat.
Haurren jarraipenik ez da egin. Hots, ez da neurtu zer maila duten hizkuntza bietan 6 urterekin eta 12rekin.
Ez dago metodologia eraginkorrik gaztelania bigarren hizkuntza moduan irakasteko. Gaztelaniaz lan egiten duten irakasleek pentsatzen dute haurrak gaztelaniar elebakarrak direla, eta hiztun hispano bati bezala irakasten diote. Ministerioak proposamen batzuk egin ditu, baina gauza solteak dira: jokoak…
Irakasleak ere irakaskuntza zurrun eta arautuetara ohituta daude, araurik gabe galdu egiten dira eta betiko metodologia tradizionala erabiltzen dute. Gainera, nekazaritzaguneetako irakasleak gaizki ikusiak daude, soldata txarra dute… Jatorriz kitxuak diren irakasle askok gaztelania ez dute ongi menperatzen, eta beraz, irakatsi ere ez.
Zer egingo zenuke zuk egoera horri buelta emateko?
Ni hizkuntza maioritarioa kenduz hasiko nintzateke, denbora batez behintzat. Nik uste dut kalte handiagoa egiten diogula haurrari gaztelania erakutsiz kitxua erakutsiz baino. Gaztelania kalean ikas dezakete.
Metodologiari dagokionez, reflect-ekintza hezkuntzan aplika daitekeela uste al duzu?
Bai, noski. Partaidetza bultzatzen duen edozein metodo erabil daiteke eskolan. Reflect-ekintzak, modu batera edo bestera, posizio bat hartzen eta nortasuna bilatzen eta baieztatzen laguntzen dio norbanakoari.
Reflect-ekintzaren muina taldekideen partaidetza da, norberak bere barrura eta kanpora begiratzea pertsona, taldekide, gizarteko kide den neurrian. Prozesu psikologikoa, logikoa eta egiazkoa da. Niri nortasuna baieztatzen eta kitxua berreskuratzen lagundu dit, galdua bainuen. Eta orain harro sentitzen naiz. Besteak ulertzen eta besteen beharrak ikusten lagundu dit, besteekin gehiago identifikatzen eta erantzunak aurkitzen.
Hori dena eskolan baliagarria da eta parte-hartzaileagoak izaten, sozialagoak izaten eta abar laguntzen du. Reflect-ekintzak betiko irakaskuntza bideratzailetik ateratzeko eta arazoak denon artean aztertzeko aukera ematen du. Freireren ideietatik sortutako metodologia da, metodologia parte-hartzaile berritua, nolabait esateko. •