Samaniego ikastetxea, Tolosa: Eskola bioklimatiko eta jasangarri bakarra

Entzuten dena ahaztu egiten da; ikusten dena gogoan gelditzen da, eta bizitzen dena ikasi egiten da. Horixe da Samaniegon eman nahi izan duten jauzia: eskolan kanpainen bidez landu izan duten diskurtso hori, pixkanaka sistematizatzea eta eguneroko kontu bihurtzea. Hainbesteraino, non eraikin berria diseinatzerakoan ere irizpide nagusitzat sostengarritasuna hartu duten, euren filosofia eraikuntzan ere isla dadin. Proiektua eskolako Ingurumen Batzordeak kudeatu du, Eraikin Berriaren Azpibatzordea sortuz. Bertako partaide izan dira ikastetxeko zenbait irakasle, zuzendaria, ikasketa burua, gurasoak (tartean biologoak ere bai) eta ikasleak.

Beste eredurik ez, eta proiektu autodidakta
Planoen aurrean jarri zirenean, orduan komeriak: inork ez zien ez eredurik, ez bultzadarik ematen. Beste eskola bioklimatikorik ez omen da ezagutzen inguruotan. Bioeraikuntza arloko arkitektoarengana jo zuten, Silvia Ortizengana, eta sortzen zen arazo bakoitzari erantzuna bilatzen joan dira. Liburuak eta liburuak irakurri, ikastetxeetara jo... “Beste karrera bat ikasi dugu!”, dio Ingurumen Batzordeko arduradunak. Harrigarria da ikerketa mailan hain aurreratuta egon, berrikuntzak ere frogatuta izan (energia alternatiboetan, material ez kutsagarrietan), eta horiek denak eraikin batean txertatzeak zer gain esfortzu eskatzen duen; eta hori, herri mailako eraikina izanda (ez etxe partikular bat).
Garestiagoa? Epe luzera, ez
Eraikin bioklimatikoa, hasiera batean, bestelakoak baino zertxobait garestiagoa izango da (diferentzia ez omen da izugarria). Baina epe luzera, errentagarritasun ekonomiko bat badu, energian aurrezten baita. Hori zenbaterainokoa den jakiteko, energia kontsumoaren jarraipena egingo dute, bestelako eraikinekin konparatzeko. Horrek ateak zabaltzea espero dute, datozen eskolak planteamendu bioklimatikoetan oinarri daitezen.
Kasu honetan arkitektoak ideia klabe bat izan zuen, proiektua merkatzen zuena: teilaturik ez izatea (kostu handia duen zatia), eta horren ordez sabai laua jartzea, hala, euri ura zisternatarako eta baratza ureztatzeko aprobetxatzeko. Teilatuan aurreztu duten hori, beraz, bestelako materialetan inbertitu ahal izan dute.

Erabilera didaktikoa

Haurrek txikitatik biziko dute zer den eraikin bioklimatiko bat: energia alternatibo bakoitzeko eredu bat izango dute, ukitu egingo dutena, eta zuzenean ikusi nola funtzionatzen duten. Baina erabilera didaktiko hori lortzeko ere, eraikina propio diseinatu behar izan dute. Urezko estalkian oinezko pasabide bat egongo da bertako ezaugarriak aztertu ahal izateko (plaka fotoboltaikoak, biotopoa, euri uren aprobetxamendua); zenbait unitate esperimental ere izango dira (adibidez: bi motatako iturriak, kontsumo neurtukoak eta arruntak, zabaltzean bien arteko aldea ikusteko...) eta horma irudi interaktiboak ere bai. Bestetik, 8 urteotan egin dituzten proiektuak ere (ura, zaborra edota garraioaren inguruan eginak, kasu) eraikin berrian islatzea nahi dute. Didaktika mailan IHOBE, CEIDA eta ZULOAGA TXIKI ingurumen eskola eta erakundeekin ari dira lanean. Eraikina edonork bisitatu ahal izango du.•

ERAIKINAREN EZAUGARRIAK

* CADEM erakundearen ziurtagiria izango du: isolamendu termikoa, hertsidura eta gune kontzepzioa, energia aurreztuz.
* Hegoaldera, eguzki fatxada. Energia hartzeko sistemak: kristalezko galeria, trombe hormak, panel termikoak (ura berotzeko), panel fotoboltaikoak (energia elektrikoa sortzeko), haize errota eta argi tximinia.
* Ura aurreztuko da. Eraikinaren estalkia “ur bizikoa” da: euri ura bildu eta berrerabiliko da komunetan zein baratza ureztatzeko. Deskarga bikoitzeko zisternak. Iturriak, denbora neurtuko txorrota dutenak.
* Instalazioak: gas naturala (errendimendu altuko galdara). Berokuntza lurzorutik, tenperatura baxuan. Kontsumo gutxiko lanparak. Kontsumo gutxiko eko-igogailua.
* Materialetan PVC eta osagai toxikoak dituztenak baztertu dira. Linoleum zoladurak erabili dira, naturalak, ez-toxikoak eta bakterio kontrakoak. Ur pinturak, kolore estimulagarrietakoak.
* Eraikina eta bere ingurua uztartuko dira. Jatorrizko biotopoa berreskuratu edo hobetuko da. Baratze didaktikoa. Ezinduentzat arrapalak.
* Sukalde propioa izango du eta bertan sortuko diren hondakinak ere kudeatuko dira.
* Funtzio didaktikoa ere izango du: horma irudi interaktiboak, informatiboak eta unitate esperimentalak.