102: Irudien eraginak kezkatzen bagaitu, orain dugu hausnartzeko parada

“670 hilketa, 15 bahiketa, 848 borrokaldi, 419 tiroketa, 14 gaztetxoen bahiketa, 11 lapurketa, 8 suizidio, 32 bahituen harrapaketa, 27 tortura kasu, 11 guda pasarte, 17 drogen inguruko irudi, 9 leihotik behera botatzea, 13 itotze ahalegin, 11 streptease eta 20 sexu ahalgabe eszena”. Duela urte batzu aste bateko epean Frantziako sei telebista katetan jasotako datuak dira.

Pentsa liteke datu horiek helduentzako programetan jasoak direla eta gure haur-gaztetxoei ez dietela eragiten. Inkesten datuek diotenez, aldiz, Espainiako estatuko haur-gaztetxoek ikusten dituzten programen % 50 “helduentzakoak” diren horietakoak omen dira.
Euskal Herriko ikasleek urtean 900-1.000 ordu inguru ikusten ei dute telebista. Hau da, eskolan pasatzen duten denbora adina egoten dira telebista aurrean.
Horrez gain, informatika dute eskolan edota etxean, zinemara joaten dira, bideo jokoetan aritzen dira, kaletik doazela iragarkiak ikusten dituzte edonon... Hori horrela izanda, irudiaren gizartean bizi garela esaten da.
Baina, prestatuta al dago gizartea irudiaren mundua irakurtzeko, interpretatzeko eta ulertzeko? Eskolari eta familiari zer dagokie egitea?
Askotan esaten da gurasoek euren alaba-semeekin ikusi behar dutela telebista. Internetaren erabilera ere jarraitu behar dutela... Baina, ama eta aita kasu askotan etxetik kanpora joaten direnez lanera, gero eta denbora gutxiago geratzen zaie etxeko besteekin partekatzeko.
Halakoetan, begiak eskolara begira jartzen dira. Eta eskola kexu da gizartearen kezka eta ezintasun guztiak eskolaren bizkarrean uzten direlako.
Galdera honakoa da: zer egin beharko luke eskolak irudiaren bidez zabaltzen diren informazioa, kontsumismo jarrerak, zapalkuntza harremanak, diruaren eta boterearen aldeko balioak, sortzen duen pasibitatea eta abarrekin, hezkuntza integrala eta giza balioetan oinarritua eskaini nahi badu?
Gizartea asko ari da aldatzen eta eskolak eta gizarteak asko dute hausnartzeko. Hezkuntza ez da eskolarena bakarrik, baina eskolari hezitzea dagokiola kontziente izatea komeni da.
Hik Hasik abenduaren 3rako hausnarketarako zita jarri du: “Telebista eta hezkuntza” jardunaldia Donostiako Miramar jauregian.