Irakasleen begirada

 

Sara Jimenez de Aberasturi, Ane Urizar eta Amelia Barquin, Huheziko ikerlariak eta irakasleak.

 

Berandu eskolatzen diren ikasle immigratuek, iritsi bezain laster, eskolako hizkuntza ikasteari ekin behar diote. Baina ez da hori egin behar duten ahalegin bakarra. Harrera gizartean izaten dituzten zailtasunen gainean hausnartu dute ikasle horiekin diharduten hainbat irakaslek, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatearen Ikasle iritsi berrien murgilketan espezializatzeko ikastaroaren harira. Ikastaroko erraztaile izan diren irakasleek hainbat ondorio jaso dituzte.

 

Euskal hezkuntza sisteman berandu eskolatzen diren ikasle immigratu berrien kopurua handituz doa azken hamarkadetan, beste herrialde batzuetatik etorritako immigrazioak gora egin ahala. Iritsi bezain laster, eskolako hizkuntza (edo hizkuntzak) ikasteari ekin behar diote, eta denbora eta ahalegina eskatzen duen prozesu batean murgiltzen dira, bereziki 10 urte baino gehiagorekin iristen direnean. Prozesu hori funtsezkoa da ikasleentzat, eskolako hizkuntza jakitea beharrezkoa baita, bai eskolako ibilbidea egiteko eta bai gizartean egokitzeko eta desabantailan ez egoteko ere. Euskal gizarterako eta euskara biziberritzeko prozesurako ere garrantzi handikoa da herritar berri horiek euskara ikastea. 

Baina, atzerritik etorritako ikasleen kasuan, ez da hori egin behar duten ahalegin bakarra. Harrera gizartean zailtasun batzuk izaten dituzte, eta haien bizitzan eta ikaste prozesuan eragiten dute horiek. Zein dira, nagusiki? Irakasle talde batek gogoeta egin du beren ikasleen egoeraren gainean, eta, artikulu honetan, irakasle horien ekarpenak jasoko ditugu. 

Euskal Autonomia Erkidegoko 22 ikastetxetako 32 irakaslek egin dute gogoeta hori. Horietatik 27 Eusle programako irakasleak izan dira, eta 5 irakasle, HIPI programakoak (horiek ere Eusle programan engaiatuta). 22 ikastetxe horietatik, 7 ikastetxe Araban daude; 4, Bizkaian, eta 11, Gipuzkoan. Partaide guztiak emakumeak dira, bat izan ezik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2018-2019 ikasturtean, hizkuntzan murgiltzeko Eusle programa jarri zuen abian, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan, hezkuntza sistemara iritsi berri ziren ikasleei eskolako hizkuntza (euskara) eskuratzeko prozesuan laguntzeko. Ikasleak astean 10 eta 12 ordu bitartean irteten dira erreferentziazko ikasgelatik, Eusle ikasgelara joateko, bi ikasturtez. Eusle taldeak txikiak dira, eta irakasleen eta ikasleen arteko harremana hurbila da. Gainera, programaren gakoetako bat da irakasleek ikasleen ongizate sozioemozionalean laguntzea.

Testu honetara ekarriko ditugun gogoetak Eusle programako irakasle horiek prestakuntza prozesu baten barruan egin dituzte. Programa horrek Ikasle iritsi berrien murgilketan espezializatzeko ikastaroa zuen izenburu; bost hilabeteko iraupena zuen, eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Huhezi) egin zen, online, 2021-2022 ikasturtean. Artikulu honen egileak erraztaileak izan ziren prozesu horretan, eta, zehazki, kulturarteko hezkuntzaren arloan. 

Kulturarteko hezkuntzaz ari garenean, baina, beharrezkoa da arreta jartzea alderdi kulturaletatik harago doazen zenbait alderditan ere. Izan ere, beste herrialde batzuetatik datozen ikasleek bizi dituzten egoera zailek lotura estua dute dimentsio sozioekonomikoarekin, adibidez, eta desabantaila sozioekonomikoan egoteagatik jasaten dituzten zailtasunek eragina dute haien ongizatean eta ikaskuntza prozesuan. Zailtasun horiei erreparatu diete, besteak beste, aipatutako irakasleek. Zailtasunok, gainera, ez daude beti irakasle guztien begi bistan, eta denen arreta merezi dute, ez soilik irakasleena; premiazkoa da hezkuntzako eta gizarteko beste eragileen arreta ere. 

Testu honetan, ezin izango ditugu jaso irakasleek aipatutako zailtasun guztiak, eta, hurrengo lerroetan, arlo jakin batzuetan zentratuko gara nagusiki: zailtasun sozioekonomikoetan, aisialdiari lotutako zailtasunetan, ondoez emozionalean eta eskakizun akademiko altuetan. Irakasleen adierazpen batzuk ekarriko ditugu, azalpenak argitzeko asmoz.

 


"Arrazoi ekonomikoengatik familiak herriz edo hiriz aldatzeak eragina du eskolako inplikazio txikian eta euskara ikasteari ematen dioten garrantzi eskasean"


 

Familien zailtasun ekonomikoak

Familien zailtasun ekonomikoak maiz ageri dira irakasleen adierazpenetan. Eusle programako ikasleak duela gutxi iritsitako familia etorkinen seme-alabak dira, eta familia horietako asko desabantaila ekonomikoan daude. Egoera horrek ikasleen eguneroko bizitzan dituen ondorioen jakitun dira irakasleak. 

- Gure eskolako ikasle gehienen kasuan ere, familiek egoera zailak bizi dituzte benetan. Batzuk gela batean bizi dira; langabezian daude; askok janari bankuei esker daukate jateko zerbait; ordu asko pasatzen dituzte etxean (asteburuetan), inora joateko aukerarik ez daukatelako…

Baldintza material eskasek beste ondorio batzuk ere badituzte. Itxurak pisu handia du ikasle hauen adinean. Zenbait ikasle desabantailan sentitzen dira, eta horrek eragina du haien autoestimuan. Gainera, ikasle batzuk lotsatu egiten dira beren egoeraz, eta, batzuetan, ezkutatu egiten dituzte beren bizitzako alderdi batzuk, eta beste batzuk asmatu, itxurak egiteko ikaskideen aurrean.

Familia asko eskolan inplikatzen badira ere, beste batzuen parte hartzea txikia dela diote, besteak beste, familien mugikortasuna handia delako. Arrazoi ekonomikoengatik familiak herriz edo hiriz aldatzeak eragina du eskolako inplikazio txikian eta euskara ikasteari ematen dioten garrantzi eskasean.

- Gure eskoletan, etengabeak dira ikasleen eta familien joan-etorriak. Mugimendu handiko herrietan bizi gara, eta eragin handia du horrek familiek eskolari buruz duten irudian. Aste honetan, aita batek honako esaldi hauek esan ditu bileran (gaztelaniaz): “Nire semeak ez du euskararik behar, nahikoa du gaztelaniarekin eta ingelesarekin; gainera, laster Frantziara joango gara”. Irakasteko eta ikasteko prozesuaren ezinbesteko zutabeak dira familiak, eta konfiantza eta segurtasuna eskaini behar dizkiegu, eskolako partaide senti daitezen elkarlanean arituz; baina zer egin dezakegu horrelako jarreren aurrean? Nola inplikatuko ditugu eskolan eta beren seme-alaben heziketan, prest ez badaude?

 

Aisialdiari lotutako zailtasunak

Irakasleek behin baino gehiagotan aipatzen dute ikasleen aisialdia, eta agerian uzten dute gizarte arrakala dagoela aisialdiko jardueretan. Badakite baliabide ekonomiko urriak dituzten familietako haurrek eskolaz kanpoko denbora etxean igarotzen dutela eta pantailetan eta gailu elektronikoetan zentratzen dela haien entretenimendua. Kalera ateratzen badira, familiarekin erosketak egitera supermerkatura joateko izaten da. Batzuetan, gazteek ez dute ingurua ezagutzen: herrian edo auzoan dauden dendak, naturaguneak, etab. Irakasleek premia sentitzen dute ikasle horiek etxetik irten daitezen. Bestalde, zaila egiten zaie ikasgelan desberdinkeria kudeatzea. 

- Batzuetan, arrazoia desberdintasun ekonomikoa da, bai. Doako jarduera gutxi daude gaur egun. Baina badira doakoak diren jarduerak ere, eta izugarri kostatzen zaie horietan parte hartzea. Hiriko Gaztelekuan, adibidez, gazteentzako jarduera asko antolatzen dira, doakoak guztiak, eta gure ikastetxeko ikasleak hara eramaten ditugu tutoretza ordu batean, ezagutu, eta hango baliabideak erabil ditzaten... Baina, arrazoi batzuk direla medio, ikasleei gero eta gehiago kostatzen zaie aisialdian etxetik irtetea! Eta ez etorri berriak diren ikasleei soilik! Erabat txoratuta daude online jolas horiekin, mutilak bereziki! 

-Inauteriak baino egun bat lehenago, hauxe esan zidan ikasle batek (gaztelaniaz): “Oso gustura etorriko nintzateke, baina ezin dut, ez baitaukat mozorrorik, eta ez dut lotsarik pasatu nahi”. Hori dela eta, ez zen etorri, eta, hurrengo egunean, oso triste etorri zen eskolara. Errutinak egiterakoan, beste ikasleek inauterietan egindakoaz hitz egin nahi zuten, baina, ikasle horren egoera eta tristura ikusita, zer da egokiena? Ikasleekin hitz egitea, egoera normalizatuz, edo gaia aldatzea? Oso zaila da desberdintasun sozioekonomiko horiek ongi kudeatzea, tartean umeen sentimenduak baitaude.

Irakasleek diotenez, ohikoa da astelehenean elkarrizketa bat proposatzea asteburuan egindako jarduerei buruz, ikasleen hizketa errazteko. Irakasleek ikusten dute, ordea, askotan ikasleek esaten dutela ez dutela ezer kontatzeko. Era berean, oporren gaiak, oparien gaiak eta horrelakoek ere arazoak sortu ditzakete, eta irakasleen sentsibilitatea eskatzen dute:

- Ikasleek, batez ere adinean gora doazen heinean, gero eta kontzientzia handiagoa dute, eta ikasgelan bertan dauden desberdintasunez konturatzen dira. Zaila iruditzen zait hori kudeatzea. Seguru nago gainerako irakasleei ere gertatzen zaiela: errutinak lantzen direnean, oporrei buruz hitz egiten dugunean, asteburuko planak azaleratzen dituztenean edo opariak aipatzen dituztenean.

Aisialdiaren erabileran, generoaren aldagaia agertzen da. Ikasle batzuentzat, beste desabantaila bat da: neska batzuk behartuta daude familian etxeko lanak egitera, eta askatasun mugatua dute etxetik irteteko, bikotekidea izateko edo harekin egoteko… 

- Batez ere ikasle marokoarrek (neskek, hain zuzen ere), denbora libre gehiena etxean pasatzen dute, nahiz eta batzuetan lagunekin kalera joan. Badakigu etxe barruan erantzukizun asko dituztela, etxeko lanak egitea, neba-arrebak zaintzea, eskolako lanak egitea… Baina, batzuetan, badakit gurasoek nahiago dutela neskak etxean geratzea. Hori, zorionez, ez da egoera guztietan gertatzen; baina izan ditugu horrelako kasuak, eta, horrelakoetan, oso zaila egiten zait familiarekin eta ikasleekin esku hartze egoki bat ezartzea.

 


"Ikasle batzuen egoera pertsonalak gogorrak dira. Zenbait irakaslek diote heldu berri diren gazte batzuentzat zaila dela egoera berrira moldatzea"


 

Ondoez emozionala

Ikasle batzuen egoera pertsonalak gogorrak dira. Zenbait irakaslek diote heldu berri diren gazte batzuentzat zaila dela egoera berrira moldatzea. Auzora egokitu behar dute; familiaren zati bat jatorrizko herrialdean utzi dute, eta aldaketak gertatzen dira familiaren egituran; paperak lortzeko kezka daukate; egoera zailean bizi behar dute; asko lagundu behar dute etxeko lanetan… Ez kasu guztietan eta ez modu berean, noski, baina, maiz, horrelako baldintzak gainjartzen zaizkie. 

Gazte horiek aipatutako oztopoei aurre egin behar diete nerabezaroan edo nerabezarotik gertu daudela, berez ere zailtasunak dituen etapa batean, hain zuzen. Gizarteko beste neska-mutil askok adin horretan ezagutzen ez dituzten kezkak eta oztopoak dituzte.

- Baldintza sozioekonomikoak direla medio, ikasleek, askotan, eurei ez dagozkien ardurak hartzen dituzte, gurasoek etxetik kanpo lanean ordu asko pasatu behar dituztelako: etxeko lanak egin, janaria prestatu, neba-arrebak zaindu, eskolara eraman, gaixorik daudenean haiekin geratu… Horrez gain, badaude gurasoei laguntzeko egiten dituzten beste hainbat jarduera ere, itzultzaile lanak egitea medikuaren kontsultan, esaterako (batez ere hizkuntza arazo denean), edo izapide burokratikoak egitea. Horrelakoetan, ikasleak ez dira eskolara joaten. Gainera, badakite etxean arazoak daudela, eta eskolako oztopoei ere aurre egin behar dietela gehitzen badiogu horri (hizkuntza berri bat ikasteari, euren ikasketa prozesuan arrakasta izateari, integrazioari...), bizkarrean daramaten zama itzela dela ohartuko gara, eta, kasu askotan, eztanda egiten dute emozionalki, eta antsietatea, depresioa eta horrelako gaixotasunak agertzen dira. 

- Askotan entzun ditut nire ikasleak paperen inguruan hizketan, ea nik baditudan, ea zenbat urtez egon behar duten hemen paperak lortzeko, gauzak gaizki egiten ari diren beldurrez... Horrek tristatu egiten nau.

Ikasgelan, ikasle batzuek ez dute ondoez emozionalik adierazten, izan ala ez; baina beste batzuk triste, atsekabetuta, apatiko... agertzen dira, edo jarrera oldarkorrak dituzte, eta jarrera horiek eragina dute ikasgelako giroan, eta zaildu egiten dute ikasgelan gainerako ikasleen eginkizuna. Genero aldagaiak ere eragina izan dezake, honako aipu honetan ikus daitekeenez: 

- Batzuek oso jarrera ona dute, bai akademikoki eta bai euskararekin; asko saiatzen dira; motibatuta daude, eta aurrera doaz, nahiz eta ez izan oso argi emozionalki nola sentitzen diren. Beste batzuek, berriz, ez dute ikasteko interesik erakusten, eta, askotan, ikasgelako martxa oztopatzen saiatzen dira, beste ikaskideekin sartuz. Sozialki, emozionalki eta motibazio aldetik, ez daude batere ondo, eta beren gabezia guztiak islatzen dituzte, gainerako ikaskideekin sartuz. Kontua da, neskak helduagoak diren neurrian, mutilak baino hobeto ari direla egokitzen, eta akademikoki helburuak betetzen ari direla.

Zaila izaten da irakasleentzat horrelako egoerak kudeatzea, ikasleen egonezinen arrazoiak ez baitaude ikastetxean, eskolatik at dituzten bizipenetan baizik. “Eusle programako irakasleen lana euskararen irakaskuntzatik harago doa”, azaldu du irakasle batek. Irakasleak ulerkorrak dira, eta enpatiaz eta adeitasunez tratatzen dituzte ikasleak; baina diote dena ez dagoela euren esku eta ez daukatela konponbiderik kanpotik datozen zailtasunei erantzuteko. Horrez gain, diote familiek ere ezin dietela beti beren haurrei emozionalki lagundu, bestelako arazoei aurre egiten ari direlako. 

- Gurasoek ez dute beti behar adinako energiarik segurtasun gabezia horiek konpentsatzeko: egunerokotasunak, lanak, bizirik irauteak... seme-alaben esparru emozionalari lekua kentzen diote, eta ez da harritzekoa ikasleak triste, bakarrik eta babesgabe sentitzea.

Ikasleen ondoezaren aurrean, irakasleek lehentasuna ematen diete tratu gizatiarrari eta enpatikoari:

- Nire kezka hau da: nola egin dezaket aurrera akademikoki, motibazio aldetik, emozionalki eta sozialki gaizki dauden ikasleekin? Ez ote da garrantzitsuagoa alderdi horiek (emozionalak, sozialak eta motibazioa) konpontzen saiatzea, akademikoki aurrera egin ahal izateko? Egunero saiatzen naiz goxo eta enpatiaz elkarri eragiten, unean uneko mugak jartzen eta jarduna bideratzen, baina zaila egiten zait ikasle batzuk beren apatiatik ateratzea.

 

Eskakizun akademikoak

Irakasleek badakite zenbait ikaslek, egunero izaten dituzten zailtasunez gain, eskolak ezartzen dizkien eskakizunak eta presio gehigarriak ere badituztela. Horrek kezka sortzen die, eta dilema larriak planteatzen dizkie: exijentzia maila altuari eustea komeni da, ala hobe da ikasle batzuei eskatzen zaiena egokitzea edo jaistea? Zer da hobea? Zer da bidezkoagoa? Irakasleek beren ezinegona adierazi dute, ikasleen sufrimenduaren isla gisa.

- Hona heltzeko egiten ari diren esfortzua eta lana (arazo pertsonalak kudeatzeaz gain) ez ditugu berdin ikusten hezitzaile guztiok, eta gainerako ikasleei eskatzen diegun ahalegin bera eskatzen diegu. Bidezkoa da hori? Ez al da gehiegi, ume zein nerabe batentzat? Ikasle horiekin daukagun eskakizun maila ez al da altuegia? [...] Zaila egiten zait orekari eustea, ikasgelan daukadan aniztasuna kudeatzen.

- Batzuetan, ikaslea etorri berria denean, iruditzen zait gauzak polikiago edo kontu handiagoz egiten ditugula, haien eskolatze prozesuan laguntzeko eta bidea arinago egiteko, eta ahal dugun gozoen jarduten dugula. Baina, denbora pasa ahala eta batzuetan eskolen eskaerek, curriculumaren eskakizunek edota ditugun baliabideek (ordu kopurua, emaitzak lortu beharra, norberak dituen askotariko beharrak ase ezina… ) egoera hori konplexuago bihurtzen dute.

Ikusi dugu irakasleek ahalegina egiten dutela ikasleek kanpoan bizi dituzten egoeren ondorio txarrak arintzeko eskolan eta, horrela, haien eskola ibilbidea errazteko. Baina premiazko baldintza batzuk falta zaizkie, egiturazko arazoak daudelako. Baliabide falta eta irakasle taldearen mugikortasuna aipatu dira nagusiki, nahiz eta gehien agertzen den alderdia irakasleen denbora eskasia den. Bestalde, irakasle gutxi batzuen jarrera desegokiari ere egiten zaio erreferentzia:

- Tamalez, gure ikastetxe gehienetan, ikasturtetik ikasturtera, izugarrizko irakasle aldaketak izaten dira klaustroetan; ikastetxeetako irakasle taldeak oso urruti daude finkoak izatetik. Gurean, finkoak ez gara % 50era iristen; izugarrizko aldaketak daude urtetik urtera; inork gutxik du zuzendaritza karguak hartzeko borondatea edota gogoa... [...] Eta ikasle etorri berriak zama gisa bizi dituen irakaslea gehitzen badiogu aurretik esandako guztiari… Ez dut ezkorra izan nahi, baina, egiten ari garen bidearekin itxaropentsu banago ere, uste dut bide luzea geratzen zaigula oraindik.

 

Amaitzeko

Egunerokoan ikasleek bizi dituzten egoera zailei eta dituzten desabantaila materialei erantzutea eskolatik harago doan erronka soziala da. Baina ikasleek emozioak, egonezinak, ilusioak, kezkak… ere ekartzen dituzte eskolara, eta irakasleek ekitatearen aldeko estrategia ugari jar ditzakete abian. Gure azterlaneko irakasleak kontzientziatuta daude, eta badakite beren rola ez dagoela hezkuntzarekin soilik lotuta, hezkuntzarekin eta gizartearekin baizik. 

Ez da ahaztu behar irakasleen egoera emozionala ere: irakasleek, artikulu honetan landu ditugun gaiak azaltzean, kezka, sufrimendua, tristura, haserrea, ezintasuna... azaleratzen dituzte. Ezinegon horren arrazoietariko bat lotuta dago ikasleen beharrei behar bezala erantzuteko denbora eta baliabide nahikorik ez izatearekin. Beraz, irakasleen kasuan ere, beharrezkotzat jotzen dugu arreta norberaren zaintzan eta elkarren zaintzan jartzea, hezkuntza administrazioaren aurrean ikasle horiei modu duinean erantzuteko behar diren baliabideak aldarrikatzeari utzi gabe. Aldi berean, nabarmenak dira irakasleek adierazi dituzten erantzukizuna, inplikazioa eta ekitatearen aldeko jarrera. 

Esan dezagun, bestalde, testu honetan aipatutako zailtasun batzuek ez dutela atzerritar jatorriko ikasleengan soilik eragiten; jatorri autoktonoko hainbat ikasle desabantaila sozialean daude, eta haientzat ere baliagarriak dira hemen jasotako gogoetak.

Azken lerro hauek balio bezate azterlan honetako irakasleei bihotzez eskerrak emateko, analisiak, gogoetak eta esperientziak guri helarazteko izan duten eskuzabaltasunagatik.