Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lana eta familia-bizitza bateragarri egiteko kontziliazio-sariak bukatu izanak, batetik, eta Frantziako Gobernuak seme-alabengatik ematen diren laguntzak gutxitzea erabaki izanak, bestetik, familien laguntza-sistema osoa berrikusteko premia azaleratu du. 

Administrazio batek non inberti-tzen duen, interesgunea han duela erakusten du. Hona berriki Euskal Herriari eragiten dieten hiru administraziok familiak laguntzeko sistemen inguruan eman dituzten hiru albiste: Eusko Jaurlaritzari bukatu egin zaio lana eta familia-bizitza uztartzeko diru-laguntzen poltsa (abuztuan aldizkari ofizialean argitaratutako ohar batean jakinarazi zuen Jaurlaritzak  urte osorako aurreikusia zegoen laguntza-kopurua agortu egin zela. Zehazki, otsai-laren 28ra arte jasotako eskariak ordainduko dituela jakinarazi zuen, baina hortik aurrera, urte osoan jaso dituen eta jasoko dituen eskaerekin zer gertatuko den ez du zehaztu). Nafarroako Gobernuak % 80 moztu ditu eszedentziak edo lanaldi mu-rrizketak hartzeko laguntzak. Frantziako Gobernuak bi heren murriztu du datorren urteko aurrekontuetan seme-alabengatik ematen duen laguntza. 

 

Lurralde guztietan gora egin du laguntzak eskatu dituzte familien kopuruak, eta diru-poltsak murriztu egin dira. Administrazioek familiak seme-alabak edukitzeagatik lagunduko ez badituzte, familiek egin beharko dituzte kontuak: nola burutu hilabetea badagokizun eta espero zenuen baina jasoko ez duzun diru kopuru hori gabe?

 

Familia batzuen ahotsa entzun da: ezingo dutela hilabetea burutu kexatu dira; Hirukide elkarteko presidentea ez du harritu Jaurlaritzaren poltsa bukatzeak, “aurrekontua erdira jaisten denean denbora gutxian eskari kopuru bera egonda, ikusten zen zer zen etorriko zena”, familia politiketan gogoeta sakona eskatu du. Sindikatuek ere hitz egin dute, opor fiskalen auziarekin konparatu du ELAko idazkari nagusi Txiki Muñozek: zulo hura “aurrekontuetako diru publikoarekin ordainduko duen bitartean” Jaurlaritzak ez duela kontziliazioa familien eskubide gisa aitortzen esan du, eta diru-lagun-tzen funtsa handitzeko aldarrikatu: “kontziliazioa herritarren eskubide izan dadin, dirua amaitzen bada ere desagertzen ez dena”. LABek ere, aurrekontuaren handitzea eskatu du, eta sindikatu horren ustez, “Jaurlaritzak darabilen politika sozialaren gabezia eta porrota erakusten du laguntza kentzeko erabakiak”. Politika sozial berria abian jartzeko eskatu du LABek. 

 

Baina lana eta familia bizitza kontziliatzeko diru-laguntzen poltsa hain azkar amaitu izanak familiak lagun-tzeko sistema  bera jarri du ezbaian. Diru-laguntza hauek, teorian, “familiei ezartzen zaizkien baina modu autonomoan burutu ezin dituzten funtzio sozialei aurre egiteko premiak” asetzera datoz, eta betetzen al dute benetan familien beharra? Gaur egun dugun laguntza-sistemak ase al ditzake familien beharrak? 

 

Euskal Herrian oso ezberdina da administrazio bakoitzak daraman laguntza-sistema. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan piztu da alarma azken hilabeteotan, baina Nafarroan ere handia izan da murrizketa: mozketa egiteko, batetik, neurri zuzena hartu du nafar gobernuak: eszedentziak hartzen edo lanaldiak murrizten zituztenentzako laguntzak % 80 moztu ditu; eta bestetik, zeharka egin du murrizketa: diru-laguntzak jasotzeko neurriak estutu egin ditu, eta ondorioz familia gutxiago dira aurten laguntza jasotzeko aukera izan dutenak, 800 familia nafarrek eskatu zituzten laguntzak baina erdiek ez zuten kobratzerik izan. Iparraldeko egoera guztiz bestelakoa da: Frantziako Estatuaren administraziopean beste ezaugarri batzuk ditu, eta ondorioz babestuago egon dira orain arte seme-alabak dituzten familiak. Konparazione, gaur egun, Behe Nafarroako familia bateko amak, bi umerekin eta lan jarduna erdira murrizturik 600 euroko laguntza jasotzen du; aldiz, Gipuzkoan baldintza bertsutan den emakumeak 275 euro espero arren ez du batere jasoko irail honetan lanera inkorporatu denean,  poltsan ez baita dirurik. Haatik, datorren urtetik aurrera Iparraldean ere ez da horrela izango. Neurri drastikoa hartu du Frantziako Gobernuak: familiek orain arte seme-alabengatik jasotzen zuten laguntzaren herena jasoko dute 2015etik aurrera. Gehienez 308 euro (orain arte 908 arte jaso zezaketen). Gizarte Segurantzako defizitari aurre egiteko hartu behar izan ei du erabaki hori.

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako familiei dagoeneko eragiten die murrizketak. Familia horiek jasotzen dituzten diru-laguntzen sitemari begiratu dio Hazi Hezik SiiS ikerketa eta Dokumentazio Zentroko Egia Kareagako ikerketa zuzendari Joseba Zalakainekin, EAEko Arartekoa Fundazioarentzat Las politicas de apoyo a las familias en Euskadi y en Europa: aprendizajes para después de una crisis txostena aurkeztu baitu berriki. Kasu gehienetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sistemaz esaten dena Nafarroara ere zabal liteke, foru erkidegoko diru-lagun-tzen sistema ere, kopuruak kopuru, antzeko oinarrietan eraikia baita.

 

Hutsunea oinarrian dago

 

EAEko familiek jasotzen dituzten laguntzek ezaugarri berezi bat dute, Zalakainen aburuz, Europako sistema eredugarrien aldean: desgrabazio fiskaletatik bideratzen da familiek seme-alabak edukitzeagatik jasotzen duten laguntza nagusia. Eta ezaugarri horixe berau da, Zalakainen aburuz, sistemaren ahulgune: “Hemen ez daukagu, beste leku ba-tzuetan duten bezala, seme-alabak edukitze hutsagatik oinarrizko diru-laguntza orokor eta erregular bat. Horren lekuan, desgrabazio fiskaletik bideratzen dira laguntza nagusienak, eta horrek arazoak dakartza”.

 

Desgrabazio fiskaletik seme-alabak edukitzeagatik onura handienak errenta altuena duten familiek jasotzen dituztela da sistema honen arazoetako bat. Gainera, familiei desgrabatuz gutxiago biltzen du gobernuak —”milioitan kopuru handiaz ari gara hitz egiten”—, eta inbertitzeko ere gutxiago du, ondorioz. Laguntza-sistema honek duen beste arazo bat oharkabean pasatzea da,  “onuradunak ia ez dira ohartu ere egiten laguntza hori jasotzen ari direnik, zeharkakoa baita”. 

 

Egia Kareagako soziologoak dio EAEko laguntza-sistema errotik aldatu behar dela, “benetan eraginkorra izango bada”. Lana eta familiaren zaintza uztartzeko diru-laguntzei garrantzirik kendu gabe, Zalakainek sistema osoa berrikusteko premia azaldu du, eredua aldatuz: ”Une honetan kontziliazio-laguntza da familiek daukaten laguntza bakarretakoa, eta horrek handitu egiten du arazoa, baina sistemaren osotasunari begiratzen badiogu, laguntza oinarrizkoan daukagun hutsunea ikaragarria da”. Diru-laguntza-sistema eraginkorragoa, orokorragoa eta benetan familien beharrak aseko dituena izan dadin, Europa erdialdeko eta iparraldeko ereduetara begiratu behar dugula dio SiiSeko zuzendariak. Oinarrizko bi aldaketa proposatzen ditu: “Oinarrizko diru-laguntza jaso behar lukete familiek seme-alabak edukitze hutsagatik, horrek behar luke izan familiak laguntzeko sistemaren oinarria”. Hego Euskal Herriko familiek ez dute sistematikoki, hilero, diru-laguntzarik jasotzen seme-alabak edukitze hutsagatik. Haatik, eredugarritzat jotzen diren Europa erdialdeko eta iparraldeko sistemetan familien laguntzen oinarrian diru-laguntza unibertsal hori dago, tokian tokian desberdina dena. “Haurrak 16 edo 18 urte dituen bitartean hilero laguntza bat jaso-tzea oso esanguratsua da familiaren ekonomian; laguntza puntulak ez dira kuantitatiboki hain esangura-tsuak familientzat”. 

 

Eredugarritzat ditugun herrialde horietan, aipatu laguntza zuzen orokor horiez gain, kontziliazio-laguntzak eta zerbitzuak erosteko laguntzak jasotzen dituzte familiek, hala nola, etxean zaintzaileak kontratatzeko laguntzak; eta baita laguntza puntualak ere, jaiotzaren unean jasotzen diren laguntzak, esate baterako. Herrialde gehienetan, baita ere, desgrabazio fiskalak dituzte seme-alabak dituzten familiek. Horiez gain, familiek bestelako laguntzak ere badituzte, ez zuzenki seme-alabak eduki-tzeagatik, esate baterako, etxebizitza erosteko laguntzak, nahiz pobrezia saihesteko laguntzak. 

 

Bigarrenik, Europa erdialdetik eta iparraldeko ereduetatik hartu beharreko beste ezaugarria, Zalakainen aburuz, are sakonagokoa da: Gizarte-babes-sistema alderantzikatzea proposatzen baitu, herrialde eredugarrietan egiten duten eran: “Euskadiko Gizarte-babes-sistema osoak asko begiratzen die zaharrei, pentsioei, eta oso gutxi familiei eta haurrei”. SiiSek haurren pobreziari buruz egin zuen ikerketa batek argi utzi zuen umeei eta familiei begiratzen ez dien sistema bat dela EAEkoa. 

 

Finlandian, Suedian eta Europako beste hainbat herrialdetan, pedagogiak esaten duena gizarte politiketara eta, beraz, diru-laguntza-sistemara eraman dute: 0-3 etapak pertsona baten eraikuntzan duen garrantzia ikusirik, berau babesteko neurriak hartu dituzte, Gizarte-babes-sistemaren zutabe etapa hori bilakatuz. “Europako politika sozialak haurtzarora begira jarri dira”. 

 

Europarekin konparatuz, EAEk umeei zuzenduriko laguntzetan Europako batez bestekoaren ia herena soilik gastatzen du. “Hor dago gure gabezia handiena, gure sistemak beste orientazio bat dauka. Hori aldatu eta haurtzarora bideraturiko inbertsioa izan behar da gizarte inbertsioa”. Haatik, EAEk gastu sozialaren kopuru handiena pentsioetara eta langabezia-prestazioetara bideratzen du, gastu sozialaren kopuru orokorretan Europaren %80a bideratzen du. Zalakainek bada, beharrezkoa bai baina era berean zail ikusten du sistema alderantzikatzea: “Sistema errotik aldatzea ez da erraza. Finlandian, Suedian eta Europako hainbat herrialdetan ez dute sistema errotik aldatu beharrik izan haurtzaroari begira jartzeko, abiapuntu kulturala ere beste bat baitzuten; guk, ordea, hasteko ikuspuntua aldatu behar dugu: Familia heztea zeregin pribatua dela pentsatu izan da hemen, eta beste lekuetan ez. Arazo kultural bat da. Aldiz, zaharra zarenean pentsio bat jasotzea pribilegio bat ez eta eskubide bat dela oso barneratua daukagu kulturalki, baina ez dugu erabat sinesten umeak hezteko laguntza jasotzea ere zilegi dela. Ikasi dugu hezkuntza eta osasungintza eskubide direla, baina ez dugu ikasi, familia-laguntzak gizarte problema direla”.

 

Diru-laguntzen sistema aldatzeak aitatasun- eta amatasun-baimenak luzatzea eta 1-3 etapako hezkuntza zerbitzuen kalitatearen aldeko apustua egitea ekarri beharko luke berekin, Zalakainen aburuz. “Amatasun- eta aitatasun-baimenen arazoa ere handia da. Europako txikienetakoak ditugu, batezbestekoa 47 astekoa da eta guk 16 aste ditugu”.

 

Haur Hezkuntzako lehen etaparen garrantzia gizarte politiketan kontuan izan beharreko faktore gisa azpimarratzen du Arartekoari aurkezturiko txostenak. “Ikerketek 0-3 etapak umearen garapenean duen  garrantzia nabarmentzen dute, eta hor kalitatearen aldeko apustua egitea ezinbestekoa da, gero eta kalitate hobeko heziketa jaso umeak, emaitza pertsonalak eta lan munduari begirakoak hobeak dira. Europan argi ikusten da nola zaintzen eta azpimarratzen duten haur hezkuntzaren kalitatea”. Era berean, haurtzaroari eta familiari begirako politika publikoek, bai diru-laguntza sistemak antolatzean nahiz hezkuntza-zerbitzuak pentsa-tzean aintzat hartu beharreko faktore berri bat jarri du mahai gainean txostenak: “Berriro ere eragin handia izaten ari da familien jatorriko desberdinkeria haurren etorkizunean”. Zalakainek azaldu duenez, zein familiatan jaio zaren, zure aukerak ugariagoak edo mugatuagoak izango dira bizitzan. “Duela hamarkada batzuk ez zen hain eraginkorra. Batetik, eskolak berdintzen zituelako aukerak, eta bestetik, lan merkatuak ia-ia mundu osoa hartzen zuen, eskulan handiagoa eskatzen zuelako; baina hori bukatu da eta dagoen eskulana oso prekarioa da.“

 

Erdira jaitsi dira laguntzak 

 

Lana eta familia-bizitza uztartzeko kontziliazio-laguntzak 3 urte bitarteko seme-alabak zituzten gurasoentzat soilik ziren 2007a arte. Urte horretan, Juan Jose Ibarretxeren Gobernuak, Joseba Azkarraga Justiza, Lan eta Gizarte Seguran-tzako sailburu zela, eszedentzia-baimenak eta murrizketak hartzeko laguntzak gaur diren gisara ezarri zituen dekretu bidez.  

 

Gizonek seme-alaben zaintzan parte hartzeko, haien aldeko diskriminazioa egiten zuen dekretuak, esate baterako, eszedentzia eska-tzeagatik, emakumeek urtean 2.400 euroko laguntza jaso bazezaketen, 3.000 eurokoa jaso zezaketen aitek. Alta bada, familia zaintzeko lanaldia murriztu zuten gizonezkoen kopurua ez zen handitu neurri horrekin. Familiak zuzenean laguntzeaz gain, enpresak ere diruz laguntzea arautzen zuen 2007ko dekretuak. 3 urtetik beherako seme-alabak etxean zaintzeko langileak kontratatzeko ere laguntza ematen zuen. Baina 2007ko uztailean onarturiko dekretuak urtea ere ez zuen bete bere horretan, lana eta familia uztartzera bideratutako dira laguntzak beheraka hasi ziren 2008an. 

 

2009an Patxi Lopezek  gobernua hartu zuenean eta Gemma Zabaletak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ardura hartu zuenean kontziliazio laguntzak igo egin zituzten, eta 2010ean egin zen dekretuak berdindu egin zituen gizonezkoek eta emakumezkoek jaso zitzateketen diru-laguntza kopuruak (esate baterako, eszedentziagatik 3.500 euro arte jaso zitzaketen gurasoek). Kontziliazioa laguntzeko diru funtsa 35,3 milioira igo zen, inoizko altuena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan, baina diru hauek ez ziren ordaindu PSOEren Gobernuaren epe barruan, 25 milioi ordaindu gabe gelditu ziren. 2011n beherekada txiki bat izan zen, baina benetako beherakada 2012an hasi zen (funts hori 30 milioira jaitsi zuen gobernuak urte horretako abuztuan atera zuen dekretuak), eta beherakoari ez zaio mugarik jarri ordutik. 

 

Iñigo Urkullu EAJrekin Gobernura iritsi eta Juan Mari Aburto Gizarte Gaietako sailburu izendatzean, diru-laguntzak emateko funtsak ia erdiraino jaitsi ziren, 17,3 milioitara. Krisi ekonomiko bete-betean, doikuntza plan handia egin zuen Jaurlaritzak. Diru-laguntzak jaitsi zirenean hainbat familia laguntza hori kobratu ezinda gelditu zen 2013an, sinpleki, eskari guztien-tzako —31.607—ez zirelako iristen.   Berez, dekretuaren arabera, sei hileko epean jaso behar du sendi baikoitzak laguntzaren ebazpena, baina 2013an eskaera egin zuen heren batek baino gehiagok aurtengo apirilean jaso du dirua.  

 

Suedia eta Norvegiatik urrun 

 

Lana eta familiaren zaintza bateragarri egiteko neurriak aspaldikoak dira Europako hainbat herrialdetan. Suedia, Finlandia eta Lituania izan ziren aitzindariak, eta ondoren Europako beste hainbat herrialdetara zabaldu ziren prestakuntza horiek Europako Batasuna sortzean (1994). EBk, neurri batean, behartu egiten ditu estatuak familiaren zain-tza eta lana uztertzeko hainbat neurri hartzera, esate baterako, aitatasun- amatasun-baimenak ezartzera (amatasun-baimenak gutxienez 14 astekoak izan behar dira), aldi baterako lan eszedentzia, lanaldi murrizketa edo ordutegiak malgutzera, edota familiako ustekabeko arazoei erantzuteko baimenak ematera. 

 

Hala ere, estatu bakoitzak ezar-tzen ditu neurri horiek garatzeko baliabideak. Ondorioz, kasuan kasu oso desberdina da baimen horren kalitatea. Gurasotasun-baimenei dagokienez, luzeenak Suedian eta Norvegian dituzte. Suedian 16 hilabete (480 egun) dituzte amaren eta aitaren artean hartzeko, 390. egunera arte soldataren % 80 jasoz. Aldi bateko lan uzteari dagokionez ere, Suediako gurasoek dituzte baldintza onenak: langileek 68 astera arteko, (480 egun) baimena jaso dezakete, 390 egunetan soldataren % 80 jasoz. Norvegian 56 asteko baimena dute guraso izatean (393 egun), soldataren % 80arekin edo 322 egun soldata osoarekin har ditzakete. Aita norvegiarrek 70 eguneko baimen-eskubidea dute soldata osoa jasoz. Errumanian 126na egun dituzte amek eta aitek. Finlandian, berriz, amaren 105 egunez eta aitaren 18 egunez gain, beste 158 baimen-egun ordaindu dituzte gurasoek partekatzeko. Herrialde horretan 160 eguneko lan eszedentzia har dezakete gurasoek, soldata osoa jasotzeko aukerarekin.

 

Amatasun-baimenei dagokienez,  Hungarian dute luzeena: 24 aste, soldata osoarekin. Amatasun-baimenarekin —edo aitatasun baimenarekin— dagoen epe horretan gurasoak jasotzen duen ordain ekonomikoa soldataren %100a da Alemanian, Danimarkan, Espainian, Estonian, Frantzian, Herbehereetan, Polonian eta Austrian; langile bakoitzaren baldintzen araberakoa da noski kobratzen dena. Beste herrialde batzuetan ez dute ehuneko ehuna jasotzen, baina aldiz, baimena arras luzeagoa da: Eslovakiako emakumeek 28 asteko amatasun-baimena dute, baina soldataren % 55a jasotzen dute. Txekiar Errepublikan ere 28 asteko baimena dute, eta soldataren % 69 kobra-tzen dute. 

 

Behin amatasun-baimena bukatuta, luzatzeko aukera ematen dute hainbat herrialdek, Herbeheretan adibidez. Irlandako amen kasuan ostera, baimena luzatu luzatu dezakete bai, baina ez dute ordain ekonomorik jasoko luzapen horretan. 

 

Aitatasun-baimenak ere oso desberdinak dira herrialderik herrialde. Errusia, Grezia, Danimarka eta Irlandan, esaterako, egun bateko baimena ere ez diote ematen amaren bikotekideari haur jaioberriak zaintzeko. Espainiako Estatuan 15 eguneko baimena dute eta amaren 16 astetatik azken hamarrak har ditzakete. Frantzian egun bat gutxiago dute aitek. 

 

Kontziliaziotik erantzunkidetasunera

 

‘Kontziliazioa’ hitzak lana eta familia uztartzeari egiten dio erreferentzia, baina jatorrian, uztarketa horretan hirugarren oinarri bat ere badago, lana, bizitza familiarra eta bizitza pertsonala baitira ‘kontziliatu’ beharrekoak. Hor ezartzen du Juana Maria Maganto EHUko Psikologia fakultateko irakasleak koordinatutako Concilia en tu vida liburuak benetako kontziliazioaren gakoa. “Kontziliazioa kontzeptu gakoa da pertsonen garapen osoa lortu ahal izateko, baina ezin dugu bizitza pertsonala uztarketa horretatik kanpo utzi”, dio liburuak.

 

“Bizitza pertsonala zaindu beharreko esparrua da nortasun orekatu bat eduki nahi baldin badugu. Lanari eta familiari denbora eskaintzeaz gain, geure buruari denbora eskaintzea funtsezkoa da, geure beharrak zerbait garrantzitsu bezala ikusi behar ditugu, eta guretzat garrantzitsuak diren alorrak eta pertsonalki on egiten digutenak jorratu behar ditugu”.

 

Kontziliazioaren hirugarren oinarri honetan dago Magantoren aburuz, kontziliazio parekide baten gakoa, haren ustetan,  emakume askori oraindik ere, bizitza pertsonala lanarekin eta familiarekin kontziliatzea “ahaztu” egiten baitzaie. “Baina arreta handia eskaini beharreko alorra da, geure ongizatea bermatuko duena baita. Historikoki, gizonezkoak lan esparruan eta alor pertsonalean garatu dira, lan ordaindua eta bizitza soziala zainduz; emakumezkoek, aldiz, zailtasun handiak izan dituzte bizitza familiarretik harago gara-tzeko. Emakumeak lan esparruan sartu dira familien zaintza alde batera utzi gabe, eta horrek bizitza pertsonalarentzat espaziorik eta denborarik gabe utzi ditu. Benetan ‘kontziliatzeko’ eta norbere burua osoki garatzeko beharrezkoa da esparru pertsonala zaintzea.

 

Lana eta familia bizitza kontziliatzeko politikak diseinatzean parekidetasuna mahai gainera ateratzen da, kontziliazio-lagun-tzak eskatzen dituzten gehienak emakumezkoak baitira, nabarmen. Raquel Royo Prieto soziologoak Emakunderentzat egin zuen Maternidad, paternidad y conciliación en la CAE ikerketan azaldu zuen, kontziliazio neurriak oso “feminizatuak” daudela: “Egoera alda dadin beharrezkoa da eraldaketa sozial bat gertatzea eta zaintza sistema sozioekonomikoaren erdigunean jartzea, gaur egun ekoizpenak hartzen duen lekuan. Erreprodukzioaren alor guztia ikusezina da, eta sakonean, berau da alor produktiboari eusten diona”.Kontziliaziotik haratago, erantzunkidetasunaz hitz egin behar dela dio soziologoak, erantzunkidetasun familiar eta sozialaz.

 

Aldaketa soziala dakarten ereduak mahai gainean jartzeko premia azaldu du Royoren ikerketak, zaintzaren eremuan sartu nahi duten aitak, “patriarkatuari espazioa lapurtu dioten gizonak” eta amatasuna eta lan uztarketa “kulpa barik” bizi duten emakumeenak.  “Emakumeak oraindik ere errudun sentitzen dira ordaindua den lan bat egiteagatik eta sozialki eraiki den espektatiba bati ezin diotelako erantzun, ama ona izateko espektatiba hori oso zorrotza eta injustua da emakumeekiko, kurioski, gizonezkoek askoz denbora gutxiago eskaintzen dioten arren seme-alaben zaintzari ez dute errudun sentimendurik”.