Haurrak osasuntsu eta sasoian hazteko, jarduera fisikoan hezteak lagundu egiten du. Heziketa fisikoa, alabaina, ez da eskolaren egitekoa soilik, ohitura asko etxetik, familian hartzen baitira. Alazne Agirrezabalaga prestatzaileak mugikortasuna oinarri duen bizi-eredua gomendatzen du, batetik; eta haurren gozamenean eta ludikotasunean oinarrituriko kirol jarduera, bestetik.    

Osasuntsu eta sasoian egoteko, bizi eta aktibo izateko, jarduera fisikoan ere hezi egiten da. Argi dauka Alazne Agirrezabalaga dietista eta prestatzaileak: “Gure seme-alabak aktibo izan daitezen, gaixotasunak prebenitu nahi baditugu, gizentasun-arazoak izan ez ditzaten eta arratsalde osoa telebista aurrean eman ez dezaten, etab. nahi badugu, elikaduran bezala haurrak txiki-txikitatik hezi behar ditugu jarduera fisikoan ere”.

 

Agirrezabalagak haurdun gelditzen diren momentuan planteatzen die andreei euren kirol-ohituretan erreparatzeko. Amaren kirol-ohiturak igerriko ditu haurrak, hasieratik nabaritzen baitu umeak ama nola mugitzen den, sedentarioa den ala ez, zer jaten duen... : “Bai amei eurei on egingo dielako, baina baita haurren heziketan eragingo duelako ere, garrantzitsua da kirol-ohitura onak hartzea familian. Haurrak 7 urte dituenean eta gizentasun-arazoekin hasten denean, ezin diogu egun batetik bestera kirola egiten has dadin eskatu, dagoeneko hartu baititu beste ohitura batzuk eta sartu baitzaio alferkeria barruraino”. Agirrezabalagaren arabera, gai honetan ere ezin da arazo bat egon arte itxoin: “Lehenagotik prebenitu behar da: sedentarismotik datoz gaixotasun okerrenak”.

 

Kirolaren onura fisikoak ezagunak dira, odol-zirkulazioari, arnasketari, digestioari edota gaixotasunei aurre egiteari loturiko mesedeak baitakartza kirolak, baina kirolak onura psikologikoak, —baikorrago izaten laguntzen du; harreman-sarea handitzen, bere buruaz duen irudia eta autoestimua hobetzen...— sozialak eta hezitzaileak ere baditu. “Norbere gorputzarekiko harremana hobetzen laguntzen du kirolak; eta autoestimu ona edukitzeak bizi-tzako alor askotan lagunduko digu”. Prestatzailea ez da, ordea, eliteko kirolariez ari, ezta kanona betetzen duten gorputzei buruz ere: “Geure gaitasunak eta mugak ezagutu eta, esfortzua eginez, zailtasunei aurre nola egiten diegun ikusteak onura handiak ekarriko dizkigu”.

 

Bi ariketa fisiko mota bereizten ditu Agirrezabalagak. Batetik egunero egiten ditugun jarduerak daude: eskolara oinez edo bizikletan joatea, eskailerak igotzea, jolasaren bidez mugitzea... “Egunerokoan uste duguna baino ariketa fisiko gehiago egin dezakegu, eta horrek guztiak mesede egingo dio gure gorputzari”. Jarduera hauek mugituz egiten ditugun edo igogailua, autoa etab. erabiliz egiten ditugun, alde handia dago prestatzailearen arabera, eta gure bizitiza-ohitura bihurtuz gero bizitza aktibo baten aldeko oinarria ezarriko genuke. Beste multzoan ohiturazkoetatik aparteko jarduera gehigarriak daude, antolaketa eta entrenamendua eskatzen dutenak: igeri egitera joatea, asteburutan mendira joatea, saskibaloi-partidak, futbol-entrenamenduak, dantza...

Eguneroko bizimoduan mugitzeak onura handiak ekar diezazkiguke. “Kiroldegiraino ere autoz joaten gara askotan, eta era horretan ohiturak sortzen ari gara. 2, 3, 4 urterekin eskolaraino oinez joatea haurrarentzat gehigi baldin bada mugitzeko beste bide batzuk bilatuko ditugu, patinak, bizikleta... kontua ohiturak sortzea da”.

 

Gurasoen babesaren garrantzia

Agirrezabalaren arabera, ez dago adin bakoitzarentzat “egokiagoa” den kirolik, ludikotasuna eta haurraren gozamena izan behar dira kirol bat edo beste aukeratzeko irizpide “Gozatu egin behar dute”. Eta haurrek —helduek bezala— gustuko kirola egitea gomendatzen du. “Gustuko ez dutena ez dute egingo”.

 

Zenbait kasutan gurasoak izan ohi dira euren seme-alaben jarduerak babesten ez dituztenak. “Luzerako begiratu behar da; agian larunbat goiz batean ez dugu haurra partida joka dezan beste herri batera eramateko gogorik izango, baina, jarrera ezkorrik hartu aurretik, ikusi ea gurasoen artean antola gaitezkeen txandak egiteko, eta ea haurrek daukaten energia horri erantzuten diogun”. Agirrezabalagak argi dauka, haurra aktiboa izan dadin nahi badugu, motibazioak asko lagunduko dio: “Umeak ilusioa baldin badauka, ez ekin negatiboki; eta ilusiorik ez baldin badauka, saiatu ilusiona-tzen”.

 

Gustuko kirolaren aldeko apustua egiten du prestatzaileak, baina ez du horrek esan nahi txikitatik espezializatu behar dutenik, kontrakoa baizik. “Ahalik eta kirol gehien egin behar dira: Fisikoki mesedegarria izango da aniztasuna haurrarentzat —kirol desberdinekin gorputz atal desberdinak landuko dituelako, psikomotrizitate fina, lodia, oreka, mugikortasuna, koordinazioa...—, baina baita ikuspegi psikologiko eta sozialetik ere. Haurrak kirol bat aukeratzen duenean ez du jarduera bakarrik aukeratzen, baita testuinguru bat eta talde giro bat ere”.

 

Gero eta kirol gehiago egiteak zirkuluak handitzea dakar, eta zirkuluek, era berean, helduen erreferenteen artean ere aniztasuna dakarte, izaera eta balio diferenteak dituzten erreferenteak izango dituzte haurrek kirol-jarduera bakoitzean.

Kirol-jarduera zenbaitek haurrengan lehiakortasun handiegia pizten ote duten kezka dute gurasoek sarri, baina prestatzaileak argitu duenez lehiakortasuna, berez, ez da txarra: “Bere balioak ditu, eta hezten lagun dezake. Kontrakoa irudi lezake, baina adiskidetasunarekin harreman estua du lehiakortasunak; konpromisoa eskatzen du; justizia; arauak betetzearen garrantzia nabarmentzen da; akatsetatik ikastea; talde bateko partaide sentiaraztea, lankidetza, partaidetza, elkarlana sustatzen ditu...”. Lehiakortasunak, berez, kiroltasuna eta joko garbian oinarrituriko gizalegezko portaerak dakartza berekin. 

Arazoa, emaitzari bakarrik begira-tzea da. “Guraso askok, euren haurra eskola-kiroletik bueltan denean, ‘zer egin duzue?’ galdetzen diote; eta ez, ‘zer moduz pasa duzue?’. Guk transmititu nahi ditugun balioen inguruan sortuko bagenu elkarrizketa, aberasgarriagoa izango litzateke”.