Haurrengan, mielinizazio prozesua ematen dela irakurri izan dugu. Era errazean adierazita, zer da ‘mielinizazioa’? Eta, bestalde, masajeak laguntzen al du horretan?JAIO AURRETIK, eta ondoren are azkarrago, mielinizazioa garatzen da. Hau da, nerbio-sistema babesten joaten da, gorputzean zeharreko informazioa errazago pasatzen laguntzeko.  Gu burutik hasten gara masajea ematen, horixe baita gune nagusia; gero, gorputz osora pasatzeko. Hasieran, adibidez, ikusmenak badu bere garrantzia. Haurrak begiak ez baditu ongi irekitzen, ikusteko behar duen bizitasuna ez badu, martxan jartzen lagundu behar zaio. Haurrak amari ez badio begiratzen, zer gertatzen ari den jakin behar dugu: ea argi gehiegi dagoen, ea amarekiko harreman kontua den, ea beste zerbait adierazi nahi duen, eta abar. Masajearen bidez, begiratzeko gaitasuna lantzen dugu, eta, hala, bizkorrago begiratuko du, haurra hobeto sentituko da, eta gurasoei ere, erakargarriago egingo zaie begirada. Eta, adibidez, haurrak amarekin nolako kontaktua edo harremana nahi duen adieraz lezake. 

Haurrak haurdunaldia eta erditzea nola bizi izan dituen zeresan handia duela aipatzen da maiz. Sortu litezkeen desorekak, beldurrak, eta abar, bidera al litezke masajearen bidez?

ERDITZEAK BERAK hainbat gorabehera ekartzen dituela ikusten dugu. Haurra umetokian zer posturatan egon den, erditzea nolakoa izan den, eta, beste arrazoirengatik, burua, aurpegia edo lepoa arindu beharra izaten du. Muskuluak ez badira askatu, haurrak han jartzen du atentzioa, minduta duen tokian edo sentibera duen hartan. Haurrak bere gorputza aske izan nahi du beti; horretan laguntzeko, masajea ematerakoan, gaitasuna izan behar dugu haur horrek non duen beharra antzemateko. Polili-poliki, azala lantzen joaten gara, konfiantza hartzen, eta, bere erreakzioen bidez, beharrak identifikatzen. Horrela, antza ematen dugu non landu behar dugun. Askotan, eskua jartzearekin soilik, haurra deseroso sentzitzen dela ikusten dugu. Beraz, zonalde horretan badu zerbait orekatu beharko duena, lagundu behar zaiona egokitzen. Hasiera-hasieratik egiten badugu hori guztia, hobeto egoten lagunduko diogu, eta, askeagoa izanik, atentzioa behar duen tokian jarriko du.

 

Haurren masajean aritzen zara. Asko entzuten den gaia da masajearena, 

baina, zer helbururekin egiten da?

GUK PREBENTZIOARI ematen diogu garrantzia. Kalteak etorri aurretik, zer egin litekeen aurreikustea komeni da. Adibidez, masajeak garrantzia handia du tresna gisa, amak edo aitak umearekin harreman egokia duten kasuetan, batez ere. Gurasoen eta haurraren arteko komunikazioa modulatzen ari denean, masajeak onura askoz handiagoa eskaintzen du. Gainera, bizitzaren hasieratik ematen has liteke masajea, eta oso lagungarria da, haurraren gaitasunak martxan jartzen ari baitira garai horretan.

 

Etxe berean, hainbat erritmo eta behar daude: gurasoen erritmoak eta beharrak, eta, haurrenak. Nola kontzilia litezke horiek guztiak giro ona eta haurren garapen egokia gerta dadin? 

AMAK HAURRAREN erritmora egokitu behar du, nire ustez. Haurrak amaren erritmora egokitu behar badu, ezingo du eroso egon, ezingo du amaren erritmoa jasan, nekea eta atsedena ez ditu orekatuko, eta, hala, askotan, haurraren irritabilitateak sortzen dira. Irizpide horrek ez du balio amarentzat soilik. Gaurko egunean, haurrak haur eskoletan hasten direnean,  ikusten ari gara, ez dela haurraren egokitzapena egiten, baizik eta gurasoen egokitzapena izaten dela. Asko ikasi behar dugu horren gainean, ez baitugu haurraren beharrak zein diren aztertzen, eta, gauza asko, haurraren kaltetan egiten ditugu.

 

Guk ere, txikitan, horrela bizi izan genuen, gurasoen beharretara egokitu behar izan genuen. Baina, geure seme-alabek euren barneko indarra izatea nahi badugu, barnean oinarri on bat izatea nahi badugu; oinarri on hori, euren erritmora garatu baldin badira sortzen dela ohartu behar dugu. Izan ere, pertsona sozialak garen neurrian, besteekin ongi egongo gara, geure buruarekin ongi baldin bagaude.