"Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: (...)" da proiektu irabazlearen izena.

 

Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duten Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren 2. deialdiko irabazlea Jakinmin praktika filosofikoen elkartea izan da, proiektu honekin: Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia. Bekaren sari banaketa ekitaldia gaur (2023ko urtarrilaren 22an) burutu da Hernaniko Udalean eta bertan izan dira Hernaniko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Axier Mingo, Hik Hasi egitasmoko Formazio arduradun Mikel Agirrezabala, Joxe Mari Auzmendi zenaren senideak eta Jakinmin elkarteko kide Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya.

 

Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren helburua ikastetxeen eraldaketa pedagogikoetan lagungarri izan daitezken proiektuak bultzatzea da eta Jakinmin praktika filosofikoen elkartearen proposamenak bi helburu ditu:
- Bata ikasleen artean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzea
- Bigarrena irakasleen klaustroetan erabakiak modu parte-hartzailean hartzea.

 

Horretarako, “elkarrizketa argudiatu kooperatiboa” erabiltzea proposatzen du eta azken emaitza modura ikastetxeentzat erabilgarria izango den tresna bat eskainiko du: elkarrizketa argudiatu kooperatiboa inplementatzeko bide-orria.


Epaimahaiaren iritziz, oso lan osatua da, ikasleei begira egiten duen proposamenaz gain, irakasleentzat ere egiten duelako, eta gaur egun hutsune handia antzematen den bi eremuri erantzutera datorrelako: alde batetik, ikasleek hausnartzeko duten gaitasun gabezia eta euren artean dituzten bizikidetza arazoak, eta bestetik irakasleen klaustroetan erabakiak hartzeko metodologia parte-hartzaileen gabezia. Zentzu horretan, ikastetxeen funtzionamendurako oso aberatsa dela baloratu du, eta gelan eta klaustroan eragin handia izan dezakeela. Horrez gain, herri mailan beste erakunde eta taldeetako parte-hartze moduak hobetzeko ere baliagarria ikusten da, zabaltzeko moduko eredua, alegia. Hausnarketari, argudiatzeari eta parte-hartzeari lekua egingo dion proposamak gaur egun dagoen kultura aldaketa ekar dezakeela ere azpimarratu da.

Jakinmin elkarteak proposatzen duen ikerketaren metodologia oso egokia dela iritzi du epaimahaiak eta proiektua edozein ikastetxeetara estrapolagarria dela argi ikusi du.

 

Hausnartu eta argudiatuz hitz egin

Jakinmin elkarteak, hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatuz, hobekuntza pedagogikoa lortzea du helburu. Horretarako, erabiliko duten metodologia elkarrizketa argudiatu kooperatiboa da: elkarrizketa da lan egiteko modua, argudiaketa da elkarrizketa horren ezaugarri nagusia eta kooperatiboa da elkarlanean oinarritzen delako.

Bi urtetan zehar Jakinmineko kideek Bilboko Zurbaran eskolan jarriko dute praktikan proiektua eta amaierako emaitza Euskal Herriko ikastetxe guztientzat eskuragarri jarriko duten bide-orria izango da, “ikastetxeentzat erabilgarria izango den tresna,hobekuntza pedagogikoan zein egitasmoaren beste helburuetan sakontzeko bidea ematen duen bide-orri teoriko-praktikoa”.

 

Gida horrek eduki hauek izango ditu:
- Elkarrizketa argudiatu kooperatiboaren (EAK) metodologiaren oinarriak gida
- EAK erabaki prozesuetan nola txertatu gida
- Balio etikoak ikasgairako proposamen pedagogikoa
- Lehen Hezkuntzako zentroetan EAK pausoz-pauso txertatzeko gida

 

Jakinmineko kideen iritziz, gizartean oro har, eta baita klaustroetan ere, “fundamentuzko hausnarketa eta argudiaketarik gabeko erabaki prozesuetara ohituta gaude. Demokratikoa dela diogu bozkaketa bat egiten dugunean, baina prozesu demokratiko eta parte-hartzaile bat hori baino askoz gehiado da”. Horregatik uste dute erabaki prozesuei ekarpen ikaragarria egin diezaiokeela euren proposamenak: “Inplementazio klasikoa praktikara eramatea nahiko berritzailea bada ere, erabaki prozesuetan EAK erabiltzea eta txertatzea guztiz berritzailea da”.

Bekaren lehen deialdian aipamen berezia jaso zuen Jakinmin elkarteak haur filosofiaren praktika hedatzeko aurkeztu zuen proposamenarekin. Haurtzarotik hasita, eskoletan beharrezkoa ikusten zuten gogoetatzeko, hausnartzeko eta hori adierazteko eta argudiatzeko gaitasuna lantzea. Epaimahaiak ere bat egin zuen ideia horrekin eta ondorioz, Hik Hasik Jakinmin elkartea ezagutaraztzeko konpromisoa hartu zuen, eta besteak beste, Hik Hasiren udako topaketa pedagogikoetan formazioa eskaini izan du geroztik.

 

Ikerketak ikastetxeei begira

Epaimahaia, Hik Hasiko hiru ordezkarik eta Hernaniko Udaleko bi ordezkarik osatu dute. Irabazleak bi urte izango ditu proiektua aurrera eramateko eta 12.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Aurten orotara, hamar proiektu aurkeztu dira beka deialdira, eta emaitzarekin gustura agertu da Hik Hasi, “izaera anitzekoak izan direlako, batzuk ikuspegi nazionalekoak, besteak tokian tokiko proiektuak; eskola barruko zein kanpoko proposamenak; irakasleentzat, ikasleentzat, familientzat zein herriarentzat... Eta batez ere, 2. deialdiko ikerketa helburua ongi jaso dutelako“. Izan ere, Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren helburuetako zera izan da: ikastetxeen beharrei erantzungo zien ikerketa eta azterketa bat eginez, eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak proposatzea, eta horrela, etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen bide-orri bat proposatzea, bide-orri orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, horren gainean ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren.

Hik Hasik beka irabazlea ezagutarazteko momentua probestu nahi du bekara aurkeztu diren guztiak eskertzeko. Laguntza bati bakarrik eman arren, ikerketa eta proposamen interesgarriak daudela ikusi du eta hori aberasgarria dela hobekuntza pedagogikoan urratsak egiten jarraitzeko.