48 znb | Sormenaz

Matematikaria eta bertsolaria izateaz gain, 2023ko ekainean jaiotako haur baten ama da Jone Uria Albizuri. Sormenaz, kontziliazioaz eta erreferentzialtasunaz jardun da Bizkaiko txapeldunordea.

Amatasunak eta bertsolaritzak duten harremanaz jardun da Jone Uria Albizuri. Ama izan aurretik espero zuenaz, izandakoan sentitu duenaz eta aurrera begira dituen kezkez eta erronkez mintzatu da sortzaile bizkaitarra.

 

Guraso izan aurreko garaian bazeneukan kezkarik horrek bertsolari bidea zenbat baldintza ziezazukeen? 

Halako erabaki batek, bizimodua bezala, bertso ibilbidea ere aldatuko zidala nahiko garbi neukan. Aurreikusten zaila zitzaidan nondik eta zenbat aldatuko zidan, baina, aldi berean, bigarren mailako zerbaiten moduan ikusten nuen: ez nuen espero bertsoa erabat uztera eramango ninduenik ez eta lehen bezala jarraituko nuenik ere, bi muturren arteko punturen batean geratzea espero nuen. Uste baino gehiago abestu dut eta espero baino erosoago; pozik nago. Dena den, ez zidan halako bertigoa ematen, beldurtxo hori izanagatik, horretarako prest egonda hartzen baitira erabaki horiek

 

Zein zailtasun sumatu dituzu plazaratzean? 

Logistika, batetik. Lehen saio bat hartzen nuenean bikoteari komentatzen nion edo kontuan hartzen nituen lagunekin edo familiarekin neuzkan planak, baina erabakia nire esku zegoen. Orain ez. Garbi dago ni saiora noanean haurrarekin norbaitek egon behar duela, beraz, beti dagokit hirugarren bati galdetzea eta horren arabera, saioa hartu edo ez erabakitzea. Badaude beste aldagai batzuk ere: distantzia, ordutegia, saioaren formatua, iraupena… Horrek guztiak ere erabakian eragiten du. Hasierako hilabeteetan ez nekien dena nola joango zen eta aurreikusten saiatzen nintzen eta, oraindik ere, zenbaitetan zaila egiten zait ahala neurtzea. Konfiantzazko antolatzaileekin arrisku handiagoak hartu ditut hasieratik, nire buruari baimena ematen niolako gero gai ez nintzela ikusiz gero saio horiek uzteko. Pixkana neurtzen noa. Urtebete da azken bertso afaria egin nuela, adibidez, eta laster egingo dut lehena, bertigo pixka batekin. 

Bestetik, saioan egoteko moduarekin ere baneukan beldurtxoa, ea saioan egoten asmatuko nuen; oholtzan kezka guztiak ahazten ditugun moduan, txikiarena ere “ahaztea” lortuko ote nuen, zentratzeko. Espero baino hobeto moldatu naiz, ez dut memoria edo kontzentrazio galera handirik sumatu, espero dut entzuleek ere ez zutela sumatuko! Hasierako hilabeteetan sentitzen nuen gaurkotasunetik aldenduta nenbilela, interes txikiagoarekin, eta beti egiten nuen ahalegin bat, saioaren aurretik egunkaria hartu eta eguneratzeko, baina bertsoak sortzeko mekanika horretan ez dut antzeman zailtasun gehigarririk. Kudeatzeko ezberdinena saio aurre eta ostea izan da —ostea batez ere—, lehen lasai asko luza nezakeen tarte hori eta orain faktore gehiago hartu behar ditut kontuan eta ez naiz hain lasai egoten. Dena den, egia da bertso jarduna askotan eramangarriagoa dela lan egun bat baino; saio batek normalki ordu eta erdi irauten du eta gai izan zintezke haur txiki batekin horri aurre egiteko, baina eguneroko zortzi orduko jardun baterako ez; burokrazia kontuengatik, ordea, askotan bat ukatzeak bestea ere ukatzea dakar.

 


“Hasierako bolada intentsoan, hainbeste aldaketarekin, dena kudeatzen lagundu zidan bertsoak”


 

Saioren bati ezezkoa eman diozunean zenbaterainoko tristura edo ezinegona sentitu duzu? 

Kontzientzian ez dit eragin halako kargarik, baina beti motiboaren berri eman izan dut. Antolatzaileak zurekin kontaktatzen duenean errazagoa da zuzenean erantzutea eta azaltzea, bitartekariekin egiten denean inoiz ez dakizu zehazki nola azaltzen den edo nola hartu duzun. Hasierako sei asteetan derrigorrezkoa zen baja, gero udako saio batzuk egin nituen, ordutegiz egokiak zirelako eta ez nuelako tarte luzea utzi nahi oholtzatik kanpo, gero bertigo handia sentitzeko izuz. Irakasle lanean baimena irailetik aurrera hartu nuen eta orduan gelditzea derrigorrezkoa nuenez, sinplea zen ezezkoa ematea. Edonola ere, ez dakizu ezezko hori nola interpretatuko edo nola zabalduko den. “Jonek ez ditu poteoak hartzen edo ez ditu afariak hartzen, edo…”, mezu horrek zein hedadura izango duen eta zenbat iraungo duen, gero agian egiteko prest zaudenean ere jendeak uste duelako ez duzula saio mota hori egiten. Alde horretatik, agian tristea da, baina lasaitzen ninduen txapelketa udazkenean izateak, “hemen nago eta bertsotan jarraitzen dut” esateko modu bat zelako. Bestetik, nire oinarri ekonomikoa ez da bertso-jarduna eta horrek, lasaitasuna ematen du.

 

Antolatzaileen aurreiritziek eragina izan lezakete kanturako deitzeko edo ez? 

Sei hilabetez haurdun egonda nork deituko nau poteo baterako? Agian bestela ere ez nukeen edango gidatu beharragatik-edo, baina zuzenean ezezkotzat jotzen da maiz. Ni bertsolari izateaz gain, antolatzailea ere banaiz eta prozesu honek horretan kontzientzia hartzen eta egoera antzekoan zeuden bertsolariei zuzenean galdetzen lagundu dit. Ez dakit zenbateraino dugun hau guztia sozializatzeko ardura, baina antolatzaile posiziotik ikuspegi hau txertatzen saiatu naiz; nik nahiago izan dut ezezkoa, ematekotan, neronek ematea eta besteek ere aukera hori izatea bilatu dut.

 

Epaiari begira, kezkarik izan duzu baiezko edo ezezkoak ematean? 

Aurrekoan, bertso bazkari batean, edateko zer nahi nuen galdetu zidaten eta garagardo bat eskatu nuen eta ondoko batek esan zien niri alkoholik gabea ateratzeko, ume txiki bat daukadalako eta nik zuzendu nion esanez alkoholduna hartuko nuela. Edo haurdun nengoela, bertso afariren batean sumatu nuen kotxea hain berandu hartu beharragatik aipuren bat-edo entzutea; ez dakizu sekula epaia edo enpatia den baina… Nik kanpo edo barne presioagatik gogoa izan dut formatu bat edo beste bat probatzeko eta ikusteko zer moduz sentitzen nintzen eta ez dut epaia oso modu bortitzean bizi izan, baina uste dut mamu hori badagoela.

 


"Emakume bertsolari belaunaldi potente bat ikusi genuen guk, ama izandakoan plazatik aldentzen eta beldur horrekin hazi gara, baina nire kasuan beste 2-3 erreferentzia baneuzkan, zorionez"


 

Zer eman dizu bertsogintzak zure amatasunari begira? 

Uste dut nire buruarekin konektatzeko aukera, buruak gimnasia egiteko tartea eta egia esan, nire bertso idatzi sorkuntza areagotu egin zuen lehen hilabeteetan; enkargu bat izan nuen Hitzetik Hortzeratik eta horren bidetik sorta batzuk idazten aritu nintzen. Bestela ez neukan denbora bat eman dit sortzeko, ordu asko pasatzen dituzu bakarrik umeari begira baina zerbait ere ematen dizu, kalitate handiagoko denbora-edo. Haurra lokartzeko lehen hilabeteetan asko abesten nion, hasi eta segi, eta sekula ez dut horretarako joerarik izan ordura arte. Ospitalerako bidaiak, erditzearen berri… kontatzen nizkion. Bertsoak laguntzen dizu gauzak ordenatzen eta bereziki, hain une intentsoan, hainbeste aldaketarekin, dena kudeatzen eta ordenatzen laguntzen zidan. Kanturako gogo hori sentitzen nuen.

 

Bertsolari moduan zer eman dizu amatasunak, zertan aldatu zaitu?

Esperientzia eta beraz, enpatia gai batzuekiko, lehen seguraski ez neukana, eta horrek bertsotan ere isla izan lezake. Ama izan edo ez izan erabakitzeko denboran hausnartua, haurdunaldi bat, erditze bat, gertuan ikusi duzuna gai hauekiko... bizipen asko dira. Leku bat edo zilegitasun bat ematen dizu gai batzuei kantatzeko, eta horrez gain, gogo bat, bizitzan beste esperientzia batzuk ematen dizuten bezala, noski, baina hau nahiko agerikoa izaten da. Erlatibizatzeko gaitasuna ere handitu dit, porrotari eta plazak ahazteari beldur txikiagoa diot… Adina eta garaia ere izango da, baina horrek ere lagundu dit. Bestetik, nolabaiteko ahalduntze bat eman dit, sentsazio berezi bat; gai izan banaiz hau guztia pasatzeko, nola ez naiz gai izango bertso afari bati aurre egiteko!

 

Gaiotan erreferente izan beharra sentitu duzu? 

Emakume bertsolari belaunaldi potente bat ikusi genuen guk, ama izandakoan plazatik aldentzen eta beldur horrekin hazi gara, baina nire kasuan beste 2-3 erreferente baneuzkan, zorionez. Batzuetan gai horien ordezkari izan beharraren karga pixka bat sentitu dut, gairen bat jarri didatenean eta oraindik nisre burua honetaz kantatzeko aski kokatuta sumatu ez dudanean. Beste batzuetan, aldiz, niri atera zait hasierako edo bukaerako agurretan gaia, nondik-nora nentorren entzuleak uler zezan. Baina batzuetan neurtzen ibiltzen naiz zenbateraino bizipen bat kontatu edo ez, nireak beste batena uka lezakeelakoan… Eta batzuetan gaia apartatzen dut, pentsatuz, gauzak argiago dauzkadanean kantatuko dudala horri buruz. Bizkaiko finalean kantatu nuen agurrean, adibidez, sentitzen nuen hura guztia esateak funtzio bat izan zezakeela eta niretzat ere garrantzitsua zela nire kokapen berria zehaztuta uztea, hasieratik, ildo horretako gairik baletor ere nire bizipena aurrez plazaratua izan nezan. Agur batean hori egin dezakezu zure neurrira eta gustura. Ordea, pasa izan zait beste une batzuetan, abortu baten ondoren, adibidez, tonu ironikoan jarritako gaiari erantzun beharra eta hori zailagoa egin zait. Agur hori bazen modu bat, modu xume bat, lasaitasunez esateko nondik nentorren eta amatasunaren gaiak mugitu egin nauela, eta nire kasuan, nola mugitu nauen.