Libe Garmendia,  Dietista nutrizionista

Eskolako jangelan aldaketak egon dira eta okerrera egin du elikagaien kalitateak. Oraingoz gure seme-alabek ezin dute etxean jan. Arazoa bikoitza da: jaten dutenaren kalitatea ez da aski ona eta bestetik, janariekiko iritzi txarra handitzen ari da (barazkiak oro har, arraina… ez dituzte afaltzeko ere ikusi nahi). Nola konpentsa genezake okertu den arazo hau? 

 

JANGELA ASKOTAN ez dira menu orekatuak eskaintzen eta eskaintzen diren elikagaiak kalitatezkoak ez izateaz gain, janaria ez da goxoa. Kasu horietan bereziki, etxean prestatzen denari arreta eskaintzea garrantzitsua izango da. Batetik, aste guztian zehar jangelan zer jango duten ezagutzea komeni da. Modu horretara, bazkarian eta afarian plater berdinak eskaintzea ekidingo dugu, eta bazkarian jan ez dituztenekin oreka bilatu dezakegu. 

Bestalde, janarien prestaketak garrantzi handia izango du. Jangelan modu batera prestatzen badute, etxean beste modu batera prestatzea komeniko litzateke. Horrela, elikagai horrekiko duten pertzepzioa aldatzen lagundu dezakegu. Eta aukeratzen diren elikagaiak ere ezberdinak izatea lagungarria izan daiteke. Esaterako, jangelan gehienetan barazki-purea, porru-patatak eta bainak jartzen baldin badituzte, etxean bestelako barazki platerrak prestatu ditzakegu: brokolia, pistoa, barazkiak labean edo plantxan, espinakak patata purearekin…